100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

627E/2023 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita: "Ikerketa zentro eta unibertsitateetarako Laguntzen Programa, ikerketa talentua erakarri eta kontratatzeko: Senior talentua Andia" laguntzen 2. deialdia. DDBN identifikazioa: 690228.

Unibertsitate Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, Andia ikerketa talentu seniorra erakartzeko programaren 2. deialdia onesteko. Programa hori Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da, 481. zenbakiko fitxarekin eta haren lehenengo deialdia 2021.ean egin zen. Helburua da ikerketa talentua Nafarroako unibertsitateetara eta ikerketa zentroetara erakartzea eta itzularaztea, eta erakunde horietan aritzeko aukera eskaintzea, Nafarroako arlo estrategikoekin lotutako ikerketa proiektuak garatzeko, eta horiek traktoreak izatea, Nafarroako ikerketa sistemako gainerako entitateek egiten dituzten gainerako lanentzat. Horretarako, dirulaguntza emanen da, alde batetik, Nafarroako Ikerketa Sistemako ikerketa zentroek eta unibertsitateek kontrata ditzaten ikertzaile bat, ibilbide egiaztatua duena, eta haren ikerketa taldea osatuko duten bi ikertzaile laguntzaile, eta bestetik, ikerketari dagozkion gastuak finantzatzeko. Honela, urte anitzeko finantzaketa eskema bat ezarri nahi da ikerketarako talentua erakarri eta atxikitzeko, aintzat hartuko dituena lehen aipatu diren Nafarroako I+G+b Sistemako eragile estrategikoetan dauden beharrak.

Txostenean adierazten da bigarren deialdi honetan 4 laguntza emanen direla, deialdiko arlo estrategiko bakoitzeko bana, a) Automobil-Mekatronika eta Fabrikazio Aurreratua, b) Osasuna, c) Energia eta d) Beste arloetan zeharka aplikatutako adimen artifiziala; 525.000 eurorainoko kostua finantzatuko da laguntza bakoitzeko, hau da, 2.100.000 euroraino osoko gastua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Ikerketa talentua unibertsitateetara eta ikerketa zentroetara erakartzeko eta kontratatzeko laguntzen Andia senior talentua programaren" 2. deialdia onestea; deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. Unibertsitateko zuzendari nagusiari baimena ematea urte anitzeko 2.100.000 euroko gastua egiteko, "ikerketa talentua erakartzeko Andia senior laguntzak" izeneko 2. deialdia finantzatzeko.

Gastua egiteko kreditu egokia eta aski beharko da "Andia talentua erakartzeko laguntzak" izeneko partidan, G10001-G1100-4819-322308, eta hasiera batean honela banatuko da, urtez urte:

AURREK. 2023

(euro)

AURREK. 2024

(euro)

AURREK. 2025

(euro)

AURREK. 2026

(euro)

AURREK. 2027

(euro)

AURREK. 2028

(euro)

GUZTIRA

(euro)

120.000

329.800

419.600

446.600

510.400

273.600

2.100.000

3. Ebazpen hau eta deialdiaren oinarriak jasotzen dituen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Unibertsitateari, Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioari (FIMA) eta Miguel Servet-NavarraBiomed Fundazioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 24an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Helburua eta xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako ikerketa sistema osatzen duten ikerketa zentro eta unibertsitateen ikerketa ildoak sendotzea, ikerketan esperientzia handia duten ikertzaileak kontratatuz, eta, orobat, ikertzaile talde berriak eratzea entitate horietan.

Laguntza hauen bidez, ikerketaren arloan ibilbide azpimarragarria duten ikertzaileen kontratazioak finantzatuko dira 5 urtez. Horrez gain, ikertzaile nagusiari laguntzeko beste bi ikertzaile kontratatzeko dirulaguntza ere emanen da, eta ikerketa jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren gastu gehigarriak finantzatuko dira.

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako I+G+b Sistemako (NAIS) egikaritze eragileak, baldin eta unibertsitate edo ikerketa zentro gisa akreditatuta badaude eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez badaude.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan entitate eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri espresuki uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2 Entitate eskatzaileek, laguntzen eskabide telematikoarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio jarduera justifikatzeko aldia bukatzen den egunera arte.

3. oinarria.–Laguntzen kontzeptuak.

Emanen diren laguntzetan kontzeptu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

1. Ikertzaile nagusi bat kontratatzea (ikertzaile nagusia edo IN).

2. Bi ikerketa laguntzaile kontratatzea ikertzaile nagusiari laguntzeko.

3. Ikertzailearen eta bere lantaldearen ikerketa jarduerak gauzatzeko gastuak.

4. oinarria.–Emanen diren laguntzen kopurua.

1. Gehienez ere 4 laguntza ematen ahalko dira, 14. oinarrian ezarritako prozeduraren arabera.

5. oinarria.–Laguntzen iraupena.

1. Ematen diren laguntzek bost urteko iraupena izanen dute gehienez, ikertzaile nagusia kontratazioa egiten duen ikerketa zentroan lanpostuaz jabetzen den egunetik hasita.

2. Laguntzaren bost urteak 12 hilabeteko aldietan banatuko dira (hemendik aurrera, 1., 2., 3., 4. eta 5. urteko epealdiak).

Urteko epealdiak kontatzeko, ikertzaile nagusiaren kontratuaren hasierako hilabeteko lehen eguna hartuko da lehen urteko epealdiaren hasiera eguntzat. Pertsona hori ez da lanean hasten ahalko laguntza eskatu baino lehen, eta 2023ko bigarren seihilekoan gauzatu beharko da hasiera, laguntza ematen denetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez.

6. oinarria.–Laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntza bakoitzaren gehieneko kopurua 525.000 eurokoa izanen da.

2. Hona hemen gehieneko zenbatekoak laguntza bakoitzaren kontzeptu bakoitzeko:

a) Ikertzaile nagusia kontratatzea.

Gehienez 270.000 euro emanen dira, urteko 50.000 euro hasierako 3 urtealdi bakoitzeko, eta 60.000 euro urteko, azken 2 urteetan. Azken bi urteetan ebaluazio bat gainditu beharko da, R3 ikertzailea –ikertzaile ezarria– izateko urriaren 27ko CIN/1025/2022 Aginduaren III. eranskinaren 5. puntuan jasota dauden irizpideak kontuan hartuta. Laguntza hori erabiliko da ikertzaile nagusiaren soldata eta Gizarte Segurantzako urteko epealdi bakoitzeko enpresa kuota eta kontratu bukaerako kalte ordaina kofinantzatzeko.

Entitate onuradunak osagarriren bat eransten ahalko die ordainsari horiei, eta bere gain hartu beharko du emandako laguntza gainditzen duen kontratazio kostua, bai eta kontratatutako pertsonen hurrengo urteetako ordainsarien igoera, Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren gehikuntzak edo beste edozein gorabehera ere.

b) Ikertzaile nagusiari laguntzeko bi ikertzaile kontratatzea.

Ikertzaile nagusiaren lantaldea eratzeko laguntza 205.000 eurokoa izanen da gehienez, eta ikertzaile nagusiari lagunduko dioten bi ikerketa laguntzaile gehienez 4 urteko epe batez kontratatzeko erabiliko da.

Ikertzaile laguntzaileak, ahal dela, doktoratu aurreko kontratu baten bidez kontratatuko dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera. Pertsona horietako bakoitza kontratatzeko emandako laguntzaren zenbatekoa 22.450 eurokoa izanen da lehenengo eta bigarren urteetarako, 24.200 eurokoa hirugarren urterako eta 33.400 eurokoa laugarren eta azken urterako.

c) Ikerketa jarduerak gauzatzeko gastuak.

Gehienez ere 50.000 euroko laguntza gehigarria emanen da INaren eta bere lantaldearen ikerketari lotutako gastuak ordaintzeko. Kopuru hori bost urteko epealdietan banatuko da (10.000 euro urteko). Gastu horiek lotura zuzena izan beharko dute ikerketa jarduerak gauzatzearekin.

3 Emandako laguntza ez da inola ere izanen benetan egindako gastua baino handiagoa.

7. oinarria.–Ikertzaile nagusiaren betebeharrak, gastu diruz lagungarriak eta kontratuaren baldintzak.

1 Ikertzaile nagusi izateko kontratatu beharreko izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Doktore titulua izatea:

Beharrezkoa da doktore gradua 2012ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean lortu izana. Doktore gradua lortzeko datatzat hartuko da doktore tesia defendatzeko eta gainditzeko eguna. Doktore titulu bat baino gehiago duten izangaien kasuan, baldintza hori aplikatuko zaio lortutako tituluetan antzinatasun handiena duenari.

Aurreko paragrafoan ezarritako beheko mugaeguna, 2012ko urtarrilaren 1ekoa, luzatzen ahalko da, baldin eta doktore gradua lortzen den egunetik eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte ondoren aipatzen diren egoeretako bat gertatzen bada:

1. Aldi baterako ezintasun egoerak.

2. Baimenak, lizentziak eta lanaldi murrizketak, egoera hauetarako: haurdunaldia, jaiotza, adopzioa, zaintza adopzioan hartzeko, familia harrera, arriskua haurdunaldian edo bularra emateko garaian, edo aurreko horiekin zerikusia duten antzeko egoerak, bai eta kontziliazio arrazoiengatik, edo adingabeak, familiakoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko eta genero indarkeria egoerak ere.

b) Gainera, frogatu beharko da 24 hilabeteko egonaldia egin dela doktore gradua lortu zen zentroa ez den beste batean.

c) Deialdi hau argitaratzen den egunaren aurreko 36 hilabeteko epean Nafarroan ez lanik egin izana, ez jarduera profesional nagusirik ere, eta 12 hilabete baino gehiagoko epe batez ez aritu izana kontratatuta, eskaera egin duen enpresan.

2 INaren gastu diruz lagungarriak.

a) Entitate kontratatzailearekin itundutako edo hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsari gordinak.

b) Gizarte Segurantzako kotizazioa, kotizazio horren ordainketari lotuta egon daitezkeen hobari edo murriztapenei dagokien zenbatekoa kenduta.

c) Lan kontratua azkentzeagatik dagokion kalte ordaina.

3. INaren kontratuaren baldintzak.

Honako hauek bete beharko dira:

a) Kontratuak erakunde onuradunek sinatu behar dituzte, eta kontratatu beharreko pertsonak, ahal dela, ikertzaile doktoreen sarbide kontratu gisa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 22. artikuluaren arabera.

b) Idatziz formalizatuko dira, honako hau adierazirik:

I. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

II. Beteko den lanpostua.

III. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.

IV. Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

V. Kontratatzen den pertsonak Nafarroan kokatutako zentroetan emanen du zerbitzua, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunaren Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

VI. Ez dira kontratatzen ahalko norberaren konturako langileak.

c) Kontratua lanaldi osokoa izanen da eta gutxienez 5 urteko iraupena izanen du, langileak beren lanpostuaz jabetzen direnetik hasita.

d) Deialdi honetan jasotako laguntza espresuki aipatzea, espedientearen zenbakia aipatuz.

e) Kontratuaren baldintzetan edozein aldaketa egiten bada hura sinatu eta aurkeztu ondoren, organo emaileari jakinarazi beharko zaio.

f) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

8. oinarria.–Laguntzaileen betebeharrak, gastu diruz lagungarriak eta kontratuaren baldintzak.

1. Ikertzaile laguntzaileen (doktoratu aurrekoak) betebeharrak.

2023-2024 ikasturtean edo ondorengoetan doktorego programa bat egiteko matrikulatuta egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea. Kontratua aurkeztearekin batera, edo bestela, kontratua formalizatu eta 6 hilabeteko epean, gehienez, doktorego programa batean matrikulatuta egotea egiaztatu beharko da.

2. Ikertzaile laguntzaileen gastu diruz lagungarriak.

a) Entitate kontratatzailearekin itundutako edo hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsari gordinak.

b) Gizarte Segurantzako kotizazioa, kotizazio horren ordainketari lotuta egon daitezkeen hobari edo murriztapenei dagokien zenbatekoa kenduta.

c) Lan kontratua azkentzeari dagokion kalte ordaina.

3. Ikertzaile laguntzaileen kontratuaren baldintzak.

Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitate onuradunek eta kontratatu beharreko pertsonek sinatuko dituzte, doktoratu aurreko kontratu gisa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikulua betez.

b) Idatziz formalizatuko da, espresuki adieraziz honako hauek:

I. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

II. Beteko duen lanpostua.

III. Hasiera eta bukaera data. Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.

IV. Urteko soldata gordinaren zenbatekoa, eurotan. Ordainsariak bat etorri beharko du Prestakuntzaldian ari diren doktoratu aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin.

V. Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

VI. Kontratatzen den pertsonak Nafarroan kokatutako zentroetan emanen du zerbitzua, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunaren Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

c) Lanaldi osokoa izatea.

d) Deialdi honetan jasotako laguntza espresuki aipatzea, espedientearen zenbakia aipatuz.

e) Kontratuaren baldintzetan edozein aldaketa egiten bada hura sinatu eta aurkeztu ondoren, organo emaileari jakinarazi beharko zaio.

f) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

9. oinarria.–Ikerketa jarduerak gauzatzeko gastuak.

Finantzaketa gehigarri honen gastua laguntza gauzatzen den bitartean egiten ahalko da, eta gastuen kontzeptu hauek finantzatzeko erabiltzen ahalko da, baldin eta zuzeneko lotura badute deialdi honen babesean kontratatzen diren pertsonen ikerketa jarduerak burutzearekin.

1. Material suntsikorra eta bestelako hornidurak.

2. Ikerketarako ekipamendu txikia erostea.

3. Mugikortasun gastuak. Kontzeptu hauek sartzen dira mugikortasun gastuetan: ostatua, mantenua, atzerriko laguntza asegurua, bisatua eta kontratatutako pertsonen garraioa, entitate kontratatzailea ez den ikerketa entitateetan egonaldiak egiteko.

a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

Hurrengo zerrendako herrialdeetako egonaldietarako, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA

(euro/egun)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekiako Errepublika, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Kongo.

50

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

60

Espainian edo aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 40 euro/egun izanen da.

b) Garraioa. Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:

I. 300 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren destinoa Espainian dagoenean.

II. 1.000 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren destinoa Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak ibilgailu partikularrez egiteagatik, 0,32 euro/km, aurreko bi puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.

4 Zabalkunde gastuak:

a) Deialdi honen babesean kontratatutako hiru pertsonak jardunaldi teknikoetan, hitzaldietan edo biltzarretan inskribatzea, baldin eta ikerketa propioko jarduerak aurkeztu behar badira. Mugikortasun gastuak edo bestelakoak, pertsona hori halako jardunaldi, biltzar edo kongresuetara joatearekin lotuta daudenak. Kasu horietan, aurreko puntuan mugikortasun gastuetarako zehaztutako mugak aplikatuko dira.

b) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Dirulaguntzaren xede den ikerketa jarduera egiten duen INak sinatu behar du argitaratzeko aurkezten den lana.

c) Estatu mailako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.

d) Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.

10. oinarria.–Prozedura hasteko agindua, instrukzioa eta ebazpena.

1 Prozedura hasiko da laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2 Unibertsitateko Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz ezarriko ditu eskaeren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta haien ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Bereziki, instrukzio jarduketa hauek sartzen dira: ebaluazio txostenak eskatzea adituei edo entitate ebaluatzaileei, 14. oinarrian ezarritako irizpideen arabera eginak, sor litezkeen auzi guztiak ebaztea eta ebatzitakoa garatzeko eta betetzeko jarraibideak ematea.

3 Eskaerak hautatzeko batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

–Unibertsitateen Zerbitzuko zuzendaria, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

–Unibertsitate Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua, edo horrek eskuordetzen duen pertsona; batzordeko idazkaria izanen da.

Batzordeak aholkua eskatzen ahal die, organo kudeatzailearen bidez, gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoei edo entitateei.

Batzordea eratuta, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere bost hilabeteko epean, laguntzak emateko behin-behineko proposamena onetsi beharko du. Proposamen hori Nafarroako Gobernuaren Atariko (www.navarra.es) Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan azalduko da (aurrerantzean laguntzen fitxa) onuradunen izenak eta zein zentrori atxikitzen zaizkion zerrendatuta.

4. Deialdia Unibertsitateko zuzendari nagusiak instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik sei hilabeteko epea izanen da, gehienez, ebazpena eman eta laguntzen fitxan argitaratzeko. Epe horretan ebazpenik ez bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da.

11. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

Eskaera bakoitzean ikertzaile nagusi bakarra aipatuko da, laguntzaren xede hura kontratatzea izanen baita, eta beraz, entitate eskatzaile bakoitzak zenbat ikerlari nagusi nahi dituen, hainbeste eskaera egin beharko ditu.

Entitate bakoitzak gehienez 12 eskaera aurkezten ahalko du.

Izangai bera ez da parte hartzeko eskaera batean baino gehiagotan egoten ahalko.

3 Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztuko da. Laguntzen fitxan eskura dauden ereduetara egokituko da, eta artxibo bereizietan aurkeztuko da, behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin:

a) Eskaera-orria, non adieraziko baitira izangaiaren izena eta identifikazio datuak, barnean direla ORCID identifikazio kodea (Open Researcher and Contributor ID) eta Web of Science (Researcher ID) delakoaren identifikazio kodea edo Scopus (Author ID) delakoarena, eta ikerketa sektore estrategikoa, deialdi honen 1. eranskinean ageri den zerrendaren arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonarena, honako adierazpen eta konpromisoekin:

I. Konpromisoa hartzea adierazpen horietan jasotako baldintzetan gerta daitezkeen gorabeherak jakinarazteko, horiek gertatzen diren unean, Nafarroako Gobernuaren laguntzen fitxaren bidez.

II. Betetzen dituela, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, entitate onuraduna izateko baldintzak, bai eta deialdi honen 2. oinarrian entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak eta baldintzak ere.

III. Ez duela obligaziorik exekuzio bidean, dirulaguntzak itzuli beharra erabakitzen duen ebazpen irmo baten bidez.

IV. Ez duela dirulaguntzarik jaso deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduera berberetarako.

V. Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko prozedura batean sartuta, Europako Batzordeak legez kanpokotzat eta bateraezintzat jo ondoren.

VI. Baduela kontabilitate bat bereizten dituena bere jarduera ekonomikoaren kostuak eta finantzaketa eta jarduera ez-ekonomikoa.

VII. Frogatu duela aurkeztutako dokumentazioa eta egiaztatu duela eskaera honetan emandako datuak egiazkoak direla.

VIII. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea eskaeren inguruabarrei buruzko informazioa egiaztatzeko edo informazio hori beste organo, administrazio edo hornitzaile batzuei, baliabide elektronikoen bidez, eskatzeko, baldin eta, deialdiaren eta araudi aplikagarriaren arabera, hori egokia bada prozedura instruitzeko.

c) Izangaiaren "curriculum vitae" laburtua (aurrerantzean, CVL); hori aurkezteko, eredu hauei jarraikiko zaie: Ikerketarako Estatuko Agentziaren web-orrian eskuragarri dagoen eredu normalizatua, edo bestela, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) web-orrian, "Curriculum vitae" aplikazioan, automatikoki sortzen dena, curriculum laburtua sortzeko aukeraz baliatuta. CVL ingelesez edo gaztelaniaz aurkeztuko da.

d) Izangaiak ikerketaren arloan egindako ibilbidearen memoria, baita garatu duen ikerketa ildo nagusiarena ere, eta bere CVLan bildutako ekarpenik garrantzitsuenak nabarmenduko ditu, hamar gehienez. Gomendatzen da Ikerketarako Estatuko Agentziaren web-orrian dagoen eredua erabiltzea.

e) Hala ikerketa ibilbidearen memoriak nola CVLak izangaiaren sinadura digitala eduki beharko dute.

f) Doktore tituluaren edo ziurtagiri akademikoaren kopia, non espresuki adieraziko baita noiz lortu den.

Ebaluazioaren ondorioetarako, informazio hau besterik ez da kontuan izanen: eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean CVLan eta ikerketa ibilbidearen eta ikerketa ildoaren memorian ageri dena. Ez da agiri horietan jasotako informazioa gerora eguneratzen ahalko. Agiri horiek zuzentzeko edo argitzeko eskatzen bada, aurkezten den informazioak, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunekoa izan beharko du, eta ez da onartuko jatorrizko dokumentuan ez dagoen informazioa duen dokumenturik.

g) Frogatzea 24 hilabeteko egonaldia egin dela, gutxienez, doktore gradua lortu zen zentroa ez den beste batean.

h) 7.1.c) oinarrian eskatutako baldintza betetzen dela frogatzea: (lan kontratuak, lan bizitzaren ziurtagiriak edo edozein frogabide egiaztagarri).

12. oinarria.–Eskaerak onartzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 15 eguneko epean, gehienez, argitaratuko da, laguntzaren fitxaren web-orrian, deialdian onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda.

Zerrenda horretan adieraziko dira eskaera bakoitzean atzemandako akatsak, eta 10 eguneko epea emanen da horiek zuzentzeko eta behin-behineko zerrendaren aurka alegazioak aurkezteko. Ez da zuzentzen ahalko curriculum vitaea edo ikerketa ibilbidearen memoria aurkeztu ez izana. Dokumentu horiek ez aurkezteak edo horietan edukirik ez izateak laguntza eskaera ez onartzea ekarriko du.

2 Zuzenketaren tramitea egin eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

13. oinarria.–Eskaerak ebaluatzea.

Hautapen proposamena egiteko, Batzordeak aditu talde baten edo ebaluazio entitate baten laguntza izanen du. Lana 4 arlo estrategikoen arabera antolatuko dute, eta txosten bana prestatuko dute, eskaera bakoitzerako.

1 Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

2. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:

IZANGAIAREN IBILBIDE AKADEMIKOA
EDO PROFESIONALA BALORATZEKO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO
PUNTUAZIOA

A) Ekarpen zientifiko-teknikoak

55

-

B) Mugikortasuna eta nazioartekotzea

25

-

C) Lidergoa

20

-

GUZTIRA

100

80

Ebaluazio irizpideen deskribapena.

a) Ekarpen zientifiko-teknikoak. Izangaiaren curriculumeko merezimendu guztiak baloratuko dira, bai eta horiek zenbateraino egokitzen diren ere egin beharreko lanetara, prestakuntza eta esperientzia profesionalaren arabera. Orobat, baloratuko da izangaiak aldizkari zientifikoetan, liburuetan edo liburu zientifiko eta teknikoen kapituluetan argitaratu dituen artikuluetan egindako ekarpenen garrantzia, barne direla sarbide irekia duten aldizkarietan egindako argitalpenak. Baloratuko dira, halaber, emandako eta lizentziatutako patenteak; biltzarretan aurkeztutako lanak; prestakuntza jarduerak, kudeaketakoak, teknologia transferitzeko jarduerak eta zientzia dibulgatzekoak; lortutako sariak, aipamenak eta goresmen sariak; eta, oro har, garatutako ikerketa jardueraren alderdien garrantzia baloratzen laguntzen duen beste edozein ekarpen.

b) Mugikortasuna eta nazioartekotzea. Izangaiak Estatuko eta nazioarteko zentroetan egindako egonaldien garrantzia baloratuko da, lehentasuna emanez doktoratu ondoko egonaldiei, doktoratu aurreko egonaldien gainetik. Horretarako, kontuan hartuko dira: egonaldia egin den zentroaren ospea; izangaiak zentroko lan ildoetan eta lankide izandako taldeetan egindako ekarpenak; ikerketen emaitzak (argitaratu direnak, patentatu direnak edo nazioarteko lankidetzarekin ustiatzen ari direnak); eta nazioarteko programa eta proiektuekin lotutako ekintzetan parte hartzea, bai eta horietan inplikatzea ere.

c) Lidergoa. Izangaiak, bere ibilbide profesionalean zehar, ikerketaren arloan lortu duen independentzia maila baloratuko da, eta besteak beste: ikerketa proiektuetan IN gisa parte hartu izana, ikerketa taldeen lidergoa hartzeko gaitasuna, baliabideak eskuratzeko ahalmena, barne dela finantzaketa lortzea Estatuko nahiz nazioarteko programekin eta proiektuekin lotutako ekintzen bidez (hor sartzen dira halaber enpresek eta bestelako erakunde pribatuek finantzatutakoak), doktorego tesiak zuzentzea eta garrantzitsua izan daitekeen beste edozein esperientzia zientifiko eta profesionala.

3. Eskaera bat finantzaketarako proposa dadin, 80 puntu edo gehiago lortu beharko ditu hiru atal hauen puntuak batuta.

14. oinarria.–Laguntzak ematea.

A. Dirulaguntza emateko prozedura:

1. Laguntzak eman eta ukatzeko behin-behineko proposamena egiteko, Batzordeak, arlo estrategiko bakoitzaren barruan, 13. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaeren ordena ezarriko du, lortutako puntuazioa kontuan hartuta. Berdinketa kasuetan, A) Ekarpen zientifiko-teknikoak eta B) Mugikortasuna eta nazioartekotzea, ataletan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

2. Ordena ezarri ondoren, puntuazio altuena duten 4 eskaerei laguntza ematea proposatuko da, betiere atal honetan azaltzen diren a) eta b) arauak betetzen badira. Bi arauak ezin badira bete, a) araua betetzeak lehentasuna du b) araua betetzearen aldean.

a) Deialdiko arlo estrategiko bakoitzeko laguntza bana proposatuko da, betiere arlo guztietan hautagaitzak badaude. b) Unibertsitateen kasuan, erakunde onuradun bakoitzeko gehienez bi laguntza ematea proposatuko da, eta ikerketa zentroen kasuan, gehienez laguntza bat.

3. Eman edo ukatuko diren laguntzen gaineko behin-behineko proposamena laguntzen fitxan argitaratuko da. Argitaratu ondoren, 7 eguneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

4. Epe horretan berean, laguntza lortzeko behin-behinekoz proposatu diren entitateek onarpen idazkia aurkeztu beharko dute, non kontratatu beharreko ikertzaileen oniritzia jaso beharko duten.

Dokumentazioa ez bada aipatu epean aurkezten, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da.

5. Behin batzordeak bere iritzi loteslea adierazita, interesatuek aurkeztutako alegazioez, eta kontuan hartuta behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen uko egiteak edo bestelako gorabeherak, laguntzak emateko eta ukatzeko behin betiko proposamena eginen du kudeaketa organoak, behin-behineko proposamena emateko arau berak betez.

Ebazpen proposamenean hauek jasoko dira gutxienez:

a) Eman beharreko laguntzen zerrenda, bakoitzari dagokion zenbatekoa adieraziz, kontzeptuka banatua, entitate onuraduna, laguntzaren xede den pertsonaren izena eta dagokion arlo estrategikoa.

b) Laguntza ukatu den eskaeren zerrenda, arrazoiak adieraziz. Eskaera horiek erreserba zerrenda bat osatuko dute, bada ezpada ere, laguntzak eman ondoren, uko egiteak edo bestelako inguruabarrak gertatzen badira ere, beste laguntza bat eman ahal izateko. Zerrenda hori 2024ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean.

6. Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkeztu eta gehienez sei hilabetera emanen da eta telematika bidez jakinaraziko da ebazpena, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Laguntzak emateko ebazpena laguntzen fitxan argitaratuko da.

Epealdi horretan ebazpen espresua ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Ezespen espresua edo presuntziozkoaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

B. Ordezte mekanismoa.

1. Laguntzak eman ondoren, eta erreserba zerrenda indarrean dagoen bitartean, laguntzari uko egiteak edo bestelako inguruabarrak gertatzen badira, eta ondorioz, beste laguntza bat emateko adina diru geratzen bada erabilgarri aurrekontuan, laguntza esleitzeko betiere 14.a) oinarrian adierazitako arauak beteko dira, inola ere eraginik sortu gabe aurrez emandako gainerako laguntzentzat.

2. Organo kudeatzaileak jakinaraziko dio interesdunari laguntza emateko proposamena, 15 eguneko epean onar dezan, 14.a.4) oinarrian ezarritako onarpen idazkia aurkeztuz. Hala egiten ez bada, laguntza esleipen berri bat egitea proposatuko da, erreserbako zerrendan hurrengo den eskaerari, lehen emandako irizpideen arabera.

3. Proposamena onartu ondoren, laguntza emateko ebazpena eman eta laguntzaren fitxaren web-orrian argitaratuko da, hura sinatu eta 5 eguneko epean.

15. oinarria.–Laguntzaren hasiera.

1. Laguntza hasteko eguna ikertzailearen eta entitate kontratatzailearen artean sinatutako kontratuan ageri dena izanen da. Data hori Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez finkatuko da. Horretarako, laguntza esleitu eta lau hilabetera, gehienez, entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) INarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

b) Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu-kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean eta 1. Kotizazio-taldean dagoela egiaztatzen duen agiria. Zehazki, Idc agiria (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

2. Betebehar hau betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Ikertzaile laguntzaileak kontratatzeko laguntzei dagokienez, kontratua sinatu eta gehienez hilabeteko epean, erakunde onuradunak ikertzaile taldea osatzeko hautatutako bi pertsonekin sinatutako kontratuaren kopia aurkeztu beharko du.

16. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Entitate onuradunek, 15. oinarrian adierazitako moduan eta epean agiriak aurkezteaz gain, diruz lagundutako kontratazioa justifikatu egin beharko dute epe hauetan:

a) Bi hilabeteko epean, gehienez, lehen urteko epealdia bukatzen denetik, lehen urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

b) Bi hilabeteko epean, gehienez, bigarren urteko epealdia bukatzen denetik, bigarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

c) Bi hilabeteko epean, gehienez, hirugarren urteko epealdia bukatzen denetik, hirugarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

d) Bi hilabeteko epean, gehienez, laugarren urteko epealdia bukatzen denetik, laugarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

e) Bi hilabeteko epean, gehienez, bosgarren urteko epealdia bukatzen denetik, bosgarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko epealdiko justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen fitxaren bidez, han eskuragarri dauden ereduei jarraiki:

a) Jarduketen memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta ikerketa taldeak egindako jarduerak.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzen duena; bertan sartuko dira egindako gastu guztien frogagiriak, bai eta egonaldien edo egindako zabalkundearen frogagiriak ere.

c) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

17. oinarria.–Jarraipen zientifiko-teknikoko txostenak eta R3 ikertzaile ebaluazioa.

1. Ikertzaile nagusiek bi jarraipen txosten zientifiko-tekniko egin beharko dituzte: kontratuko lehen bi urteetako epealdiei buruzko tarteko aurrerapen gisako txostena, eta kontratuko bost urteetako epealdiei buruzko amaierako txostena.

Entitate onuradunek organo emaileari aurkeztuko dizkiote txosten horiek kontratuko bigarren eta bosgarren urteetako epealdiak bukatu baino hilabete lehenago, kontratatutako pertsonak entitate onuradunean lanean hasten direnetik kontatzen hasita.

2. Dirulaguntza ematen duen organoari dagokio laguntza horren jarraipen zientifiko-teknikoa egitea, eta hark eskatzen ahalko die zientzialari adituei jarraipen txosten zientifiko-teknikoen ebaluazioa egitea. Era berean, beharrezkotzat jotzen dituen organo, batzorde edo adituak izendatzen ahalko ditu, laguntzaren aplikazioaren jarraipena eta egiaztapena egin ahal izateko, eta egokitzat jotzen duen informazio osagarria aurkezteko ere eskatzen ahalko du, barne dela kontratatutako pertsona guztiei edo batzuei elkarrizketak egiteko aukera, eta haien balorazioa ere jarraipenaren emaitzan jasoko da.

Jarraipen zientifiko-teknikorako tarteko txostenaren ebaluazioaren emaitza erabakigarria izanen da laguntzarekin aurrera jarraitzea ebazteko.

3. Laguntzaren hirugarren eta laugarren urteetan, eta 6.2 a) oinarrian 4. eta 5. urteetarako ezarritako ordainsari igoeraren hartzekodun izateko, kontratatutako pertsonek beren jarduera zientifiko-teknikoa ebaluatzeko eskatzen ahalko dute. Horretarako, urriaren 27ko CIN/1025/2022 Aginduko III. eranskineko 5. puntuan jasotako R3 ikertzailea –ikertzaile ezarria– izateko irizpideak hartuko dira kontuan. Horretarako, I+G zentro onuradunek memoria bat aurkeztu beharko diote organo emaileari, laguntzaren web orrian dagoen eredua erabiliz.

Ebaluazioa negatiboa bada, ez da beste ebaluazio bat eskatzen ahalko 6 hilabete igaro arte, ebaluazioaren emaitza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Ebaluazioa positiboa bada, entitate onuradunek kontratuaren eranskin bat aurkeztu beharko diote organo emaileari, ebaluazioaren emaitza jakinarazi eta biharamunetik 20 eguneko epean, 6. oinarrian 4. eta 5. urteetarako ezarritako ordainsariak jasoko dituena. Ordainsariaren igoerak laguntzaren laugarren urtea hasten den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak, baldin eta ebaluazioaren emaitza data hori baino lehen jakinarazi bada, edo ordainsari igoera hori formalizatzeko ezarritako epean jakinarazi bada, ebaluazioaren emaitzaren jakinarazpena laugarren urtea hasi ondoren egin den kasuan, eta nolanahi ere, laguntza amaitu arte luzatuko da.

18. oinarria.–Laguntzen ordainketa eta likidazioa.

1. Kontuan hartuta kontratatutako ikertzailea 2023ko 2. seihilekoan hasiko dela lanean eta, beraz, kontratuaren urteko zenbatekoak ez direla urte naturalekoak izanen, laguntza bakoitzeko ordainketa aurrerakin gisa eginen da, egutegi honen arabera:

a) 2023. urtea: ordainketa bat eginen da urtearen bigarren seihilekoan, ikertzaile nagusiaren kontratua aurkeztu ondoren. Ordainketa horren zenbatekoan sartuko da kontratazio gastuen eta ikerketa gastuen seihileko bati dagokion kopurua.

b) 2024. urtea: bi ordainketa eginen dira.

Lehena, urteko lehen hiruhilekoan, ikertzaile nagusiak zentroan kontratatuta jarraitzen duela frogatzen duen agiria aurkeztu ondoren. Ordainketan sartuko da kontratazio gastuen eta ikerketa gastuen urte bateko zenbatekoa.

Bigarren ordainketa urteko hirugarren hiruhilekoan eginen da, ikertzaile laguntzaileak kontratatu izanaren egiaztagiria aurkeztu ondoren. Ordainketa horretan ikertzaile laguntzaile horien kontratazio gastuen seihileko bati dagokion zenbatekoa sartuko da.

c) 2025, 2026 eta 2027. urteak: ordainketa bakarra eginen da urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, ikertzaile nagusiak eta ikertzaile laguntzaileek zentroan kontratatuta jarraitzen dutela frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Ordainketa horretan ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen kontratazio gastuen urte bateko zenbatekoa eta ikerketari dagozkion gastuak sartuko dira.

d) 2028. urtea: ordainketa bakarra eginen da urteko lehen hiruhilekoan, ikertzaile nagusiak eta ikertzaile laguntzaileek zentroan kontratatuta jarraitzen dutela frogatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Ordainketa horretan ikertzaile nagusia eta ikertzaile laguntzaileak kontratatzeko gastuen seihileko bati dagokion zenbatekoa eta ikerketa gastuak sartuko dira.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen badituzte, organo eskudunari igorriko dio dagokion urteko ordainketa ebazteko proposamena.

3. Laguntzak gehienez hilabeteko epean ordainduko dira, dagokion dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori geldiaraziko da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

4. Urteko likidazioa.

a) Urte bakoitzeko frogagiriak (14. oinarrian adierazitakoak) aurkeztuta, aurreko urtean exekutatu gabe geratu diren eta aurreratu diren gastuen balantzea eginen da. Balantze horren saldoa konpentsatzen ahalko da urteko ordainketekin.

5 Azken likidazioa.

Bosgarren urteko likidazioan itzulketa eginen da, baldin eta entitate onuradunak egindako gastua baino gehiago ordaindu bada.

19. oinarria.–Kontratuak etetea eta azkentzea eta ordezkapenak.

1. Entitate onuradunek kasuan kasuko laguntza gauzatzeko epea etetea eta luzatzea eskatzen ahalko dute, finantzatutako kontratuak etenda dauden bitartean, arrazoi hauengatik eten badira:

a) Amatasun edo aitatasun baimena.

b) Adopzioa.

c) Adopzio edo harrerarako zaintza.

d) Haurdunaldiko arriskua.

e) Bederatzi hilabetetik beherako haurrari bularra ematean arriskua izatea.

f) Aldi baterako ezintasuna haurdunaldian, haurdunaldiari lotutako arrazoiengatik.

g) Aldi baterako ezintasuna, aurreko puntuan aipatu ez diren arrazoiengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

Laguntza eteten bada aurretik aipatu ez diren arrazoiengatik, ez da exekuzio epea luzatuko.

2. Laguntzak eten eta luzatzeko eskaerak laguntzen fitxaren bidez eginen dira, eta eskaerarekin batera, hala badagokio, kontratuaren eranskina edo epe hori betetzen duen luzapenaren frogagiria aurkeztuko da.

Aurreko atalean aipatzen diren etenaldi eta luzapenak organo emaileak baimendu beharko ditu. Organo horrek egokitzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahalko ditu eta emakidaren baldintzak aldatzen ahalko ditu, ebazpen berri baten bidez.

3. Laguntza etetea eta luzatzea baimentzen denean, etenaldian entitate onuradunak kontratazioaren ondorioz dituen gastuek (ordainsaria eta Gizarte Segurantzako kuota) ezin dute dirulaguntza jaso.

4. Oro har, etenaldiaren urteko epealdia luzatuko da etenaldiak irauten duen denboraz. Hala ere, etenaldiak legez lanaldi partzialean har daitezkeen kasuetan, laguntzaren iraupena luzatu eginen da, etenaldiaren iraupena adinako aldi baterako (lanaldi osoetan kalkulatuta).

5. Laguntza edo luzatzeko baimena emateak ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea. Luzatutako epearen ondorioz Gizarte Segurantzako kuotaren ordainketan egiten den gehikuntza oro kontratazioa egiten duen ikerketa zentroaren kontura izanen da.

6 Kontratuetako bat azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Horretarako, hori justifikatzen duten agiriak aurkeztuko ditu laguntzen fitxaren bidez, hilabeteko epean gehienez, kontratua azkentzen denetik.

7 Ikertzaile Nagusiaren kontratua azkentzea:

a) Kontratua azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egoztekoak badira, ez da laguntza ordainduko.

b) INaren kontratua azkentzeko arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, gauzatutako laguntzaren zati proportzionala ordainduko da.

Kasu horretan, kontratua azkentzeko jakinarazpenarekin batera, gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira (16.2 oinarria) dagokion zatia ordaindu ahal izateko.

c) INaren kontratua azkentzen bada, ikertzaile taldeko pertsonen kontratuak eta ikerketa jarduerak gauzatzeko gastuak diruz lagunduko dira soil-soilik ikertzaile nagusiaren kontratua azkendu den urteko epealdia amaitu arte.

8. Ez da inola ere ikertzaile nagusia ordezkatzen ahalko.

9. Ikerketa taldeko pertsonak ordeztea.

a) Entitate onuradunek ikerketa taldean kontratatutako bi pertsonetakoren bat ordezten ahalko dute beren kontratua arrazoi hauetakoren batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, kontratua azkentzen denetik hasita, entitate onuradunek hamabost egun naturaleko epea izanen dute jakinarazteko zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak erabakiko du kontratatutako pertsona ordezteko baimena ematen duen ala ez.

c) Ordezkapena egitea bidezkoa denean, kontratu berriak 8. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari dagokiona izan ezik.

d) Hasieran kontratatutako pertsona ordezkatzen bada, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

e) Ordezpen kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik bi hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

f) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko bi ordezpen onartuko dira gehienez.

g) Kontratua azkentzen bada bidezko ez denean edo ordezkapena baimentzen ez denean, dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galduko dela adieraziko da.

20. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkezteko betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako kontratazioak frogatzea 16. oinarrian adierazten den moduan.

c) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa jarduerak.

d) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

e) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 19 oinarrian adierazten den gisan.

f) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 21. oinarrian aipatzen den gisan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Urteren bateko jarduketa memoria zientifiko-teknikoaren baloraziotik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

I. Lehen bi urteko epealdiari buruzko txostenean (15. oinarrian aipatzen da) kontrako balorazioa jasotzeak laguntza etetea ekarriko du, eta hurrengo urteetako epealdiak kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.

II. Bost urteko epealdiari buruzko txostenaren (17. oinarrian aipatzen da) balorazioa kontrakoa bada, INa kontratatzeko emandako laguntza osoa %5ean murriztuko da, eta kasua bada, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.

21. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Hala entitate onuradunek nola kontratatzen diren pertsonek, diruz lagundutako ikerketa taldeek egindako ikerketa jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute.

2. Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

22. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak "Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko esparrua" izenekoaren menpe daude (2014ko ekainaren 27ko EBAOn argitaratu zen).

Zehazki, deialdi honen esparruan egindako jarduerak jarduera ez-ekonomiko gisa definitzen dira aipatu esparruan.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa; hau da, ez da estatu laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

23. oinarria.-Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Ebazpen honen xedeko laguntzen kargura finantzatzen diren kontratuak bateraezinak izanen dira kontratatutako langileek izan dezaketen beste edozein lan kontraturekin.

2. Laguntzak hein batean bateragarriak izanen dira entitate onuradunak xede bererako beste laguntza publiko batzuk eskuratzearekin, betiere laguntza horiek Andia programaren laguntzaren ondotik lortzen badira. Laguntzak batera jasotzen badira, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, eta hark ebazpena emanen du, laguntzen bateragarritasunaren baldintzak eta norainokoa ezarriz. Ebazpen horretan gastu bat beraren finantzaketa bikoitzik ez dela ziurtatzeko xedapenak jasoko dira, bai eta informazio gehigarria eskatzeko behar direnak ere, 14. oinarrian adierazitako justifikazioak aurkezteko eta, hala badagokio, batera jasotzen diren laguntzen kudeaketa sinplifikatzera bideratutakoak.

Bereziki, Ramón y Cajal programaren laguntza bat jasotzen bada aldi berean, bateragarritasun partzialaren ebazpena emanen da, ikertzaile nagusiaren kontratazio gastu gisa emandako laguntzaren zenbatekoa aldatuz, kontzeptu horretarako Ramón y Cajal laguntzaren bidez finantzatutako zenbatekoa kenduta, eta osorik mantentzen ahalko da ikerketa gastuetarako eta doktoratu aurreko ikertzaile laguntzaileen kontratazio gastuetarako ezarritako zenbatekoa.

3. Laguntza hauen babesean kontratatzen diren pertsonak lankidetzan aritzen ahalko dira irakaskuntza lanetan, beren erakunde berean edo besteren batean, gehienez 100 orduz urtean, haiek hala eskatuta eta beren erakundeak onartu ondoren. Erakunde publikoen kasuan, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen araudia errespetatuko da.

24. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Unibertsitate Zerbitzuak ikusgai jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuta (http://www.infosubvenciones.es), honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

25. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

1. ERANSKINA

Arlo estrategikoak

1 Automozioa, mekatronika eta manufaktura aurreratua.

2 Osasuna.

3 Energia berriztagarriak eta baliabideak.

4 Aurreko ikerketa ildoetako bakoitzari aplikatutako adimen artifiziala.

Iragarkiaren kodea: F2306491