92. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko apirilaren 27an hartua, zeinaren bidez onesten baita Abartzuzako (Nafarroa) udal-mugartean –Irantzuko monasterioaren ondoan– dagoen Irantzuko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremuaren behin betiko mugaketa.

Abartzuzako udal-mugartean –Irantzuko monasterioaren ondoan– dagoen Irantzuko gurutzea izeneko monumentua martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago, eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, bai eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 1. apartatuaren arabera ere.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoak ditu ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak urriaren 21ean emandako 288/2021 Ebazpenaren bidez, behin-behinekoz mugatu zen, dagokion interes kulturaleko espedientean, Abartzuzako (Nafarroa) udal-mugartean –Irantzuko monasterioaren ondoan– dagoen Irantzuko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua, hura interes kulturaleko ondasun gisa babestearren, eta espedientea jendaurrean egoteko aldia ireki zen. Ebazpen hori 2021eko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 16koan.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak urtarrilaren 25ean emandako 17/2022 Ebazpenean, erantzuna eman zitzaien espedienteari aurkeztutako alegazioei, eta ezetsi egin ziren.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, 2022ko otsailaren 9an, mugaketaren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Abartzuzako (Nafarroa) udal-mugartean –Irantzuko monasterioaren ondoan– dagoen Irantzuko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremuaren mugaketa.

2. Irantzuko gurutzearen babes eremua zehazten dute, batetik, Abartzuzako udalerriko 4. poligonoko 18. lurzatiak, eta, bestetik, Abartzuzako udalerriko 4. poligonoko 5. eta 6. lurzatien aurrez aurreko eremuaren eta 18. lurzatiaren artean dauden bideei dagokien eremuak.

Eremu horretarako babes neurriak honako hauek dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes eremuan sartutako landa lurzatian ez dela eraikinik ez instalaziorik jarriko.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2206014