78. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, honako hau aldatzekoa: 54/2016 Foru Agindua, apirilaren 29koa, zeinaren bidez onesten baitira ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautuko duten oinarriak, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

2016-2017 ikasturteaz geroztik, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren bidez arautu da ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartzeko prozesua, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan.

Ikasleak Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetan onartzeko prozedura batera egiten da bi irakasmailatarako: batetik, derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzak, Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako heziketa zikloen kasuan; eta, bestetik, goi mailako irakaskuntzak, Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako goi mailako heziketa zikloen kasuan.

Onarpen prozesu horiek batera egiteak, baina, agerian utzi du beharrezkoa dela prozesuok bereiztea, erdi mailako heziketa zikloetarako onarpen prozesu bat eta goi mailako heziketa zikloetarako beste onarpen prozesu independente bat egon daitezen. Izan ere, horrek ahalbidetuko du derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetako, batxilergoko eta erdi mailako heziketa zikloetako onarpen prozesuetako egutegiak moldatzea, bai eta goi mailako heziketa zikloetako onarpen prozesuko egutegia egokitzea goi mailako beste irakaskuntza batzuetako egutegira, hala nola unibertsitate ikasketak.

Horregatik guztiagatik, aldatu behar da 54/2016 Foru Agindua, apirilaren 29koa, zeinaren bidez onesten baitira ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautuko duten oinarriak, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuta, honako hau

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 54/2016 Foru Agindua, apirilaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautuko duten oinarriak, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

Aldaketa hauek egiten dira apirilaren 29ko 54/2016 Foru Legean:

Lehena.–Bigarren xedapen gehigarria aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“Hezkuntza Departamentuak ofizioz aurkeztuko du hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen ziurtagiria, zeina ezartzen baita foru agindu honen eranskinaren 14 bis oinarrian. Izapide hori egin beharko da foru agindu honen eranskinaren 2.3 oinarrian adierazitako ebazpenaren bidez ezartzen den onarpen prozesutik aurrera (hura barne)”.

Bigarrena.–Eranskinaren 2. oinarriaren 1. apartatua aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“1. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi eta goi mailako heziketa zikloetako onarpena bi prozesu independente eta bereizitan gauzatzen da:

–Aipatutako irakaskuntzetako erdi mailako heziketa zikloetarako onarpen prozesua.

–Aipatutako irakaskuntzetarako goi mailako heziketa zikloetarako onarpen prozesua.

Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan, modalitate orokor eta presentzialean, onarpen prozesuek epe bakarra izanen dute, epe arrunta izenekoa. Bertan, foru agindu honen 14. oinarrian zehaztutako ikaspostu erreserba aplikatuko da. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

Bi fasetan egiten dira onarpen prozesuak epe arruntean:

–Lehen fasea. Epe arruntean inskribatutakoek hartuko dute parte, frogatzen badute ekainean betetzen dituztela sartzeko baldintzak. Foru agindu honen 4. oinarriko 7. apartatuan eta 5. oinarritik 8.era bitarteko apartatuetan xedatutakoarekin bat garatuko da.

–Bigarren fasea. Epe arruntean inskribaturik, lehenbiziko fasean ikasposturik eskuratu ez dutenek hartuko dute parte edo, matrikulaturik egonda, “aukera hobetzea” hautatu badute. Foru agindu honen 4. oinarriko 8. apartatuan eta 5. oinarritik 8.era bitarteko apartatuetan xedatutakoarekin bat garatuko da”.

Hirugarrena.–Eranskinaren 4. oinarriaren 2. apartatua aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“2. Aurkezten ahalko da inskripzio eskabide bat erdi mailako zikloetan onartua izateko eta beste bat goi mailakoetan onartua izateko.

Ikasle berarentzat eskabide bat baino gehiago aurkezten bada onarpen prozesu batean baino gehiagotan, ikasle hori kanporatu eginen da onartzeko prozesuko epe arruntetik. Kasu horietan, eskabideak aurkezteko epe arruntaren ondoren horietako bati uko egiten bazaio ere, bikoiztutzat joko da eskabidea”.

Laugarrena.–Eranskinaren 7. oinarriaren 7. apartatuaren b) letraren lehen gidoia aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“–Lehendabizikoa: aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean Lanbide Heziketako teknikari titulua edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua lortzen dutenak eta aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean sarbide ikastaroa (aukerako irakasgaiak) Nafarroan egin dutenak”.

Bosgarrena.–Eranskinaren 7. oinarriaren 9. apartatuaren a) letra aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“a) Lehendabizikoa: aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean Lanbide Heziketako teknikari titulua edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua lortzen dutenak; aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean erdi mailako espezializazio ikastaro bat gainditu dutenak; aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean Batxilergo titulua edo baliokidea inskripzioaren xedeko goi mailako heziketa zikloan sartzeko lehentasuna ematen duen modalitate batean lortu dutenak, eta gainera, inskripzioaren xedeko goi mailako heziketa zikloan sartzeko lehentasuna ere ematen duten batxilergoko irakasgaiak egin dituztenak; aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean Batxilergo titulua edo baliokidea inskripzioaren xedeko goi mailako heziketa zikloan sartzeko lehentasuna ematen duen modalitate batean lortu dutenak, eta inskripzioaren xedeko goi mailako heziketa zikloan sartzeko lehentasuna ere ematen duten batxilergoko irakasgaiak egin ez dituztenak; eta aurreinskripzioa egiten den ikasturte berean Batxilergo titulua edo baliokidea lortzen dutenak inskripzioaren xedeko goi mailako heziketa zikloan sartzeko lehentasunik ematen ez duen modalitate batean”.

Seigarrena.–Eranskinaren 11. oinarriaren 3. paragrafoa aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“Beste ikastetxe batean eskolatutako ikasle bat onartzen denean eskatutako heziketa ziklo bateko ikaspostuan, automatikoki galduko du jatorrizko ikastetxeko ikaspostua. Onarpena eskatu den ikasturtean izanen ditu ondorioak erabaki horrek”.

Zazpigarrena.–Eranskinaren 12. oinarriaren 5. apartatuaren b) letraren lehen paragrafoa aldatzen da, honela idatzita uzteko:

“b) Lanbide Heziketako teknikari titulua edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua duten ikasleak: Sarbide ikastaroa (aukerako irakasgaiak) edo prestakuntza ikastaroa Nafarroan egin badute, sarrerako nota kalkulatuko da hurrengo paragrafoetan jasotako formularen arabera, eta bi dezimalekin adieraziko da; horiek ehunen hurbilenera biribilduko dira eta, erdian izanez gero, gora biribilduta. Aldiz, erdi mailako espezializazio ikastaro bat gainditu badute, sarrerako nota kalkulatuko da ikasturte bakoitzeko onarpen prozeduraren jarraibideak eta egutegia onesten dituen urteroko ebazpenean zehazten denari jarraikiz”.

Azken xedapenetako lehena.–Berdintasun eskubidea bermatzeko zeharkakotasun mekanismoak.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza nagusiak emakumeen eta gizonen artzeko berdintasun eskubidea sartuko du bere eskumen esparruko irakaskuntzen onarpen prozesuetako informazioarekin eta orientazioarekin lotutako administrazio jardueretan. Horretarako, besteak beste, honako neurri hauek sustatuko dira: onarpen prozesuari buruzko estatistikak eta azterlanak egitea, sexu aldagaia sistematikoki sartuz, eta hedapen eta komunikazio ekintzetan hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzea, bi kasuetan Lanbide Heziketako irakaskuntzetan eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan onartzeko prozesuari dagokionez.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko apirilaren 6an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2205094