82. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

82E/2022 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita eskatutako aldaketa egitea oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu-baldintzetan. Sainz Ruiz SL da instalazioaren titularra, eta Deierriko udal-mugartean dago.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua dauka, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 25eko 666E/2017 Ebazpenaren bidez emana; gero, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 2ko 52E/2020 Ebazpenak aldatu zuen eta, geroago, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 5eko 90E/2021 Ebazpenak berrikusi.

2021eko martxoaren 25ean, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, finantza-bermea kontratatzetik salbuesteko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horretarako, ingurumen arloko arriskuak ebaluatzeko txosten bat erantsi zuen, aplikatu beharreko araudiarekin bat ez zetorrena.

Geroago, 2022ko urtarrilaren 21ean, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu zuen, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partzialki garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Adierazpen horretan, adierazi zuen baremo-taula bat erabili zuela eta nahitaezko finantza-bermea eratzetik salbuetsita dagoela.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta egiaztatu du operadoreak bete dituela urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura partzialki garatzeko erregelamenduan ezarritako baldintzak, hots, finantza-bermea zehaztu eta, hala badagokio, eratzekoak.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Eskatutako aldaketa onestea oilaskoak gizentzeko hegazti-instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu-baldintzetan. Sainz Ruiz SL da instalazioaren titularra, eta Deierriko udal-mugartean dago. Beraz, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Sainz Ruiz SLri, Deierriko Udalari eta Abeltzaintza Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2204911