1. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

2023ko lan-egutegia

Honen bidez, jendaurrean jartzen da Alkatetzak 2022ko abenduaren 15ean eman zuen 2022-1134 Ebazpena, zeinaren bidez Azkoiengo Udaleko zerbitzu orokorren 2023ko lan-egutegia onetsi eta epeak zenbatzeari dagokionez baliogabeak diren egunak deklaratzen baitira.

Aintzat hartuz zer xedatzen duten abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikuluak (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina), ezartzen baitu enpresak urtero prestatu behar duela lan-egutegia.

Ikusirik 323/2022 Ebazpena, ekainaren 3koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2023ko jaiegunen egutegi ofiziala.

Ikusirik Udalak 2022ko irailaren 29ko osoko bilkuran harturiko erabakia, zeinaren bidez 2023rako herriko jaieguna ezartzen baita, Azkoienen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez dena.

Bat etorriz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan xedatutakoarekin (foru-lege horren bidez aldatu zen 13/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa), ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen urteko benetako lanordu kopurua 1592 izanen dela.

Kontuan hartuz zer eskumen ematen dizkidaten apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak, eta ikusirik langileen ordezkariekin aurretiaz izandako negoziazioa 2023ko lan-egutegirako proposamenaren gainean,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Egun baliogabeak izanen dira, 2023. urtean epeak zenbatzeari dagokionez, larunbatak, igandeak eta jarraian adierazitako hauek, jaiegun deklaratu baitira:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Otsailaren 3a: San Blas (herriko jaieguna).

–Apirilaren 6a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 7a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 10a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Aste barruko jaiegunen 2023ko egutegia onestea Azkoiengo Udaleko zerbitzu orokorretako langileendako. Zehazki, Administrazio Orokorreko, Kiroleko eta Gazteriako, Turismoko eta Kulturako zerbitzuei atxikitako langileak dira.

Ebazpen honetako lehenengo puntuan adierazitakoez gain, lanik gabeko egunak dira:

–Irailean: 4a, 5a, 6a, 7a, eta 8a (herriko festak).

–Uztailean: 24a.

–Abuztuan: 14a.

–Urrian: 13a.

Aparteko orduen ordain, plantilla organikoan lanaldiaren luzapeneko osagarria esleiturik ez daukaten langileendako, jaieguneko lanalditzat hartuko dira egiten direnak igandeetan, Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunetan (lehen apartatuan aipatuak), eta bigarren apartatuan adierazitakoetan.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko benetako lanordu kopurua 1.592 da zerbitzu orokorretako langileendako, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari eta abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuari jarraikiz, eta haren banaketa honela eginen da:

a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 26 minutu izanen da.

b) Azalpen honen aurreko apartatuan adierazitako lanaldiaren banaketa, Azkoiengo Udaleko funtzionarioen, lan-kontradunen eta administrazio araubideko langileen Akordio edo Itun Mistoan ezarritakoaren arabera, honako hau izanen da:

Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiek lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 09:30etik 14:30era bitartekoa izanen da. Zati malgua 7:30etik 9:30era eta 14:30etik 17:00etara bitarte izanen da.

Laugarrena.–Lan-egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, jarraituz langileen baldintzen gainean indarrean dagoen araudiari.

Bosgarrena.–Administrazio honen zerbitzuetako premiak direla eta, eta horiek behar bezala jardun ahal izateko, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuari atxikitako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Seigarrena.–Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa baino luzeagoa duten langileek 30 minutuko atsedenaldia izanen dute gehienez.

Zazpigarrena.–Udal bulegoetan, jendearendako ordutegia izanen da 09:30etik 14:30ak arte, astelehenetik ostiralera, salbu eta lehenengo puntuan jaiegun deklaratutakoetan eta bigarrenean lanik gabeko egun deklaratutakoetan.

Zortzigarrena.–Erabaki hau langileen ordezkariei helaraztea, eta argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan, bai eta Udalaren egoitza elektronikoan eta ediktu-taula fisikoan ere.

Bederatzigarrena.–Egutegi hau, lanaldiaren banaketa eta gainerako xedapenak ez zaizkie aplikatuko lan-baldintzak direla-eta berariazko lan-egutegia daukaten udal zerbitzuei (Herritarren Babesa, Hezkuntza eta Obrak eta Zerbitzuak).

Gainerako udal-zerbitzuek beren egutegi berariazkoa eginen dute. Herritarren Babeserako Arloak 8 orduko lanaldia eginen du, hiru txandatan. Obra eta Zerbitzuen Arloak 7 ordu eta 22 minutuko lanaldia eginen du. Herriko festetako egunei dagokienez, irailaren 2tik 10era, biak barne, jaieguntzat hartuko zaizkie egun horietan ohiko lanaldian lan egin behar duten langileei.

Dagozkidan eskumenak baliatuta, aditzera ematen dut, orok jakin dezan. Ohartarazten da ezen, erabaki honen aurka, bide administratiboan behin betikoa baita, errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, ordena bereko epaitegiari edo salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azkoienen, 2022ko abenduaren 15ean.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

Iragarkiaren kodea: L2217136