80. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Ordenantza fiskala, arautzen duena herriko jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2022ko otsailaren 24an egin osoko bilkuran, honako hau onetsi zuen: Herriko jabari publikoan intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

Hasierako onespen hori 2022ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 8an, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza.

Horrenbestez, bidezkoa da testua osorik argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lekunberrin, 2022ko apirilaren 19an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAN INTERESEKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIAREN
TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interesekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea dira Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barnean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide mota batzuen hornidurak egonen dira, Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bidez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko apartatuko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira enpresa banatzaile eta merkaturatzaileak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa izanen da tasa horri loturiko enpresek udal mugartearen barnean urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5.

Horren ondorioetarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ez eta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira kuantifikazio-araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarreren artean sartuko hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta zerbitzu horiek erabiltzen badira Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan, beharrezko lehengai gisa araubide berezi honetan tributatu dezakeen energia sortzeko.

Hornidurak egiteko beste batzuen sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioaren diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioaren diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean toki-erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago ordaintzera horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere, ezertan ukatu gabe tasaren ordainketa.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, kasu horretan urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko baita.

6. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatu eta tasa ordaintzera beharturik dauden enpresek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsitako diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

7. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– toki-erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatiboarekin edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

8. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki-erakunde honek hitzarmenak egin ditzake beste erakunde batzuekin, tasa kudeatu eta likidatzeko prozedura errazteko eta arintzeko.

Iragarkiaren kodea: L2205277