80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

150E/2022 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, “Errepide bidezko garraioan hezteko dirulaguntzaren” deialdia eta oinarri arautzaileak onartzen dituena. DDBN identifikazioa: 616809.

Etengabe eboluzioan ari den gizarte baten behar aldakorrek ekartzen dute garraioaren sektoreko enpresek dinamika berritzaile horretara egokitu behar izatea.

Testuinguru horretan, langileen prestakuntza funtsezko tresna bat da sortzen diren erronkei erantzuteko. Horregatik, egokia da dirulaguntzak ematea errepideko garraioaren sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko, sektore horren profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.

Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, bertaratu gabeko ikaskuntza elektronikoa pixkanaka ezarri behar izan da, funtsezko tresna bihurtu baita prestakuntza emateko, ez prestatzaileak ez parte hartzaileek lekualdaketa fisikorik egin behar izan gabe.

Hala, ebazpen honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, 2022an Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat prestakuntza-ekintzak antolatzeko (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak).

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 48. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2022an, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, baita ebazpen honen eranskin moduan bildutako oinarri arautzaileak ere.

2. 35.000 euroko gastua onestea, 2022ko gastu Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza-ekintzetarako laguntza” izeneko 230002/23200/4819/441102 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

Iruñean, 2022ko martxoaren 22an.–Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza-ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira.

Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.

1. Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea prestakuntza-ekintzak antolatzeko (jardunaldiak, prestakuntzarako edo hobekuntzarako ikastaroak edo mintegiak) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat.

2. Ekintza horiek 2022ko azaroaren 1a baino lehen gauzatu beharko dira.

Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira lanbide-gaitasunaren ziurtagiriak (GPA), segurtasun aholkulari izateko ziurtagiria eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak lortzeko antolatzen diren ikastaroak.

3. Ekintzak aurrez aurre edo bertaratu gabe egiten ahalko dira, baldin eta bertaratu gabeko edo urrutiko prestakuntza ematea deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren aurkakoa ez bada.

Urrutiko prestakuntzak ezinbestekoa du antolatzaileak, prestatzaileak eta bertaratzen direnek baliabide telematikoak izatea, sortutako ingurunean prestatzaileak edo hizlariak eta ikasleek batera eta denbora errealean jardun dezaten.

Zehazki, komunikazio-sistema telematiko sinkronoa izan behar da, uneoro bermatzeko konektagarritasun sinkronizatua dagoela hezitzaile edo hizlarien eta parte hartzen duten ikasleen artean, eta komunikazioak bi noranzkokoak direla, ikasle horiek parte har dezaten.

Era berean, kontzesiorako baldintzak betetzen direlako kontrola bermatzeko, sistema bat prestatu beharko da, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aipatu konexioen jarraipena egin dezan, denbora errealean (prestakuntza eman bitarteko konexioa) bezala ondoren ere.

Bigarrena.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

1. Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2022ko gastu Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza-ekintzetarako laguntza” izeneko 230002/23200/4819/441102 partidaren kargura finantzatuko dira. Egiten diren prestakuntza-ekintzei dagokien dirulaguntza 35.000 eurokoa da.

Deialdi honen babesean antolatzen diren prestakuntza ekintzetarako, kostuaren %100era bitarteko dirulaguntza ematen ahalko da, gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, oinarri honetan eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera zehaztuta, seigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuazioen arabera haztatuko da.

Horrela kalkulatutako dirulaguntzen zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.

2. Agiri bidez justifikatutako gastu hauek baino ez dira izanen diruz laguntzekoak:

2.1. Irakasleak edo hizlariak: kontratu finkoa edo behin-behineko kontratua duten langileen soldata edo ordainsariak edo kanpoko irakaskuntza zerbitzuak, eta kasu honetan sartuko dira joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak.

2.2. Prestakuntza-ekintza gauzatzeko emandako material didaktikoa.

2.3. Ikasgelak:

2.3.1. Erabilitako instalazioak hirugarren baten jabetzakoak badira, erabilitako ikasgelak alokatzeko gastuak.

2.3.2. Erabilitako instalazioak onuradunarenak badira, higiezina amortizatzeko kostua (oro har onartutako kontabilitate arauen arabera kalkulatua), eta argindarrari, urari eta ikasgelen garbiketari dagozkien gastuen zati proportzionala, horiek guztiak prestakuntza zehatzari ematen zaizkion denboraren eta metroen arabera kalkulatuak.

2.4. Ikastaroak egiten diren instalazioetan jarritako lan ekipo eta tresnak. Horiek ahalbideratzen dute hezkuntza jarduketa egitea. Instalazioen irizpide bera aplikatuko da ekipoak alokatzeko gastuarekin edo amortizazio kostuarekin, ondasun inbentariagarrien kasuan.

Atal honetan biltzen dira aseguruko primen gastuak, prestakuntza-ekintza bermatzeko beharrezko direnak.

2.5. Prestakuntza ekintzaren publizitate eta propaganda gastuak: ekintzen publizitatea (besteak beste, afixak, liburuxkak eta iragarkiak) egiteko behar diren gastuak.

2.6. Prestakuntza-ekintza antolatzeko eta kudeatzeko gastuak.

Partida horretan egotziko dira jatorria prestakuntza ekintzen antolaketa, jarraipen eta kontrol prozesu osoan duten langile-kostuak. Egozpena ikastaroak irauten duen ordu kopuruarekiko proportzionala izanen da.

Atal honetan biltzen dira aseguruko primen gastuak, prestakuntza-ekintza bermatzeko beharrezko direnak.

3. Prestakuntza ekintzen diru-sarrerak:

Parte hartzaileentzat dohainik ez diren prestakuntza-ekintzen kasuan, entitate antolatzaileak ekintza bakoitzean izandako diru-sarreren berri eman beharko du. Horiek ekintzaren kostutik gutxituko dira, dirulaguntzak eta diru-sarrerek baturik aipatu kostua gainditu ez dezaten.

Hirugarrena.–Gastu diruz lagungarrietarako mugak.

Bigarren oinarriko 2. atalean diruz laguntzeko zehaztutako gastuak proposatzen diren ekintzen araberakoak izanen dira. Horien barruan, eta gastua zentzuzkoagoa izan eta hobeki egokitzeko lortu nahi diren helburuetara, honako muga hauek ezartzen dira:

1.–Irakasleen edo hizlarien gastuak:

1.1. –Kanpoko langileak badira eta ez badaude entitate eskatzailearen soldatapean, diruz lagundu daitekeen gastua 135 eurokoa da, pertsona eta ordu bakoitzeko, barnean direla ordainsariak eta joan-etorri, egonaldi- eta mantenu-gastuak.

1.2. –Entitate eskatzailearen soldatapeko langileak badira, justifikatzen den lan kostua besterik ez da diruz lagunduko.

2.–Material didaktikorako gastuak: Inskribatutako ikasle kopuruaren baliokidea, gehienez ere aleen %10 handituta (ulertuta barneko irakaskuntza erabilerakoak direla). Kostuak bat etorri beharko luke dirulaguntzaren eskabidean adierazitako ikasleko zenbatekoarekin.

3.–Ekintza antolatzeko eta kudeatzeko gastuak: Langileria-kostuei dagokienez, diruz lagun daitekeen gastua gehienez ere emandako dirulaguntzaren %10 izanen da.

Laugarrena.–Onuradunak.

Garraiolari-elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntzak, baldin eta legearen arabera eratuta badaude eta helbidea Nafarroako Foru Komunitatean badute.

Ez zaie dirulaguntzarik ematen ahalko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan (aurrerantzean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea) aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.

Bosgarrena.–Eskaerak eta eskatzen diren agiriak aurkezteko epea.

1.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) dagoen zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (hemendik aurrera, katalogoko fitxa); bertan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da. Identifikatzeko, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, eta, jakinarazpenak jasotzeko, gaitutako helbide elektronikoa, hamabigarren oinarrian zehaztutako eran lor daitekeena.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, elkarte edo entitate interesdunari aurkezpen telematikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskabidearen aurkezpen-eguna zuzenketaren eguna dela.

3.–Elkarte edo entitateak prestakuntza-ekintza bakoitzeko eskaera bana eginen du, honako dokumentazioa erantsiko duelarik:

3.1. Laugarren oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribaturik egotearen frogagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura, eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Honako hau frogatzen duten agiriak: Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza, edo garraioaren arloko prestakuntzan duen esperientzia.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat, a), b), c), d) eta e) ataletan zehaztutako agiriak ez dira aurkeztu behar, baldin eta administrazioaren eskuetan badaude. Kasu horretan, aurkezpena ordeztu daiteke entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpenarekin (I. eranskineko eredua, katalogoko fitxan dagoena), eta hartan berariaz adierazi beharko da agiriak noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu ziren, eta, orobat, ez dela aldaketarik izan haiek aurkeztu zirenetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzen duten ziurtagiriak, baldin eta eskatzaileak adierazi badu aurka egiten diola organo kudeatzailearen kontsultari behar diren bitarteko ofizialen bidez, horretarako III. eranskineko inprimakian adierazitako laukitxoa markatuz.

3.3. Prestakuntza-ekintzei buruzko dokumentazioa.

a) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren eskaera, I. eranskineko ereduaren araberakoa, honako datu hauek derrigor bilduko dituena:

Ekintzaren zenbakia eta deskribapena.

–Memoria deskribatzailea, prestakuntza-ekintzaren helburuak, estali beharreko premiak eta eskura dauden baliabideak adieraziko dituena.

–Irakasleei dagokienez, prestakuntza-ekintzak eman behar dituzten pertsonen izena, abizenak, lanbide-kualifikazioa eta curriculum vitaea adierazi beharko dira.

–Prestakuntza aurrez aurrekoa edo urrutikoa den zehaztu beharko da. Ekintza urrutikoa bada, erabili beharreko programa edo aplikazio informatikoaren eta programa edo aplikazio horretan laguntzeko kontrol sistemaren deskribapena.

–Data, ordutegia eta prestakuntza gauzatzeko tokia adieraziko dira, baita prestakuntza-ekintzaren iraupena eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua ere.

–Eskatzen den dirulaguntza.

b) Jarduera bakoitzerako aurreikusitako gastuen aurrekontua, kontzeptuka banakatua, II. eranskineko ereduaren arabera.

c) Prestakuntza-ekintzaren programa, emanen diren edukiak eta plangintza zehaztuko dituena.

d) Prestakuntza-ekintzak emanen dituen irakaslearen curriculum vitaea. Curriculuma aurreko deialdiren batean aurkeztu bada, aski izanen da ekintzaren memorian hori aipatzea.

3.4. Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, interesdunari jakinarazita.

3.5. Edozein unetan, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak aurkeztu den eskaera behar bezala ebazteko izan beharrekotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatzen ahalko dio eskatzaileari.

Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.

Diruz laguntzeko eskatzen den prestakuntza-ekintza bakoitza irizpide eta gehieneko puntuazio hauen arabera baloratuko da:

a) Egin behar den jarduera (20 edo 15 puntu):

–Prestakuntza-ekintzak, egun bat baino gehiago irautekoak: 20 puntu.

–Prestakuntza-ekintzak, egun bat edo gutxiago irautekoak: 15 puntu.

b) Lurreko garraioaren sektoreari atxikita egotea (20, 15 edo 0 puntu):

–Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio esparruan duen ordezkaritza maila (20 puntu).

–Garraio-gaietan esperientzia frogatua izatea (15 puntu).

c) Proposatzen diren helburuek bat egitea Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (30, 25 edo 0 puntu):

–Errepideko garraioari buruzko gai espezifikoak: 30 puntu.

–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak: 25 puntu.

–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak: 25 puntu.

–Garraio enpresa bat kudeatzeko edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 25 puntu.

d) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena prestakuntza orduetan eta eskainitako plazen kopurua (30 puntu gehienez), honela kalkulatuta:

Ekintzaren kostua zati ordu-kopurua eginen da, eta emaitza hori zati parte-hartzaile kopurua.

Bigarren zatiketaren emaitzari honako eskala hau aplikatuz lortuko da puntuazioa:

0 eta 10 artean: 30 puntu.

11 eta 20 artean: 27 puntu.

21 eta 30 artean: 24 puntu.

31 eta 40 artean: 21 puntu.

40 baino gehiago: 18 puntu.

Aurreko a), b) eta c) ataletan deskribatutako irizpideak baztergarriak dira haien artean atal bakoitzean.

Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era bitartekoa izanen da. Guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen haztapena eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.

2. Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetako bat egiten ez bada, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, azalduz zergatik utzi den bertan behera.

Kasu horretan, entitate onuradunak Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari eskatzen ahalko dio, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezteko, hasi baino 5 egun lehenago gutxienez. Hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada, ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen ekintza bat ordezteko egiten den beste ekintzarik, aldez aurretik jakinarazten ez bada. Ordezkapena VII. eranskineko ereduaren arabera jakinaraziko da, eta I. eranskinaren araberako eskabide-inprimakia erantsiko da, biak katalogoko fitxan eskuragarri daudenak, baita ekintzaren edukiak biltzen dituen programa ere.

3. Dirulaguntza jasotzen dutenek Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraziko diote, prestakuntza-ekintza hasi baino lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, baldin eta aurkeztutako eskabidean datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak haren garapenaren segimendua egin dezan. Aldaketaren jakinarazpena katalogoko fitxan dagoen VII. eranskineko ereduaren arabera eginen da.

4. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun-betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute IV. eranskineko ereduari jarraikiz (katalogoko fitxan eskura dago), eta, hala badagokio, bai eta eskatzen zaien dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzen onuradunek gardentasun-betebeharra bete beharko dute, gutxienez bi hauetako bat gertatzen denean:

a) 20.000 euroren edo gehiagoren laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea urtebetean.

b) Entitateak jasotako laguntzen edo dirulaguntzen kopurua haren urteko diru-sarreren % 20 edo handiagoa bada, beti ere 5.000tik gorakoak badira.

Gardentasun-betebeharra duten onuradunek honako informazio hau jakinarazi beharko dute:

a) Entitatearen gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori guztia, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzu Kudeaketa Atalari zuzenduko zaio.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, hasieran eman zituen datuak aldatzen ez badira behintzat.

Entitate onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Onuradunak beste dirulaguntza bat eskatu edo jasotzen badu beste edozein administrazio edo entitatetatik jarduera berbererako, haren berri eman behar dio Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, V. eranskineko ereduaren arabera (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

6. Publizitatean eta informazioa emateko jarduera guztietan, Nafarroako Gobernuak komunikazioari buruz ezarritako indarreko araudia aplikatuko da. Nolanahi ere, diruz lagundutako jardueren gaineko dokumentu guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko dute onuradunek, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan berariaz adieraziko da Nafarroako Gobernuak parte hartu duela Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bitartez.

7. Onuradunek honako hauek bete beharko dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da datu pertsonalen titularrei aipatu Erregelamenduaren 13. artikuluan aipatutako informazioa ematea, barnean hartuta deialdian eskatutakoa betetzeko lortzen dituzten datu pertsonalak Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraziko zaizkiola dirulaguntzaren emate, kudeaketa, jarraipen eta kontrol ondorioetarako.

Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. 2022an egiten diren prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzen onuradunek ordainketa-eskaera eta egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte 2022ko azaroaren 1etik 15era bitarte, biak barne.

Frogagiriak epe horretatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza-jardunaldietako parte-hartzaileen kopuruak eskainitako postuen %60tik gorakoa izan behar du gutxienez. Hori egiaztatzeko, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako dirulaguntzarik jasoko.

Gutxienez ikastaroaren %60ra joaten diren ikasleak bakarrik hartuko dira bertaratutzat, eta ez dira inola ere parte hartzaile gisa kontabilizatuko dirulaguntza eskatzen duten entitateetako langileak, prestakuntza ekintzetara joaten direnean.

Dokumentazioa behar bezala aurkeztu ondoren, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak prestakuntza-ekintzetako dirulaguntzen ordainketa ebatziko du.

2. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte ekintza bakoitzeko:

a) Memoria, jardueraren bilakaerari eta aprobetxamenduari buruzkoa:

Memoria horrek prestakuntza-ekintza eman duen irakasleak sinatuta egon beharko du.

b) Bertaratuei buruzko informazioa.

Aurrez aurreko prestakuntza ekintzetan, ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda aurkeztuko da, bakoitzaren izena, abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia adierazita, bai eta bertaratze-orriak ere, behar bezala sinatuta.

Urrutitik emandako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen zerrenda aurkeztuko da, honako hauek adierazita: izena, abizenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, parte-hartzaile horiek identifikatzen diren aplikazioak sortutako konexio erregistroa, ekintzak iraun bitarteko nahitaezko bertaratzea gauzatu den jakiteko.

c) Justifikazio-kontua, dirulaguntzaren xede den ekintzaren kostuaren aitorpena eta egindako gastu bakoitza banakatuta ekarriko dituena.

Gastuak fakturen eta bankuko frogagirien bidez frogatuko dira. Egindako ekintzei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko.

Administrazio- eta kudeaketa-gastuei eta irakasleenei dagokienez, prestakuntza-ekintza entitatearen beraren langileekin egin bada, entitate onuradunak parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua (egotzitako hilabeteetako nominak) eta enpresaburuek haiengatik Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota justifikatu beharko ditu, bankuko frogagiriekin batera. Era berean, VIII. eta IX. eranskinetako ereduak osatu eta aurkeztu beharko ditu (“Langileen nominetako kostuen kalkulua” eta “Langileen nominetako kostuen banaketa”). Biak daude eskura katalogoko fitxan.

Material didaktikoari dagokionez, modu argian eta zehatzean aipatuko da ekintza bakoitzean erabili den material-mota eta unitate-prezioa.

d) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.

e) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, jakinaraziko duena egindako ekintzak beste edozein administrazio publikoren, erakunde publiko nahiz pribaturen edo partikularren laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso duen. Horretarako, V. eranskineko eredua erabiliko da (katalogoko fitxan dago eranskin hori).

f) Entitate onuradunaren ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko ereduaren araberakoa (katalogoko fitxan eskura dago), honako hauek azaltzen dituena: batetik, Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarri duela lagundutako jarduerei buruzko agirietan, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru-dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera), eta, bestetik, deialdi honen karietara garatutako ekintzen zabalkunde publikoan agerian jarri duela Nafarroako Gobernuak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bidez izan duen partaidetza.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar badira, dirulaguntza jasotzen duen entitateak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, non azalduko baita efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz kontratatu direla lagundutako jarduerak egiteko hornitzaileak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

h) Behin onuradunak diruz lagundutako ekintzak justifikatuta, inbertitu gabeko gerakinik badago, organo emaileari eskatzen ahalko dio baimena emateko gerakin horiek izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan erabiltzeko; hau da, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzen ahal diren beste jarduera batzuetan erabiltzeko, onuraduna horiek gauzatzen ari bada. Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.bis artikuluarekin bat.

Hamargarrena.–Ez-betetzeak.

Ez badira betetzen deialdi honetan eta legezko gainerako kasuetan ezarritako baldintzak, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, eta, hala egokituz gero, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

Gardentasun-betebeharra bete behar duten onuradunek ez badute behar den informazioa ematen, emandako dirulaguntza ez zaie ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Gorago xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenetarako, aipatutako foru-legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera bera garatzeko jasotzen diren beste batzuekin, izan beste administrazio publikoren batek emanak, erakunde publikoek nahiz pribatuek emanak edo partikularrek emanak, eta izan horiek estatukoak nahiz nazioartekoak.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Eskaeraren aurkezpen telematikoak berekin ekarriko du laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien eta egintza administratiboen berri modu telematikoan emanen dela eskatzaileen helbide elektroniko gaituan (DEH). Horretarako, eskatzailea, DEHa izateaz gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egonen da.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru-kopurua.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Gardentasun-betebeharra duten onuradunen informazioa urtebete egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabetez gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Hamalaugarrena.–Datuen babesa.

Aintzat hartuta 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Lurralde Kohesiorako Departamentuak tratatuko ditu, datuen trataeraren ardura baitu, dirulaguntza honen emate-, kudeaketa-, jarraipen- eta kontrol-helburuetarako.

Halaber, interesdunei jakinarazten zaie eskubidea dutela Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko Kudeaketa Atalean edo gestiontransportes@navarra.es helbide elektronikoan datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta eramateko, eta datuak tratatzeari mugak jartzeko edo aurka egiteko, bai eta datuen tratamendu automatizatuan oinarritutako erabakien xede ez izateko ere, bidezkoa denean.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta deialdia aplikatzearen ondorioz emandako egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Aurrekontua.

III. eranskina.–Erantzukizuneko adierazpena entitatea.

IV. eranskina.–Gardentasun-betebeharra.

V. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen jakinarazpena.

VI. eranskina.–Logotipoa sartu izanaren jakinarazpena.

VII. eranskina.–Prestakuntza ekintzaren aldaketa/ordezte jakinarazpena.

VIII. eranskina.–Langileen nominetako kostuen kalkulua.

IX. eranskina.–Langileen nominetako kostuen banaketa.

Deskargatu I. eranskinetik IX. eranskinera bitarte (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204448