77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

115/2022 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 2022-2023 ikasturterako deialdia onesten baita irakasleen etengabeko prestakuntza planaren baitako hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko ikastetxe itunduetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Era berean, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela berrikuntza programak sustatzea, irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko.

Betebehar legal hori betez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntza sustatzeko jarduketak bultzatzen ditu, berrikuntza proiektuetarako deialdien bidez.

Bestetik, Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia markoak jasoa du Europako gazteek helduarorako prestatzeko funtsezko konpetentziak garatu behar dituztela. Europako zuzentarau hori betez, deialdi honek helburu nagusia du funtsezko konpetentzien curriculumaren garapenerako berrikuntza proiektuak bultzatzea, bai eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzea ere.

Horregatik, deialdi honek, gehienbat, laguntza ematea du helburu, hezkuntza berritzeko proiektuak ikastetxeen eguneroko jardunean sar daitezen. Proiektu hauek bide egokia dira proposamen pedagogiko berri gehiago aplikatzeko, eta haiek baliorik ba ote duten aztertzeko, garrantzizkoak baitira etengabeko aldaketa jasaten ari den gizarte honen eskaerei erantzuteko eta aurrerapen didaktiko, metodologiko eta teknikoetara egokitzeko. Proiektuek hobetu nahi den aspektuaren aldaketa planifikatua sustatu beharko dute, eta ikerketarako metodo zientifiko bati jarraitu, hots, hipotesi bat formulatu eta, proiektua garatu bitartean, hipotesia egiaztatu. Aldi berean, sustatu beharreko aspektua izanen da aldaketak gainerako ikastetxeetara eramateko aukera.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturterako deialdia onestea irakasleen etengabeko prestakuntza programako hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko ikastetxe itunduetan. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri diren oinarriek arautuko dute deialdia.

2. Gehienez ere 15.000 euroko gastua baimentzea ikastetxe itunduetako hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako. Gastu hori egotziko zaio, baldin kreditu egokia eta nahikoa badago, 2023ko gastu aurrekontuan gaitzen den eta 2022eo gastu aurrekontuko “Ikastetxe itunduetako prestakuntza programak eta hezkuntza berrikuntzako proiektuak” izeneko 420002 - 42100 - 4811 - 322000 partidaren baliokidea den aurrekontu partidari.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Prestakuntza eta Kalitate Atalari, Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

Iruñean, 2022ko martxoaren 28an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Ikastetxe itunduetan irakasleen etengabeko prestakuntza planeko hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako deialdia, 2022-2023 ikasturterako. Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen helburua da hezkuntza berrikuntzako proiektuei laguntza emateko eta haiek aintzatesteko neurriak arautzea. Proiektu horiek Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan garatuko dira, ikastetxeok araubide orokorrekoak izan nahiz araubide berezikoak izan.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak ikastetxe itundu hauek dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).

c) Araubide bereziko ikastetxeak.

d) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

e) Helduen hezkuntzako ikastetxeak.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Eskatzaileek berrikuntza proiektu bat aurkeztu beharko dute, baldintza hauek betetzen dituena:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta hezkuntza jarduneko prozesuetako eta/edo osagaietako bat kualitatiboki ukitu.

b) Proiektua jarduketa lerro hauetakoren batean garatuko da gehienbat:

–Ikasleek aktiboki eta lankidetzan ikastea sustatzen duten metodologiak ezartzea, erritmo, estilo eta premia ezberdinei erantzuteko balio dutenak eta konpetentzien ikuspegi inklusibo batetik abiaturik.

–Hezkuntza-teknologiak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan txertatzea.

–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan espazioak eta denborak berrikustea.

–Hezkidetzarekiko konpromisoa eta kontzientzia kritikoa garatzea: genero berdintasuna, bizikidetza eta tratu ona, erantzukizuna eta justizia soziala, herritartasun globala, jasangarritasuna eta ingurumena.

–Eleaniztasuna sustatzea, Nafarroako berezko hizkuntzetatik abiaturik eta hizkuntzen tratamendu integratua erabiliz.

–Euskararen erabilera sustatzea ikasleen artean, alor guztietan euskaraz mintzatzeko: astialdia, aplikazioak, sare sozialak, etab.

c) Proiektuak koordinatzaile bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Arrazoi justifikatuengatik ordezten ahalko da; halakoetan, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio Prestakuntza eta Kalitate Atalari horren berri ematea eta kide berriak izendatzea. Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu ikasturte hasieran horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ezin izanen da irakasle gehiago inskribatu. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordezkatu behar izanez gero, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio zuzendaritza taldeari eta Prestakuntza eta Kalitate Atalari, eta hark ontzat eman beharko du aldaketa.

d) Proiektuak ikastetxe bati atxikirik egonen dira beti, nahiz eta beste ikastetxe batzuek ere har dezaketen parte. Ikastetxe horri, hemendik aurrera, ikastetxe koordinatzailea deituko zaio. Proiektuaren koordinatzailearen destinoko ikastetxea hartuko da ikastetxe koordinatzailetzat.

e) Aurkeztutako proiektuak ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritza taldearen aldeko txostena izanen du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Hartara, proiektua UPOan sartu beharko du. Zuzendaritza taldeak proiektu hori egitearen ardura hartzen du bere gain, nahiz eta proiektuko irakasleen artean aldaketak izan. Era berean, familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei aditzera emanen diela hitzematen du.

f) Ikastetxe bakoitzeko gehienez ere bi berrikuntza proiektu aurkezten ahalko da, ezinbesteko baldintza izanik independenteak izatea. 800 ikasle baino gehiagoko ikastetxeek 3 proiektu aurkez ditzakete, gehienez.

g) Proiektuak idatzirik egon beharko du II. eranskineko 3. apartatuan aipatutako eskemari jarraikiz.

h) Kontuan hartuko da proiektuak adierazleak eta helmugak ezartzen dituen neurtzeko ea zer neurritan bete diren helburuak.

i) Proiektuek beren lan plana 2022-2023 ikasturtean garatu beharko dute eta amaitzeko epemuga 2023ko maiatzaren 31 izanen dute.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea eta epeak.

Proiektuaren koordinatzaileak eskabidea aurkeztuko du, honako dokumentazioarekin batera:

–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa, honela betea:

1.–Koordinatzailearen datuak.

2.–Ikastetxe koordinatzailearen datuak.

3.–Proiektuaren datuak.

4.–Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen adierazpena.

5.–Ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritzaren txostena.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdi honetan parte hartzeko, Internet bidez bete beharko da ebazpen honen II. eranskin gisa agertzen den eskabidea, Hezkuntza Departamentuaren webgunean dagoen inprimakiaren bidez (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Inprimakia bete eta igorritakoan, ondoriozko dokumentua jasoko da PDF formatuan, inprimakia betetzean adierazi den helbide elektronikoan. Ondoren, dokumentazioa inprimatu, sinatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Eskabideak zuzenduko zaizkio Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza eta Kalitate Atalari.

Bosgarrena.–Hautapen batzordea.

Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak, zeinak ondoko kide hauek izanen baititu:

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua (idazkari lanetan ariko da).

–Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

–Kalitate Bulegoko burua.

–Prestakuntza eta Kalitate Ataleko aholkularia.

–Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Ataleko burua.

–Ebaluazio bulegoko burua.

Hautapen batzordeak berariazko aholkularitza eskatzen ahalko du proiektuak baloratzeko, haien gaia dela-eta egokitzat jotzen bada.

Seigarrena.–Hautapen prozesua.

Proiektuak aurrez hautatuko dira, hezkuntza berrikuntzako irizpideak kontuan hartuta. Honela definitzen da hezkuntza berrikuntza: eskola testuinguruan egiturazko aldaketa nabarmena eragiten duten eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzeko ekintzak barne hartzen dituzten jarduketen multzoa. Proiektuan argi azalduko da eduki berritzailea. Eduki berritzaileok, originalak izateaz gain, aldaketa planifikatu bat proposatuko dute, hobetu nahi denari buruzko ikerketak eta hezkuntza esperientziak bermatua; aldaketak alderdi hauek hartuko ditu kontuan: teknologia, didaktika, pedagogia eta pertsonen prozesuak.

Lehenengo hautapenerako beharrezkoa bada, proiektuen koordinatzaileei eska dakieke edukiaren gaineko alderdiak argi ditzaten edo elkarrizketa bat izateko hitzordua emanen zaie.

Aurretik hautatutako proiektuak onesteko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Proiektua zenbateraino dagoen egokitua deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei (gehienez 5 puntu).

b) Proiektuaren bitartez hobetu nahi den aspektu edo arazoaren azalpen argi eta zehatza. Kontestualizazioa. (5 puntu gehienez).

c) Helburuak argi definitzea: berariazkoak, neurgarriak, lortzeko modukoak eta garrantzitsuak. Askotariko eduki koherente eta garrantzitsuak. (10 puntu gehienez).

d) Ikasleek funtsezko konpetentziak garatzea. Proiektu honek konpetentzia horiek nola hobetuko dituen azaltzea. (10 puntu gehienez).

e) Metodologia. Ikaskuntza-prozesu aktiboak sustatzea. (10 puntu gehienez).

f) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta tenporalizazioa. (10 puntu gehienez).

g) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxearen barnean, berrikuntza Nafarroari begira... (gehienez ere 10 puntu).

h) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, parte hartzen duten irakasleen kopurua, diziplina anitzeko irakasleen taldeak izatea... (10 puntu gehienez).

i) Hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte-hartzea eta lankidetza: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak... eta, bereziki, familiak. (10 puntu gehienez).

j) Gida edo material didaktikoak prestatzea, haiei erantzuteko. Zabalkuntza. (10 puntu gehienez).

k) Ongi definitutako irizpideak eta proiektua ebaluatzeko prozesua. Proiektuan ezarritako helburuek haiei lotutako adierazle kuantifikagarriak izan beharko dituzte. (10 puntu gehienez).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.

Prestakuntza eta Kalitate Atalak neurriak hartzen ahal ditu deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak emateko eta behar bezalako jarraipena eta kontrola egiteko.

Zazpigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Hautapen batzordeak aurkezten diren proiektuak aztertuko ditu, eta onartutako proiektuen zerrenda eta horiek lortutako behin-behineko puntuazioa argitaratuko du Hezkuntza Departamentuaren webgunean (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion). Akats formalak dituzten eskaeretan azaldu beharko da espresuki. Atzemandako akatsak zuzen daitezke, argitaratu eta bost egun naturaleko epean. Ikastetxe koordinatzaileak, epe horretan, alegazioak aurkezten ahalko ditu, edo berariazko ukoa.

b) Behin alegazioak aztertuta, hautapen batzordeak behin betiko zerrenda eginen du, Hezkuntza Departamentuko web orrian argitaratuko du (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/proyectos-de-innovacion) eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Zortzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontuan dagoen diruaren arabera, hautatzen diren proiektuek 1.500 euroko laguntza hartzen ahalko dute, gehienez ere, garapen gastuak ordaintzeko. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe. Gastu hori egotziko zaio 2023ko gastuen aurrekontuan honako partida honen baliokide den partidari: 2022ko gastuen aurrekontuko “Ikastetxe itunduetako prestakuntza programak eta hezkuntza berrikuntzako proiektuak” izeneko 420002 - 42100 - 4811 - 322000 partida. Betiere, kreditu egokia eta nahikoa bada.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroak, material bibliografikoa eskuratzea, beharrezko materialak erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak. Gastu horiek memorian justifikatuko dira, dokumentu bidez betiere.

Proiektuan ari diren irakasleen soldatak eta eskersariak ez dira inola ere laguntza honen kargura ordainduko.

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Koordinatzaileak 2022-2023 ikasturtean berrikuntza proiektuetan egindako gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztu beharko ditu Prestakuntza eta Kalitate Atalean.

Fakturak honela aurkeztu beharko dira:

–Ikastetxearen izenean egon behar dute, ez Hezkuntza Departamentuaren izenean.

–Fakturen datak izan behar du 2022ko irailaren 1aren eta 2023ko maiatzaren 10aren artekoa.

–Memoria bidaltzearekin batera, sformacion.prestakuntza@navarra.es helbidera igorriko dira faktura guztiak, mezu elektroniko bakarrean eta PDF formatuan. Mezu horretan bertan argi adierazi beharko da ikastetxearen izena, fakturak zer proiektutakoak diren eta zer saretan sartuta dagoen (osasuna sustatzen duten eskolen sarea, elkartasuna sustatzen dutenena edo iraunkortasuna sustatzen dutenena).

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hamaikagarrena.-Azken memoria.

Koordinatzaileak 2023ko maiatzaren 31 baino lehen igorri beharko dio azken memoriaren kopia formatu elektronikoan Prestakuntza eta Kalitate Atalari. Horretarako, “Eskolak Sarean” webgunean dagoen formularioari jarraituko dio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/escuelas-en-red

Memoriak atal hauek izanen ditu:

1.–Proiektuaren izenburua.

2.–Proiektuaren koordinatzailea.

3.–Proiektuan parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

4.–Proiektuaren garapenaren laburpena.

5.–Helburuen betetze-maila.

6.–Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.

7.–Proiektuaren eragina:

a. Irakasleengan.

b. Ikasleengan.

c. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

8.–Izandako gastuen zerrenda.

9.–Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.

10.–Erabilitako materialak edo horietarako esteka.

Hamabigarrena.-Proiektuaren argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.

Deialdian parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin, bai eta edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Ikastetxe itunduetan hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko deialdian parte hartzeko eskabidearen eredua.

III. eranskina.–Azken memoriaren eredua.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204605