100. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

591E/2023 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz, 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte (biak barne) egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 688025.

2023ko Nafarroako gastu-aurrekontuan 511004 51100 4819 311107 partida dago jasota, "(E) Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologiak dituzten haurrentzako laguntzak" izenekoa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea hartutako kalte zerebrala eta antzeko patologia neurologikoak diagnostikatuak dituzten haurrentzako fisioterapian, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan, psikologian eta neuropsikologian eta autonomia pertsonalerako laguntza produktuetan 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte (biak barne) egiten diren gastuak osorik edo zati batean estaltzeko.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurrentzako fisioterapian, terapia okupazionalean, irensketaren errehabilitazioan, psikologian eta neuropsikologian eta autonomia pertsonalerako produktuetan 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte (biak barne) egiten diren gastuak osorik edo zati batean ordaintzeko dirulaguntzen deialdia onestea, eranskinean ageri diren oinarri arautzaileekin bat etorriz.

2. Gehienez ere 80.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuko "(E) Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologiak dituzten haurrentzako laguntzak" izeneko 511004 51100 4819 311107 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 12an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

Eranskina

Oinarri arautzaileak, deialdi honi dagozkionak: Hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoen diagnostikoaren ondorioz desgaitasuna duten 18 urtetik beherako haurren tratamendua osatzeko asmoz 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarte (biak barne) egiten diren zenbait gastutarako dirulaguntzen deialdia

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira osorik edo zati batean estaltzeko hartutako kalte zerebralagatik edo antzeko patologia neurologikoengatik desgaitasuna duten 18 urtetik beherakoen honako behar hauek betetzeko asmoz egiten den gastua, 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartekoa (biak barne):

–Fisioterapia.

–Terapia okupazionala.

–Irensketaren errehabilitazioa.

–Psikologia eta/edo neuropsikologia.

Horrelako kasuetan, fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia eta/eta neuropsikologia eta irensketaren errehabilitazioa behar bezalako titulua duten profesionalekin egin beharko dira, jarduera horiek garatzeko baimenduta dauden zentroetan.

–Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak finantzatutako material ortoprotesikoa izan ezik. Horrelakotzat joko da desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen duten edo haientzat erabiltzen den edozein produktu (gailuak, ekipoa, tresnak eta softwarea barne), berariaz fabrikatu dena edo merkatuan salgai dagoena, parte-hartzea sustatzeko, babesteko, laguntzeko, entrenatzeko, neurtzeko edo gorputzeko eginkizunak/egiturak eta/edo jarduerak ordezteko erabiltzen dena, edo gabeziei, jarduteko mugei edo parte hartzeko murrizketei aurrea hartzeko, UNE EN ISO 9999:2011 arauaren arabera. Produktu horiek Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren "Mendekotasun egoera erregelamenduz baloratzeko jarduera profesionalean orientatzeko gidaliburua: Autonomia pertsonalerako laguntza produktuak" izenekoan jasotzen dira.

Dirulaguntza honek onura publikoa du komeni delako hartutako kalte zerebralaren diagnostikoa edo antzeko patologia neurologiak dituzten adingabeen tratamendua osatzea, adierazitako behar horiei dagokienez.

2.–Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honek 80.000 euroko zuzkidura du, partida honen kargura finantzatzekoa: 2023ko gastu-aurrekontuko "Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoak dituzten haurrentzako laguntzak" izeneko 511004 51100 4819 311107 partida.

3.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Hartutako kalte zerebrala edo antzeko patologia neurologikoa izatea, neuropediatra batek diagnostikatua. Antzeko patologia neurologiko bat izanez gero, diagnostiko-kodean berariaz jaso beharko da hartutako bizkarrezur-muineko lesioa edo garuneko egiturazko kaltea, neuroirudi proba baten bidez objektibatua, eta garuneko egiturazko lesio hori zuzenean egotea lotuta nahasmendu neurologikoarekin, azpiko kausa zer unetan gertatu den gorabehera.

–18 urtetik beherakoa izatea, esku-hartze diagnostikoa edo terapeutikoa egiten den edo laguntza produktuak erosten diren unean.

–Adingabearen ohiko bizilekua Nafarroan izatea, hau da, 2023ko ekainaren 30erako urtebete edo gehiago eramatea Nafarroako Foru Komunitatean bizitzen, egiazki eta jarraian. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Behar bezala akreditatua dagoen eta onuradunaren arretan inplikatua dagoen profesional batek gomendatu behar du fisioterapia, terapia okupazionala, irensketaren errehabilitazioa eta psikologika eta neuropsikologia egitea edo autonomia pertsonalerako laguntza produktuak erabiltzea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4,1. Aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eska ditzake deialdi honetan ezarritako laguntzak, onuradunaren izenean, hura adingabea baita.

4,2. Eskabideak beti onuradunaren izenean egon behar du, eta aurkezten duen pertsona izango da ordezkaria.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko ekainaren 30ean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez aurkeztuko dira, "TRAMITATU" sakatuta "Tramitazioa" atalean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroaren bidez (Tutera kalea 20, 31003, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak jaso daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuradunaren NANaren fotokopia.

b) Haurraren Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna edo, hala denean, asilo-eskubidea ematen dion ebazpena adierazita.

c) Txosten medikoa, neuropediatra batek egina, hartutako kalte zerebralaren edo antzeko patologia neurologikoaren berariazko diagnostikoa agertzen duena. Txostenak zehaztasunez jaso beharko du diagnostikoari lotutako sintomatologia. Antzeko patologia neurologikoa izanez gero, txostenak zehaztasunez jaso beharko du antzekotasun hori frogatzen duen sintomatologia, eta berariaz jaso ere antzeko patologiaren diagnostikoaren kodean hartutako muineko lesioa edo egiturazko kalte zerebrala, neuroirudiaren frogaren bidez objektibatua.

d) Txostena, behar bezala akreditatua dagoen eta adingabearen arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, adierazten duena tratamendua edo autonomia pertsonalerako laguntza produktua komenigarria dela haren helburuetarako.

e) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa. Tratamendua agindu duena eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

6.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

f) Adingabearen legezko ordezkaritza egiaztatzeko dokumentazioa. Aita edo ama bada, familia-liburuaren kopia eta guraso baten NANaren kopia. Dibortzio kasuetan, edo haurraren zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia, hitzarmen arautzailea eta guraso horren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

h) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Onuradunaren izena.

–Materialaren hornidura edo zerbitzua egiten duen enpresa, entitatea edo profesionala.

–Laguntza produktua edo jasotako tratamendua. –Tratamenduen kasuan, honako hauek adieraziko dira gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna, iraupena, eta saio horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

i) Egindako ordainketaren frogagiria.

j) 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

k) Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzailearen adierazpena, non baimena ematen baitu bere datu pertsonalak tratatzeko, bat etorriz deialdiaren 13. oinarrian ezarritakoarekin eta, non deklaratzen baitu betetzen dituela zerga arloko betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, adierazi behar du baimena ematen duela Osasun Departamentuak Nafarroako Ogasun Publikoari nahiz Estatuko Administrazio Orokorrari informazioa eska diezaien, egiazta dezaten betetzen dituela betebehar horiek.

Baldin eta kontsulta-baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), f) eta g) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

6.–Dirulaguntza emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko burua izanen dena. Behar izanez gero, ordezkoa Geno Ochando Ortiz andrea izanen da, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria.

–Sergio Aguilera Albesa jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko fakultatibo espezialista. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Nerea Gorría Redondo andrea izanen da, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko barrutiko fakultatibo espezialista.

–Carmen Anoz Antoñanzas, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko teknikaria, batzordeko idazkaria izanen dena. Behar izanez gero, ordezko gisa M.ª Fe Idoate Cervantes andrea arituko da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:

–Esku-hartzeetarako, gehieneko tarifa hauek ezarri dira:

  • Fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia eta/eta neuropsikologia eta irensketaren errehabilitazioko banakako ordu bakoitza: 40 euro.
  • Fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia eta/eta neuropsikologia eta irensketaren errehabilitazioko taldekako ordu bakoitza: 16 euro.

–Fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia eta/eta neuropsikologia eta irensketaren errehabilitazioko 8 ordu, gehienez, diruz lagunduko dira hilean aipatutako terapia bakoitzeko.

–Pertsona bakar batentzako laguntza produktuetan diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa aurrekontu-lerroaren guztirakoaren %10 izanen da.

–Onuradun berak deialdian adierazitako esku-hartze mota eta/edo laguntza produktu bakar baten edo gehiagoren gastuak aurkezten ahalko ditu, ez baitira baztertzaileak elkarren artean.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ezarri diren gehieneko zenbatekoak eta onuradun bakoitzarentzako esku-hartzeen eta/edo laguntza produktuen kostua hartuko dira aintzat, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua eskatzaile guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren gainean. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2022an eta/edo 2023an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, banatu eginen da ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Dirulaguntza ez da inola ere izanen egindako esku-hartzeen eta/edo erositako laguntza produktuen kostu osoa baino handiagoa.

7.–Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

7.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun-agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdi horretan.

8.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko jasotako esku-hartzearen eta/edo erositako laguntza produktuaren kostu osoa.

9.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Deialdi honetako helbururako eta xederako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratuz gero, horien berri izan bezain laster eginen da jakinarazpena eta, nolanahi ere, 2023ko ekainaren 30a baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik esku-hartzearen edo erositako produktuaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

12.–Arau hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

13.–Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia//tratamiento-datos personales

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2305988