9. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

147/2021 FORU AGINDUA, abenduaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aukera kentzen baita ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrietan aurkezteko Nafarroako Foru Ogasunean urteko aitorpen informatiborako eredu zehatz batzuk.

Eredu informatiboei buruzko egungo araudian aurreikusita dago ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriaren bidezko aurkezpena. Baina euskarri fisiko jakin batzuk zaharkituta daudenez, eta, gainera, aurkezpen presentziala ere egin behar denez, aurkezpen mota horren ordez, beste inprimaki bat eskaini nahi da beren gehiegizko bolumena dela-eta ohiko inprimakiaren bidez aurkeztu ezin diren aitorpenetarako. Inprimaki berriak fitxategiak konprimitzeko aukera emanen die.

Informazio bolumena dela-eta aitorpen handitzat jotzen direnak inprimakiaren karatularen bidez eta ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko aukera kentzeaz ari gara. Hain zuzen, aurkezteko modu hori 12.000 erregistrotik gora dituzten aitorpenetarako erabiltzen ahalko da soil-soilik (eredu informatiboak izan ohi dira), eta horien kasuan nahitaezkoa izanen da modu horretan aurkeztea, halaxe xedatuta baitago uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 3. artikuluko bigarren paragrafoan.

Agindu hau emateko eskumena Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan jasotako gaikuntzetatik datorkio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Ogasunean aitorpen informatibo zehatz batzuk ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrietan aurkezteko aukera kentzea.

1. Nafarroako Foru Ogasunean urteko aitorpen informatiborako eredu zehatz batzuk ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrietan aurkezteko aukera kentzen da. Honako eredu hauek dira:

–H70 eredua. Etxebizitzen sustatzaileek haien erosketa prezioaren kontura jasotako kopuruak.

–038 eredua. Erregistro publikoetan inskribatutako erakundeen eragiketak.

–159 eredua. Energia elektrikoaren kontsumoa.

–170 eredua. Kobrantzak kreditu- edo zordunketa-txartelen bidez kudeatzeko sistemari atxikitako enpresaburuek edo profesionalek egindako eragiketak.

–171 eredua. Edozein dokumenturen ezarpenak, funts-erabilerak eta kobrantzak.

–181 eredua. Ondasun higiezinekin lotutako maileguak, kredituak eta finantza-eragiketak.

–186 eredua. Etxebizitza kontuak.

–188 eredua. Kapitalizazio-eragiketetako kapital higigarriaren atxikipenak, bizitza-aseguruak edo baliaezintasun-aseguruak.

–192 eredua. Altxorreko letrekin egindako eragiketak.

–193 eredua. Kapital higigarriaren errenta jakin batzuen atxikipenak.

–195 eredua. Kreditu entitateei IFZ ezarritako epean eman ez dieten titularren kontuak edo eragiketak.

–196 eredua. Kapital higigarriaren etekinak eta edozein finantza-erakundetako kontuen ondoriozko kontraprestaziotik sortutako errentak, finantza-aktiboen gaineko eragiketetan oinarrituak barne. Horien gaineko atxikipenak eta konturako sarrerak, eta pertsona baimenduen eta edozein finantza-erakundetako kontuen saldoen urteko aitorpen informatiboa.

–199 eredua. Kreditu entitateek txekeekin egiten dituzten eragiketak identifikatzeko urteko aitorpen informatiboa.

–291 eredua. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik ez duten ez-egoiliarren kontuak.

–346 eredua. Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak.

–349 eredua. Europar Batasunaren barreneko eragiketen aitorpen laburtua.

2. Aurkezpena modu elektronikoan eginen da, eredu informatiboen inprimaki osagarria baliatuta, eta egin nahi den aitorpenaren fitxategia erantsita. Inprimakia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskuratzen ahal da.

Aitorpenen fitxategiek bat etorri behar dute eredu bakoitza onesten duen foru aginduan erregistrorako ezarritako diseinuekin.

3. Indarrean jarraituko dute, bete-betean, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka ez dagoen guztian, 1. paragrafoko eredu informatiboak onartzen dituzten foru aginduek.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie, 2021eko informazioari dagokionez.

Iruñean, 2021eko abenduaren 21ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2117985