1. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2519/2022 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio Elektronikoari buruzko Erregelamendua onesten duena", Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 19an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila 2022ko abenduaren 19ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazio Elektronikoari buruzko Erregelamendua onesten duena.

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARI BURUZKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA

I. Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez (NAO, 7. zk., 2013ko urtarrilaren 11koa) onetsi zen Unibertsitateko egoitza elektronikoaren sorrera eta funtzionamendu erregelamendua.

II. Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez (NAO, 7. zk., 2013ko urtarrilaren 11koa) onetsi zen Unibertsitateko erregistro elektronikoaren sorrera eta erregelamendua.

III. 39/2015 Legeak, 2015eko urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, eta 40/2015 Legeak, 2015eko urriaren 1ekoak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak, sortzen duten testuinguruan, administrazioen ohiko jardunak tramitazio elektronikoaren bidezkoa izan behar du nagusiki, bai bere barne kudeaketako aldaera guztietan, bai herritarrekin harremanetan jartzeko eta baita herritarrek beren artean harremanak izateko ere.

IV. Bi lege horietan eta haiek garatzen dituzten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, besteak beste, xedapen hauek onetsi zituen tramitazio administratibo elektronikoari dagokionez:

–Unibertsitateko organo kolegiatuen funtzionamendurako erregelamendu orokorra, 2018ko apirilaren 24an Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez onetsia.

–Jardun administratibo automatizatua arautzen duen erregelamendua, 2020ko urriaren 27ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onetsia, 2021ko azaroaren 24an Erabaki bidez aldatua.

–Sinadura elektronikoaren eta zigilu elektronikoen politika, Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onetsia 2021eko azaroaren 24an.

V. Aipatu ditugun bi lege horietan (2015eko 39. eta 40. Legeak) jasota dauden prozeduren funtzionamenduaren eta tramitazio elektronikoaren exijentzien egokitzapena eta garapena osatzeko, beharrezkoa da aipatutako Unibertsitateko 2012ko Arau horiek aldatzea -bi lege horien aurretik onetsiak-, baita bi lege horietan jasota datozen alderdiak ere erregulatzea, Unibertsitatean jarduera administratibo elektronikoak erabateko ezarpena izan dezan, printzipio hauei jarraikiz: legaltasuna, eraginkortasuna, efizientzia, erabiltzailearentzako orientazioa, berrikuntza, gardentasuna eta publizitatea.

Aldaketa horien artean azpimarratzekoa da Unibertsitateak erregistro bakarra izan behar duela, elektronikoa, eta ez duela aurrez aurreko erregistrorik beharko, baina aurrez aurreko laguntza emateko bulegoak izan behar dituela erregistro gaietarako, eta funtzionario gaituak behar dituela Unibertsitatearekin harremanak elektronikoki izatera behartuta ez dauden pertsonei identifikazio- eta sinadura-zerbitzua emateko.

Beste alde batetik, Unibertsitateko jardun administratibo elektronikoak 2015eko 39. eta 40. Legeek esaten duten moduko erabateko ezarpena izan dezan, beharrezkoa da zerbitzu horretan ari diren langileek, enplegatu publiko moduan dagozkien funtzioetan, identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak lortzea eta erabiltzea egin behar duten edozein ekintzatarako edo tramite administratibotarako, eta, bereziki, hirugarrenentzat eskubideak eta betebeharrak sortzen ahal dituzten ekintza administratibo guztiak sinatzeko. Horrek guztiak ez du galarazten derrigorrezkoa izatea pertsona fisikoek beren interes partikularrengatik Unibertsitatearekin harremanak elektronikoki egitea, ezta administrazio publikoekin harremanak elektronikoki izatera behartuta dauden gainerako pertsona fisiko eta juridikoek ere.

VI. Egokitzapen eta garapen hori betetzeko, Gobernu Kontseiluaren 2021ko azaroaren 24ko Erabakiaren bidez, administrazio elektronikoko proiekturako aldi baterako unitate administratibo bat sortu zen, helburu zuena Unibertsitateko jarduera administratibo elektronikoa prozedura eta tramite guztietan modu eraginkor eta erabatekoan egitea bermatzeko baliabide eta mekanismoen ikerketa xehea egitea, eta, aldi berean, tramitazio elektroniko horretako legezko salbuespenak zaintzea.

Egokitzapen eta aldaketa horiez gain, arauan txertatu nahi dira Unibertsitateko jarduera administratibo elektronikoari buruz indarrean diren xedapen guztiak, haien eskuragarritasuna errazteko, betiere interesekoak badira Unibertsitatetik kanpoko erabiltzaileentzat eta unibertsitatearen komunitateko kide guztientzat.

Azaldutakoaren arabera, aldi baterako unitate administratiboak Unibertsitateko administrazio elektronikoari buruzko proiektuari buruz aurretik txostena eginda, Garapen Digitaleko errektoreordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio elektronikoari buruzko erregelamendu hau proposatu du.

Horregatik guztiagatik, Garapen Digitaleko errektoreordeak proposatuta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2022ko abenduaren 19an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazio elektronikoari buruzko erregelamendu hau onestea.

Bigarrena.–Erregelamendu hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erregelamendu honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2022ko abenduaren 19an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1.–Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazio-jardueran bitarteko elektronikoen erabilera arautzea, bai eta tramiteak egitearren eta prozedura administratiboak garatzearren Unibertsitateak baliabide elektronikoen bidez herritarrekin eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin dituen harremanak ere.

2.–Erregelamendu honen xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkio:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko organo eta unitate administratibo guztiei.

b) Unibertsitateko komunitateko kideei: ikasleei, irakasle eta/edo ikertzaileei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin harreman elektronikoak izatera behartuta dauden gainerako pertsona fisiko eta juridikoei, bai eta, behartuta egon gabe ere, Unibertsitatearekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzea erabakitzen dutenei ere.

3.–Kontratu Publikoei buruzko 2018ko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako kontratazio prozeduretan, erregelamendu hau aplikatuko da foru lege horretan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaren kontrakoa ez denean, bereziki Nafarroako Kontratazio Atarian (PLENA) lizitazio elektronikoetarako ezarritako baliabide elektronikoei dagokienez.

4.–Unibertsitateko organo kolegiatuen funtzionamenduan erregelamendu honetan xedatutakoa aplikatuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Organo Kolegiatuen Funtzionamenduari buruzko Arautegi Orokorrean ezarritakoaren kontrakoa ez denean. Arautegi hori Gobernu Kontseiluaren 2018ko apirilaren 24ko erabaki baten bidez onetsi zen.

2. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin harreman elektronikoak izatera behartuta dauden pertsonak eta entitateak.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta daude honako pertsona eta entitate hauek:

a) Unibertsitateko komunitateko kideak.

i. Irakasleak eta ikertzaileak, Unibertsitatearekin dituzten harreman administratiboetan.

ii. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak, Unibertsitatearekin dituzten harreman administratiboetan.

iii. Ikasleak, Unibertsitatearekin dituzten harreman akademiko eta administratibo guztietan, Esperientziaren Gelako ikasleak izan ezik, eta, kasua bada, dagokion ebazpenean, egintzan edo arau administratiboan berariaz kanpoan uzten diren ikasleak.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatzen dituen unibertsitatera sartzeko probetan parte hartzen duten pertsonak.

c) Unibertsitatean ematen diren ikasketa ofizial eta berekietako edozeinetan onarpena eskatzen duten pertsonak, onarpena Esperientziaren Gelan ematen diren ikasketetan eskatzen dutenak izan ezik.

d) Exijitzen den prestakuntzaren arabera, Unibertsitatearen prozedura hauetakoren batean parte hartzen duten pertsona fisikoak: irakasleak eta/edo ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak hautatzeko prozeduretan, beken eta laguntzen prozedura eta deialdietan, eta Unibertsitateak deitutako beste edozein lehiakortasun prozeduratan.

e) 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan eta horiekin bat datozen xedapenetan ezarritakoaren arabera, Unibertsitatearekin harreman elektronikoak izatera behartuta dauden gainerako pertsona fisiko eta juridikoak.

2.–Unibertsitatearen eta bere langileen arteko harreman administratiboetan (dela langile publikoak direlako, dela interes partikularrengatik) eta ikasleekiko harreman akademiko eta administratibo guztietan erabiliko den helbide elektronikoa helbide instituzionala izanen da.

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin harreman elektronikoak izatera behartuta dauden pertsona fisiko eta juridikoek modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte Unibertsitatera zuzendutako eskabideak, idazkiak edo komunikazioak, egoitza elektronikoan horretarako ezarritako bideak erabiliz.

4.–Harreman elektronikoak izatera behartuta dauden pertsonen kalterik gabe (1. apartatuan adieraziak daude pertsona horiek), idazkari nagusiaren ebazpen bidez pertsona jakin batzuk betebehar horretatik salbuesten ahalko dira, pertsona horiek hala eskatuta, baldin eta egiaztatzen bada ez dutela bitarteko teknikorik edo konexio-aukerarik edo ezin dituztela erabili Unibertsitateak eskura jartzen dizkien bitartekoak, edo desgaitasunen batek beharrezko bitartekoak erabiltzea eragozten badie.

3. artikulua. Prozeduretarako ordezkaritza. Ahaldunen erregistroa.

1.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunek ordezkari baten bidez jarduten ahalko dute. Prozedura administratibo bateko ordezkaritza zuzenbidean onargarria den edozein bide erabiliz egiaztatzen ahal da, dela apud acta ahalordearen bidez (hots, gaitutako funtzionarioen aurrean pertsonalki agertuta edo egoitza elektronikoan elektronikoki agertuta egiten dena), dela Unibertsitateko ahalordeen erregistro elektronikoan edo Unibertsitateak eskuragarri duen ahalordeen erregistro elektroniko batean inskribatuta.

2.–Unibertsitateak ahalordeen erregistro elektroniko bat sortuko du, eta hartan inskribatuko dira, gutxienez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa partaide den prozeduretan tramiteak egitearren interesdunek ematen dituzten ahalorde orokorrak.

Erregistro horretan inskribatzeko, ahalordeek bat etorri beharko dute 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 6.4 artikuluan ezarritako tipologiekin.

3.–Nolanahi ere, ordezkaritza egiaztatu beharko da ordezkatuaren izenean eskabideak, idazkiak, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, ekintzetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko.

II. KAPITULUA

Web ataria eta egoitza elektronikoa

4. artikulua. Web ataria.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web atariak informazio instituzionalerako eta egoitza elektronikorako sarbidea ematen du. Haren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa Unibertsitateari dagozkio.

2.–Haren helbide elektronikoa www.unavarra.es URLak osatutakoa da (http://www.unavarra.es).

5. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoa, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko erabaki baten bidez sortua (2013ko urtarrilaren 11ko NAOn argitaratua), telekomunikazio sareen bidez herritarrentzat eskuragarri dagoen helbide elektronikoa da; haren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa Unibertsitateari dagozkio, eta Unibertsitatearen ardura da, halaber, haren osotasuna eta egiazkotasuna bermatzea eta haren bidez eskura daitezkeen informazioa eta zerbitzuak eguneratzea.

2.–Egoitza elektronikoaren helbide elektronikoa https://sedeelectronica.unavarra.es/ da, eta zuzenean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web atarian (http://www.unavarra.es) egonen den esteka baten bidez sartzen ahalko da hartan.

3.–Unibertsitatearen egoitza elektronikoa gailu seguruaren ziurtagiri espezifiko baten bidez edo bitarteko baliokide baten bidez identifikatuko da. Egoitza elektronikoaren ziurtagiriaren helburu bakarra hura identifikatzea izanen da.

4.–Egoitzaren edukiak kudeatzea, administratzea eta koordinatzea idazkari nagusiari dagokio, eta kudeaketa teknologikoa eta segurtasunaren arlokoa, berriz, Garapen Digitalaren arloan eskumena duen errektoreordeari.

6. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoa arautzen duten printzipioak.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoa:

a) Gardentasunaren, publizitatearen, erantzukizunaren, kalitatearen, segurtasunaren, erabilgarritasunaren, irisgarritasunaren, neutraltasunaren eta elkarreragingarritasunaren printzipioak bete beharko ditu, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaren arabera.

b) Nolanahi ere, pertsonen segurtasun publikoan, ohorean, intimitatean eta segurtasunean eragina izan dezaketen komunikazioetan konfidentzialtasuna bermatuko du, artxiboen, datu-base publikoen eta datu pertsonalen babesaren arloan aplikatzekoa den legeriaren arabera.

c) Informazio, zerbitzu eta transakzioen argitalpenetan, irisgarritasun- eta erabilgarritasun-printzipioak, estandar irekiak eta, hala badagokio, herritarrek oro har erabiltzen dituzten beste batzuk errespetatuko ditu, alde batera utzi gabe datu pertsonalak babesteari eta pertsonen ohorerako, intimitaterako eta segurtasunerako eskubideari buruzko legerian ezarritako mugak.

2.–Egoitza elektronikoaren segurtasuna Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.

3.–Egoitza elektronikoaren elkarreragingarritasuna Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.

7. artikulua. Egoitza elektronikoaren erabilgarritasuna.

1.–Egoitza elektronikoa urteko egun guztietan egonen da erabilgarri, eguneko hogeita lau orduetan, hargatik eragotzi gabe ezinbestekoak diren etenaldi teknikoak.

2.–Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren data eta ordu ofiziala Espainiako Armadaren Errege Institutu eta Behatokitik zuzenean hartutakoa da, 1992ko urriaren 23ko 1308/1992 Errege Dekretuak legezko orduari buruz ezartzen duenaren arabera. Errege Dekretu horren bidez, Armadaren Errege Institutu eta Behatokiaren Laborategia denboraren patroi nazionalaren gordailuzain eta Espainiako Metrologia Zentroari lotutako laborategi izendatu zuten.

Data eta ordu ofizial horiek ikusgai egonen dira egoitzan bertan.

3.–Arrazoi teknikoengatik programatutako etenak ahalik eta lasterrena iragarriko dira, eta erabiltzaileei Unibertsitatearen web atariaren eta egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, kontsultarako eta sarbiderako ordezko zer bitarteko dauden adierazita.

4.–Gorabehera tekniko batek sistemaren edo dagokion aplikazioaren ohiko funtzionamendua eragotzi badu, eta arazoa konpondu arte, Unibertsitateak amaitu gabeko epeak luzatzea erabakitzen ahalko du, eta egoitza elektronikoan argitaratu beharko ditu bai gertatutako gorabehera teknikoa, bai amaitu gabeko epearen luzapen zehatza.

8. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

1.–Egoitza elektronikoaren bidez, aukera egonen da Unibertsitatearen prozedura eta jarduera administratibo guztietara sartzeko eta haiek tramitatzeko, baita Unibertsitatearekin bitarteko elektronikoen bidez izandako harremanetan pertsona fisiko edo juridikoen autentifikazioa eskatzen duten zerbitzuetara sartzeko ere.

Halaber, zerbitzuak eraginkortasunez eta kalitatez emateko, Unibertsitateak egoitzan sartzea erabakitzen duen beste prozedura batzuk ere tramitatuko dira.

2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoak honako hauek izanen ditu gutxienez:

a) Egoitza elektronikoari buruzko informazio eguneratua, haren araudi erregulatzailea barne, eta haren kudeaketaz eta administrazioaz arduratzen den organoari buruzkoa.

b) Egoitza elektronikoaren nabigazio-mapa, erabilgarri dauden zerbitzuen zerrenda eta haietan sartzeko modua. Irisgarritasunari buruzko informazioa.

c) Data eta ordu ofiziala, baita epeak zenbatzeko egun baliogabeen egutegia ere.

d) Egoitza elektronikoaren ohiko funtzionamendua zailtzen, eragozten edo eteten duten gorabehera teknikoei buruzko informazioa, eta, hala badagokio, kaltetutako prozeduren epeen luzapena.

e) Herritarren karpetarako sarbide-puntua, jakinarazpen elektronikoetarako sarbidea barne.

f) Erregistro elektronikorako sarbide-puntua, honako hauek barne: eskabideak aurkezteko inprimaki normalizatuak, ahalordeen erregistrorako eta funtzionario gaituen erregistrorako sarbide-puntuak, eta Unibertsitatearen arreta-bulegoak edo izendatzen den laguntza-unitateak erregistroan sartzeko ematen duen laguntzari buruzko informazioa.

g) Unitate Organikoen eta Bulegoen Direktorio Komunean (DIR3) ezarritako organo, ikastegi, sail eta zerbitzuen indarreko identifikazio-kodeak.

h) Prozedura administratiboen katalogoa.

i) Dokumentu elektronikoen formatu onartuen zerrenda.

j) Unibertsitateak onartzen eta erabiltzen dituen identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistemen zerrenda, bai eta prozedura administratibo elektronikoetara sartzeko eta haiek sinatzeko betekizunak ere.

k) Zerbitzu, prozedura eta tramite administratiboekin lotutako jarduketa administratibo automatizatuen zerrenda eguneratua, eta haiek eskatzeko eta haietara sartzeko sistema.

l) Nafarroako Unibertsitate Publikoko organoek egin eta egiaztapen kode seguruaren bidez (EKS) autentifikatu diren dokumentuen egiazkotasunaren eta osotasunaren egiaztapena.

m) Iragarki-ohol elektroniko ofizialerako sarbide-puntua.

n) Enplegu publikorako sarbide-puntua, iragarki-ohol elektroniko ofizialaren barrenean.

o) Gardentasunaren atarirako sarbide-puntua.

p) Kontratatzailearen profilerako sarbide-puntua.

q) Iruzurraren aurkako neurrien planerako sarbide-puntua. Salaketa egiteko inprimakia.

r) Unibertsitateko araudiaren atala. Bertan, gutxienez, Unibertsitateak onetsi dituen eta indarrean dauden xedapen eta egintza normatiboak jasoko dira.

s) Iradokizunen edo kexen postontzia. Inprimakiak.

t) Arazoak konpontzeko atala. Egoitza elektronikoaren erabiltzaileek izan ohi dituzten gorabeherak konpontzeko informazioa izanen du.

u) Idazkari nagusiaren ebazpen bidez zehazten den beste edozein informazio edo zerbitzu.

9. artikulua. Prozedura administratibo elektronikoen katalogoa. Motak eta argitalpena.

1.–Ikasleei eta Unibertsitateko enplegatu publikoa ez den edozein pertsonari eragiten dieten eta bitarteko elektronikoen bidez tramitatzen ahal diren prozedura administratiboen katalogoa egoitza elektronikoan egonen da, argi ikusteko moduan, eta egoitza horretatik tramitatuko dira.

Enplegatu publikoak diren aldetik Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei soilik eragiten dieten barneko prozedura administratiboen katalogoa horretarako erabakitzen den zerbitzuen atarian argitaratuko da, eta prozedurok elektronikoki tramitatuko dira atari horren bidez.

2.–Prozedura administratibo elektronikoen katalogoa argitaratzen den egoitzan edo zerbitzuen atarian, Unibertsitateak ofizioz hasitako prozedurak eta interesdunek eskatuta hasitakoak bereiziko dira.

Unibertsitateak ofizioz hasitakoetan, kasuan kasuko prozedura abiarazi duen egintza administratiboak xedatutakoaren arabera arautuko dira.

3.–Sarbidea katalogoaren bidez duten prozedura administratibo guztietan, honako hauek aipatu beharko dira: erregulatzen duen araudia eta, hala badagokio, abiarazi duen egintza administratiboa, hura tramitatzeko jarraibide orokorrak, organo eskuduna, gehieneko iraupena, isiltasun administratiboaren ondorioak eta ebazpenaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak, baita zein organori zuzendu behar zaizkion ere, epeak adierazita.

10. artikulua. Iradokizunen postontzia. Inprimakiak.

1.–Bidea eman behar da egoitza elektronikoaren orri nagusitik iradokizunen postontzira sartzeko. Bertan, erabiltzaileek egokitzat jotzen dituzten gorabeherak, kexak, iradokizunak, esker onak edo kontsultak aurkezteko inprimakiak jasoko dira.

2.–Inprimaki horien bidez iradokizunen postontzian aurkeztutako gorabeherek, kexek, iradokizunek, esker onek edo kontsultek ez dute inola ere ekarriko prozedura administratibo bat hastea.

11. artikulua. Arazoen konponbidea.

Egoitza elektronikoaren orri nagusian, aukera egonen da arazoak konpontzeari buruzko atal batera sartzeko. Atal horretan, egoitza elektronikoaren erabiltzaileek izan ohi dituzten gorabeherak konpontzeko informazioa agertuko da.

III. KAPITULUA

Jardun administratibo automatizatua Unibertsitateak onartutako identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistemak

LEHEN ATALA

Jardun administratibo automatizatua

12. artikulua. Jardun administratibo automatizatuaren xedea.

1.–Jardun administratibo automatizatuaren bidez eginen dira erregelamendu honen eranskinean ageri diren egiaztagiriak edo gordekinak, kopia autentikoak eta egintza administratiboak.

Eranskin horretan jasotakoez bestelako egintza administratiboak jardun administratibo automatizatuaren bidez gauzatu ahal izateko, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera onetsi beharko dira.

2.–Nolanahi ere, mota hauetakoak izanen dira jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko onesten ahalko diren egintza administratiboak:

a) Aditzera emateko egintzak, hau da, gertaera, jardun edo informazioa egiaztatu baizik egiten ez duten egintzak, Unibertsitatearentzat edo interesdunentzat eskubide edo betebehar berririk sortzen ez dutenak.

b) Irizpide objektibo eta publikoak aplikatuz egiten diren egintzak, interpretazio juridikorik behar ez dutenak.

13. artikulua. Egintza administratiboei jardun administratibo automatizatua aplikatzeko prozedurak eta tramiteak.

1.–Errektoreak ebazpen bidez onetsi behar du egintza administratiboak egiteko jardun administratibo automatizatuaren sistemak aplikatzea.

2.–Egintza administratibo bakoitzaren eskumena duen organoak proposamena egin behar dio Garapen Digitaleko errektoreordeari. Proposamenean, honako alderdi hauek adierazi behar dira:

a) Zer egintza administratibo proposatzen den jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko, eta zer unitate edo zerbitzu administratibok egiten duen. Horretaz gainera, egintza egitea zer irizpide objektibo eta publikotan oinarritzen den zehaztuko da, beharrezkoa bada.

b) Informatika Zerbitzuaren txostena, zerbitzu horrek diseinatu eta programatuko baitu jardun administratibo automatizatua erabiltzeko irtenbide informatikoa. Txostenean, honako alderdi hauek adierazi behar dira:

i. Zer plataforma edo sistemaren bidez tramitatuko den prozedura, eta zer sarbide izanen duen plataforma edo sistema horrek.

ii. Zer prozedura egin behar den erabilitako kodea aldian behin ikuskatzeko eta gainbegiratzeko.

iii. Sinadura elektronikoko zer mekanismo erabiliko diren.

c) Zer organo den inpugnazioen arduraduna.

3.–Garapen Digitaleko errektoreordeak egintza administratiboa jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko proposamena bidaliko dio errektoreari, onets dezan.

4.–Errektoreak jardun administratibo automatizatua ebazpen bidez onetsi ondoren, proposamena egin duen organoak egintzari dagozkion tramite elektronikoak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta organo hori arduratuko da, halaber, egintzaren eguneraketak edo aldaketak argitaratzeaz.

14. artikulua. Jardun administratibo automatizatuaren sistemetarako sarbidea.

1.–Erabiltzaileek sarbidea izanen dute jardun administratibo automatizatuaren sistemetara, bai Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez, baita Unibertsitateak tramitazio elektronikorako prestatutako beste edozein baliabideren bidez ere.

2.–Jardun administratibo automatizatuaren sistema ostatatzen duen inguruneak modua eman behar du Unibertsitatea modu seguruan identifika dadin zerbitzariaren edo egoitza elektronikoaren ziurtagiri baten bidez.

15. artikulua. Jardun administratibo automatizatuaren sinadura-sistemak.

1.–Jardun administratibo automatizatuaren bidez egindako egiaztagiri, kopia autentiko eta egintza administratiboak dokumentu elektroniko batean formalizatuko dira kasu guztietan, eta interesdunaren eskura jarriko da dokumentu hori.

2.–Dokumentu elektroniko horiek sinatuak egonen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organo-zigiluaren ziurtagiri elektronikoarekin edo Egiaztapen Kode Seguruarekin, edota bi sistema horiekin.

Egiaztapen Kode Seguruak modua emanen du dokumentu elektronikoak balio juridiko osoarekin paperean inprimatzeko, bai eta Unibertsitatearen egoitza elektronikoan egiaztatzeko ere.

16. artikulua. Jardun administratibo automatizatuaren sistemaren ikuskaritza.

Bi urtetik behin bederen, sistema ikuskatuko dute Informatika Zerbitzuak, jardun administratibo automatizatua egiteko eskumena duen unitate edo zerbitzuak eta egintza administratibo bakoitzaren eskumena duen organoak, eta egiaztatuko dute, batetik, sistemak ongi funtzionatzen duela eta teknologikoki eguneratua dagoela, eta, bestetik, zuzena dela egindako egiaztagiri, kopia eta egintza administratiboen edukia. Horri buruzko txostena egin, eta Garapen Digitaleko errektoreordeari bidaliko diote, eta errektoreorde horrek sistemari egin beharreko aldaketak edo eguneraketak onetsiko ditu, beharrezkoa bada.

BIGARREN ATALA

Unibertsitateak onartutako identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistemak

17. artikulua. Unibertsitateak onartutako identifikaziorako eta sinadurarako sistemak.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak herritarren, pertsona juridiko eta entitateen, ikasleen, pertsona bakarreko gobernu organoen eta Unibertsitatearen zerbitzurako langileen identifikaziorako eta sinadurarako onartzen dituen sistemak Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 24ko erabaki baten bidez sinadurari buruz onetsitako politikan ezarritakoak dira (2021eko abenduaren 9ko 276 zenbakiko NAOn argitaratua).

2.–Unibertsitateak, sinadurari buruzko bere politikan ezarritakoarekin bat etorriz, identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistema hauek onartuko ditu:

a) Unibertsitatearen gako hitzartuak.

b) @firma baliozkotze-plataforman onartutako ziurtagiri pertsonalak.

c) NAN elektronikoko ziurtagiriak.

d) Cl@ve sistemaren gako hitzartuak.

e) Enplegatu publikoaren ziurtagiriak.

f) Ordezkari izaerako pertsona fisikoaren sinadura-ziurtagiriak.

g) Organoaren zigilu-sinadurak.

h) Konfiantzazko zerbitzu elektronikoak ematen dituztenen konfiantzazko zerrendan dagoen beste edozein ziurtagiri digital (TSL).

18. artikulua. Unibertsitatearen gako hitzartuak.

1.–Unibertsitatearen gako hitzartuen identifikazio sistema Unibertsitateko komunitateko kideentzat da soilik. Hartan, Unibertsitateak "erabiltzaile-izena/pasahitza" ematen die bere enplegatu publikoei zerbitzu ematen hasten diren unetik, baita ikasleei ere beren ikasketak Unibertsitatean hasten dituzten unetik.

2.–Unibertsitatearen gako hitzartuen sistema identifikazio eta sinadura sistema gisa onartuko da Unibertsitatearen barneko atarien eta plataformen bidez tramitatzen diren barne-prozedura administratiboetan, baldin eta Unibertsitateko komunitateko kide gisa esku hartzen bada haietan.

Era berean, hala erabakiz gero, Unibertsitateak ofizioz hasitako prozeduretan ere onartzen ahalko da, hots, Unibertsitatetik kanpoko pertsonak ere aurkezten ahal diren prozeduretan.

3.–Ez da onartuko Unibertsitatearen gako hitzartuen sistema identifikazio eta sinadura sistema gisa erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, ekintzetan atzera egiteko edo eskubideei uko egiteko, salbu eta aukera hori ezarri duten barne-prozedura administratiboetan, betiere Unibertsitatearen barneko atarien eta plataformen bidez tramitatzen badira.

19. artikulua. Unibertsitateko langileen eta ordezkarien identifikazioa eta sinadura elektronikoa.

1.–Sinadurari buruzko politikan xedatutakoarekin bat etorriz, Unibertsitatearen zerbitzuko langileek, enplegatu publiko gisa edo, hala badagokio, Unibertsitatearen ordezkari gisa egindako lanetan, enplegatu publikoaren ziurtagiria edo Unibertsitateak emandako ordezkariarena erabiliko dute identifikatzeko eta sinatzeko bitarteko gisa, eta, edonola ere, hirugarrenentzako eskubideak eta betebeharrak sortzen ahal dituen edozein egintza administratibo sinatzeko.

2.–Unibertsitatearen zerbitzuko langileek, interes partikularrengatik edo enplegatu publiko izateaz bestelako arrazoiengatik egiten dituzten tramite eta jarduketetan, Unibertsitatearen gako hitzartuen sistemaz gain (18. artikuluan xedatutakoaren arabera bidezkoa den kasuetan), 21. artikuluan ikasleentzat eta Unibertsitatetik kanpoko interesdunentzat ezarritako identifikazio eta sinadura sistema berberak erabiltzen ahalko dituzte.

20. artikulua. Unibertsitatearen zerbitzuko langileek enplegatu publikoaren ziurtagiria eskuratu eta erabili beharra.

1.–Nahitaezkoa izanen da zerbitzu aktiboan dauden Unibertsitateko langileek enplegatu publikoaren ziurtagiria eskatu eta erabiltzea beren lanpostuko eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean.

Enplegatu publikoaren ziurtagiria eskatzeko, emateko, mantentzeko eta erabiltzeko, sinadurari buruzko politikan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.–Nolanahi ere, enplegatu publikoaren ziurtagiria eskatzea eta erabiltzea nahitaezkoa izanen da Unibertsitateko langile hauentzat:

a) Eremu partikularreko eta pertsona bakarreko gobernu-karguak eta -organoak betetzen dituzten langileak, izendatzen dituztenetik.

b) Eduki akademikoa, ekonomikoa edo ikertzailea duten idazkiak sinatu behar dituzten irakasleak eta ikertzaileak.

c) Zerbitzuko zuzendariak, izendatzen dituztenetik.

d) Atalburuak, izendatzen dituztenetik.

e) Oinarrizko lanpostuko teknikariak (A maila).

f) Oinarrizko lanpostuko kudeaketariak (B maila).

g) Gastu Unitate Funtzionalen arduradunak.

h) Kontratu Publikoei buruzko 2018ko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean araututako kontratazio prozeduretan parte hartzen duten langile guztiak, dela dagokion kontratazio mahaiko kide izateagatik, dela kontratuaren unitate kudeatzaileko kideetako bat izateagatik.

i) Irakasle eta ikertzaileen edo AZLen hautaketa-prozeduretan edo Unibertsitateak deitutako beste edozein lehiakortasun prozeduratan epaimahaietako edo hautapen batzordeetako kide diren langile guztiak.

j) Unibertsitatearen Estatutuetako 18. artikulutik 20.era eta 28.etik 34.era bitartekoetan ezarritako Unibertsitateko organo kolegiatu iraunkorretako buruak eta idazkariak eta haien ordezkoak, eremu orokorrekoak nahiz partikularrekoak, baita estatutu batzordeetakoak, horien barne-funtzionamenduko batzordeetakoak eta iraunarazteko xedez eratzen den Unibertsitateko beste edozein organo kolegiatutakoak ere, alde batera utzi gabe ordezkariaren ziurtagiria erabili beharreko kasuak.

21. artikulua. Ikasleen eta Unibertsitatetik kanpoko interesdunen identifikazioa eta sinadura.

1.–Ikasleak eta Unibertsitatetik kanpoko interesdunak sinadurari buruzko politikan baliozkotzat jotako identifikazio eta sinadura sistemen bidez identifikatzen ahalko dira.

2.–18. artikuluan Unibertsitatearen gako hitzartuen sistemari buruz xedatutakoa alde batera utzi gabe, ikasleek eta unibertsitatetik kanpoko interesdunek, erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu, errekurtsoak jarri, ekintzetan atzera egin edo eskubideei uko egin nahi izanez gero, sinadura elektronikoko sistema arrunt hauetako bat erabili beharko dute:

a) Sinadura elektronikoaren ziurtagiri elektroniko kualifikatuak.

b) Enplegatu publikoaren ziurtagiriak.

c) Ordezkari izaerako pertsona fisikoaren sinadura-ziurtagiriak (OPFZ).

d) Sinadurari buruzko politikan baliozkotzat jotako sinadura elektronikoko beste zeinahi sistema.

Unibertsitateak sinadura-sistema zehatz bat ezartzen ahalko du administrazio-prozedura bakoitzerako, apartatu honetan ezarritakoen artean.

3.–2. apartatuan ezarritako identifikazioko eta sinadura elektronikoko sistema arruntak alde batera utzi gabe, Espainiakoaz bestelako nazionalitatea duten pertsonek eta Espainiako nazionalitatea izanda atzerrian bizi direnek Unibertsitatearen prozeduretan sartzeko aukera izan dezaten, salbuespenez beste sinadura sistema batzuk ere baimentzen ahalko dira; ahal dela, sinadura-sistema horiek harreman elektronikoetan hedapen handia duten mekanismoak izanen dira, hirugarrenak identifikatzeko zerbitzuen kredentzialak erabiltzen dituztenak.

Idazkari nagusiak baimenduko ditu identifikatzeko eta sinatzeko baliabide horiek, betiere Garapen Digitalaren arloan eskumenak dituen errektoreordea ados badago, hala badagokio.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa
Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoa

22. artikulua. Erregistro elektronikoa.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoa eskaerak, eskabideak eta bestelako idazkiak modu elektronikoan jasotzeko eta bidaltzeko egonen da gaitua.

2.–Erregistro elektronikoa bakarra izanen da Nafarroako Unibertsitate Publiko osorako, eta egoitza elektronikoan izanen du sarbidea, baita Unibertsitatearen Arreta Bulegoaren bitartez ere.

3.–Unibertsitatearen erregistro elektronikoaren zuzendaria idazkari nagusia izanen da, Unibertsitatearen Estatutuetako 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

23. artikulua. Erregistro elektronikoaren egutegia eta egun-ordu ofizialak.

1.–Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskaerak, eskabideak eta bestelako idazkiak urteko egun guztietan edozein ordutan aurkezteko, nahiz eta posible izan ustekabeko etenaldi justifikatuak izatea mantentze-lan tekniko edo operatiboak direla kausa. Halakorik badago, egoitza elektronikoaren bidez emanen da horren berri, araudi honen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, horretarako, beharrezkotzat jotako bideak erabiliko dira abisuak zabaltzeko.

Egun-ordu ofizialak eta egun baliogabeen egutegia egoitza elektronikokoak izanen dira.

24. artikulua. Erregistro elektronikoaren bidez aurkeztutako eskaerak, eskabideak eta bestelako idazkiak.

1.–Interesdunek erregistro elektronikoan aurkeztu behar dituzte Unibertsitateari zuzendutako eskaera, eskabide, erreklamazio, errekurtso eta bestelako idazkiak.

Horren salbuespen izanen dira digitalizatu ezin diren euskarri espezifikoetan egindako idazkiren bat derrigor aurkeztea eskatzen duten prozedurak.

2.–Unibertsitatearekin harremanak elektronikoki izatera behartuak ez dauden pertsonek aukera izanen dute beren eskaera, eskabide eta bestelako idazki elektronikoak erregistro elektronikoaren bidez aurkezteko edota erregistro gaietan laguntza emateko bulegoren batean modu presentzialean aurkezteko, paperean, han digitalizatu eta erregistro elektronikoan erants ditzaten.

Paperezko dokumentu originalak interesdunari itzuliko zaizkio, Unibertsitateak horiek gordetzea exijitzen duen kasuetan izan ezik.

3.–Prozedura elektronikoak ezartzen direnean, horiek derrigorrezkoak izanen dira interesdun guztientzat. Interesdunen batek prozedura horietan eskaera, eskabide edo beste idazkiren bat paperean aurkezten badu, hori zuzentzeko eta elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Zuzenketa horren ondorioak 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan ezarritakoak izanen dira.

4.–Eskaerak aurkezteko edo prozedura baten beste edozein tramite administratibo egiteko eredu normalizatu edo espezifikoak ezarriz gero, horiek derrigor erabili beharko dira.

25. artikulua. Baztertzeko moduko eskaerak, eskabideak eta bestelako idazki elektronikoak.

Eskaera, eskabide eta bestelako idazki elektronikoen erregistro elektronikoa baztertu eginen da baldin eta kasu hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Sistemaren osotasunari edo segurtasunari kalte egiten ahal dion kode gaiztoren bat edo gailuren bat badute.

b) Ez badira aurkeztu eredu normalizatu edo espezifikoaren bidez, edo, modu horretan aurkeztuta ere, ez badira bete nahitaezkoak diren eremu guztiak.

c) Jasotako informazioak inkongruentziarik edo omisiorik badu eta horrek haren tratamendua eragozten badu.

d) Ez badatoz bat prozeduran exijitutako formatuarekin eta tamainarekin.

e) Interesdunek ez badituzte betetzen identifikazio eta sinadura betebehar onargarriak.

f) Paperean aurkeztu badira nahiz eta bidaltzaileak behartuak egon harremanak elektronikoki izatera, erregelamendu honen 2. artikuluari jarraikiz.

g) Ez badituzte betetzen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan eta harekin bat datozen xedapenetan exijitutako betebeharrak.

h) Publizitateko eta propagandako inprimaki eta dokumentuak badira, baita gonbidapenak, agurrak edota zorion-txartel protokolarioak ere.

i) Hartzaile zehatzik gabeko komunikazio, ohar, barne-zirkular eta abisu orokorrak badira.

26. artikulua. Unibertsitatearen erregistro elektronikoan aurkeztu behar ez diren idazkiak.

1.–Interesdunak ez dira behartuak egonen beste edozein administraziok egindako edo beste administrazio bati emandako idazkiak aurkeztera baldin eta administrazio publikoek datuen bitartekaritzarako edo zerbitzu elektronikoetarako gaitutako plataformetan eskuragarri badaude eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Beste administrazio batek egindako idazkien kasuan: zein administraziok egin dituen eta zehazki zein prozeduratan jasoak dauden adierazi behar dute.

b) Beste administrazio bati emandako idazkien kasuan: administrazioko zein organotan eta noiz aurkeztu diren adierazi behar dute.

c) Aurreko bi kasuetan, ezinbestekoa izanen da interesdunek agerrarazi ez izana idazki horietara jotzeko eta horiek kontsultatzeko aurkaritza, eta aplikatzekoa den legeriak ezin du idazki horietara jotzea eragotzi.

2.–Halaber, interesdunak ez dira behartuak egonen dagoeneko Nafarroako Unibertsitate Publikoak dituen idazkiak aurkeztera, baina aditzera eman beharko dute zehazki zein prozeduratan jaso ziren edo aurkeztu zituzten.

27. artikulua. Erregistro-idazpenen edukia.

Unibertsitatearen erregistro elektronikoan sartutako guztiaren erregistro-idazpenak eskaerak, eskabideak edo bestelako idazkiak jasotzen diren ordenaren arabera eginen dira, eta datu hauek adierazi beharko dira gutxienez:

a) Sarrera zein egunetan eta zein ordutan egin den.

b) Interesdunaren identifikazio datuak (izen-deiturak eta, halakorik badu, sozietate izena).

c) Erregistroko idazpenaren zenbakia edo identifikatzailea.

d) Zein organo, sail, ikastegi edo unitate administratibori zuzentzen zaion.

e) Edukiaren erreferentzia eta idazki mota.

f) Eranskinak, halakorik badago.

28. artikulua. Jaso izanaren frogagiria.

Eskaerak, eskabide edo beste idazkiren bat jasotakoan, erregistro elektronikoak hura jaso izanaren frogagiri bat sortuko du automatikoki, modu elektronikoan sinatua eta erakundearen zigiluarekin. Frogagiri horretan, honako hauek adieraziko dira gutxienez: interesdunak emandako datuak, idazkia zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu zen, aurkezpen horren data eta ordu baliodunak, sarrerako erregistro-zenbakia eta, halakorik balego, erantsitako idazki edo dokumentuen zerrenda, horiek guztiak onartu direla bermatzeko.

29. artikulua. Erregistro elektronikoaren erabiltzaileen erantzukizunak.

1.–Erabiltzaileek modu esklusiboan hartzen dute beren gain bai Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikorako sarbidean nork bere burua identifikatzeko edo autentifikatzeko beharrezkoak diren elementuak gordetzeko erantzukizuna, bai konexio egokia eta segurua ezartzekoa, bai beren sinadura elektronikoa erabiltzekoa, baita horiek modu desegoki, oker edo arduragabean erabiltzearen ondoriozkoa ere.

2.–Erabiltzailearen erantzukizuna izanen da erregistro elektronikoaren bidez igortzen zaizkion idazkiak, dokumentazioa eta informazioa behar bezala gordetzea eta erabiltzea.

30. artikulua. Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoa. Egoitza presentzialak. Gaitutako funtzionarioak.

1.–Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoak egoitza presentzialak izanen ditu.

Egoitza elektronikoan erraz ikusteko moduko toki batean argitaratuko da zein diren egoitza presentzial bakoitzaren helbidea, telefonoak eta helbide elektronikoak.

2.–Hauek izanen dira erregistro gaietan laguntza emateko bulegoaren eginkizunak, egokitzen ahal zaizkion beste batzuk eragotzi gabe:

a) Bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza presentziala ematea Unibertsitatearekin harremanak elektronikoki izatera behartuak ez egon arren hala egiten duten eta laguntza eskatzen duten pertsona fisikoei. Horrek, aldi berean, eginkizun hauek ekarriko ditu berekin:

i. Identifikazioarekin eta sinadura elektronikoarekin laguntzea, baita erregistro elektronikoaren bidez eskaerak aurkezteari dagokionez ere.

ii. Eskaerak paperean aurkezteko aukera ematea eta horiek formatu elektronikora bihurtzea espediente administratibo elektronikoan sartzeko.

iii. Identifikazioa egitea edo elektronikoki sinatzea, horretarako gaitutako funtzionarioen bitartez, interesdunek beharrezko bitarteko elektronikoak ez izanik erregelamendu honen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera harremanak elektronikoki izatera behartuak ez dauden prozeduretan.

b) Kopia autentikoak egitea.

c) Komunikazioak eta jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egitea, baldin eta interesduna edo bere ordezkaria Unibertsitatearen Arreta Bulegoan agertuta egiten bada jakinarazpena.

d) Egiaztatze eta ziurtatze eginkizunak, eskaerak, eskabideak edo bestelako idazkiak jasotzeari edo bidaltzeari buruzko auziak, desadostasunak edo zalantzak daudenean.

e) Interesdunek eskaerak zein organo, zentro edo unitate administratibotara bidali behar dituzten adierazteko identifikazio kodea edo datuak ematea.

f) Aplikatzekoa den araudiaren arabera interesdunek Unibertsitatearekin harremanak elektronikoki izateko bete beharreko bestelako eginkizunak.

3.–2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12.2 eta 27.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, erregistro gaietan laguntza emateko bulegoak honako hauetarako gaitutako funtzionarioak izanen ditu:

a) Identifikazioa edo sinadura ezinbestekoa duten prozeduretan Unibertsitatearen aurrean herritarren izenean jarduteko.

b) Kopia autentikoak egiteko, bidezkoa den kasuetan jardun administratibo automatizatua eragotzi gabe.

Horrek ez du alde batera uzten Unibertsitateko beste unitate administratibo batzuek funtzionario gaituak izan ditzaketela atxikita eginkizun horiek gauzatzeko.

4.–Unibertsitatearen egoitza elektronikoan funtzionario gaituen erregistro bat izanen da, eta hor, gutxienez, erregistro gaietan laguntza emateko bulegoan destinatutako funtzionario guztiak egonen dira erregistratuak.

31. artikulua. Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoak paperezko eskaerak, eskabideak eta bestelako idazkiak jasotzea.

1.–Unibertsitatearekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuak ez dauden pertsonek aukera izanen dute paperezko eskaerak, eskabideak eta bestelako idazkiak erregistro gaietan laguntza emateko bulegoaren edozein egoitza presentzialetan aurkezteko.

Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoak atxikita dituen funtzionarioek paperezko eskaerak, eskabideak eta bestelako idazkiak digitalizatu eta erregistratu beharko dituzte, horiek aurkeztu ondoren dagozkien erregistro-idazpenetan sartzeko, eta interesdunei itzuliko dizkiete, salbu eta prozedura erregulatzen duen arauaren arabera Unibertsitateak derrigor zaindu behar baditu edo dokumentazioa ezin bada digitalizatu arrazoi tekniko, juridiko edo funtzionalengatik, aplikatu beharreko araudi teknikoarekin bat etorriz, bereziki Dokumentuen Digitalizazioaren Elkarreragingarritasunerako Arau Teknikoarekin edo hura ordezten eta/edo osatzen duenarekin.

Halakoren bat aurkeztean, dagozkion idazkia jaso izanaren frogagiria emanen zaio interesdunari.

2.–Arrazoi tekniko, juridiko edo funtzionalengatik eskaerak, eskabideak edo bestelako idazkiak formatu elektronikoan sartzeko ezintasuna dela-eta horiek formatu fisikoan aurkeztu behar badira, bidalketa-idazki batekin batera aurkeztu beharko dira.

V. KAPITULUA

Jakinarazpenak

32. artikulua. Jakinarazpenen sistema. Elektronikoak eta ez-elektronikoak.

1.–2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera nahitaez argitaratu behar ez diren Unibertsitatearen egintza administratiboak bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko dira lehentasunez, baita interesduna egintza horiek bide horretatik jasotzera behartua dagoenean ere, eta, behartuta ez egon arren, borondatez erabaki badu harremanak bide horretatik izatea.

Horrek ez ditu alde batera uzten lege horren 41. artikuluan bitarteko ez-elektronikoen bidezko jakinarazpenak egiteko ezarritako kasuak.

2.–Unibertsitateko komunitateko kideei bitarteko elektronikoen bidez eginen zaizkie jakinarazpenak, kontuan hartu gabe jakinarazten zaien egintzaren edukia enplegatu publikoa izateari, beren jarduera akademikoari edo beste edozein interes partikularri buruzkoa den. Era berean, jakinarazpen elektronikoaren sistema izanen da erregelamendu honen 2. artikuluan jasotako gainerako pertsona fisiko eta juridikoentzat erabiliko den sistema bakarra.

33. artikulua. Jakinarazpenak egiteko bitarteko elektronikoak. Eraginkortasuna.

1.–Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak agerraldi bidez eginen dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan, herritarren karpetan.

Horretarako, egoitza elektronikoko agerralditzat ulertuko da interesdunak, behar bezala identifikatuta, herritarren karpetaren bidez jakinarazpenen edukira sartzea.

2.–Egoitza elektronikoko jakinarazpenak eskuragarri jartzeko sistema elektronikoak aukera emanen du jakiteko jakinarazpenak bidali direla edo eskuragarri jarri direla, interesdunak sarbidea izan duela edo onartu ez duela, zein egunetan eta zein ordutan egin diren, haien eduki osoa eta bidaltzailearen eta hartzailearen identitate fidagarria.

3.–Harremanak elektronikoki izatera behartuak dauden interesdunentzako edo borondatez bide horretatik erlazionatzea erabaki dutenentzako jakinarazpen elektroniko bat egintzat joko da sarbidea gauzatzen den unean edo uko egiten diotenean.

Ukatutzat joko da interesdunak berariaz hala adierazten badu, edo eskuragarri jarri zenetik hamar egun natural igaro badira sarbide hori gertatu gabe. Bi kasuetan, jakinarazpena egintzat joko da ondorio guztietarako, eta prozeduraren tramitazioak aurrera eginen du.

4.–Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espediente elektronikoan sartuko da.

34. artikulua. Jakinarazpen abisuak.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak abisu bat bidaliko dio interesdunari hark adierazitako gailura eta/edo helbide elektronikora, egoitza elektronikoan jakinarazpen bat eskuragarri duela jakinarazteko.

Abisu hori helbide elektroniko instituzionalera bidaliko da Unibertsitateko komunitateko kideen kasuan.

Unibertsitateko komunitateko kide ez diren interesdunei abisu hori bidaltzeko, ezinbestekoa izanen da dagokion gailua eta/edo helbide elektronikoa adierazi izana.

2.–Abisua ez egiteak ez du eragotziko jakinarazpena guztiz baliozkoa izatea.

35. artikulua. Paperezko jakinarazpenak. Egoitzan eskura jartzea eta abisuak.

1.–Erregelamendu honen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera Unibertsitatearekin harremanak elektronikoki izatera behartuak ez dauden pertsonei paperean egin beharreko jakinarazpenak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan eta horrekin bat datozenetan ezarritako lekuetan eta bitartekoen bidez eginen dira.

2.–Paperean egin beharreko jakinarazpenak ere interesdunaren eskura jarriko dira Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, eta eskuragarri jarri izanaren abisua bidaliko zaio, erregelamendu honen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan.

VI. KAPITULUA

Dokumentu eta espediente elektronikoak

36. artikulua. Dokumentu administratibo elektronikoa.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak dokumentu administratibo elektronikoak sortuko ditu bere jarduera gauzatzean. Dokumentu administratibo elektronikotzat hartzen da modu elektronikoan dagoen edozein motatako informazioa, euskarri elektroniko batean artxibatua dagoena, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta dagokion araudian zehaztutako formatua duena eta eskema horretan onartutako identifikazio eta tratamendu bereizia izan dezakeena, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sortu, jaso edo gehitutakoa Administrazio Zuzenbidearen mendeko eginkizunak betez.

2.–Metadatuak dokumentu elektronikoan sartzeko prozesua automatikoa izan ezean, kasu bakoitzean jarduten duen organoak edo unitateak sartu beharko ditu derrigor, idazkari nagusiak emandako jarraibideekin bat etorriz.

3.–Dokumentu elektronikoak beren autentikotasuna, osotasuna, trazabilitatea eta kontsulta bermatuko duten formatuetan sortu eta gorde behar dira. Formatuak aldian-aldian eguneratuko dira, adierazitako helburuetako edozein lortzeko beharrezkoa denean.

4.–Dokumentu administratibo elektronikoek elektronikoki sinatuta egon beharko dute araudiak hala exijitzen duenean, erregelamendu honetan eta sinadura elektronikoaren eta ziurtagiriaren politikan ezarritako sinadura-sistemen bidez.

37. artikulua. Espediente administratibo elektronikoa.

1.–Espediente administratibotzat hartzen da ebazpen administratiboaren aurrekari eta oinarri diren dokumentuen eta jarduketen multzo ordenatua, baita ebazpen hori betearazteko eginbideak ere.

2.–Espedienteek formatu elektronikoa izanen dute, eta dokumentu, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbide guztiak modu ordenatuan batuz osatuko dira, eta bidaltzen diren dokumentu guztien aurkibide zenbakitua izanen dute. Era berean, hartutako ebazpena jaso beharko da espedientean.

3.–Espediente administratibo elektronikoak aurkibide elektroniko autentifikatu bat erabiliz zenbakituko dira. Horrek espedientearen osotasuna bermatuko du, baita aukera eman ere beharrezkoa den guztietan berreskuratzeko.

4.–Dokumentu elektroniko bat hainbat espediente elektronikoren parte izan daiteke.

5.–Aurkibide elektroniko autentifikatua elektronikoki zigilatuko da espediente elektronikoen kasuan, eta automatikoki sortu eta zigilatuko da, haren osotasuna bermatuko duen sistema baten bidez.

6.–Zerbitzuko zuzendari bakoitzari eta Unibertsitateko ikastegi eta sailetako idazkari bakoitzari dagokio zehaztea zer idazkik, ebazpenek, txostenek eta gainerako dokumentuk osatu behar duten espediente administratibo bakoitza beren ardurapeko prozedura administratiboetan. Zehaztapen hori 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da, eta, zalantzarik edo desadostasunik izanez gero, Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoari kontsulta eginen zaio, zeina loteslea izanen baita.

Espedienteen osotasunaren arduradun horiek, era berean, dokumentu guztiak elektronikoki sinatuta daudela gainbegiratu beharko dute, araudiak hala exijitzen duenean, erregelamendu honetan eta sinadura elektronikoaren eta ziurtagiriaren politikan ezarritako sinadura-sistemen bidez. Organoaren zigiluaren bidez sinatzeko sistema sinadura-mekanismo gisa erabiltzen ahalko da bai jardun administratibo automatizaturako, bai idazkari nagusiak baimentzen dituen beste prozedura, tramite edo egintza administratibo batzuetarako.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa, halaber, zerbitzu bati atxikita ez egon arren espediente administratiboak tramitatzeko ardura duten unitateei ere aplikatuko zaie.

Era berean, espedienteen osotasunaren erantzule horiek arduratuko dira horiek gordetzeaz tramitazioak iraun bitartean, ixteaz eta Unibertsitatearen Artxibo Elektronikora bidaltzeaz.

VII. KAPITULUA

Unibertsitatearen iragarki-ohol elektroniko ofiziala

38. artikulua. Unibertsitatearen iragarki-ohol elektroniko ofiziala (IOEO). Kontzeptua eta edukia.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektroniko ofiziala (aurrerantzean, IOEO) –hartarako sarbidea egoitza elektronikoa da– Unibertsitatearen xedapenak eta egintza administratiboak argitaratzeko bidea da.

2.–IOEOko edukiak kudeatzea, administratzea eta koordinatzea idazkari nagusiari dagokio, eta hark erabakiko du zein diren IOEOaren egiturako atal eta azpiatalak, baita haren aldaketak ere.

3.–Honako xedapen eta egintza administratibo hauek, nahitaez, IOEOan argitaratu behar dira:

a) Unibertsitateko Klaustroaren, Gobernu Kontseiluaren eta Gizarte Kontseiluaren erabakiak.

b) Hauteskunde Batzorde Zentralaren eskumen diren hauteskunde-prozesuen deialdiak eta batzorde horrek dagozkion hauteskunde-prozesuetan hartutako erabakiak, bai eta eremu partikularreko gobernu-organoen hauteskunde-prozesuak bateratzeari buruz hartutakoak ere.

c) Errektorearen, errektoreordeen, idazkari nagusiaren edo kudeatzailearen ebazpenak eta gainerako egintza administratiboak, baldin eta administrazio-prozeduraren baten hasiera badira eta hartzaile askori zuzenduta badaude. Honako hauek dira aipatutako egintza administratiboak:

i. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren dirulaguntzen, bestelako laguntzen, beken eta sarien deialdiak.

ii. Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasleen eta ikertzaileen ikerketa-jarduera ebaluatzeko prozedurei buruz antolatutako deialdiak.

iii. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irakasleak eta/edo ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak sartzeko eta mailaz igotzeko deialdiak, baita merezimendu-lehiaketa eta lekualdatze-lehiaketetarakoak ere.

4.–IOEOan nahitaez argitaratu beharreko egintzak eta xedapenak alde batera utzi gabe -aurreko apartatuan aipatuak-, beste edozein erabaki administratibo, komunikazio edo informazio argitaratuko da baldin eta eremu orokorreko pertsona bakarreko gobernu-organoek egokitzat jotzen badute, Unibertsitateko komunitateko sektore guztientzat edo batzuentzat edo Unibertsitateko zerbitzu eta administrazio-unitate guztientzat interesgarriak direla uste badute.

Bestalde, idazkari nagusiaren ebazpen bidez, eremu partikularreko pertsona bakarreko eta kide anitzeko gobernu-organoen erabaki, ebazpen eta egintza administratibo jakin batzuk IOEOan argitaratu beharra ezar liteke, bai eta Unibertsitateko kide anitzeko beste edozein organorenak ere, baldin eta Unibertsitateko komunitatea osatzen duten sektore guztientzat edo batzuentzat interes orokorrekoak badira.

39. artikulua. IOEOan argitaratzearen mugak, ondorioak eta epeak.

1.–IOEOko argitalpen guztiek erregelamendu honen 6. artikuluan ezarritako muga eta printzipioak errespetatuko dituzte.

Datu pertsonalak babesteko araudian eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritako mugekin bat etorriz, erabakiak, ebazpenak eta gainerako egintza administratiboak ez argitaratzea erabaki liteke, edo haietan dauden datu pertsonalak anonimizatzeko baldintzapean argitaratzea, hori egokia denean.

2.–Xedapen eta egintza administratiboak IOEOan argitaratzeak, lege edo erregelamenduei jarraikiz aldizkari edo egunkari ofizialetan argitaratzea nahitaezkoa ez denean, izaera ofiziala eta autentikoa emanen die, eta bete-beteko ondorio juridikoak sortuko. IOEOko argitaratze-datak egiaztatuko du, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kasuan kasuko xedapenak edo egintza administratiboak noiz hartuko duen indarra edo eraginkortasuna.

3.–Xedapen eta egintza administratiboak IOEOan argitaratzea, lege edo erregelamenduei jarraikiz aldizkari edo egunkari ofizialetan argitaratzea nahitaezkoa denean, osagarria izanen da, eta ondorioak informatibo hutsak.

4.–Oro har, IOEOko argitalpena xedapena edo egintza administratiboa administrazio-bidean eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratzeko epea bukatu arte mantenduko da gutxienez.

a) Laguntzen, dirulaguntzen, beken eta sarien deialdiak eta langileak hautatzeko prozesuen deialdiak, gutxienez, prozeduraren behin betiko ebazpena aurkaratzeko epea amaitu arte egonen dira argitaraturik.

b) Hauteskunde Batzorde Zentralak bere eskumeneko hauteskunde-prozesuei buruz egiten dituen deialdi eta erabakiak, gutxienez, hauteskunde-prozesuko hautetsien behin betiko aldarrikapena aurkaratzeko epea amaitu arte egonen dira argitaraturik.

Komunikazioen argitalpenaren iraupena komunikazioen edukiari egokituko zaio.

5.–Xedapen eta egintza arau-emaileak, zeinahi direla ere IOEOan argitaratzearen ondorioak eta iraupena, egoitza elektronikoaren unibertsitate-araudiaren atalean geldituko dira argitaraturik.

40. artikulua. Erabilgarritasuna, IOEOrako sarbidea. Argitalpenaren data eta ordua.

IOEOa urteko egun guztietan egonen da irekia, ordu oro, nahiz eta posible izan ustekabeko etenaldi justifikatuak izatea mantentze-lan tekniko edo operatiboak direla kausa. Halakorik badago, egoitza elektronikoaren bidez emanen da haien berri, araudi honen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, horretarako, beharrezkotzat jotako bideak erabiliko dira abisuak zabaltzeko, betiere ongi zehaztuta zein diren argitalpenetara iristeko bide alternatiboak.

IOEOak argitalpen bakoitza zer egun eta ordutan egin den jakiteko aukera emanen du.

Zerbait IOEOan argitaratu den egun-ordu ofizialak egoitza elektronikokoak izanen dira.

41. artikulua. Argitaratzeko prozedura.

1.–Eremu orokorreko lagun bakarreko gobernu-organoek, administrazio-zerbitzuetako zuzendariek edo falta direnean edo gaixo daudenean haien ordez aritzen direnek izanen dute IOEOan argitaratzeko eskaerak egiteko gaitasuna.

Argitaratzeko eskaerak idazkari nagusiari bidali behar zaizkio, eta, horrekin batera, xedapena, administrazio-egintza edo komunikazioa pdf formatuan, datu pertsonalak ezabatuta, baldin eta beharrezkoa bada. Hau da horretarako helbide elektronikoa: tablonelectronico@unavarra.es.

2.–Egokitasun-, bizkortasun- eta eraginkortasun-irizpideen arabera, idazkari nagusiak baimena eman liezaieke zerbitzuetako zuzendariei eta atalburuei IOEOan zuzenean argitalpenak egiteko, aurreko paragrafoan ezarritako eskaera egin beharrik gabe.

3.–Argitalpen bat epe jakin batean egin behar eta sistemaren akats teknikoak direla-eta ezinezkoa gertatzen bada epe horretan egitea, Unibertsitatearen beste baliabide elektroniko batzuen bidez eginen da, eta, besterik ezinean, iragarki-ohol fisikoetan.

IOEOa berriz funtzionamenduan jarrita, bertan argitaratuko da.

Halakoetan, IOEOan argitaratzearekin batera, eginbide bat eginen da sistemaren gorabehera horren berri emateko eta argitalpena beste bide batzuetatik noiz egin den esateko.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitatearen idazkari nagusiari baimena ematen zaio erregelamendu hau interpretatu, garatu eta aplikatzeko behar diren agindu eta jarraibideak emateko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Erregelamendu hau indarrean sartzen denean tramitatzen ari diren prozedura eta espediente administratiboek ordura arte bezala tramitatuko dira.

Idazkari nagusiak behar diren jarraibideak emanen ditu ongi bermatuak egon daitezen bai espediente administratiboaren osotasuna eta tramitazio egokia, bai espediente administratibo elektronikorako aldaketa.

Apurka-apurka, eta betiere 2023ko martxoaren 1a baino lehen, argitaratu behar ez diren ebazpenak interesdunei elektronikoki jakinarazteko sistema jarriko da abian, baldin eta erregelamendu honen 33. eta 34. artikuluei jarraikiz hala egin behar bada.

Prozedura administratiboetan tramitazio elektronikoa osorik egitea posible ez den bitartean, espediente administratiboak paperean tramitatuko dira. Horretarako, elektronikoki sinatutako ebazpen edo egintza administratiboak inprimatu egin beharko dira espedienteari gehitzeko. Bestalde, espediente administratiboari dagozkion dokumentu elektronikoak kontserbatu beharko dira, idazkari nagusiak emanen dituen jarraibideei jarraikiz betiere.

Bigarren xedapen iragankorra.–8. eta 9. artikuluak ez dira aplikagarriak izanen harik eta egoitza elektronikoaren eta prozeduren katalogoaren egitura prozedura administratiboak tramitatzeko inplementatuko den plataforma elektroniko berrira egokitzen den arte. Horretarako, idazkari nagusiak behar diren jarraibideak emanen ditu martxan jar dadin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu hau indarrean sartzen denean, honako xedapen hauek indargabeturik geldituko dira:

–Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren sorrerari eta funtzionamenduari buruz hartutako Erabakiaren I. tituluko 1. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuak eta 2. artikulutik 6.era bitartekoak, II. titulua eta III. titulua (2013ko urtarrilaren 11n argitaratua, 7. NAOn).

–Unibertsitatearen erregistro orokorra eta erregistro elektronikoa arautzen dituen erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20ko erabaki baten bidez onetsia (2013ko urtarrilaren 11n argitaratua, 7. NAOn).

–Jarduketa administratibo automatizatua arautzen duen erregelamendua, Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 27ko erabaki baten bidez onetsia (2020ko azaroaren 12an argitaratua, 265. NAOn), 2021eko azaroaren 24ko erabaki baten bidez aldatua (2021eko abenduaren 7an argitaratua, 275. NAOn).

–Erregelamendu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra erregelamendu honek.

ERANSKINA

Jardun administratibo automatizatuaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ahal diren egiaztagiriak, kopia autentikoak eta egintza administratiboak

Zer dokumentu eginen den jardon administratibo automatizatuaren bidez

Zer unitatek edo zerbitzuk duen eskumena dokumentua egiteko (3.2.a art.)

Zer organok, unitatek eta zerbitzuk duten eskumena gaian

Zer organo den impugnazioen arduraduna (3.2.c art.)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean eskabidea aurkeztu izanaren egiaztagiria

Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoa

Idazkari nagusia

Idazkari nagusia

Unibertsitatearen eskuetan dagoen dokumentazioaren kopia autentikoak

Erregistro gaietan laguntza emateko bulegoa

Idazkari nagusia

Idazkari nagusia

USEko txartelak

Sarbidearen, Beken eta tituluen Atala

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordea

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordea

USEko espedientearen lekualdaketa

Sarbidearen, Beken eta tituluen Atala

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordea

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordea

Graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen ziurtagiri akademiko pertsonalak

Irakaskuntza Zerbitzua

Irakaskuntzako errektoreordea

Irakaskuntzako errektoreordea

Iragarkiaren kodea: F2217342