10. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1287E/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Funesko Las Suertes parajean 2496 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Luis Teres Sainz da proiektuaren sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko A) 3 epigrafean sartzen da proiektua. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena:

2020ko urriaren 8an, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren eskaera aurkeztu zuen titularrak Funesko Udalean, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2021eko otsailaren 9an, Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako Zerbitzuak Udalari jakinarazi zion, Ingurumen ebaluaziorako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, proiektua jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazioei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete behar zuela, gutxienez 30 eguneko epean, eskabidearekin batera espediente osoa aurkeztuta, aipatutako lege horretan jasotakoaren arabera.

2021eko urtarrilaren 11n eta uztailaren 27an (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 5. eta 174. zenbakietan argitaratuta), ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integratua eskuratzeko aurkeztutako gainerako agiriak 30 egunez jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen Funesko Udalak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Funesko Udalak Ingurumen Eraginaren, Lurraldearen Antolamenduaren eta Kutsaduraren Prebentzioaren ataletan egin zuen kontsulta, proiektuak administrazio publiko horiek ukitzen baititu. Kontsultatutako lau organismoen erantzunak jasota daude espedientean. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien lau pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Ebazpen honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramitearen emaitzen laburpenak.

2021eko azaroaren 11n, Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako zerbitzuak txosten bat igorri zion Udalari ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera zuzendu zezala eskatzeko. Horretarako, kontsulten izapidean jasotako erantzunak gehitu zituen espedientean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36 eta 37. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz. Orobat, Ingurumen Eraginaren atalak eginiko txostenean jasotako oharrak ingurumen eraginaren azterketan jaso zitzala ere eskatu zion Udalari.

2022ko martxoaren 14an, kontsulten eta jendaurreko izapidearen emaitzekin Udalak aurkeztutako dokumentazioa aintzat hartuta, Ingurumen Eraginaren Atalak errekerimendua igorri zion Udalari, ukitutako erakundeei eta interesdunei ere kontsulta egin ziezaiela eskatuz.

2022ko maiatzaren 11n, Udalak espediente osoa aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularreko eta Klima Aldaketako zerbitzuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Biodibertsitate zerbitzuak azterketa teknikoa egin eta ingurumen inpaktuaren adierazpen arrunta eman zezan.

Analisi teknikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa:

Proiektuaren helburua da Funesen 2.496 plazako zerri gizendegi bat ezartzea, ureztatutako bi nekazaritza-lursail batuta sortutako gainazalean. Aurrez, labore zurkarak landatzeko aprobetxatzen ziren lursail horiek. Kokagunea El Raso eta Las Suertes parajeetako eremu ureztagarrian dago, leun-leun izurtuta eta igeltsuen eraginez konkortuta dauden terrazen gainazal goratu batean, Arga era Ebro ibaien arroen artean, Funestik 2 km pasatxo mendebaldera eta Azagratik 3,8 km ekialdera.

Jardunen den ingurunea labore belarkaren (batez ere artoa) lehen mailako nekazaritza-ekoizpenerako eraldatutako eremua da, presio bidez ureztatua. Nafarroako Ubidearen lehen fasearen hedapenean, Arga 6 XXII. Sektorearen barnean, sartu da eremu hori. Esparruaren balio nagusia lurzoruaren emankortasuna da. Lurzoru hori lursail erregularretan antolatuta dago, eta sare formako hainbat bide daude haien artean. Laborantzarako egokiak ez diren zenbait lursail eraldatu gabe daude, eta horietan landaredia hauteman da bazterretan.

Tafalla-Azkoien-Rincón del Soto NA-115 errepidearen mendebaldera, 1 km pasatxora, "Caluengo-La Castellana" Nafarroako Estepako Abifauna Kontserbatzeko Intereseko Eremua (AICAENA) identifikatu da. Eremuaren idortasun klimatikoa eta nekazaritza-aprobetxamendu tradizionala direla eta, baldintzak ezin hobeak dira katalogatutako estepako hegazti-faunaren garapenerako. Esparruaren iparraldera eta ekialdera Milagro-Aezkoa abelbidea dago. Arga ibaiaren uholde-lautadaren terraza goratua banatzen duen ezpondaren goiko aldea zeharkatzen du abelbide horrek. Ezponda horrek, altuera eta hedadura nabarmenak izanik, habitat bereziak ditu basa faunaren biziraupenerako. Iparraldera Caluengoko parke eolikoa dago, eta ustiategian hildako animalien kudeaketaren ondorioz, hegazti nekrofagoek arriskua izan dezakete aipatutako parke horretako aerosorgailuekin talka egiteko. Beraz, eragin sinergiko hori ere oso aintzat hartzekoa da.

Jarduerak aurreikusi du abereen gorozkiak ongarri gisa erabiliko dituela laborantzako lurzoruetan, eta horretarako, banaketarako lurralde-plan bat jaso du. Plan horretako lursail gehienak Ebro eta Aragón ibaien arteko ureztapen-esparruan daude, eta, beraz, Arga ibaiaren ezkerreko ertzean nitrato bidezko kutsadura jasateko arriskua duen eremuan ez luke eraginik izanen jarduerak. Era berean, gainazalaren laurden bat lehorreko lurzoruaren gainean joanen da, eta zati txiki bat estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuan. Horri begira, kontroleko zenbait neurri hartu dituzte ebaluazio honetan.

Ingurumen eraginaren azterketa eta txosten hau aztertuta, ikusi dugu, baliabideen kontsumoaz eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolaz gain –Ingurumen baimen integratuaren espedientean zehazten eta baloratzen diren ondorioak–, hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, faunako espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: faunaren gaineko eraginak (hegaztien gainekoak batez ere), estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuarekin lotutako nekazaritza-sistemaren babesa, paisaiaren eraldaketa eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Alde horretatik, katalogatutako espezieen babesa indartzeko, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren baldintzetan neurri espezifiko batzuk sartu dira, estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuetan abereen gorozkiak banatzeko sisteman eragina dutenak. Neurri horien xedea da bermatzea jarduerak ez duela eragin nabarmenik izanen estepako abifauna katalogatuaren hazkuntza eta ugalketa garaian. Era berean, azterketak zenbait neurri zuzentzaile ezartzen ditu instalazioa paisaiara egokitzeko.

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoa egin ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen-ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ingurumen eraginaren ebaluaziotik eta funtsezko baimenetik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpen hau ematea, Funesko Las Suertes parajean 2.496 plazako zerri gizendegiaren proiekturako; Luis Teres Sainz da proiektuaren sustatzailea.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Simaur, minda edo horien deribatuen balorizazio materiala Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu baten barruan dauden lurzatietan ongarri gisa aplikatuz egiten bada, simaurrak kudeatzeko planak eta simaurraren banaketak honako protokolo hau bete beharko dute: "Abeltzaintzako ustiategietako mindak, liseriketa-hondarrak eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko ezarritako protokoloa". Protokolo hori ebazpen honen IV. eranskin gisa erantsi da.

–Ustiapena maneiatzeko eta abere hilak kudeatzeko sisteman, aukeren bila dabiltzan animaliak eta animalia sarraskijaleak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da. Abere hilak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan edo teilapeetan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek animalien hondarretara iristea saihesteko.

–Ur-baltsara nahi gabe sartu diren animaliak ez itotzeko, baltsaren ezpondetako bat etzana izanen da (ez 2H:1B baino bertikalagoa) eta horren gainean sare zurrun zimurtu bat ainguratuko da, ezustean uretara eror daitezkeen animaliak ontzitik atera ahal izan daitezen.

–Ustiategia paisaian integratze aldera, nabeen ondoan eta bidearen aurrealdean aurreikusitako zuhaitzen eta zuhaixken landaketetan, inguruneko baldintzetara egokitutako espezieak erabiliko dira, hala nola olibondoak, gurbeondoak (Sorbus domestica), masustondoak (Morus alba), intsusak (Sambucus nigra, S. racemosa) eta binorriak. Landaketa horri ureztapena eta beharrezko zaintzak emanen zaizkio, azkar hazteko eta jardueraren bizitza osoan kontserbatzeko.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

  • Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi puntuek emandakoak, % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak.
  • Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar motakoak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea.
  • Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak.

–Obrak egiterakoan, ubide-sarean eta inguruneko ureztapen tradizionaleko erabileretan eragitea saihestuko da.

–Zimenduak eta baltsak hondeatzeko lanetan soberan geratutako lurrak kudeatzaile baten esku utziko dira, baimendutako hondakindegi batera eraman ditzan.

Soberako lur horiek lursailean bertan gehitzen badira, modu egokian banatu eta zabalduko dira, lursailaren maldetan eta kotetan etenik sortu gabe, eta, horren aurretik, landare-lurra (lurzoruaren azal emankorra) bildu eginen da betegarri hori gehituko den lurzorutik. Azkenik, landare-lur hori zabaldu eginen da berregindako gainazalean.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza.

–Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

  • Fauna nekrofagoa hildako animalien gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartu den konponbidea azaltzen duen dokumentazio grafikoa.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (Tuterako eskualdea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Funesko 13. poligonoko 389. eta 390. lurzatien elkarketan zerri ustiategi bat, 2.496 gizentze plazakoa, ezartzea proiektatzen da. Horretarako, bi nabe eraikitzea aurreikusi da, eta kanpoko bi baltsa, bat urarena eta bestea mindarena, okupatutako esparruaren beste aldean. Era berean, jarduerari laguntzeko zenbait elementu ere ezarriko dira, eta hesi metalikoarekin hertsiko da okupatutako azaleraren perimetroa.

Bi nabeak berdin-berdinak izanen dira, 69,9 x 15,2 metroko azalerakoak plantan eta 6 metroko altuerakoak sabairaino, bi isuriko estalkiarekin. Nabeak, bakoitza 1.248 plazako edukierakoa, lautada baten gainean kokatuko dira, iparraldean. Nabe bakoitzarekin batera, elikadurarako bi silo jarriko dira eta 19 eta 24 m²-ko bi lokal: lehena, bulegoa, komunak eta aldagelak egokitzeko, eta bestea, ura hornitzeko eta tratatzeko ekipoak, talde elektrogenoa eta biltegi bat kokatzeko. Animaliak lurzoruaren gainean goratutako hormigoizko zuloetan kokatuko dira, eta zulo horiek mindaren kanpoko andelari lotuta egonen dira.

Animalien kokagune horren beste aldean, mindaren eta uraren kanpoko baltsak jarriko dira. Mindaren baltsa, aurreikuspenen arabera 2.860 m³-ko edukiera gordinekoa, lurpean egonen da, xafla malguko estalki batekin eta xafla plastiko bidez irazgaiztua. Ihesak detektatzeko eta kontrolatzeko sistema bat ere izanen du. Mindaren baltsaren ondoan, 25 x 25 metroko beste bat jarriko da ura biltegiratzeko, 1.700 m³-ko edukierarekin, erdi lurperatua eta xafla plastiko bidez irazgaiztua. Bi baltsak ixteko aparteko itxitura bat aurreikusten du proiektuak, eta ur-baltsaren ezpondak hedatzen diren aldean sareta zimurtu bat jartzea, ustekabean ur-baltsa horretara eror daitezkeen animaliak handik atera ahal izan daitezen. Mindaren baltsaren ondoan, hildako animalien gorpuen edukiontzia jartzea aurreikusten da.

Instalazioa urez hornitzeko, ureztatzaile-komunitatearen iturri batetik hartuko da ura, eta elektrizitatea hornitzeko unitate elektrogeno bat erabiliko da. Nabeetarako sarrera lurzatiaren mendebaldetik egitea aurreikusi da, alde horretatik nabea zedarritzen duen bidetik. Mindaren baltsara sartzeko, berriz, baltsa horren beste aldeko puntua erabiliko da. Horretarako, baltsaren ekialdeko eta hegoaldeko mugak zeharkatuko dituen bide perimetral bat eginen da.

22 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, abereak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta gizentze zikloen artean huste sanitarioa eginez. Urtean 2 edo 3 ziklo izanen dira. Ustiategiak banatzeko 3.123 m³ mindaren balorizazio materiala aurreikusi du, ekoizpeneko 70 he-tan nekazaritzarako aprobetxatzeko. Hektarea horietatik 10 lehorreko zereal-laboreak dira, eta gainerakoak, barazkiak eta artoa lantzeko lursail ureztatuak, guztiak Funesko El Raso eta Las Suertes eta La Plana eremuetan, eta Azagrako Argadiel eremuan. Hildako animalien gorpuak baimendutako kudeatzaile bati emanen zaizkio. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 1.504 tona pentsu, 5.000 m³ ur eta 1.200 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Funesko Udala

X

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ecologistas en Acción

Gurelur

Greenpeace Espainia

Ingurumen Eraginaren Atalak jendaurreko izapidea zuzentzea eskatu du; izan ere, dagokion Nafarroako Aldizkari Ofizialean adierazitakoaren arabera, 15 egunekoa izan da, eta jendaurreko izapide horren iraupenak 30 egunekoa izan behar du gutxienez, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Adierazi du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa izapidetzen hasteko, Udalak espediente osoa aurkeztu behar duela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluaren arabera, espediente horren gutxieneko edukia zein den gogorarazi du. Eta, horrela badagokio, Udalak iritzitako oharrak ere aurkeztu behar dituela adierazi du.

Jakinarazi du, halaber, jarduerarako aurreikusitako kokapena (13. poligonoko 389. eta 390. lurzatiak) Caluengoko parke eolikotik gertu dagoela, eta izapidetze-fasean dagoen Funesko parke eolikoaren eraginpeko lursailen barnean. Alde horretatik, ohartarazi du jarduerak harrapari nekrofagoak erakar ditzakeela, eta, eragin sinergikoaren ondorioz, hegazti horiek hiltzeko arriskua handitu dezakeela. Hori dela eta, azterketak kontuan izan beharko du baldintza hori bere ebaluazioan, eta dagozkion neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu, batez ere hildako animalien gorpuak biltegiratzeko eta kanporatzeko eraikin itxien erabilerari dagokionez.

Azkenik, eskatu du proiektuaren dokumentazioarekin batera, mindaren banaketarako lurralde planean dauden lurzatien artxibo bat jasotzeko, lurzati horien geoerreferentziekin, minda soroetan aplikatzean sor daitekeen balorazio agronomikoari loturiko inpaktuen balorazioa errazteko.

Ekonomia Zirkularreko eta Klima-aldaketako zerbitzuak adierazi du otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuko 10. artikuluaren 1. puntuan xedatutako baldintzak aplikatu behar zaizkiola proiektuari. Errege Dekretu horrek zerri abeltxe intentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen ditu eta zerri ustiategi estentsiboak antolatzeko oinarrizko arauak aldatzen ditu.

Aurrekoari lotuta, berariaz adierazten du erabilitako elikadura-estrategiak eta pentsuen formulazioak aukera eman behar duela elikaduratik proteina gordinaren edukia murrizteko, eta abereak fase bakoitzaren arabera elikatzeko, hazkuntza-etapa bakoitzean dituzten nutrizio-beharren arabera, arauan adierazitako parametroekin bat etorriz.

Ohartarazi du, Errege Dekretu hori betetzeko, zerrien bizilekuetan amonio-igorpenak hurrenez hurren %60 eta %80 murrizteko teknika bat edo teknika-konbinazio bat ezarri beharko dela. Amonioaren murrizketa hori gaur egungo erreferentziazko teknikarekiko egin beharko da (parriladura osoa, zuloak "U" forman eta simaurra hazkuntza-ziklo osoan barneko zuloetan mantenduz, bizilekuen kasuan, eta zulo irekietan eta zarakar naturalik gabe, baltsaren kasuan), eta murrizketa horiek justifikatuko dituzten kalkuluak aurkeztu beharko dira.

Zerrietan amonio-igorpenen kalkulua egiteko zer tresna erabili jakinarazten du txostenarekin batera, horren bidez kalkuluaren justifikazioa errazteko.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, "Ebroko Ardatza" 5. LAPk (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko muga edo debekuak ezartzen ahal dituelako.

LAParen lurzoruaren sailkapenaren eta eremuari lotzen zaion IV. motako klase agrologikoaren arabera, eremu hori ez litzateke sartuko Babes Bereziko Eremuan eta Arrisku Naturalengatik Babesteko Lurzoruetan, nahiz eta indarrean dagoen legeriaren arabera (SNUPrtEN: R) Ustiapen Naturalerako-Ureztapenerako Babestutako Lurzoruen kategoriari lotuko litzaiokeen. Beraz, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren txostenean adierazitakoaren arabera, proiektatutakoak eragin arina izanen du egungo ureztaketetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean, baina Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea aplikatuz, Nekazaritza Azpiegituren zerbitzuaren aurretiazko baimena beharko du egin beharreko jarduerak egiten hasi aurretik.

Funesko udal hirigintza-planeamenduari dagokionez, lursaila honela sailkaturik dago: nekazaritza-produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezina. Zerri azienda hazteko eta gizentzeko jarduerari loturik dauden instalazioak zabaltzea baimenduta dago, eta zabalpen horiek betetzen dute planeamendua, eraikuntzen ezaugarri eta baldintzei dagokienez. Mugekiko distantziei eta ur- eta energia-hornidurarako baldintzei buruzko betekizunak ere adierazten dira, udal-planeamenduarekin bat etortzeko.

Eragin sektorialei dagokienez, ustiategiaren eta herrigunearen artean egon beharko luketen distantziak betetze aldera, 2.160 metro daude instalaziotik Funesko hiri-lurzorura eta lurzoru urbanizagarrira. Abeltzaintzako instalazioek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezartzen da baldintza hori.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta adierazten da titularrak egoki diren txostenak eskatu beharko dituela ukipen sektorialak direla eta.

Funesko Udalak egindako txostenaren arabera, lurzorua honela sailkaturik dago: Nekazaritza-Abeltzaintza aldetik Erdi-mailako Produktibitatea duen Lurzoru Urbanizaezina. Sailkapen horren barnean, adierazitako jarduera baimentzen ahal da. Halaber, adierazten da, lurralde-plangintzarekin bat etorriz, eta Nafarroako Lurralde Antolamendurako Planaren arabera, proiektuaren lurzorua "Ureztapenak: SNUPrtEN: R" ustiapen naturalean sartzen dela, eta proiektatutakoa ezarrita dagoen lurzoruekin lotuta dagoela, lurzoru horietarako aurreikusitako kasu zehatz honetan: elikagaiak eta simaurrak sortzea inguruko azaleretarako.

III. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena eta zaintza plana

Tramitazio prozesuan, ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, non ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean aurkeztutako informazioa biltzen baita. Azterketa horretan, adierazitako kokagunea ingurumen aldetik aukerarik egokiena dela jotzen da.

Azterketan, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak instalazioaren ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen dira. Horrez gainera, ingurumen integrazioa bermatzeko behar diren neurriak proposatzen dira. Proiektuan, alde batetik, obrek proiektuaren esparruan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio neurriak jaso dira, eta bestetik, funtzionamenduan egon bitartean ingurumenean izanen duten eragina murriztekoak.

Ingurumen eraginaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde plan bat barne hartzen du. Plan horrek azaleraren % 25 betetzen du lehorreko laborantzan. Simaurra estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetan banatzeari dagokionez, aurreikusita dago Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa aplikatzea.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen eta kontrol betebeharrak.

IV. ERANSKINA

Abeltzaintza ustiategietako simaurrak, mindak eta/edo digestatoa zuzen kudeatzeko ezarritako protokoloa

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

– Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

– Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz-hezegune eta erreka-zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2216741