80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OIZ

Ordenantza, arautzen dituena instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak. Behin betiko onespena

Oizko Udalak, 2021eko ekainaren 24an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Oizko udalerrian instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasiera batean onesteko erabakia argitaratu zen 2022ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 3an, eta inork ez du jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik emanen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Oizen, 2022ko apirilaren 7an.–Alkatea, Jaime Urroz Tellechea.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA INSTALAZIO, ERAIKUNTZA ETA OBRETARAKO LAGUNTZAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da arautzea Oizko Udalak ematen dituen diru-laguntzak bere udal-mugartean egiten diren instalazio, eraikuntza eta obretarako.

2. artikulua. Onuradunak.

Udalak pertsona fisiko nahiz juridikoei diru-laguntzak emateko, beharrezkoa izanen da titularrak bertan erroldaturik egotea, Udalean lizentzia eskatu aurreko bost urtean, eta diru-laguntzaren xede den obraren titularrak izatea.

3. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak tramitatzeko, Oizen benetan bizitzeaz gain, beharrezkoa izanen da Udaletxean aurkeztea proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua, edo, behar denean, obra txikien kasuan, obraren deskribapena eta obra gauzatzeko aurrekontua.

4. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntza hauek emanen zaizkio justifikatutako inbertsioari:

Eraikuntza, instalazio eta obretarako, emanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %2ko diru-laguntza.

5. artikulua. Laguntzak ematea.

Behin obra-lizentzia eskaturik, Udalak egiaztatuko du ea eskatzailea erroldaturik dagoen, eta, hala bada, egoki den diru-laguntza aplikatuko du, eta zenbatekoa zehaztuko du ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.

Ikusten bada eskatzaileak ordenantza honetan ezarri diren baldintzetakoren bat ez duela betetzen, diru-laguntza lortzeko eskubidea galduko du, eta zilegi izanen da beste era bateko egintzak ere abiaraztea.

6. artikulua. Betebeharrak.

Udalak noiznahi eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako diru-laguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, itzuli egin beharko da.

7. artikulua. Diru-laguntzaren kalkulua.

Diru-laguntza kalkulatzeko, ez da kontuan izanen lizentzia eskatzaileak jasandako BEZa.

8. artikulua. Diru-laguntzak emateko hasierako data.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarra hartu ondoren aplikatuko zaie udal erregistroan aurkezten diren eskaerei.

Iragarkiaren kodea: L2205205