89. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1039/2022 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Funtzio Publikoko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita lau lanpostu barne igoeraz eta kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Eskaintza hartan, besteak beste, foruzain-agente lehenen berrogeita lau lanpostu sartu ziren, funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak.

Ondoren, Barneko zuzendari nagusiaren apirilaren 1eko 84/2022 Ebazpenaren bidez, Nafarroako foruzain-agente lehenen lanpostuak lehiaketa bidez edo berariazko lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da; beraz, deialdi honetan bete beharreko lanpostuak deitutako eta ebazteke dagoen lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren ondoriozkoak izanen dira.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 38. artikuluak xedatzen duenez, agente lehenen lanpostua barne igoeraren bidez lortuko da, agentearen lanpostutik, kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozeduraren bidez.

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita lau lanpostu barne igoeraren bidez betetzeko deialdia, kategoriaz igotzeko lehiaketaren prozeduraren bidez.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea honako deialdi hau: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita lau lanpostu barne igoeran betetzekoa, kategoriaz igotzeko lehiaketa prozeduraren bidez.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari, Barne zuzendari nagusiari, Foruzaingoko buruari eta izendatu diren epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 25ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, NAFARROAKO FORUZAIN-AGENTE LEHENEN BERROGEITA LAU LANPOSTU BARNE IGOERAZ BETETZEKOA, KATEGORIAZ IGOTZEKO LEHIAKETA PROZEDURAREN BIDEZ

Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako foruzain-agente lehenen berrogeita lau lanpostu barne igoeran betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketa prozeduraren bidez. Lanpostuak funtzionario araubidekoak dira, C mailakoak eta Nafarroako Foruzaingoari atxikiak; zehazki, Barneko zuzendari nagusiaren apirilaren 1eko 84/2022 Ebazpenaren bidez deitutako lehiaketaren edo berariazko lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen direnak. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen zehaztuko dira haien plantilla-zenbakiak.

1.2. Berrogeita lau lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

a) 28 lanpostu barne igoerako txandan, Nafarroako Foruzaingoko kideentzat (barne igoerako txanda).

b) 14 lanpostu igoera txanda irekian, Nafarroako polizia kidego guztietako kideentzat (igoera txanda irekia).

c) 2 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.

1.3. Igoera txanda irekian betetzen ez diren lanpostuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

Barne igoerako txandan lanpostu hutsen bat bete gabe gelditzen bada izangaiak hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabekotzat joko da, eta ez zaie gehituko igoera txanda irekikoei.

1.4. Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan hutsik gelditzen diren lanpostuak dagokion txandako lanpostuei gehituko zaizkie, 23/2018 Foru Legearen 38.2 artikuluan ezarritako banaketa ordenari jarraikiz.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen prozedura hau ondoko arauek erregulatuko dute: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foruzaingoko Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua; 30/2005 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, zeinaren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak; aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Barne igoerako txandako izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Foruzaingoko agente lanpostuaren jabetza hartu zuen egunetik.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.1.2. Igoera txanda irekiko izangaiak:

a) Gutxienez 3 urteko antzinatasuna izatea, jabetza hartzearen egunetik hasita, Nafarroako polizia kidego bateko agente lanpostuan.

b) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

3.1.3. Berariazko betebeharrak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeentzat:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 3.1.1 edo 3.1.2. apartatuan adierazitako baldintzez gain, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.

3.1.4. Lortu nahi izanez gero A2 edo A motako ibilgailuak gidatzeko baimena baldintzatzat duen lanpostu bat, dagokion gidabaimena edukitzea.

3.1.5. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Betebehar hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

3.1.6. Eskuratu nahi izanez gero euskarazko B2 edo C1 jakite-maila eskatzen duen lanpostu elebidun bat, kasuan kasuko maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberakoa (horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko berariaz antolatzen den proba gainditzea.

3.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

Gidabaimenari dagokion baldintzari ez zaio aplikatuko aurreko paragrafoan ezarritakoa; izan ere, baldintza hori bete beharko da prestakuntza ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean; berdin jokatuko da euskara mailari dagokionez, jokatuko baita deialdi honen 7.4.1 apartatuan xedatu bezala.

Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

4.–Eskaerak eta dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, deialdi honen “Langile publikoentzako informazioa: barne-igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk” aipamenean sartuta.

4.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

4.3.1. Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta eta telematika bidez, aurreko apartatuan adierazitako helbidea erabiliz:

Bat.–Kategoriaz igotzeko lehiaketan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, edozein txandatan, alegatzen dituzten merezimendu guztiak frogatzeko agiriak eta alegatutako merezimenduen zerrenda aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Aurrekoa gorabehera, barne igoerako txandan parte hartzen dutenek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako eta aitortutako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Bestalde, igoera txanda irekian parte hartzen dutenek ez dituzte honako merezimendu hauek aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta organo deitzaileak epaimahaiaren esku jarriko baititu, hark balora ditzan:

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Igoera txanda irekian parte hartzen dutenek egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eskumena duen administrazio publikoak emana, non zehatz-mehatz agertuko baita zer zerbitzu eman den lanpostu bakoitzean, II. eranskineko baremoari jarraikiz, berariaz adierazita zer egunetan hasi eta bukatu ziren zerbitzu horiek, bai eta egokitzat jotzen den beste edozein datu ere.

Bi.–Igoera txanda irekian parte hartzea eskatzen duten izangaiek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

Organo eskudunak emandako ziurtagiria, frogatzen duena interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela agentearen lanpostuan, jabetza hartu zuen egunetik hasita; orobat agertuko da jatorrizko lanpostuan zer-nolako egoera administratibotan dagoen interesduna (jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian), zein den haren lanbide-identifikazioko zenbakia, eta Nafarroako zein poliziakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den.

Hiru.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adieraziz. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen kasuan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek ez dute aurkeztu beharko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan emandako eta aitortutako zerbitzuen dokumentaziorik, ezta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroei buruzkorik ere; salbu eta hizkuntza ikastaroak eta hizkuntza ezagutza egiaztatzeari buruzko ikastaroak, horiek aurkeztu beharko baitituzte izangaiek.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den beste administrazio publiko bateko funtzionarioen kasuan, berriz, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek ez dute aurkeztu beharko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak nahiz Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako ikastaroei buruzko ikastaroen dokumentaziorik ere; salbu eta hizkuntza ikastaroak eta hizkuntza ezagutza egiaztatzeari buruzko ikastaroak, horiek aurkeztu beharko baitituzte izangaiek. Halaber, organo eskudunak emandako ziurtagiria ere aurkeztu behar dute, frogatzen duena interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela agentearen lanpostuan, jabetza hartu zuen egunetik hasita; orobat agertuko da jatorrizko lanpostuan zer-nolako egoera administratibotan dagoen interesduna (jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian), zein den haren lanbide-identifikazioko zenbakia, eta Nafarroako zein polizia kidegotakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den.

Lau.–Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman ez bazaio dagokion ziurtagiria abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

4.3.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

5.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan izangaien datu hauek baizik ez dira jasoko: lanbide-identifikazioko zenbakia, izangaia Nafarroako zein poliziakoa den edo atxikipeneko toki entitatea zein den, eta zein igoera txandatan aurkezten den.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautaketa-prozedurako ondorengo jardueretan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartu nahi duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko datuak erabiliko dira, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, ezertan eragotzi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Antonio García Malumbres jauna, foruzain-inspektorea, Elizondoko Foruzain Etxeko burua.

Ordezkoa: Luis Cemborain Luquin jauna, foruzain-inspektorea, Zangozako Foruzain Etxeko burua.

–Epaimahaikidea: Sergio Pintre Agustín jauna, foruzain-inspektorea, Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Tuterako Brigadaren burua.

Ordezkoa: Pablo Bailo Cabello jauna, foruzain-inspektorea, Altsasuko Foruzain Etxeko burua.

–Epaimahaikidea: Daniel Cano Ortega jauna, foruzain-inspektoreordea, Sostengu Teknologikorako Taldeko burua.

Ordezkoa: Ricardo Aldave Monreal jauna, foruzain-inspektoreordea, Pertsonen kontrako Delituen Brigadari atxikia.

–Epaimahaikidea: Javier Irisarri González jauna, Nafarroako Foruzaingoko Langileen Batzordea ordezkatuz.

Ordezkoa: José Manuel Martínez Pasamar jauna, Nafarroako Foruzaingoko Langileen Batzordea ordezkatuz.

–Epaimahaikide-idazkaria: José Javier Viñes Irujo jauna, foruzain-agente lehena, Barne Araubideko Brigadari atxikia.

Ordezkoa: Pilar Zapico Revuelta andrea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

6.2. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixorik dagoenean edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6,5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak izan ditzake proba teoriko-praktikorako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Lehiaketak bi fase izanen ditu. Lehenbiziko fasean, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktiko bat, proba psikotekniko bat eta merezimenduen balorazioa eginen dira; eta bigarren fasean, gaikuntza ikastaro bat egin beharko da, foruzain-agente lehenaren lanposturako.

Kategoriaz igotzeko lehiaketan, epaimahaiak elementu hauek baloratuko ditu, hurrenkera honetan eta elkarren segidan:

a) Agente lehenaren lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruzko proba teoriko-praktikoa: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere hamabost (15) puntu.

c) Merezimenduak:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: gehienez ere hogeita bost (25) puntu.

–Sariak: gehienez ere bi koma berrogeita hamar (2,50) puntu.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei koma hirurogeita hamabost (26,75) puntu.

7.2. Lehiaketako lehenbiziko fasea.

Lehenbiziko faseak elementu hauek izanen ditu:

7.2.1. Foruzain-agente lehenaren lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruzko proba teoriko-praktikoa:

Proba 2022ko irailetik aurrera hasiko da.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean proba hau egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

Proba teoriko-praktikoan 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, Nafarroako foruzain-agente lehenaren lanpostuaren edukiari eta funtzioei buruz (I. eranskinean dago gai-zerrenda). Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzarengatik zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena kenduko da.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko, ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik edo gailu elektronikorik erabili ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Proba 25 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek ariketa honetan lortzen dituzten puntuazioak.

7.2.2. Proba psikoteknikoa:

Galdetegi batzuk erantzun beharko dira nortasun orokorrari, lanerako gaitasunei eta/edo trebetasunei buruz, bai eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak ere; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du proba hori. Ebaluazio talde berak eginen die proba izangai guztiei, eta diskrezioz jokatuko da, halako moduan non bermatu beharko baita ebaluazio taldeak ez duela jakinen zein izangairi dagozkion aurreko probaren emaitzak. Balorazio horiek lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, epaimahaiak modu kodifikatuan argitaratuko ditu izangaiek ariketetan lortzen dituzten puntuazioak.

7.2.3. Merezimenduen balorazioa:

Agente lehenaren lanpostuaren edukiei eta funtzioei buruzko proba praktikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak telematika bidez aurkeztuko dira online eskaeran, 4.3 oinarrian adierazitako helbidearen bitartez, eta, horiekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, adieraziz zer merezimendu alegatzen diren.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.2.4. Proba guztiak bukatuta eta merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Erreklamazioen epea igarota eta horiek ebatzita, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu.

7.3. COVID-19aren araberako osasun-egoera.

COVID-19a dela-eta, eta Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, COVID-19ari lotuta sor daitezkeen gorabeherei aurre egiteko beharrezkoak diren ezohiko jarduketak eta neurriak gauzatu ahal izanen dira.

7.4. Euskararen ezagutzaren eta A2 eta A motako gidabaimenen egiaztagiriak.

7.4.1. Merezimenduen balorazioaren behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, epaimahaiak bost egun balioduneko epea irekiko du izangaiek, euskarazko lanpostu elebiduna lortu nahi badute, honako aukera hauetako bat hauta dezaten:

a) Merezimenduekin batera egin ez badute, eskatutako euskara maila frogatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztea. Tituluak edo ziurtagiriak bat etorri beharko du Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta jasota egon Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean ageri den zerrendan (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo, bestela, ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa edo egiaztagiria izan beharko du.

b) Euskara maila egiaztatzeko proba egin diezaiotela eskatzea.

Euskara maila egiaztatzeko proba bat egin beharko dute hala eskatu duten izangaiek eta oinarri honetan ezartzen den epean eskatzen den hizkuntza maila egoki frogatu ez duten izangaiek.

Horretarako, epaimahaiak eskatuko du Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza. Organo horrek berariazko ariketa bat eginen du hizkuntza mailaren gainean, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die eskatzen den euskarazko C1 edo B2 jakite-mailarako.

Horretarako, epaimahaiak argitaratuko du probara deitutako izangaien zerrenda, adierazita proba egiteko lekua, eguna eta ordua, deialdiaren 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Euskara probaren kalifikazioa bukaturik, emaitzak aurreko paragrafoan ezarritako modu berean argitaratuko dira.

7.4.2. Aurreko izapidearekin batera, eta epe berean, A2 edo A motako gidabaimena behar duten lanpostuak eskuratu nahi badira, izangaiek A2 eta A motako ibilgailuetarako gidabaimenen aurrealdearen eta atzealdearen kopia aurkeztu beharko dute.

8.–Lanpostuak aukeratzea.

8.1. Probak amaitu eta merezimenduak baloratu ondoren, epaimahaiak lehiaketaren lehenengo fasea gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian, txanda bakoitzeko (barne igoerako txanda, igoera txanda irekia eta genero-indarkeriako txanda) lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera, eta kontuan hartuko da euskarak, merezimendu gisa, balorazio desberdina duela bete beharreko lanpostu hutsak atxikipena non duen, horren arabera.

Berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzurako lanetan antzinatasun onarturik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketak baldin badirau, izangai zaharrenaren alde joko da.

8.2. Lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldia prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da.

Lehendabizi, barne igoerako txandako izangaiek aukeratuko dute lanpostu hutsa, hots, Nafarroako Foruzaingoko kide direnek; bigarrenik, igoera txanda irekiko izangaiek aukeratuko dute.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserbako txandan parte hartu eta proba gainditzen dituzten izangaiek barne igoerako txandako edo igoera txanda irekiko gainerako izangaiekin lehian aukeratuko dituzte lanpostu hutsak, puntuazio ordenaren arabera.

8.3. Barne Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, eta aukeraketa egiteko epea adieraziko du. Horretarako, aukeratu beharreko lanpostu hutsen zerrenda argitaratuko du, bai eta izangaien zerrenda ere, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan duten lehentasun-hurrenkerari jarraituz, txandaren eta puntuazio-hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta lanpostu hutsak betetzean euskarak merezimendu gisa balorazio desberdina duela.

Informazio hori jendaurrean jarriko da deialdiaren aipamenean, deialdi honen 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, zein lanpostu nahiago duten, Nafarroako foruzain-agente lehenen lanpostu hutsen artetik.

8.4. Lortu nahi izanez gero A eta A2 motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenaren baldintza duen lanpostu bat, izangaiek gidabaimen hori aurkeztu beharko dute Nafarroako foruzain-agente lehenen lanpostu hutsen artetik zein nahi duten jakinarazten duten unean.

9.–Gaikuntza ikastaroa-Lehiaketako bigarren fasea.

9.1. Behin lanpostu hutsak aukeraturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio prestakuntza ikastaroan onartu diren izangaien zerrenda. Onartutako izangaien kopurua ezin da izan deialdiko lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa. Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere argitaratuko du zerrenda hori.

Horrekin batera, eta aldi berean, epaimahaiak behar den komunikazioa igorriko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, zehaztu ditzan prestakuntza ikastaroa hasteko eguna, ordua, tokia eta bestelako jarraibide batzuk.

9.2. Ikastaroa egiteko, onartuen zerrendan ageri diren izangaiek Nafarroako zein administrazio publikori atxikita dauden eta hari eskatuko diote zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa, foruzain-agente lehenen lanpostuan sartzeko prestakuntza ikastaroa hasten den egunetik aurrerako ondorioekin. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan eta abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin.

9.3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikiko dizkio.

Ikastaroak iraun bitartean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari atxikitako izangaiek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, indarreko araudiarekin bat.

Gaikuntza ikastaroa bukatu ondoren, izangaiek berehalakoan itzuli beharko dute jardunera, jatorrizko Administrazioan zerbitzu berezietan deklaratuak izan aurretik zuten lanpostura.

9.4. Gaikuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da, eta irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz garatuko da (Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesteko foru dekretua).

Ikastaroaren kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

Ezin dira izendatu “ez gai” kalifikazioa lortzen dutenak.

Gaikuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak izangaien kalifikazioen zerrenda igorriko dio epaimahaiari, prestakuntza ikastaroan “gai” kalifikazioa lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena egin dezan.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du hautapen prozeduran jarraitzeko eskubidea galtzea. Hori gertatuz gero, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio berehala.

9.5. Kalifikazio epaimahaiak izangaiek prestakuntza ikastaroan lortutako kalifikazioak jaso eta espedientean bilduko ditu, kategoriaz igotzeko lehiaketan gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (lortutako guztizko puntuazioaren arabera) eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari izendapen proposamena igorriko dio.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiari buruzko aipamenean ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat, eta izangaiei eskatuko zaie beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezatela.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak Nafarroako foruzain-agente lehen izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, aurreko oinarrietan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiek Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emanen dute eta bertan afiliatuko dira, eta araubide horrek babestuko ditu, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta badaude aurrez; orduan babes araubide horretan irautea erabakitzen ahalko dute izendatuak izan aurretik, edo aipatutako Gizarte Segurantzaren araubide orokorrera afiliatzen ahalko dira.

10.3. Izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangaiek lanpostuaren jabetza hartuko dute hartan adierazten den egunean.

Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izaera eskuratzeko eta Nafarroako foruzain-agente lehenaren lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei eta balorazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, www.nafarroa.eus helbidean eskuragarri dagoen deialdiaren fitxan argitaratuko da.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2022ko apirilaren 25ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2. gaia.–3/2021 Foru Legea, martxoaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren lanaldiak, ordutegiak eta ordainsariak arautzeari buruzkoa.

3. gaia.–72/2016 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua.

4. gaia.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

5. gaia.–Foruzaingoan jokabide suizidak prebenitzeko plana.

6. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeriari Foruzaingoan ematen zaion arreta hobetzeko ekintza plana.

7. gaia.–Bidaiderik gabeko atzerritar adingabeei Foruzaingoan arreta emateko plan operatiboa.

8. gaia.–Bidaiderik gabeko migratzaile adingabeak hartzeko Nafarroako Gobernuaren koordinazio operatiborako protokoloa.

9. gaia.–10.18 prozedura, Foruzaingoaren lan-ingurunean gatazka, jazarpen (moral, sexual eta diskriminatzailea) edo bestelako barne-indarkeria egoerak prebenitu, konpondu eta horien jarraipena egiteko.

10. gaia.–Gatazken kudeaketa positiboa eta Foruzaingoaren EQUIME proiektua.

11. gaia.–Foruzaingoaren Herritarren segurtasunerako kontrolen eskuliburua.

12. gaia.–Atxilotutako pertsonen trataera Foruzaingoan.

13. gaia.–Genero-indarkeriaren biktima den emakumeari arreta Foruzaingoan.

14. gaia.–Bide lasterretan izandako gorabeheren aurrean Foruzaingoak nola jardun.

15. gaia.–Foruzaingoak neguan bideak erabilgarri mantentzeko protokoloa.

Oharra: Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere hogeita hamabost (35) puntu.

1) Nafarroako polizietan poliziaren edo agentearen lanpostu finkoan benetan zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: puntu bat koma berrogeita hamar (1,50).

2) Administrazio publiko baten menpeko beste segurtasun indar eta kidego batean langile finko gisa zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: puntu bat eta berrogeita hamar (1,50) polizia edo agente lanpostuan.

3) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: zero eta hogeita bost (0,25) puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo antolaketa-unitate bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: Zero koma hamar (0,10) puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (hamar –10– eskola-ordu), eta gehienez ere hamar (10) puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (1) balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: hiru (3) puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere bi (2) puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere lau (4) puntu.

5) Doktore edo lizentzia maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere bi (2) puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere lau (4) puntu.

Oharrak B) apartatu osorako:

1. Poliziaren eginkizunari lotutako merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honetan. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko eta gora egiteko gaikuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 25 puntukoa izanen da, gehienez.

C) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu eskuratzen ahalko dira.

1. Zerbitzu Goraipagarrien plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

D) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere hogeita sei eta hirurogeita hamabost (26,75) puntu.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira: 5 puntu bakoitzagatik, gehienez ere.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 11,75 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak D) atal osorako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila edo baliokidea izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Iragarkiaren kodea: F2205863