80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

153E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 617961.

Gure foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) betetzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legearen bidez aldatuak, ezartzen du, besteak beste, zer printzipiok, helburuk eta bitartekok gidatu behar duten nazioarteko ekintza solidarioaren arlo hori. Zehazki, 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla, besteak beste, garapenerako lankidetzako jarduerak sustatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Halaber, deialdiaren parte bat finantzatzen denez PFEZren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako partida baten bidez, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak, 2021eko abenduaren 14ko bilkuran, aldeko irizpena eman du, egokitzat hartu baitu funts hori erabiltzea goiburuan aipatutako deialdian, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, Eskubide Sozialetako Departamentuari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2022ko deialdirako.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko 2022ko dirulaguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak ezarri eta deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko berdintasuna eta eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eta II. eranskinean jaso direnak.

3. Guztira, 9.216.259 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, honela banatuta:

2022ko ekitaldirako, guztira 6.816.259 euro. Horietatik 3.038.582 euro “PFEZren %0,7ko Funtsa. Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143105 partidaren kargura ordainduko dira, eta 3.777.677 euro “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

2023ko eta 2024ko ekitaldietarako, 1.200.000 euro bideratuko dira ekitaldi bakoitzean, baldin eta kreditu nahikoa bada 2023. eta 2024. urteetako gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendurik; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2022ko martxoaren 29an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko dirulaguntzen 2022ko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak 2022., 2023. eta 2024. urteetarako dirulaguntzen deialdia egin du garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeek (hemendik aurrera, GGKE), unibertsitateek eta lankidetzako beste agente batzuek garapen bidean diren herrialdeetako populazio behartsu eta ahulen alde egiten dituzten esku-hartze sozialak eta ekonomikoak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten esku-hartze horiek pobreziaren aurka borrokatzea eta giza garapen jasangarria sustatzea dute helburu, eta entitateek herrialde horietan dituzten solaskideekin elkarlanean gauzatu beharko dira.

2. Esku-hartzeak lau mota edo modalitatetakoak izaten ahal dira:

A) modalitatea. Garapeneko mikroekintzak: garapeneko proiektu batek baino denbora eta ekonomia dimentsio txikiagoa duten jarduketak egitea da esku-hartze hauen helburua, bai eta ekipamendu ondasunetan edo bestelako erosketetan inbertsioak egitea ere.

B) modalitatea. Garapeneko proiektuak: esku-hartze hauen helburua da herritarren bizimodua hobetzea, horretarako bitartekoak izanik laguntza ekonomikoa, eragileen trebakuntza, giza eskubideen defentsa, eragin politikoa eta abar. Urtebeterako diseinatzen dira, nahiz geroan fase gehiago izaten ahal dituzten.

C) modalitatea. Garapeneko programak: esku-hartze integralak dira, edo jarduketa eremuan edo eskualdean eragin handia dutenak. Hiru urteko iraupena dute, eta ondorioek jarduketa eremuan edo eskualdean gehiago irautea eta jasangarriagoak izatea bilatzen dute.

D) modalitatea. Lankidetza teknikoko proiektuak: aholku emateko eta ezagutzak trukatu eta transferitzeko esku-hartzeak dira, eta, gehienbat, entitate eskatzaileko kideez edo entitate horrekin harremana duten kideez osatutako lantalde tekniko batek herrialde bazkide batean egiten ditu. Proiektuon helburua da garapen bidean diren herrialdeetako garapen endogenoan zuzenean edo zeharka inplikatutako pertsonen eta erakundeen gaitasunak indartzea, aholkularitza teknikoaren, prestakuntzaren, gaikuntzaren eta ikerketa aplikatuaren bidez; hori guztia, aipatutako eragileen profesionalen eta adituen artean ezagutza trukatuz eta transferituz.

3. Garapen bidean edo trantsizioan diren herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Esku-hartze guztiak diseinatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.

2022an guztira 6.816.259 euro daude xede horietarako, lau modalitateetan honela banaturik:

A) modalitatea. Garapeneko mikroekintzak, 480.000 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

B) modalitatea. Garapeneko proiektuak, 4.896.259 euro. Horietatik 3.038.582 euro “PFEZren %0,7ko Funtsa. Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143105 partidaren kargura ordainduko dira, eta 1.857.677 euro “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

C) modalitatea. Garapeneko programak, 1.200.000 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

D) modalitatea. Lankidetza teknikoko proiektuak, 240.000 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura.

2023ko eta 2024ko ekitaldietarako, eta C) modalitaterako (garapeneko programak) soilik, 1.200.000 euro egotziko dira ekitaldi bakoitzean, baldin eta kreditu nahikoa bada 2023. eta 2024. urteetako gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.

Modalitateren batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: B) modalitatea (garapeneko proiektuak); C) modalitatea (garapeneko programak); A) modalitatea (garapeneko mikroekintzak) eta D) modalitatea (lankidetza teknikoko proiektuak).

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

1.–A, B eta C modalitateetan GGKE-ek soilik parte hartu ahalko dute; D modalitatean (lankidetza teknikoa), horietaz gain, Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailean adierazitako lankidetzako agenteek ere parte hartu ahalko dute.

2.–Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte D) modalitatera aurkezten diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta lankidetzako agenteek:

a) Pertsona juridikoak izatea, beren izaera juridikoarekin bat legez eratuak. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

b) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza iraunkorra izatea, non ez diren nazioarteko erakundeak.

c) Esku-hartzea non eginen den, tokiko bazkide edo partaide bat izatea eskualde horretan, gauzatzeaz arduratuko dena. Tokiko bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

e) Dirulaguntzak eskuratzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

g) Gainera, bi entitate edo gehiagoren batasunek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa izan edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Bat etortzea deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuekin eta martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioekin (foru lege horrek hizpide du garapenaren aldeko lankidetza).

b) Jarduerak 2022an hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da ekintzen hasiera-eguntzat, salbu eta erakunde onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz. A, B eta D modalitateetako esku-hartzeak hasten diren egunetik gehienez ere urtebeteko epean egin beharko dira. Garapeneko programen kasuan (C modalitatea), esku-hartzea hasten den egunetik gehienez ere 36 hilabeteko epean egin beharko da. Hori guztia, eskatzen ahal diren luzapenak deusetan galarazi gabe.

c) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko (eta, kasua bada, urte bakoitzeko) eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

A) modalitatea: 35.000 euro.

B) modalitatea: 110.000 euro.

C) modalitatea: 200.000 euro urte bakoitzerako.

D) modalitatea: 60.000 euro.

d) A) eta B) modalitateetako esku-hartzeak garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldeetan egin beharko dira, hau da, ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen indarreko zerrendan daudenetan. Deialdi honetan ez dira sartuko sahararrekin egin beharreko esku-hartzeak, horretarako berariazko deialdia baita.

e) C) modalitateko esku-hartzeak gutxienez hurrengo herri edo herrialdeetako batean gauzatu beharko dira: Bolivia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Mali, Mozambike, Nikaragua, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda eta Herri Palestinarra, bai eta estatu hauen azpiko administrazio mugapeetan ere:

–Kolonbian: Cauca, Chocó, Guaviare, Magdalena, La Guajira, Nariño.

–Ekuadorren: Bolívar, Cotopaxi, Esmeraldas, Los Ríos, Manabí, Pastaza.

–Indian: Andhra Pradesh, Gujarat.

Perun: Apurimac, Ayacucho, Cajamarca, Cusco, Huancavelica, Junín, Loreto, Piura, Ucayali.

f) D modalitateko esku-hartzeak gutxienez hurrengo herri edo herrialdeetako batean gauzatu beharko dira: Bolivia, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Haiti, India, Mali, Mozambike, Nikaragua, Peru, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Herri Palestinarra.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a.1) Lurrak; higiezinak erostea eta jarduerak egiteko lokalak alokatzea, kudeaketa jarduerak izan ezik –kasu horretan “a.8) Funtzionamendua” apartatuari egokituko zaio–.

a.2) Higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta eraikuntzako tasa eta materialak.

a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, dirulaguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatikako ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko eta martxan jartzeko gastuak, bai eta esku-hartzea gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere. Tokiko bazkidearen ekipamenduen amortizazioek ere jaso dezakete dirulaguntza, baldintza hauek betetzen badituzte: dirulaguntzaren xedeko aldikoak badira, esku-hartzearen eskura jarri badira eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik gabe eskuratu badira. Amortizazioetan, urtean, gehienez lagun daitekeen portzentajea hauxe da: %25, ibilgailuen eta ekipo informatikoen kasuan; %20, gainerako ondasunen kasuan. Halaber, ekipamenduen konponketak eta mantentze-lanak sartzen dira epigrafe honetan.

a.4) Langileria gastuak, haien barnean daudela soldatak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kargura diren gizarte aseguruak, langileen izenean izenpetzen diren bestelako aseguruak eta tokiko araudiaren arabera nahitaez gordailutu beharreko funts-hornidurak. Bi kategoriatan aurkeztuko dira, salbu eta instrukzio organoari arrazoibidez azaltzen bazaio eta hark onartzen badu:

a.4.1. Herrialdeko langileak: hau da, dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea non gauzatzen den, bertako langileak, zeinak baitaude herrialde horretako lan arloko legeen mende, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.

a.4.2. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunaren langileak dira, erbestean lanean ari direnak; dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea non gauzatzen den, herrialde horrexetan. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Espainiako legediaren mende edo ekintzaren xedeko herrialdeko legediaren mende egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da, eta, esku-hartzea gauzatzen den herrialdean bizi bada, Kooperantearen Estatutua edo araudi aplikagarria errespetatu behar da.

a.5) Bidaiak, ostatatzeak eta dietak. Honako hauek dira: langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak, esku-hartzerako behar direnak; hemen sartzen dira erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lanak, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.

a.6) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak: sail honetan sartzen dira esku-hartzearen formulazioan jasotzen diren gaikuntza jarduerak, mintegiak, txostenak, argitalpenak, kudeaketaren kontrola edo beste behar batzuk egiteko behar diren gastuak, baldin ez badute sortzen lan harremanik eta beste partida batzuetan sartu ezin badira.

a.7) Txandakako funtsak: kreditu osagarri bat duten esku-hartzeen kasuan, txandakako funtsak ez du gainditzen ahalko finantzatutako zuzeneko gastuen %10.

a.8) Funtzionamendua: tokiko bazkidearen ohiko gastuak, proiektua kudeatzeagatik sortzen direnak (lokalen alokairua, argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lana eta segurtasuna, besteak beste); Nafarroako Gobernuari dirulaguntza gisa eskatutako zenbatekoaren %5 hartuko dute, gehienez ere.

a.9) Beste batzuk: bankuko gastuak, identifikazioko gastuak, esku-hartzearen zabalkundekoak edo sentsibilizaziokoak, eta ebaluaziokoak eta auditoriakoak, besteak beste. Identifikazioko gastuen kasuan, harengandik zuzenean datozenak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta deialdi hau argitaratu baino sei hilabete lehenago arte egindakoak aplikatzen ahalko dira; gehienez ere, haren %1 egotziko zaio dirulaguntzari. Dirulaguntza jaso dezakete, orobat, ex post ebaluazioaren ondoriozko gastuek, B) modalitatean 10.000 euro bitarte, edo C) modalitatean 25.000 euro; betiere, hamazazpigarren oinarriaren q) apartatuan ezarritako baldintzetan. Justifikazio gisa justifikazio kontua eta auditorearen txostena aukeratuz gero, gehienez ere 3.000 euro egotziko zaizkio dirulaguntzari.

B) Zeharkako gastuak.

Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastu hauek justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuen kasuan. Izan ere, horrelakoetan, dirulaguntzaren GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du gaindituko zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3.

2. Dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira bankuko gastuak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak, baldin jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak gehituko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari, eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak, zuzenean lotuta badaude aurrekontuan ageri diren jarduerei. Balorizazio horiek agiri bidez frogatu behar dira, horretarako erabiliz tokiko bazkidearen edo partaidearen, esku-hartzearen onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriak. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta adieraziko dira unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.

5. Diruz lagundutako gastuak erabiltzen direnean ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitzako nahiz laguntzako enpresek zerbitzuak emateko, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Gastu diruz lagungarriak obra gauzatzeko baldin badira eta 30.000 eurotik gorakoak badira, onuradun gertatzen den GGKEak, xedeko herrialdeko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileri eskatuko die eskaintza, salbu eta, gastu diruz lagungarrien eta/edo herrialdearen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago horrelako entitate aski edo eskatutakoa baldintza egokietan egiten ez badute; nolanahi ere, prozedurari buruzko eta kontratistak hautatzeko irizpideei buruzko txosten osagarri bat aurkeztu beharko du.

7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuen multzoan: egoitzan aritzen diren langileen gastuak.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo treneko gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute dirulaguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

–Ondasun inbentariagarriak, esku-hartzea bukatutakoan jabetza eta erabilgarritasuna tokiko bazkidearenak badira. Salbuespenak: oinarri honetako a.3) apartatuan adierazitako amortizazioa; eta, A) modalitatekoa (mikroekintzak), ondasun horiek esku-hartzearen xede nagusia badira.

Zazpigarrena.–Eskabideak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak hiru eskaera aurkezten ahalko ditu A), B) eta C) modalitateetarako, eta kontuan hartuko dira bai entitateak bakarka aurkezturiko esku-hartzeak, bai entitateen batasun batean aurkezturikoak.

3. Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi eskaera aurkezten ahalko ditu D) modalitaterako, eta bakarra, A), B) eta C) modalitateetarako hiru eskatu badira. Kontuan hartuko dira bai entitateak bakarka aurkezturiko esku-hartzeak, bai entitateen batasun batean aurkezturikoak.

4. C) modalitaterako (garapeneko programak) soilik. Bigarren puntuko mugaketaz gainera,

a) Gehienez, bi eskaera aurkez daitezke, honako salbuespen hauekin:

–Modalitate honetan, ez dute eskaerarik aurkezten ahalko 2020ko deialdian (252E/2020 Ebazpena, azaroaren 20koa) eta 2021eko deialdian (397E/2021 Ebazpena, urriaren 20koa, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiarena, “C modalitatea. Garapeneko programak” ebatzi zuena), banaka nahiz batasun batean, programa bat egiteko dirulaguntza jaso zuten entitateek.

–Aurreko puntuan aipatutako bi urteetako batean programak egiteko dirulaguntza (banaka nahiz batasun batean) jaso zuten entitateek, berriz, eskaera bakarra aurkezten ahalko dute.

b) Ez dute eskaerarik aurkezten ahalko A) modalitatean (mikroekintzak).

4. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, erakundeak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira. Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxara jo beharra dago, zeina eskuragarri baita Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian. Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera bidaliko dira.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Erakunde eskatzaileek eskaera bidali dutela iragarriko dute, mezu elektroniko bat igorrita servcoopdes@navarra.es helbidera, egun berean.

5. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKE-en Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez, beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahal da, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean. Gainerako kasuetan, kasuan kasuko erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo ordezkaritza iraunkorra duela frogatzen duen agiria.

a.2) Entitatearen estatutuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, zeinetan adierazten baita entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: “Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak”.

c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela.

d) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da nola deitzen den batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahalduna edo ordezkaria, eta ez desegiteko konpromisoa hartzen duela harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte.

–Agiri bat, adierazten duena zer eginkizun eta konpromiso hartzen dituen bere gain elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, esku-hartzea gauzatzeko (taldearen izenean eta haren kontura). Haietako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, baldin Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia bada edo baldin aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

f) Entitate eskatzaileek nahi izanez gero aurkezten ahal dute, dirulaguntza eskaerarekin batera, gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoena. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek bete beharko dute oinarri hartan ezarritakoa, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa, egiazta dadin betetzen direla hirugarren oinarriaren c) apartatuan ezarritako baldintzak:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko eraketaren frogagiriak, esku-hartzearen onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.

b.3) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, agiri bat aurkeztuko du, zeinak frogatuko baitu administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, adierazi beharko da dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia.

b.4) Tokiko bazkideen batasuna izanez gero, entitate bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da nola deitzen den batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahalduna edo ordezkaria, eta ez desegiteko konpromisoa hartzen duela harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte.

–Agiri bat, adierazten duena zer eginkizun eta konpromiso hartzen dituen bere gain elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, esku-hartzea gauzatzeko (taldearen izenean eta haren kontura). Haietako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

Entitate eskatzaileak herrialdean duen ordezkaritza batek esku-hartzean parte hartzen badu tokiko beste bazkide batekin, batasuna formalizatu beharko da eta adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.

C) Esku-hartzea baloratzeko dokumentazioa:

c.1) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, dagokion urtekoa, inprimaki ofizialetan. Modalitate bakoitzeko memoria teknikoak baloratzeko, gehieneko orrialde kopuru bat hartuko da kontuan. 11 puntuko Arial letra erabili beharko da, eta lerroartekoa 1 izanen da. Kontuan hartuko dira II. apartatutik (“Entitate eskatzailea eta/edo tokiko bazkidea”) VIII. apartatura (“Ebaluazioa eta jarraipena”) arteko orrialdeak, bi horiek barne. Orrialde kopuru bat baloratuko da soilik, modalitate bakoitzerako adierazitako mugara ailegatu arte.

A modalitaterako (mikroekintzak): Gehienez 40 orrialde.

B modalitaterako (proiektuak). Gehienez 60 orrialde.

C modalitaterako (programak). Gehienez 80 orrialde.

D modalitaterako (lankidetza teknikoa): gehienez 50 orrialde.

c.2) Azken hiru urteotako urteko kontuak (2019, 2020 eta 2021), adierazita kontu horiek ikuskatuak diren, erakundeko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak. Baldin erakundeak aurreko urtean aurkeztu baditu kontuak, nahikoa izanen da azken urtekoak aurkeztearekin, aurkeztu zireneko espedientearen zenbakia zein den adierazita.

c.3) Eskaeraren memoria teknikoan eskatutako eranskinak, behar bezala identifikatuta. Balorazioa egiteko orduan ez dira kontuan hartuko behar bezala identifikaturik ez dauden eranskinak edo eskatu ez diren arren aurkeztu egin direnak. Eranskina behar bezala identifikaturik dagoela joko da, batetik, adierazten denean memoriaren zein apartaturi buruzkoa den eta, bestetik, zehazten denean aztertu beharreko edukia eranskinaren zer tokitan dagoen.

c.5) C modalitaterako, honako hauek gehituko dira: Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen arteko “Akordioa”, programaren aurkezpenari eta, dirulaguntza lortuz gero, bi aldeek sinatuko duten hitzarmen ereduari buruzkoa; hitzarmen horrek arautuko du nola gauzatuko den esku-hartzea.

c.6) D modalitaterako, honako hauek gehituko dira:

c.6.1) Lankidetza teknikoa hartzen duen erakundearen eskaera (hau da, tokiko bazkide edo partaidearena), non honako hauek adieraziko baitira, gutxienez ere: proiektuaren xedeko gaitasuna indartzeko premia, nola gauzatu nahi den, laguntza hartzen ahal duten pertsona eta erakundeen ezaugarriak eta zergatik eskatzen den lankidetza teknikoa. Eskaera horrekin batera, entitate eskatzaileak eta tokiko bazkideak sinatuko duten hitzarmenaren edo kontratuaren eredua aurkeztuko da. Dokumentazio hori tokiko bazkidearen legezko ordezkariak sinatuko du.

c.6.2) Aholkularitza taldeko kide bakoitzaren curriculum zehatza (prestakuntza akademikoa, lan arloko esperientzia eta argitalpenak).

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A eta B apartatuetan zehaztutako dokumentazioak akatsak dituenean.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (bigarren oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, kontuan harturik II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena.

2. Dirulaguntza eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira. Horrez gain, B (proiektuak), C (programak) eta D (lankidetza teknikoa) modalitateetan aurkeztutako esku-hartzeen kasuan, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira II. eranskineko “Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera” apartatuan, aintzat hartua izateko.

3. Dirulaguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.

4. Esku hartzeko modalitate bakoitzean, baldin positiboki baloraturiko eskaerei dagozkien zenbateko eskatu guztiek gainditzen badute aurrekontuetan horretarako dagoen dirua, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

5. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, esku-hartzearen kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde onuradunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, dirulaguntzaz gaineko kofinantzaketa-portzentajea, betiere, eskaeran adierazitako bera edo handiagoa izanen da.

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak.

2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ezetsi egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Modalitate bakoitzaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 2022ko dirulaguntza aurretiaz ordainduko da, gardentasun betebeharra bete ondoren, zeina ezarri baita bai hemezortzigarren oinarri arautzailean, bai eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ere (foru dekretu horren bidez arautu egin ziren Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrak), hari helduko baitzaio Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoaren aurka ez doan orotan (azken horretan arautu ziren Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrak).

2. C) modalitatean, aldez aurretik ordainduko dira 2023ko eta 2024ko dirulaguntzak, aurreko urteko justifikazio txostena aurkeztu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpenean finkatzen den moduan. Instrukzio organoak 2022. eta 2023. urteetako justifikazio dokumentazioa berrikusiko du, eta erregularizatuko du 2022. eta 2023. urteetan, hurrenez hurren, ordaindu beharreko aurrerakina.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, erakunde onuradunek esku-hartzea gauzatu izanari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Dirulaguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatua, esaten duena aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla.

b) Behar diren agiriak, frogatzeko tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola eta zer truke-tasa aplikatu den, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzea gauzatu izanari buruzko txosten teknikoa, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa (www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak), non zehaztuko baitira, gutxienez, lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txosten horretan, honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez diren beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, erakunde onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiriek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, agertu beharko da auditorea jardunean dagoela Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, baldin haren izendapena Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, dirulaguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek dirulaguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (125. Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean, zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” apartatua: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” apartatua: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezkoa” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu auditoretzetan onartu ohi diren praktiken arabera. EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gainera, ikuskatze prozesuan honako hauek egiaztatuko dira: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza benetan ordaindu dela eta gastua diruz lagungarria dela, oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen onuradunaren kontabilitate erregistroetan dirulaguntzaren gastuaren frogagiriak jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz aparte bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori erakunde onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko dion ordainketa-gutun bidez eginen da, eta horren bidez ulertuko da erakundeak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, frogatzen duena ongi gauzatu dela edo ongi gauzatzen ari dela diruz lagundutako esku-hartzea.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio erakunde onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

c) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzea eta hura eskuratzea, esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, barnean direla aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak; kasu horietan, eskaera egin beharko dute diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak handitzeko. Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, lurralde kokapena edo tokiko bazkidea aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, baldin aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira, edo, nolanahi ere, aldaketak 20.000 eurotik gorakoak direnean edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten denean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

d) Esku-hartzea gauzatzen den herrialdean erosiko dira Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak, eta bertako produktuak izanen dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.

e) Jakinaraztea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

f) Tokiko bazkideari edo partaideari dirulaguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.

g) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.

Betiere, pertsonei buruzko datuak, esku-hartzeen azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

h) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

i) Nafarroako Gobernuari esku-hartzearen zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

j) Dirulaguntza nork eman duen adieraztea esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek dirulaguntzaren onuradun izan diren erakundeen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horretan arau batzuk ezartzen dira, bete egin behar direnak zabaltzen denean Nafarroako Gobernuak parte hartu duela gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzuetan eta zentroetan egiten diren programetan, jardueretan, inbertsioetan eta jarduketetan.

k) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. apartatuan aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da arau-hauste bat izan dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) letraren kontrakoa, hain zuzen.

l) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

m) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

n) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, “Transferentziaren edo loturaren akta” aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.

Dirulaguntza batekin erositako ondasunak beste esku-hartze bati lotzen ahalko zaizkio, eta transferentzia esku-hartze berri hori amaitu arte atzeratu, honako baldintza hauek betetzen badira:

–Esku-hartze berria gauzatzen egotea edo berehala hastea.

–Esku-hartze berria adjudikaziodun berberak edo batasun adjudikazioduneko kide batzuek gauzatzea.

–Esku-hartze berria ere Nafarroako Gobernuaren finantzaketarekin egitea.

–Esku-hartze berriak hasierako esku-hartzeak zituen amaierako hartzaile berberak edukitzea eta/edo transferentzia tokiko agintaritza berberek jaso ahal izatea.

Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak onetsi beharko du lotura berria, eta, horri begira, erakunde onuradunak behar bezala arrazoituriko proposamen bat aurkeztu beharko du.

ñ) Ezinezkoa bada dirulaguntzaren aurrerakinak lehenbailehen igortzea xede-herrialdera, diru horiek ezin dira jarri erakunde adjudikaziodunak kontrolatu ezin dituen kanpo-eragileen menpe, eta nonbait inbertitzea onartuko da, bakar-bakarrik, funtsak ez igortzeko kausa jakin bat baldin badago eta baldin eta inbertsioa bermatua badago eta arriskurik ez badu.

o) Lurrak edo higiezinak erosiz gero, jabetzaren araubidea eta titulartasuna zehaztu beharko dira, eta behar adina frogagiri aurkeztu.

p) Dirulaguntzaren onuradun den entitatearen eta haren tokiko bazkidearen arteko hitzarmenaren kopia aurkeztea –zortzigarren oinarriaren c.5) apartatuan aipatzen da–.

q) Kanpoko ex post ebaluazio bat edo ebaluazio misto bat aurkeztea, esku-hartzea bukatu eta 6 hilabeteko epean; ebaluazio horretan, baloratuko da zenbateraino bete diren ELGAren Garapenerako Laguntzarako Batzordearen irizpideetatik begiratuta esku-hartzearen emaitzak eta helburuak, hots: eraginkortasuna, efizientzia, eragina, bideragarritasuna, egokitasuna; deusetan galarazi gabe beste irizpide gehigarri batzuk edo beste metodologia osagarri batzuk gehitzea esparru logikoari: ebaluazio parte-hartzailea, ebaluazioa generoaren ikuspegitik, ebaluazio ekonomikoa, eta abar. Orobat, azken atal batean, gizarteratze mekanismoak sartzeko proposamen bat izanen da ukitutako entitateentzat. Entitate onuradunak, aurkeztu behar duen ebaluazio proposamenean, “erreferentziako baldintzak” eta ebaluazioa egin behar duten pertsonak edo entitateak adieraziko ditu, eta eskatuko du Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak berariaz jakinaraz diezaion ez diola eragozpenik jartzen aurkeztutako ebaluazio proposamenari.

Ebaluazio hori derrigorrezkoa da C) modalitatean, eta borondatezkoa B) modalitatean; ez da beharrezkoa A) eta D) modalitateetan.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Entitate eskatzaileak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak betetzera, zehazki, urtebeteko epean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza eman den ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduta.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu behar du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu behar du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, erakunde onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren erakundeek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Baldin dirulaguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak aldatzen badira hamazazpigarren oinarriko c) apartatuan aipatzen den baimen administratiboa izan gabe, hori ez-betetzetzat joko da. Halaber, esku-hartzea bukatu ondoan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez-betetzetzat joko da %50 baino gutxiago gauzatzea, arlo teknikoa eta aurrekontua kontuan harturik. Gainerako kasuetan, organo emaileak baloratuko du zer inguruabar eta arrazoi izan diren, esku-hartzea behar bezala gauzatzea eragotzi dutenak, eta erabakiko du ea ez-betetzerik egon den edo ez.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu honetan, emandako dirulaguntzaren %0,2ko penalizazioa ezarriko da atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, hiru hilabetez. Epe hori iragan ondoan, justifikatzeko betebeharra ez betetzeari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

5. Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian aintzat hartuko dira azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikulua eta hurrengoak eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapitulua.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. eranskina

Modalitate bakoitzean baloratzeko irizpideak eta zeharkako lehentasunak eta lehentasun sektorialak

1.–Modalitate bakoitzean baloratzeko irizpideak:

A) modalitatea. Mikroekintzak.

A. Erakundeen egokitasuna (250 puntu arte):

a.1. Tokiko bazkidearen gaitasun operatiboa (120 puntu bitarte).

a.2. Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen arteko harremana (80 puntu bitarte).

a.3. Entitate eskatzaileak Nafarroan duen ezarpena (50 puntu gehienez).

B. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (420 puntu arte).

b.1. Diagnostikoaren eta parte-hartzearen analisia: (50 puntu gehienez).

b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (110 puntu gehienez).

b.3. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (40 puntu gehienez).

b.4. Giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak (150 puntu gehienez).

b.5. Bideragarritasuna: kofinantzaketa; kanpoko faktoreak edo arriskuak (50 puntu gehienez).

b.6. Jarraipen prozesuaren analisia eta ebaluazioa (20 puntu gehienez).

C. Egokitasuna, III. eranskineko zeharkako ikuspegien eta lehentasun sektorialen arabera (200):

c.1. Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (80 puntu gehienez):

• Generoaren ikuspegia (20 puntu gehienez).

• Giza eskubideen ikuspegia (20 puntu gehienez).

• Aniztasun kulturala (20 puntu gehienez).

• Ingurumen arloko jasangarritasuna (20 puntu gehienez).

c.2. Egokitasuna, lehentasun sektorialen arabera (120 puntu gehienez).

• Osasunerako eskubidea (120 puntu gehienez).

• Landa garapen jasangarria (120 puntu gehienez).

• Hezkuntzarako eskubidea (120 puntu gehienez).

• Emakumeen ahalduntzea (120 puntu gehienez).

• Tokiko gizarte zibila eta gobernantza demokratikoa (120 puntu gehienez).

Esku-hartzea gehienbat zein sektoretan garatzen den, bada sektore horixe baloratuko da.

D. Egokitasuna, COVID-19aren krisiari erantzuteko Espainiako lankidetzaren estrategiaren lehentasunen arabera (30 puntu gehienez).

• Bizitzak salbatzea: osasun sistema nazionalak babestea eta indartzea. (10 puntu gehienez).

• Pertsonarik zaurgarrienak babestea, eta haien eskubideak eta bizimoduak berreskuratzea. (10 puntu gehienez).

• Sistema sozioekonomikoak babestea, ekoizpen sarea berreskuratzea eta gobernagarritasuna indartzea. (10 puntu gehienez).

E. Egokitasuna, lehenetsitako geografia eremuen arabera eta jarduketaren eskualdeko (estatu barrenekoa) ezaugarrien arabera (100 puntu gehienez).

• Herrialdeko garapen txikieneko eskualdeetan egiten da (25 puntu).

• III. Plan Zuzentzailean lehentasuna duen herrialde edo eskualdeetako batean egiten da (25 puntu).

• Garapen txikiagoko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (50 puntu).

B eta C modalitateak. Proiektuak eta Programak.

A. Egokitasun instituzionala (200 puntu):

a.1. Entitate eskatzailearena (110 puntu gehienez):

• Nafarroan duen ezarpena (65 puntu gehienez).

• Ahalmen finantzarioa (15 puntu gehienez).

• Ahalmen estrategikoa (15 puntu gehienez).

• Ahalmen operatiboa (15 puntu gehienez).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 110 puntu arte, gehienez ere.

a.2. Tokiko bazkidearena (90 puntu gehienez):

• Lan esperientzia esku-hartzearen sektorean edo eskualdean (30 puntu gehienez).

• Ahalmen finantzarioa (20 puntu gehienez).

• Ahalmen estrategikoa (40 puntu gehienez).

B. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (450 puntu):

b.1. Diagnostikoaren eta parte-hartzearen analisia (50 puntu gehienez).

b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu arte).

b.3. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (40 puntu gehienez).

b.4. Giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak (145 puntu gehienez).

b.5. Bideragarritasunaren analisia; kofinantzaketa eta beste ekarpen batzuk; arriskuak edo kanpoko faktoreak (65 puntu gehienez).

b.6. Jarraipen prozesuaren analisia eta ebaluazioa (50 puntu gehienez):

–Ebaluaziora bideratutako jarraipen-sistema (15 puntu arte).

–Ebaluazio-matrizea (20 puntu arte).

–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu arte).

–Lan-plana (kronograma) (5 puntu arte).

Nafarroako Gobernuak azkeneko bi urteetan finantzaturiko esku-hartzea bada, hori gauzatzen jarraitzea egokia ote den baloratuko da. Halaber, aintzat hartuko da jarraitutasuna emanen zaion proiektuaren ebazpena ematen denetik deialdi berrira bitartean igarotako denboran gauzatu den ehunekoa.

Emaitza positiboa baldin bada, 1,1ekin biderkatuko da b apartatuan lortutako puntuazioa (450 puntu arte).

C. Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (100 puntu gehienez):

• Generoaren ikuspegia (25 puntu gehienez).

• Giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia (25 puntu gehienez).

• Aniztasun kulturala (25 puntu gehienez).

• Ingurumen arloko jasangarritasuna (gehienez 25 puntu).

D. Egokitasuna, Nafarroako Lankidetzaren Plan Zuzentzailearen lehentasun sektorialen arabera (120 puntu gehienez):

• Osasunerako eskubidea (120 puntu gehienez).

• Landa garapen jasangarria (120 puntu gehienez).

• Hezkuntzarako eskubidea (120 puntu gehienez).

• Emakumeen ahalduntzea (120 puntu gehienez).

• Tokiko gizarte zibila eta gobernantza demokratikoa (120 puntu gehienez).

Bi sektore edo gehiago adierazten badira, behin betiko puntuazioa ateratzeko, sektore guztiak batuko dira, eta, zenbat sektoretan egiten den esku-hartzea, haien kopuruaren artean zatituko da (adierazitako sektoreen batez besteko balioa).

E. Zenbateraino egokitzen zaien Espainiako kooperazioak COVID-19aren krisiaren aurrean erantzuteko estrategiaren lehentasunei (30 puntu gehienez).

• Bizitzak salbatzea: osasun sistema nazionalak babestea eta indartzea. (10 puntu gehienez).

• Pertsonarik zaurgarrienak babestea, eta haien eskubideak eta bizimoduak berreskuratzea. (10 puntu gehienez).

• Sistema sozioekonomikoak babestea, ekoizpen sarea berreskuratzea eta gobernagarritasuna indartzea. (10 puntu gehienez).

F. Egokitasuna, lehenetsitako geografia eremuen arabera eta jarduketaren eskualdeko (estatu barrenekoa) ezaugarrien arabera (100 puntu gehienez).

B modalitaterako (proiektuak).

• Herrialdeko garapen txikieneko eskualdeetan egiten da (25 puntu).

• III. Plan Zuzentzailean lehentasuna duen herrialde edo eskualdeetako batean egiten da (25 puntu).

• Garapen txikiagoko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (50 puntu).

C modalitaterako (programak).

• Garapen txikiagoko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (50 puntu).

• Esku-hartzearen egokitasuna, eskualdearen eta garatzen den testuinguruaren arabera. Trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

D) modalitatea. Lankidetza teknikoa:

A. Entitate eskatzaileak erakunde gisa duen gaitasuna (300 puntu gehienez):

a.1. Gaitasun finantzarioa (40 puntu gehienez).

a.2. Gaitasun estrategikoa (60 puntu gehienez).

a.3. Gaitasun operatiboa (100 puntu gehienez).

a.4. Talde teknikoaren gaitasun operatiboa (100 puntu gehienez).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna 2 entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 300 puntu arte, gehienez ere.

B. Esku-hartzearen kalitate teknikoa (450 puntu gehienez):

b.1. Diagnostikoaren, helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).

b.2. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (50 puntu gehienez).

b.3. Baliabide tekniko eta ekonomikoen analisia (110 puntu gehienez).

b.4. Bideragarritasunaren analisia; kofinantzaketa eta beste ekarpen batzuk; kanpoko faktoreak edo arriskuak (70 puntu gehienez).

b.5. Metodologia (70 puntu gehienez).

b.6. Esku-hartze eremuaren eta Nafarroaren arteko loturak. (50 puntu gehienez).

C. Egokitasuna, III. eranskineko zeharkako ikuspegien eta lehentasun sektorialen arabera (200 puntu gehienez):

c.1. Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (100 puntu gehienez):

• Generoaren ikuspegia (25 puntu gehienez).

• Giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia (25 puntu gehienez).

• Aniztasun kulturala (25 puntu gehienez).

• Ingurumen arloko jasangarritasuna (gehienez 25 puntu).

c.2. Egokitasuna, lehentasun sektorialen arabera (100 puntu gehienez):

• Osasunerako eskubidea (100 puntu gehienez).

• Landa garapen jasangarria (100 puntu gehienez).

• Hezkuntzarako eskubidea (100 puntu gehienez).

• Emakumeen ahalduntzea (100 puntu gehienez).

• Tokiko gizarte zibila eta gobernantza demokratikoa (100 puntu gehienez).

Esku-hartzearen memorian adierazten den sektorea baloratuko da. Balorazioa bi sektoretan edo gehiagotan eginez gero, behin betiko puntuazioa ateratzeko, sektore guztiak batuko dira, eta, zenbat sektoretan egiten den esku-hartzea, haien kopuruaren artean zatituko da (adierazitako sektoreen batez besteko balioa).

D. Egokitasuna, COVID-19aren krisiari erantzuteko Espainiako lankidetzaren estrategiaren lehentasunen arabera (30 puntu gehienez).

• Bizitzak salbatzea: osasun sistema nazionalak babestea eta indartzea. (10 puntu gehienez).

• Pertsonarik zaurgarrienak babestea, eta haien eskubideak eta bizimoduak berreskuratzea. (10 puntu gehienez).

• Sistema sozioekonomikoak babestea, ekoizpen sarea berreskuratzea eta gobernagarritasuna indartzea. (10 puntu gehienez).

E. Egokitasuna, lehentasun geografikoen arabera. Garapen txikiagoko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (20 puntu).

2.–Zeharkako lehentasunak eta lehentasun sektorialak:

Zeharkako lehentasunak:

1.–Generoaren ikuspegia: Konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin eta generoan oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokarekin. Diagnostikoan genero-desberdintasunak identifikatzea. Horiek zuzentzeko lana planifikatzea (helburuak, emaitzak, jarduerak, adierazleak), hala gizarte-arloan (genero-rolei buruzko kontzientziazioa, prestakuntza, elkarrizketa eta negoziazioa), nola arlo ekonomikoan, eta eskubide zibil eta politikoei dagokienez. Horrela, bada, sustatuko da emakumeek parte har dezaten erabakiak hartzeko eta elkarrizketa politikoko prozesuetan. Baloratzea zer ondorio dituzten planifikatutako ekintzek eta genero-berdintasunaren ardura duten erakundeekiko koordinazioak gizonezkoengan eta emakumezkoengan. Era berean, genero ikuspegia txertatzea proiektuetan eta GGKEaren estrategia instituzionalean berean.

2.–Giza eskubideetan oinarrituriko ikusmoldea. Giza eskubide guztien unibertsaltasun, zatiezintasun eta interdependentziatik abiatzen da –eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak, indibidualak eta kolektiboak–, eta nazioarteko itunetan aitortutako eskubideen bermean du oinarri. Pertsonen konpetentziak indartzea, beren eskubideak zein diren jakin eta horiek eskatzeko gaitasuna izan dezaten; eta erakundeen gaitasunak indartzean, giza eskubideak bermatu, sustatu eta babes ditzaten. Era berean, baztertutako biztanleen eskubideak lortzea du ardatz, bat etorriz Agenda 2030 ekintza planaren goiburu nagusiarekin: “inor atzean ez utzi”. Ikuspuntu honek bere-berea du pertsonen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen gaitasunak indartzea, gobernantza demokratikoko esparru batean (gobernu ona), eta maila guztietan.

3.–Aniztasuna kulturala: Aniztasun kulturala errespetatzea giza eskubideak kontuan harturik zaindu beharreko aberastasuna da, eta garrantzi berezia ematen zaio herrien ondare materiala eta immateriala babesteari. Plangintza bideratzeko (diagnostikoa, helburuak, emaitzak, jarduerak), faktore sozialak, ekonomikoak eta politikoak aztertu behar dira, herrien eta kulturen artean desberdintasunak edota gatazkak sortzen dituztenak. Horrez gain, pertsonak partaide eginen dira, eta sustatuko da bai kulturen arteko elkarrizketa bai sareak sortzea gizarte zibilean. Herri indigenei eta afrikarren ondorengoei dagokienez, ekitatea lotzen da, batetik, giza eskubideekin, pertsona horien parte hartze politiko osoa eta eraginkorra lortzera bideratutako prozesuetan, eta, bestetik, jabetza intelektualeko eskubideen, ondarearen eta kultura aniztasunaren defentsarekin. Haien baldintzak bereziak direnez, protagonismo handia dute biodibertsitate kulturalaren defentsan eta ingurumenaren babesean. Era berean, desberdintasun arrakalen eraginez, taldeok ahulezia sozial eta ekonomikoan daude.

4.–Ingurumen arloko jasangarritasuna: horrek esan nahi du esku-hartzeek baliabide naturalak errespetatuko dituztela, eta saihestuko dutela aurrerapenak eta garapenak ingurumena degrada dezaten; horrela, oraingo beharrak aseko dira, baina kinka larrian jarri gabe etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena. Garrantzi berezia izanen dute, batetik, ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa bat sartzeak –identifikatutako ingurumen-inpaktu negatiboak saihesteko edo minimizatzeko– eta neurri zuzentzaile egokiak aplikatzeak; bestetik, mekanismo batzuk txertatzeak, bide emanen dutenak klima-aldaketak esku-hartzeen jasangarritasunean dituen eraginak arintzeko (esku-hartze horiek dira, besteak beste: baso-berritzea, baso-soiltze saihestua, uraren zikloaren kudeaketa jasangarria, eraikuntza bioklimatikoa, konpostatzea), eta, azkenik, ingurumen-jasangarritasunari buruzko prebentzio- eta prestakuntza-jarduerak ezartzeak (beheratzea, birziklatzea edo berrerabiltzea, hondakin gutxiago sor daitezen).

Lehentasun sektorialak:

• Osasunerako eskubidea:

–Osasun zerbitzu publikoak berdintasunez eta kalitatez eskuratzea, sendagaiak eta txertoak barne hartuta.

–Sistema publikoa edo harekiko aliantzak eta eragin politikoa indartzea.

–Emakumeek sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko zerbitzuak jaso ditzaten sustatzea.

–Osasuna sustatzea eta osasunerako heztea. Profesionalak eta paraprofesionalak trebatzea, jarduera medikoen inguruko ohitura kulturalak aintzat hartuta.

–Haurren desnutrizioaren aurkako borrokan laguntzea.

–Prebalentzia berezia duten gaixotasunen aurkako ekimenei laguntza ematea.

–Ura eta saneamendua lortzeko ekintzak egitea (ura modu eraginkorrean erabiltzeko gaikuntza, uraren kalitatearen analisia eta jarraipena, komunitateko batzordeen eraketa, kudeaketa eta eragin politikoa, ura eta saneamendua lortzeko instalazioak).

• Landa garapen jasangarria:

–Ekonomia solidarioa sustatzea, alternatiba gisa; batez ere, antolatutako emakumeek, familiako nekazariek, herri indigenek, artzainek edo arrantzaleek gidatutako ekimenak.

–Ekarpena egitea tokian tokiko kultur praktikak kontuan hartzen dituen nekazaritzako eta abeltzaintzako garapen jasangarriari.

–Klima aldaketari edo muturreko fenomeno meteorologikoei egokitzeko gaitasuna indartzea.

–Nekazari txikiei laguntza ematea, ekoizpen ekologikoko sistemak ezartzeko.

–Gaitasunak sortzeko jarduerak egitea (kudeaketa jasangarria, prebentzioa, murrizketa)

–Elikadura burujabetzari loturiko ekimenak abian jartzen laguntzea (lurrak edo beste ekoizpen baliabide batzuk modu seguru eta parekidean eskuratzea, pertsona guztiek urte osoan elikadura osasuntsu, elikagarri eta nahikoa izan dezaten sustatzea eta tokiko nahiz eskualdeko elikagaiak merkaturatze kanal laburren bidez lortzeko aukera bultzatzea).

• Hezkuntzarako eskubidea.

–Berdintasunezko eta kalitatezko sarbidea oinarrizko hezkuntzara (haur hezkuntza eta lehen hezkuntza) eta bigarren hezkuntzara.

–Berdintasunezko eta kalitatezko sarbidea prestakuntza teknikora eta profesionalera eta goi mailako prestakuntzara.

–Sistema publikoa edo harekiko aliantzak eta eragin politikoa indartzea.

–Ekimen zehatzekiko babesa talde ahulenei hezkuntza inklusiboa bermatzeko.

–Eraldaketarako eta herritar globalak lortzeko hezkuntza lantzen duten ekimenak babestea.

–Hezkuntzaren arloko instalazioak eraikitzen edo egokitzen laguntzea, ikasteko ingurune seguruak, desgaitasuna dutenentzat egokiak edo genero desberdintasunak kontuan hartzen dituztenak eskain daitezen.

• Emakumeak ahalduntzea.

–Sexu- eta ugalketa-eskubideak osotara baliatu ditzaten sustatzea, babestea eta bermatzea.

–Emakumeen aurkako indarkeria eta genero-indarkeria deuseztatzea.

–Emakumeek baliabideetarako sarbidea eta haien gaineko kontrola izan dezaten sustatzea.

–Laguntza ematea antolatutako emakumeek gidatutako ekimen ekonomikoei.

–Ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuetan trebatzeko eta ezagutza-trukerako prozesuei laguntza ematea.

–Zaintza lana aitortzea.

–Sustatzea bai emakumeen parte-hartzea erakunde politiko eta sozialetan, bai haien sarbidea erabakiak hartzeko organoetan.

–Emakumeen gaitasun teknikoak eta politikoak indartzea.

–Emakumeen erakundeak indartzea.

–Talde zaurgarriei zuzendutako ekintzak: emakume indigenak, landa eremukoak, familiako buruak (emakumeak), emakume gazte eta zaharrak, migratzaileak, desgaitasuna duten emakumeak eta LGTBI+ pertsonak.

• Tokiko gizarte zibila eta gobernantza demokratikoa.

–Tokiko erakunde publikoen gaitasun teknikoak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideen sustapena gauzatu ahal izateko.

–Giza eskubideak sustatzea eskubideen eta betebeharren titularren artean.

–Estatua toki mailan indartzea (deszentralizatua), gobernagarritasuna hobetzeko.

–Tokiko erakunde publikoen gaitasun teknikoak indartzea (prestakuntza eta akonpainamendua) politika publikoak eta tokiko parte-hartzea kudeatzeko.

–Herrien garapena eta emakumeen eskubideak bermatzea helburu duten gobernuen legegintzako ekimenei sostengu ematea.

–Gizarte zibileko erakundeen eta mugimenduen gaitasun teknikoak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideak defendatu eta betearazteko (eragin politikoa sortzeko gaitasunak).

–Erakunde komunitarioen gaitasun teknikoak indartzea (batez ere landa-eremuetako emakume antolatuenak), indigenen edo nekazarien komunitateak kudeatzeko.

–Parte hartzeko, elkarrizketa abiatzeko, hitzarmenak egiteko eta/edo gatazkak negoziatzeko prozesuei laguntzea.

Iragarkiaren kodea: F2204628