77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

228/2022 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpena, mahastia berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi zituena 2022-2023 kanpainarako.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpenaren bidez, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren 2022-2023 kanpainarako.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 2. atalean, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko neurriari aplikatu beharreko oinarrizko araudia ezarri da. Neurri hori jasota dago Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako 2019-2023ko laguntza programan.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.4 artikuluan ezartzen denez, mahastia berregituratu eta birmoldatzeko kostuen partaidetza kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 46.6 artikuluan finkaturiko portzentajea aplikatuko zaie kostu unitarioen baremo estandarretako balioei, zeinak XIII. eranskinean ezarriak baitaude mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako, betiere ordainketa modu hori aplikatuz gero. Bestalde, azken paragrafoan aukera ematen zaie autonomia erkidegoei finantzaketaren portzentajea ezartzeko, baldin eta ez bada gainditzen 1308/2013 Erregelamenduaren 46.6 artikuluan ezarritakoa.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.4 artikuluarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriaren bosgarren atalaren bigarren paragrafoak ezartzen du berregituraketa- eta birmoldaketa-eragiketetarako laguntzaren zenbatekoa ebazpen horren III. eranskinean jasotako kostu unitarioen baremo estandarretako balioen %50 izanen dela.

Otsailaren 8ko 112/2022 Errege Dekretuak aldaketak egin ditu azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako 2019-2023 laguntza programaren neurriak aplikatzeko horretan. Azken horren zortzigarren xedapen gehigarrian, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko neurriaren salbuespenezko finantzaketa ezartzen da, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia dela eta.

Zortzigarren xedapen gehigarri hori otsailaren 8ko 112/2022 Errege Dekretuaren lehenengo artikuluaren seigarren puntuaren bidez aldatu da, NBEUF 2021eko eta 2022ko ekitaldietan onetsi behar diren laguntzen eskaerei dagokienez (baldin eta 2021eko eta 2022ko urriaren 16a baino lehen onesten badira, hurrenez hurren), eta xedatzen du aplikatu daitekeen laguntza %60ra handitzen ahalko dela garapenik txikieneko eskualdeak ez diren autonomia erkidegoen kasuan, kontuan hartu gabe azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.4 artikuluan ezarritakoa. Hori guztia, aplikatuz Batzordearen 2020ko apirilaren 30eko 2020/592 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 6. eta 10. artikuluak; izan ere, erregelamendu horrek zenbait neurri ezarri zituen, salbuespenekoak eta aldi baterakoak, baita horiekin loturiko beste neurri batzuk ere, baimena emanez salbuespenak egiteko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren zenbait xedapen aplikatzerakoan, aurre egin ahal izateko fruten eta barazkien sektorean eta mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean COVID-19aren pandemiak merkatuan eragindako kalteei.

Otsailaren 8ko 112/2022 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren lehenengo puntuak aldatu egin du azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 34. artikulua, eta edukirik gabe geratu dira goian aipatutako 34. artikuluaren 5. eta 6. apartatuak.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.3 artikuluan adierazitakoaren arabera, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko kostuetako partaidetza XIII. eranskinaren bigarren zutabean jasotako ekintzetarako bakarrik egiten ahalko da. Era berean, otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriko 1. atalean adierazten denez, laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, ebazpen horren III. eranskinean jasotako ekintzen kostuak hartuko dira kontuan, eta, zehazki, mahastia birlandatzeari dagokionez, honako ekintza hauek hartzen ahalko dira kontuan: erauztea (mahatsondoak biltzea barne), lurzorua prestatzea, lurra desinfektatzea, harriak kentzea, lurra berdintzea, landarea eta landatze-lana, landatzeko momentuan landareak banaka babestea untxien kontra (babesa jartzeko lana barne) eta besorako euskarria (jartzeko lana barne).

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Ekoizpenaren Osasun Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez, ez da baimentzen 1,3 dikloropropenoan oinarritutako produktu fitosanitarioak merkaturatzea eta salbuespen gisa erabiltzea mahatsondoaren laborantzan lurzorua desinfektatzeko, ez baitu betetzen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 20ko 1107/2009 (EE) Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori produktu fitosanitarioak merkaturatzeari buruzkoa da, eta indarrik gabe utzi zituen Kontseiluaren 79/117/EEE Zuzentaraua eta 91/414/EEE Zuzentaraua).

Horrenbestez, ikusirik zer ezarri zen otsailaren 8ko 112/2022 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren bat eta sei puntuetan eta azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 37.4, 34.5 eta 34.6 artikuluetan, bidezkoa da aldatzea 90/2022 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriko 5. atalaren bigarren paragrafoan xedaturikoa, laguntzaren portzentajea handitzeko; aurrerantzean, ebazpen horren III. eranskinean jasotako kostuen baremo estandarretako balioen %60 izanen da portzentaje hori. Laguntzaren intentsitate-igoera horrek ez dio lehiari eragiten.

Bestalde, otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpenaren bigarren oinarriko 2.b) atala aldatu behar da, edukirik gabe geratu den artikuluaren aipamena kentzeko.

Gainera, kontuan harturik Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritza Ekoizpenaren Osasun Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko otsailaren 7ko Ebazpena, zeinaren bidez ez baita baimentzen, mahatsondoaren laborantzan lurra desinfektatzeko, 1,3 dikloropropenoa oinarritzat hartuta formulatutako produktu fitosanitarioak merkaturatzea eta salbuespen gisa erabiltzea, bidezkoa da, orobat, otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriko 1. eta 4. puntuak eta III. eranskina aldatzea, lurra desinfektatzearen ondoriozko ekintzagatiko laguntza kenduz.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1 Aldatzea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpena, ebazpen honen I. eranskinean adierazten den moduan. Ebazpen horren bidez onesten dira mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak 2022-2023 kanpainarako.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko apirilaren 4an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Aldatzea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 90/2022 Ebazpena, mahastiak berregituratu
eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi zituena 2022-2023 kanpainarako

Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 90/2022 Ebazpenaren I. eranskina, honela:

1. Aldatu egiten da bigarren oinarriaren 2 b) puntua, laguntzaren onuradunei buruzkoa, eta honela idatzita geldituko da:

“Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako 2019-2023 laguntza programaren barruan aurreko urteetan eragiketa baterako laguntza eskatu eta onartu zaien mahastizainak, baldin eta laguntzari uko egin badiote, salbu eta ukoa laguntza onetsi zuen ebazpenaren jakinarazpena egin zenetik hilabeteko epean egin bada”.

2. Aldatu egiten dira bederatzigarren oinarriaren 1. puntuko hirugarren paragrafoa, 4. puntua eta 5. puntuaren bigarren paragrafoa, laguntzaren kalkuluari buruzkoa, eta honela idatzita geldituko dira, hurrenez hurren:

–1. puntua, hirugarren paragrafoa:

“Mahastia berrezartzeko laguntzarako, ekintza hauek hartuko dira kontuan: Erauztea (mahatsondoak biltzea barne), lurra prestatzea, harriak kentzea, lurra berdintzea, landarea eta landatze-lana, landatzeko momentuan landareak banaka babesta untxien kontra (babesa jartzeko lana barne) eta besorako euskarria (jartzeko lana barne)”.

–4. puntua:

“4. Harriak kentzeko ekintzak eta lurrak berdintzekoak mahastizainak aldez aurretik eskatu behar ditu, eta agintaritza eskudunak onetsi, eta baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Eragiketa horietarako laguntzak jasotzen ahalko dira soilik lan horiek 2022-2023 kanpainan egin direla froga daitekeen kasuetan. Laguntza emateko ezinbesteko baldintza izanen da tokian bertan kontrol bat egin izana, eta, horretarako, beharrezkoa izanen da lanak hasiko diren egun zehatza komunikatzea, hasi baino 10 egun natural lehenago gutxienez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ikuskapenen Atalean. Jakinarazpen hori mezu elektroniko bat igorriz eginen da: inspecciones@navarra.es. Ez bada kontrol aktarik egin tokian bertan, eragiketa ezin izanen da aukeratu laguntza ordaintzeko.”

–5. puntua, bigarren paragrafoa:

“Ebazpen honen III. eranskinean bildutako kostu unitarioen baremo estandarretako zenbatekoen %60 da berregituratze eta birmoldatze lan bakoitzari emanen zaion laguntza.”

3. Aldatu egiten da kostu unitarioen baremo estandar gisa aplikatu beharreko zenbatekoei buruzko III. eranskina, eta honela idatzita geldituko da:

“III. ERANSKINA

Kostu unitarioen baremo estandar gisa aplikatu beharreko zenbatekoak”

JARDUERA

EKINTZA

ZENBATEKO UNITARIOA
(euroak/ha)

A) Mahastiak berrezartzea

Erauzketa (mahatsondoak biltzea barne)

1.257,56

Lurra prestatzea

641,10

Harriak kentzea

509,35

Lurra berdintzea

965,20

Landarea eta landaketa

5.012,58

Untxien kontrako babes indibiduala (jartzeko lana barne)

2.594,69

Besorako euskarria (jartzeko lana barne)

5.257,15

B) Mahastiak birmoldatzea

Barietatearen gainean txertatzea

7.359,86

C) Mahastiak kudeatzeko teknikak hobetzea

Ontzitik besorako sistemara aldatzea

6.748,98

Iragarkiaren kodea: F2205053