78. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 17koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Generazinema Emanaldia 2022” izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 616132.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela “Generazinema Emanaldia 2022” laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 110.000 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela foru agindu hau eta eranskinak. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. “Generazinema Emanaldia 2022” dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4709-334102: Generazinema: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak

2022

80.000,00

A20002-A2500-4609-334106: (E) Generazinema Emanaldia: udalen titulartasunekoak diren zinema-aretoetarako laguntzak

2022

30.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 17an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

“Generazinema Emanaldia 2022” deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da bi modalitatetan (A eta B) eta norgehiagokako araubidean emanen diren laguntza batzuk arautzea. Laguntza horiek Nafarroan dauden zinema-areto eta zinemaguneetarako dira, 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) programatzen diren zinema-emanaldietarako.

Abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hauxe ulertuko da:

–Zinema-aretoa: publikoarentzat irekitako lokala edo esparrua dela; bertan, film jakin batzuk proiektatzen dira, eta ikusleak eskubidea du emanaldi horietara joateko finkatutako prezio edo kontraprestazio bat ordaindu ondoren.

–Zinemagunea: emanaldietarako bi pantaila edo gehiago dituen lokala dela, baldin eta errotulu berean identifikatuta dagoen pertsona fisiko edo juridiko beraren titulartasunpean ustiatzen bada.

Laguntzen deialdi honetatik kanpo geratzen dira film publizitarioen, pornografikoen edo arrazakeriaren edo indarkeriaren apologia egiten dutenen emanaldiak.

1.2. Deialdi honetan, bi laguntza modalitate daude:

–A) modalitatea: titulartasun pribatuko zinema-aretoetan interes kulturaleko zinema-programazioa egiteko laguntzak.

–B) modalitatea: toki-erakundeen zinema-aretoetan interes kulturaleko zinema-programazioa egiteko laguntzak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hau jotzen da interes kulturaleko zinema-programaziotzat: eskatzaileak kudeatzen duen zinema-aretoan edo zinemagunean egindako zinema-emanaldien jarduera, diseinatua dagoena programazioa eta publikoak dibertsifikatzeko, eta ekarpen nabarmena egiten diona Nafarroako Foru Komunitateko zinema-eskaintzari.

1.3. Eskatzaile bera zinema-areto edo zinemagune bat baino gehiagoren titularra baldin bada, laguntza eskaera bat aurkeztu beharko du areto edo gune bakoitzeko.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta erakunde hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea. Erakunde horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, edo jarduera bertan egin, gutxienez 2021eko urtarrilaren 1etik. Horrez gain, eskatzaileek, sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean, honako hauek izan beharko dituzte: zinema-emanaldiak egitea; zinema-areto edo zinemagune bat edo batzuk kudeatzea, jendeari irekita daudenak, gutxienez ere, 2021eko urtarrilaren 1etik, eta txarteldegia nahiz diru sarreren aitorpena egiteko sistema dutenak; eta inskribaturik egotea Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan.

b) Toki-erakundeak, haien erakunde autonomoak, enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza nagusia badute, eta Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan inskribatutako zinema-aretoen titularrak badira, edo zinema-aretoaren jabe den erakundearekin errentamendu-kontratu bat sinatuta badute.

2.2. Salbuespen gisa, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Erregistroan inskribatutako zinema-areto bat kudeatzen duten pertsona fisikoak edo enpresak ere onuradun izaten ahalko dira, baldin eta areto horren titularra toki-erakunde bat bada, eta erakunde titular horrek berariaz adierazten badu pertsona edo enpresa kudeatzailearen esku uzten dituela laguntza horien aurkezpena eta kudeaketa. Horretarako, zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, II. eranskineko ereduaren arabera (Laguntzen kudeaketa lagatzeari buruzko zinpeko adierazpena)

2.3. Aurreko oinarriaren 2.1 eta 2.2 apartatuan aipatutako pertsona fisikoek eta erakundeek, eskaera aurkezteko unean, alta emanda egon beharko dute ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963. taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmak eta bideoak ematea). Egoki den udalak emanen du hori frogatzen duen agiria.

2.4. Eskatzaileek, gainera, zinema-aretoaren programazio jarraitua egiaztatu beharko dute. Deialdi honen ondorioetarako, programazio jarraitua da astean behin gutxienez egiten dena, urtean gutxienez 8 hilabetez (2021ean egindako programazioa hartuko da erreferentziatzat).

2.5. Azkenik, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta erakundeak.

2.6. Onuradun izateko aukeratik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetan xede bererako partida izenduna duten erakundeak.

b) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta erakundeak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3. Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren diru kopurua, guztira, 110.000 eurokoa izanen da:

• 80.000 euro, 2022rako aurrekontu onartuko partida honen kargura: A20002 A2500 4709 334102, GENERAZINEMA: ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta profesionalentzako laguntzak.

• 30.000 euro, 2022rako aurrekontu onartuko partida honen kargura: A20002 A2500 4609 334106 (E) Generazinema Emanaldia: toki-erakundeen zinema-aretoetarako laguntzak.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea: titulartasun pribatuko zinema-aretoetan interes kulturaleko zinema-programazioa egiteko laguntzak: 80.000 euro.

–B) modalitatea: toki-erakundeen zinema-aretoetan interes kulturaleko zinema-programazioa egiteko laguntzak: 30.000 euro.

3.3. Laguntzen zenbatekoak 3.1 oinarrian ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, gehienez ere:

A) modalitatea: titulartasun pribatuko zinema-aretoetan interes kulturaleko zinema-programazioa egiteko laguntzak:

–Zinema-aretoak: 10.000 euro.

–Zinemaguneak: 15.000 euro.

B) modalitatea: toki-erakundeen zinema-aretoetan interes kulturaleko zinema-programazioa egiteko laguntzak: 10.000 euro.

3.4. Eskatzaile bakoitzeko, gehienez ere 50.000 eurokoa izanen da laguntza.

3.5. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: erakundeak aurkeztutako aurrekontua ken BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.6. Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

3.7. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaeran aurkeztutako aurrekontua berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak proposatzen den dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak aurrekontu berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

3.8. Enpresa edo profesional onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

4. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-exhibicion-2022).

4.3. Eskabidearekin batera (I.A eranskinean aurreikusitako ereduaren araberakoa izanen da), agiri hauek aurkeztu beharko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) I. eranskina (Informazio teknikoa eta ekonomikoa), Excel formatuan, laguntzaren xede den proiektuaren informazio teknikoa eta ekonomikoa jasotzen duena.

Fitxategian sartu beharreko edukiak fitxen arabera:

–Aurrekontu osoa: Proiektuaren aurrekontu osoaren zenbatekoa jasoko du.

–Epe diruz lagungarriaren aurrekontua. Soil-soilik sartuko dira 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitarteko aldiari dagozkion gastuak (biak barne) eta 5. oinarrian gastu diruz lagungarritzat jotzen direnak, kontuan hartu gabe 5.1h eta 5.1i oinarrietan ezarritako portzentaje-mugak. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru sarrerak berdinduta izatea.

–Soldata gastuak eta gizarte segurantzakoak: Aurrekontuan sartutako soldatapeko langileen gastuak jasoko dira, 5.1h eta 5.2d oinarrietan ezarritako mugak kontuan hartu gabe.

Oharrak: 5.1.e) “Gonbidatuak” epigrafean jasotako zenbatekoak ulertzeko argibide egokiak idatziko dira: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietarako gastuak.

–Bermatutako finantzaketa: Proiektu bererako eskatutako eta jasotako laguntzen eta horien zenbatekoaren aitorpena jasotzen du, baita proiektuaren finantzaketa bermatua eta horren zenbatekoa ere.

Finantzaketa bermatua egiaztatu beharra dago proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko puntuak lortzeko (8.1.4 oinarria).

Honako dokumentu hauek erabiltzen ahalko dira: emandako laguntzen ebazpenak, banku-abalak edo elkar bermatzeko sozietate batenak, kontu korrontearen banku-ziurtagiriak, banku-kredituak, inbertitzaile pribatuen ekarpenen ziurtagiriak.

–Onartutako aurrekontua: Emandako informaziotik abiatuta, Excel dokumentuak onartutako aurrekontutzat har daitekeen zenbatekoaren eta Nafarroako gastuaren ehunekoaren kalkulu automatikoa eginen du. Organo kudeatzaileak azterketa teknikoa egin ondoren berretsiko da.

–I.A eranskina (Eskabidea), sinatuta eta PDF formatuan.

–I.B eranskina (Proiektuaren azalpen memoria), non jasoko baitira proiektuaren garapenean aurreikusi diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta deialdi honen 8. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideak betetzeari buruzko informazioa.

Aukeran, “Memoriari erantsitako materiala” izeneko dokumentu bat aurkezten ahalko da. Formatu librean eginen da, eta argazkiak, ilustrazioak eta abar jasoko ditu, bai eta proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen balorazio artistikoa egiteko garrantzitsutzat jotzen den oro ere.

b) Frogagiria, frogatzen duena eskatzailea alta emanik dagoela Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.

c) Ziurtagiria, egoki den udalak emana, zeinaren bidez frogatzen baita eskatzailea, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963. taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmak eta bideoak ematea).

d) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

e) Eskatzaileak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Erregistroan inskribatutako zinema-areto bat kudeatzen badu, eta areto horren titularra toki-erakunde bat bada, titularraren zinpeko adierazpena, adierazten duena pertsona edo enpresa kudeatzailearen esku uzten duela laguntza horiek aurkeztea eta kudeatzea.

f) Eskabidea telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan parte hartu duten erakunde edo pertsona eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko apartatuko b, c), d) eta e) letrei dagozkien agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan, eta adieraziko da zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

4.5. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez bete eta tramitatuko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-exhibicion-2022.

4.6. Baldin dirulaguntzaren eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

4.8. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta deialdiak ezarritako epean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Filmen kudeaketa: Erakusteagatiko eskubideen gastuak, kopien azpitituluak egiteko gastuak eta kopiak garraiatzekoak.

b) Argitalpenen edizioa: programaturiko jardueren programak editatzeko gastuak.

c) Komunikazioa eta prentsa: Prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

d) Argitalpena eta zabalkundea: Publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak.

e) Gonbidatuak: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:

–Ostatua: Nafarroatik kanpo etortzen badira soilik, eta gehienez ere 75 euro gau bakoitzeko (fakturan gaua igarotzen duen pertsonaren izena jaso beharko da).

–Mantenua: Gehienez 40 euro pertsonako eta eguneko (bazkarietarako eta afarietarako bakarrik). Fakturen zerrendan, gastua zenbat pertsonari dagokion adierazi behar da.

–Joan-etorriak: Norberaren ibilgailua erabiliz gero, 0,33 euro kilometro bakoitzeko. Alokatutako ibilgailu bat erabiltzen bada, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira alokairuaren kostua eta erregaia. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

f) Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

g) Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola profesionalen ordainsariak, eta ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

h) Gastu orokorrak, jaialdiari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak badira. Gastu horiek aurrekontuan sartu beharko dira, eta ezin izanen dute gainditu 5.1 a) apartatutik 5.1 g) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren guztizkoaren %10.

i) Erakunde onuradunak proiektua abian jartzeko eta gauzatzeko lanetarako kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak, haien dedikazioaren proportzioan. Gastu horiek ez dute gaindituko 5.1 a) apartatutik 5.1 g) apartatura bitarte jasotako zenbatekoen baturaren guztizkoaren %25.

j) Jasangarritasunari eta kontziliazioari lotutako gastuak:

–Hirugarrenei kontratatutako kontziliazio- eta jasangarritasun-planekin lotutako gastuak.

–Jasangarritasunaren arloko prestakuntza-jarduerak.

–Erakunde aitortuek jasangarritasun-ziurtagiriak lortzea.

–Ekologiko gisa ziurtatutako mezularitza-zerbitzuen hornitzaileak kontratatzea.

–Edukiontziak eta garbiguneak instalatzea, birziklapena eta berrerabilpena errazteko.

–Jarduera diruz lagungarriak ingurumenean duen inpaktua konpentsatzeko ekintzak egitea.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, erakundeak berreskura ditzakeenak.

d) Erakundeko langileen ordainsarien soberakina, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Proiektuaren jardueretarako gonbidatuak alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak tramitatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Norgehiagokako araubidea erabiliko da deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

6.2. Kudeaketa organoak deialdian onartua izateko bete beharreko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-exhibicion-2022). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko teknikari bat, edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinemagintzaren eta/edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoa edo aditua den pertsona bat, eta Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Ataleko burua, edo hori izan ezean, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua edo Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea: Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea: Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko. Fase honetan, I. eranskinen, dagokion laukitxoan, hala adierazi duten eskatzaileek beren proiektuak defendatzen ahalko dituzte balorazio batzordearen aurrean, gehienez 15 minutuko azalpena eginez.

3. fasea: Batzordea bildu eginen da, aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 8.3 oinarrian eskatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3.3 eta 3.4 oinarrietan jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren gertatuko balitz onuradun bati eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa ematea, 3.7 oinarrian aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituta.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

7. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

7.1. Deialdi honen bidez dirulaguntza lortzea bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak xede eta helburu bererako 2022an eman dezakeen beste batekin.

7.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntza hau bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, 2022. urtean, xede eta helburu bererako lortutako beste edozein dirulaguntzarekin.

7.3. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

7.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen direnak, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, bat etorriz Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1 Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

8.1.1. Eskatzailearen ibilbidea eta aretoaren kokapena (gehienez 25 puntu):

a) Eskatzailearen ibilbidea: zinema-emanaldien arloan jardun duen urte osoen kopurua (gehienez 15 puntu).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

15 puntu

11 urtetik 15 urtera bitarte

10 puntu

5 urtetik 10 urtera bitarte

5 puntu

Urte 1etik 4 urtera bitarte

Puntu bat

b) 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kokatutako aretoak (gehienez ere 5 puntu).

Merkataritza-guneetan kokatutako zinemaguneei puntu 1 emanen zaie.

Merkataritza-guneetan ez dauden zinema-aretoetarako edo zinemaguneetarako, puntuazio hau emanen da, kokatuta dauden herriaren arabera:

HERRIA

HAZTAPENA

20.000 biztanle baino gutxiago

5 puntu

20.000 eta 30.000 biztanle artean

3 puntu

30.001 eta 50.000 biztanle artean

Puntu bat

c) Eskatzaileak egoitza soziala edo fiskala Nafarroako Foru Komunitatean badu, 5 puntu gehituko zaizkio.

8.1.2. Zinema-programazioaren kalitatea eta interesa (gehienez 35 puntu). Zinema-aretoan edo zinemagunean 2021ean izandako programazioa hartuko da erreferentziatzat:

a) 10 lurralde baino gehiago egotea urteko programazioan (gehienez ere 5 puntu):

URTEKO PROGRAMAK

HAZTAPENA

10 lurralde baino gehiago

5 puntu

5 eta 10 lurralde artean

2 puntu

1 eta 4 lurralde artean

Puntu bat

b) Jatorrizko bertsioan, azpitituluekin, egindako programazioa (gehienez ere 5 puntu):

URTEKO SAIO BAKOITZAREN GAINEKO EHUNEKOA

HAZTAPENA

%25 baino gehiago

5 puntu

%11 eta %25 artean

2 puntu

%1 eta %10 artean

1 puntu

c) Zikloak egitea filmaren taldea bertan dela (zinegileak, antzezleak edo talde teknikoko, artistikoko edo produkzio taldeko kideak), eta/edo aurkezle edo moderatzaileekin (kritikariak, adituak, etab.), gehienez 5 puntu:

URTEKO ZIKLOAK

HAZTAPENA

5 ziklo baino gehiago

5 puntu

3 eta 5 ziklo artean

2 puntu

Ziklo 1 edo 2

1 puntu

d) Filmak euskaraz, jatorrizko bertsioan, erakustea (gehienez 5 puntu): 2021ean euskaraz, jatorrizko bertsioan, estreinatutako film bakoitzagatik (film luzea edo film laburra) puntu 1 gehituko da, eta gehienez 5.

e) Xedetzat beste arte batzuk sustatzea duen programazioa (musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, etab.), gehienez ere 5 puntu:

URTEKO PROGRAMAK

HAZTAPENA

10 programa baino gehiago

5 puntu

5 eta 10 programa artean

2 puntu

Programa 1 eta 4 programa artean

1 puntu

f) Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren “Generazinema Garapena” eta “Generazinema Ekoizpena” deialdietan laguntzak lortu dituzten filmen emanaldiak: gehienez 5 puntu.

Aipatutako deialdietan laguntza jaso eta 2021ean erakutsi den film luze edo film labur bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 5.

g) Emakumeek zuzendutako filmen emanaldiak: gehienez 5 puntu.

Emakume batek zuzendu eta 2021ean erakutsi den film (film luzea edo film laburra) bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 5.

8.1.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (gehienez ere 30 puntu).

a) Publikoen prestakuntza eta garapena (gehienez 20 puntu).

Honako hauek baloratuko dira:

–Familientzako eta gazteentzako lanak erakustea, jarduera paraleloekin batera, hala nola talde tekniko eta artistikoaren aurkezpenak, mahai-inguruak eta proiekzioei buruzko solasaldiak.

–Eskolako, hezkuntzako edo integrazio sozial eta/edo kulturalerako programekin lotutako jarduerak.

–Marketin kanpainak, zinera joateko oro har, edo biztanle-talde jakin batzuei zuzenduak.

–Publikoaren prestakuntza eta garapenerako diseinatutako beste edozein jarduera berritzaile.

Egindako ekintza bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta gehienez 20 puntu.

b) Ikusleak fidelizatzeko mekanismoak antolatzea: 10 puntu, gehienez.

Eskatzaileak ikusleak fidelizatzeko mekanismoak baditu (hala nola prezio merkeagoko abonuak, doako saioak zinera fideltasunez joateagatik edo urteurren edo ospakizunen batengatik), 10 puntu emanen dira mekanismo horiek deialdiaren urtean aplikatzen ari badira. Horrela ez bada, 0 puntu emanen dira atal honetan.

8.1.4. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (10 puntu gehienez).

Dirulaguntza hau kontuan hartu gabe, proiektuaren aurrekontu onartuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea (txartel salmentatik ateratako dirua, babesleak, dirulaguntza berretsiak, funts berekiak eta abar), gehienez 10 puntu.

FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%70etik gora

10 puntu

%51 eta %70 artean

7 puntu

%30 eta %50 artean

4 puntu

%30etik behera

Puntu bat

8.2. Merezimenduak egiaztatzeko, aurreko atalean jasotako puntu bakoitzari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztuko dira, eskatzaileak sinatuta.

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak edozein unetan eskatzen ahalko du erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako alderdiak modu fede-emailean egiaztatzeko.

8.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-exhibicion-2022).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

10.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek (pertsona fisikoek salbu) gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (III. eranskina) aurkeztu beharko dute telematika bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Adierazpena egiteko eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez kontsultatzen, betetzen eta tramitatzen ahalko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/generazinema-exhibicion-2022).

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.3. Onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak erakunde eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako edozein materialen zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, aurreko apartatuan deskribatutako baldintzei jarraituz.

10.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

11.1.1. A modalitateko ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jardueraren gastua egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2022ko urriaren 31 izanen da (egun hori barne).

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

A modalitateko onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) IV. eranskina (Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena) EXCEL formatuan, gastua justifikatzeko prozesuarekin lotutako informazioa jasotzen duena.

Fitxategian eduki hauek sartu beharko dira, fitxen arabera:

–Fakturen zerrenda: Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: fakturaren zenbakia eta data; hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFK; fakturaren kontzeptua; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta), eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data.

Nafarroan egindako gastutzat jotako zenbatekoaren zatia bereizita jasoko da.

–Nominen zerrenda: Proiektuari lotutako langileen nominen zerrenda zenbakiduna, berariaz adierazita zenbateko gordina, gizarte-segurantza eta PFEZa: Era berean, proiektuari aplikatutako ehunekoa eta Nafarroan egindako gastutzat jotzen den zatia adieraziko dira.

–Finantzaketa-iturriak: Finantzabideak eta emandako laguntzen zerrenda (benetan kobratu diren kontuan hartu gabe).

–Azken memorien datuak: Epigrafe honetako c eta d ataletako memorietan zehaztutako datu espezifikoak biltzen dira.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura guztiak, dagozkien ordainagiriekin batera, PDF formatuko artxibo batean sartuko dira, aurreko ataleko faktura-zerrendaren arabera modu korrelatiboan ordenatuta.

Faktura eta frogagiri horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

c) Gauzatutako jarduera azaltzen duen memoria, proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio-txostena barne; hartan adieraziko da zenbateraino bete diren proiektuaren alderdi guztiak, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoari dagokionez. Jasangarritasuna eta kontziliazioa errazteko neurriak hartu badira, horiei buruzko informazioa sartu beharko da.

d) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Erakundearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Laguntzaren xedeko programazioak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Programazio taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

e) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

11.1.2. B modalitateko ordainketa.

B modalitateko onuradunen kasuan (toki-erakundeak), aurreko oinarriko dokumentazio bera aurkeztu beharko dute, salbu a) eta b) letrei dagokienez, horien ordez honako hau aurkeztuko baita:

a) V. eranskina (Toki-erakundeen gastuak justifikatzeko taula), Excel formatuan, eremu guztiak beteta; besteak beste, faktura-zenbakia (toki-erakundeei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera eginen dira, horren bidez onetsi baitzen Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua), fakturaren data eta zenbatekoa (BEZa barne).

b) Kontu-hartzailearen edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (VI. eranskina. Idazkaritzaren / Kontu-hartzailetzaren egiaztagiria) edo, bestela, erakundeko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du erakundeak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

c) Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

11.1.3. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.1.4. Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2022ko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, eskaera-idazki bat aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

–Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da, VII. eranskineko eranskina erabilita (Konturako ordainketaren eskaera).

–Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak, aurreko zerrendaren arabera ordenatuta, PDF formatuan.

–Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Dirulaguntzaren helburuak betetzeko aldez aurretik behar diren funtsen adinakoa izanen da aurrerakinaren zenbatekoa. Aurrerakin hori ordaindu ahal izateko, 2022ko abuztuaren 31rako, egun hori barne, aurrerakina eskatzeko VIII. eranskina aurkeztu beharko da, behar bezala beteta (bertan adieraziko dira diruzaintzaren egoera edo bere banku-kontuetako saldoak, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda, eta proiektuari lotuta ez dauden gastuen eta diru-sarreren konpromisoak), zehaztuz dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.6. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Informazio tekniko eta ekonomikoa.

I.A eranskina.–Eskabidea.

I.B eranskina.–Proiektua azaltzen duen memoria.

II. eranskina.–Laguntzen kudeaketa lagatzeko zinpeko adierazpena.

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

IV. eranskina.–Kostuari eta finantzaketari buruzko adierazpena.

V. eranskina.–Toki-erakundeen gastuak justifikatzeko taula.

VI. eranskina.–Idazkaritzaren / Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria.

VII. eranskina.–Konturako ordainketa eskatzea.

VIII. eranskina.–Aurrerakina eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2204825