84. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

119/2022 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022-2023 ikasturterako laguntza-deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe itunduetan Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko.

1994an, Hezkuntza eta Osasun departamentuek lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten, eskolan osasuna sustatzeko. Orduan, honako hau ezarri zen lehentasun gisa: “ikastetxeei erraztea osasunaren sustatzaile gisa duten eginkizuna, Europan Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste organismo batzuek bultzatzen duten bezala”.

Bestetik, 2009. urtetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitatean “Eskola Solidarioak” programa antolatzen da. Haren helburua da Nafarroako ikastetxeek curriculumean eta ikastetxeko hezkuntza proiektuan txertatzea, zeharka txertatu ere, garapenerako hezkuntza eta elkartasuneko, giza eskubideetako eta gizarte justiziako balioak.

Hori guztia honako hauen arteko lankidetza-lanaren bitartez: Hezkuntza Departamentua, Eskubide Sozialetako Departamentua (Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua), hezkuntza-komunitatea, CONGDN (Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea) eta Nafarroako GGKEak (garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak).

Modu bertsuan, 2012-2013 ikasturtetik hasita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin elkarlanean, bultzatu nahi izan da ikastetxeek ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko kultura susta dezaten, biodibertsitatea eta klima babestuz, eta kontsumo arduratsua, birziklapena, berdeguneekin kontaktua eta bizitza jasangarriaren garapena sustatuz.

Azkenik, Hezkuntza Departamentuaren eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren artean 2020. urtean sinatutako akordio bat abiapuntu harturik, bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura sustatu nahi da, giza eskubideen adierazpena oinarri duena, memoria duten eskolen bitartez.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzak onestea Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatzeko eta garatzeko ikastetxe itunduetan. I. eranskinean zehazten diren deialdiaren oinarriek arautuko dituzte laguntzak.

2. Gastua baimentzea, gehienez ere 30.000 euro, Osasunaren aldeko Hezkuntza eta Sustapena, Garapenerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, eta Memoriaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza arloetan jarduketak ikastetxe itunduetan garatzeko. Gastu hori egotziko zaio 2023ko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide den partidari: 2022ko gastuen aurrekontuko “Ikastetxe itunduetako prestakuntza-programak eta berrikuntza-proiektuak” izeneko 420002-42100-4811-322000 partida. Betiere, kreditu egokia eta nahikoa bada.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Prestakuntza eta Kalitate Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko apirilaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza eskolan sustatu eta garatzeko laguntzen deialdian parte hartzeko

Lehena.–Xedea.

Dei egiten zaie Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko eta araubide bereziko ikastetxe itunduei, 2022-2023 ikasturtean honako hauek sustatzeko proiektuak aurkez ditzaten: Osasunerako Hezkuntza, Garapenerako Hezkuntza, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza, bai eta Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza ere.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe itundu hauek dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak.

c) Lanbide Heziketako ikastetxeak.

d) Araubide bereziko ikastetxeak.

e) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

f) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Ikastetxe batek laguntza horiek jasotzeko aukera izan dezan, honako baldintza hauek betetzen dituen urteko proiektu bat aurkeztu beharko du:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta kualitatiboki ukitu beharko du hezkuntza jarduneko prozesuetako eta/edo osagaietako bat.

b) Hezkuntza Departamentuak proiektua onesteak berekin ekarriko du laguntza ematea, eta proiektu bat aurkeztu beharko da lortu nahi den laguntza bakoitzeko. Ezin izanen da proiektu bera aurkeztu deialdi honetan eta Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planaren Hezkuntza Berrikuntzako Proiektuen deialdian.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Koordinatzailea beste pertsona batek ordez lezake, justifikatutako arrazoiak tarteko. Horretarako, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendaritzaren oniritzia, zeinak aldaketa eskatu beharko baitio Prestakuntza eta Kalitate Atalari.

d) Aurkeztutako proiektuak ikastetxeko zuzendaritzaren aldeko txostena izan beharko du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Hartara, proiektua urteko programazio orokorrean sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, hitzematen du horren berri emanen diela familiei eta hezkuntza-komunitateko gainerako kideei.

e) Proiektua idatzi beharko da deialdi honen seigarren oinarrian zehaztutako gidoiaren arabera. Horretarako inprimaki bat ezarri da Eskolak Sarean izeneko web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red

f) Proiektuek beren lan plana 2022-2023 ikasturtean garatu beharko dute eta amaitzeko epemuga 2023ko maiatzaren 31 izanen dute.

g) Kontuan hartuko da ea proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen ote dituen helburuak erdiesteko.

h) Proiektuek kontuan hartu beharko dituzte erakunde eskudunek gomendatutako printzipio orokorrak.

Osasunerako Hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzeko:

–Osasunerako Hezkuntzaren edukiak zeharka sartzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan, adibidez elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputz eta postura higienea, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, mugikortasun osasungarria eta jasangarria, adikzioen prebentzioa, hezkuntza inklusiboa, hezkuntza afektibo-sexuala, osasun emozionala eta abar, izanik ikuspegi holistiko, pertsonal eta testuinguruduna, kontuan hartzen dituena osasuna eta garapen pertsonal eta soziala.

–Bizimodu osasungarriak eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izaten laguntzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.

–Ikasleen gaitasuna handitzea, beren osasunaren inguruan egokienak diren erabakiak har ditzaten.

–Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean lankidetza harremanak ezartzea, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.

–Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikasketan.

–Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea bide-segurtasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari lotutako alderdiak. Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute beren hezkuntza-proiektuan jasotako berariazko beharrei buruz edo osasun arloko lehentasunei buruz.

Garapenerako Hezkuntza bultzatzeko:

–Garapenerako Hezkuntzako edukiak sartzea, esaterako: justizia soziala eta ekitatea; globalizazioa eta interdependentzia; giza garapen jasangarria; dibertsitatea; bakea eta gatazka; herritartasun globala; giza eskubideak; giza garapen jasangarria, garapenerako laguntza; bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta elikadura subiranotasuna. Hori dena, bai ikastetxearen urteko programazio orokorrean, zeharka, bai ikastetxeko programazio didaktikoetan, kontuan izanik Garapen Jasangarrirako Helburuen esparrua.

–Ikasleen gaitasunak handitzea, gauza izan daitezen herritar guztien erantzukidetasunari buruzko erabakiak hartzeko, giza garapen jasangarriaren prozesuan.

–Elkartasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin lotutako balioak eta jarrerak sustatzea, esaterako: enpatia, identitatea, autoestimua, dibertsitatearekiko errespetua, bazterketarik eza, genero berdintasuna eta ingurumenarekiko kezka.

–Bizimodu solidarioagoak errazten dituzten trebetasunen garapena sustatzea: pentsamendu kritikoa; argudiatze eraginkorra; lankidetza eta gatazken konponketa; irudiak eta mezuak deskodetzea; kontsumo arduratsua; etab.

–Familien eta komunitate osoaren parte-hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.

–Elkarlanerako harremanak ezartzea inguruneko beste ikastetxe, familia eta gizarte entitateekin, garapenerako hezkuntzarekin koherenteak diren programak prestatzeko.

–Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte entitateen, eta administrazioan gai hauetan eskudunak diren zerbitzuen hezkuntza ahalmenak erabiltzea, eta erantzukizun partekatua eta elkarlan estua sustatzea.

Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza bultzatzeko:

–Gaitasunak kontuan hartzen dituen ikuspegia izanik, Ingurumen Hezkuntzako edukiak integratzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan (nola kudeatzen diren ikastetxeko edo/eta inguruneko hondakinak, energia eta ur baliabideak, eskola-baratzeak, eta abar...).

–Bizimodu jasangarriak bultzatzen dituzten ohitura, jarrera eta balioak sortzea hezkuntza-komunitatean.

–Ikasleen gaitasuna handitzea, ingurumen arloko ahalik eta erabaki egokienak har ditzaten eta ingurumena hobetzeko prozesuak abiaraz ditzaten, bai eskolan, bai herrian eta, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika orokorrari erantzuteko.

–Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak hartuz.

–Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beste irizpideren bat sartzen ahalko dute ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo ingurumen arloko lehentasunei buruz.

Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza bultzatzeko:

–Tolerantzia, justizia, bizikidetza baketsua, giza eskubideak eta memoria historikoa gisako edukiak txertatzea zeharka ikastetxearen urteko programazio orokorrean nahiz programazio didaktikoetan, kontuan hartuz garapen jasangarrirako helburuak.

–Ikasleen erabakimena handitzea, gizarte tolerantea eta baketsua sortzeko herritar guztien erantzukidetasunaren inguruan.

–Elkarrizketarako eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea hezkuntza-komunitatean.

–Familien eta komunitate osoaren parte-hartzea errazten duten jarduerak sustatzea.

–Inguruko beste ikastetxe, familia eta gizarte-erakunde batzuekin lankidetza-harremanak ezartzea.

Laugarrena.–Proiektuaren koordinazioa ikastetxean.

Irakasle taldeko pertsona bat arduratuko da proiektua ikastetxe bakoitzean koordinatzeaz. Ikastetxeko zuzendaritzak hautatuko du eta “proiektuaren koordinatzailea” izena hartuko du. Honako hauek baloratuko dira hautatua izateko: konpromisoa, ezagutzak, kudeatzeko ahalmena, eta hezkuntza-komunitate guztia motibatzeko gaitasunak. Ikastetxeak ordutegiaren aldetik ahal izanez gero, bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari, bere zereginetarako.

Ikastetxeko zuzendaritzak ofizialki izendatuko eta babestuko du proiektuaren koordinatzailea. Horrek beharrezko laguntza jasoko du talde bat eratzeko, helburua izanik proiektua martxan jartzea, ebaluatzea eta bideratzea.

Proiektuaren koordinatzailearen eginkizunak:

–Abiapuntua aztertzea.

–Aliantzak bilatzea entitate laguntzaileekin.

–Proiektuaren jarduketak antolatzea eta dinamizatzea.

–Ikasleak eta hezkuntza-komunitatea inplikatzea.

–Bere jarduketa eremuarekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan parte hartzea, beharrezkoa balitz.

–Ebaluazio prozesuan parte hartzea.

–Proiektua aurkeztea eta igortzea Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean web-orriaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red, erabiliz horretarako diseinatzen den inprimakia. Bete beharko dira inprimakiaren hasieran zehazten diren jarraibideak.

–Proiektuaren memoria aurkeztea 2023ko maiatzaren 31 baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren Eskolak Sarean web-orrian argitaratzen den estekaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red. Bertan, bilduko dira 2022-2023 ikasturtean egindako jarduketak.

Bosgarrena.–Ikastetxeen konpromisoak:

Ikastetxeek konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Proiektuaren koordinatzailea izendatzea.

b) Aurkezturiko proiektua garatzea.

c) Proiektuan aurreikusitako jarduketak garatzea.

d) Jarraipena egiteko eta esperientziak trukatzeko urteko jardunaldi edo topaketetan parte hartzea, beharrezkoa izanez gero.

Seigarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Proiektuaren koordinatzaileak atal hauek dituen inprimaki bat igorriko du:

1.–Koordinatzailearen datuak.

  • Izen-abizenak.
  • IFZ.
  • Helbide elektronikoa:

2.–Ikastetxearen datuak.

  • Ikastetxearen izena.
  • Herria.
  • Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.
  • Ikastetxeko telefonoa.

3.–Proiektua.

a) Proiektuaren izenburua.

b) Gako-hitzak (3tik 5era bitarte).

c) Deskribapen laburra (30-40 hitz).

d) Hezkuntzako zein etapari zuzenduta dagoen.

e) Helburuak: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, garrantzitsuak eta denboran mugatuak.

f) Edukiak eta jarduerak.

g) Ikasleek garatzea nahi diren gako-gaitasunak.

j) Metodologia.

k) Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.

l) Egin beharreko materialak eta proiektuaren hedapena (halakorik balego).

m) Parte hartzen duten irakasleak (izen-deiturak, eskakizunak). Zertan parte hartuko duten eta parte-hartze hori nola justifikatzen den proiektuan.

n) Ikasleen parte-hartzearen eta inplikazioaren deskribapena.

ñ) Deskribatzea hezkuntza-komunitateko beste eragile batzuen parte-hartzea: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... (halakorik badago).

o) Proiektua ebaluatzeko irizpideak.

p) Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

q) Eranskinak (baldin badaude).

Interesa duten ikastetxeek 2022ko urriaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute eskatutako dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da eskabidea, “Eskolak Sarean” webgunean dagoen inprimakiaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red.

Zazpigarrena.–Hautapen batzordea

Honako hauek hautatuko dituzte proiektuak:

Osasunerako Hezkuntzaren sustapena eta garapena bultzatzen duten proiektuen Batzorde Teknikoak kide hauek izanen ditu:

–Osasun Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Garapenerako Hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako Batzorde Teknikoa honako kide hauek osatuko dute:

–Eskubide Sozialetako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako Hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako Batzorde Teknikoa honako kide hauek osatuko dute:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Memoria Historikoaren, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Hezkuntza bultzatzen duten proiektuetarako Batzorde Teknikoa honako kide hauek osatuko dute:

–Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak izendatutako teknikari bat eta Hezkuntza Departamentuak izendatutako beste bat.

Zortzigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Aipatutako batzorde teknikoak aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta onartu direnen zerrenda Hezkuntza Departamentuaren “Eskolak Sarean” webgunean argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red). Eskaeraren bat akats formalekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Atzemandako akatsak zuzen daitezke, zerrenda argitaratu eta bost egun naturaleko epean. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, aipaturiko batzorde teknikoak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuaren “Eskolak Sarean” webgunean (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red) argitaratuko du eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

d) Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena eta batzorde teknikoak prestatutako txostena ikusirik, ebazpena emanen du hautatutako ikastetxeen zerrenda onartzeko.

Bederatzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa

a) Aurrekontu erabilgarriaren arabera, ikastetxeek 750 euroko laguntza jaso dezakete gehienez, ikastetxeko eta onetsitako proiektu bakoitzeko. Laguntzen zenbatekoa proportzionalki banatuko da ikastetxeen artean. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira material bibliografikoa, eskatutako beste material batzuk eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak direnak. Proiektuaren urteko memorian justifikatu eta dokumentatu beharko dira gastu horiek. Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta haborokinak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko.

Hamargarrena.–Laguntzen ordainketa.

Proiektuaren koordinatzaileak Prestakuntza eta Kalitate Atalean aurkeztu beharko ditu gastuak justifikatzeko fakturak.

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean egon behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean.

–Fakturek data izan beharko dute 2022ko irailaren 1aren ondorengoa eta 2023ko maiatzaren 10a baino lehenagokoa.

–Memoria bidaltzearekin batera, sformacion.prestakuntza@navarra.es helbidera igorriko dira faktura guztiak, mezu elektroniko bakarrean eta PDF formatuan. Mezu horretan bertan argi adierazi beharko da ikastetxearen izena, fakturak zer proiektutakoak diren eta zer saretan sartuta dagoen (osasuna sustatzen duten eskolen sarea, elkartasuna sustatzen dutenena edo iraunkortasuna sustatzen dutenena).

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamaikagarrena.–Azken memoria.

Koordinatzaileak 2023ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko dio azken memoriaren kopia formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Horretarako, “Eskolak Sarean” webgunean dagoen inprimakiari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1.–Proiektuaren izenburua.

2.–Proiektuaren koordinatzailea.

3.–Proiektuan parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

4.–Proiektuaren garapenaren laburpena.

5.–Helburuen betetze-maila.

6.–Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

7.–Proiektuaren eragina.

a) Irakasleengan.

b) Ikasleengan.

c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

8.–Izandako gastuen zerrenda.

9.–Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

10.–Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

Hamabigarrena.–Argitaratzea eta zabaltzea.

Hautatutako proiektuak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela. Deialdian parte hartzeak berekin dakar zeinahi argitalpen mota egiteko behar diren eskubideak lagatzea.

Iragarkiaren kodea: F2205087