77. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Aldaketak lizentziak ematea eteteko erabakian, lurzoru urbanizaezinean energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko eta ezartzeko (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak)

Oltza Zendeako Udalak, 2022ko martxoaren 31n egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Ikusirik Oltza Zendeako Udalak 2021eko irailaren 30ean egin bilkuran erabaki zela, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluarekin bat (LFD horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) lizentziak ematea etetea Oltza zendeako lurzoru urbanizaezinean azpiegitura eta instalazio fotovoltaiko berriak eraikitzeko eta ezartzeko, bai eta eolikoak edo gisakoak ere, salbu eta, autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak, zenbait alderdi aztertu nahi zirelako, hala nola lurraldea, ingurumen, etnografia eta konektibitate ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten inpaktua eta abar; alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinaren barnean, eta zein izanen den haiei aplikatu beharreko araudi partikularra, horretarako aldaketa bat izapidetuz Udal Plan Orokorrean.

Ikusirik honako hauek direla lizentzien etendurak ukitutako eremu eta erabilerak:

–Lurzoru-mota: lurzoru urbanizaezina, kategoria guztiak.

–Erabilerak: energia berriztagarrien instalazio berriak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak ezartzea (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak).

–Salbuespenak: autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak.

Erabaki hori 2021eko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 21ean, bai eta Nafarroan editaturiko prentsan, 2021eko urriaren 26an.

Ikusirik Udal Plan Orokorra aldatzeko egiten ari diren aurretiazko azterketek gomendatzen dutela salbuespenak zabaltzea etendurak ukitutako eremu eta erabileretan. Zehazki:

–Instalazio eolikoetarako prototipo proiektuak, haize-sorgailu bakarra badute eta Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio deklaratu baditu, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean xedatutakoarekin bat (Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko Foru Legea).

–Iturri berriztagarrietatik datozen energiak sortzeko eta banatzeko proiektu eta instalazioak, baldin udalerriaren barneko autokontsumorako badira; energia-komunitateek sustatuak izan beharko dute, horiek osatzen dituztenak izanik, betiere, pertsona fisikoak, enpresa txiki eta ertainak edo tokiko agintaritzak (Oltza zendeako udala eta/edo kontzejuak).

Hona hemen salbuespenak zabaltzeko arrazoiak:

–Batetik, instalazio eolikoetarako prototipo proiektuak gara daitezen ahalbidetzea, Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio deklaratu baititu, Nafarroaren garapenean garrantzi berezia dutelako, ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen aldetik. Halako proiektuek ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alde egiten dute, enplegua sortzen dute, eta nabarmen murrizten dute ingurumen-inpaktua. Haize-sorgailu bakarrera mugatzeko arrazoia da udalerriaren landatar nortasuna babestea eta bertako nekazaritza-lurrak gordetzeko helburua, ekoizpen-errendimendu handia baitute eta, beraz, balio natural handia laborantzarako.

–Bestalde, energia komunitateek sustaturik, iturri berriztagarrietatik datozen energiak sortzeko eta banatzeko proiektu eta instalazioak baimentzen dira, halakoek dakartzatelako elektrizitatea edo beroa, nagusiki, sortzeko ahalmenaren aprobetxamendua, energia-efizientziaren hobekuntza eta mugikortasun jasangarriko sistemen garapena, bai eta udalerrian eskariaren kudeaketa garatzeko aukera ere, etorkizunean.

Kontuan harturik Udaleko Osoko Bilkurak arlo honetan dituen eskumenak, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.1.c artikuluaren arabera (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).

Osoko Bilkurak,

ERABAKITZEN DU:

Lehena.–Aldaketa egitea Oltzako Udalak, 2021eko irailaren 30eko osoko bilkuran, lizentziak ematea eteteko hartu zuen erabakian, Oltza zendeako lurzoru urbanizaezinean (kategoria guztietan) energia berriztagarrien instalazioak nahiz haien ebakuazio azpiegiturak eraikitzeko eta ezartzeko (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak), uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluarekin bat (LFD horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Aldaketa horren bidez salbuespenak zabaltzen dira lizentzien etendurak ukitutako eremu eta erabileretan.

Salbuespenak:

–Autokontsumorako, lehendik dauden eraikinen estalkietan jartzen direnak.

–Instalazio eolikoetarako prototipo proiektuak, haize-sorgailu bakarra badute eta Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio deklaratu baditu, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean xedatutakoarekin bat (Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko Foru Legea).

–Iturri berriztagarrietatik datozen energiak sortzeko eta banatzeko proiektu eta instalazioak, baldin udalerriaren barneko autokontsumorako badira; energia-komunitateek sustatuak izan beharko dute, horiek osatzen dituztenak izanik, betiere, pertsona fisikoak, enpresa txiki eta ertainak edo tokiko agintaritzak (Oltza zendeako udala eta/edo kontzejuak).

Bigarrena.–Erabaki hau Oltza zendeako kontzejuei jakinaraztea, izan ditzan Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.5 artikuluan ezarritako ondorioak, eta xedatzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.

Hirugarrena.–Ohartaraztea erabaki honen aurka errekurtso hauetariko bat aurkez daitekeela, hautara:

1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita.

3. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.–Alkateari ahalmena ematea behar diren erabakiak har ditzan, erabaki hau behar bezala gauzatzeko xedez.

Oltza zendean, 2022ko apirilaren 4an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L2204945