71. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dira, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2022an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta. DDBN identifikazioa: 614794.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 14.1 artikuluan, ezartzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak eskolako umeentzako kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako heziketa administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen, halaber, eskolako umeentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza arloan behar bereziak dituzten eskolako umeen integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduera fisikoak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Kasu honetan, Nafarroako Kirolaren Institutuak naturan egiten diren jarduerak bultzatuko ditu, heziketa eta kirol proiektuen barnean.

Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea, ingurumenean eragin txikia dutenak, horrela natura zaintzen lagunduz, heziketaren eta kirolaren ikuspegitik; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Halaber, balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola lagunartekotasuna, norbere mugak gainditzea, inklusioa, aurkariarenganako errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna, jaso baitira Kirolaren Balioen Planean, eta bultzatu baititu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez. Ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ahaztu gabe.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak urtarrilaren 21ean emandako 3/2022 Foru Aginduan xedatu zen argitara ematea Hezkuntzako kontseilariaren eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren artean 2022ko urtarrilaren 19an hartutako Erabakia, zeinaren bidez biek batera baimentzen baitute kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren Institutuari laguntzak eta ekarpen ekonomikoak eman ditzan 2022an ikastetxeetan eskia, bela, natura eta kirol-hastapeneko jardueretako eskola-kanpainak gauzatzeko.

Horregatik, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuetarako 95.000 euro bideratu dira, guztira, honela banatuta:

45.000 euro, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez baimenduko direnak, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izeneko A50002-A5100-4709-336100 aurrekontu-partidaren kontura.

50.000 euro, Hezkuntzako zuzendari kudeatzaileak martxoaren 1eko 67/2022 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskura jarriak, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontuko partidaren kargura.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2022an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5100-4709-336100: Eskola-kanpainak naturan jarduerak egiteko

2022

45.000

Baimendu gogo den kreditu horri gehituko zaizkio Hezkuntzako zuzendari nagusiak martxoaren 1eko 67/2022 Ebazpenaren bidez baimendutako 50.000 euroak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskura jarriak, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontuko partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Deialdiaren gainerako eranskinak eskuragarri izanen dituzte entitate interesdunek Nafarroako Gobernuaren webgunean.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako enpresei dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten, Nafarroan unibertsitateaz kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko, pribatu eta hitzartuei zuzenduta.

Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak. Proiektuak 2021-2022 ikasturtean eskainiak eta eginak izanen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta hiru eguneko txandak izan beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2. Helburua.

2.1. Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea, ingurumenean eragin txikia dutenak, horrela natura zaintzen lagunduz, heziketaren eta kirolaren ikuspegitik; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Halaber, balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola lagunartekotasuna, norbere mugak gainditzea, inklusioa, aurkariarenganako errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna, Kirolaren Balioen Planean jaso baitira, eta Nafarroako Gobernuak bultzatu baititu, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez. Ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ahaztu gabe.

2.2. Aurkezten diren proiektuek, xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, aurreko puntuan xedatutakoarekin bat, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak bete beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresek eskatzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, gaur egun kirol zerbitzuak ematen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Kirolaren Institutuko beste deialdi zehatzago batzuen helburu diren heziketa eta kirol proiektuak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4. Entitate onuradunen betebeharrak.

4.1. Dagokien erregistroan inskribatuta egotea, kirol zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen dituzten enpresa gisa.

4.2. Ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osorik edo partzialki. Halaber, bazter utziko dira halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.

Halaber, ez dira onuradun izaten ahalko sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren entitateak. Horretaz gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

4.3. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4.4. Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketa eta kirol proiektuari dagozkion gastuak baino ez dira izanen, eta, zehazki, honako hauek:

A) Proiektua garatzeko behar diren enpresako langileen soldatak eta gizarte-segurantza:

–Proiektuaren koordinatzaile bat.

–Jarduera fisikoen eta kirol jardueren monitoreak, eta jarduera osagarrien monitoreak,

–Ostatuetako langileak, autobuseko gidaria eta bestelakoak.

B) Parte-hartzaileen (ikasleak eta irakasleak) ostatua eta mantenua.

C) Parte-hartzaileen joan-etorriak (ikasleak eta irakasleak), jarduerak egiten dituzten tokitik gaua igarotzen duten lekuraino, eta alderantziz.

D) Jarduerak egiteko aurten eskuratutako kirol-material espezifikoa, jarduerak irauten duen denborarekin proportzioan.

E) Kirol jardueren eta jarduera osagarri eta alternatiboen kostua.

F) Covidaren gastuak:

F.1. Kanpainako parte-hartzaileentzako musukoak (ikasleak, irakasleak eta monitoreak)

F.2. Desinfekzio-produktuak, parte-hartzaileek kanpainan zehar erabiltzeko soilik (Ikasleak, irakasleak eta monitoreak).

G) Proiektua garatzeko behar diren beste gastu batzuk, jarduerak irauten duen denborarekin proportzioan.

–Istripuetako eta gizarte-erantzukizuneko aseguruak.

–Ostatu-asegurua.

–Jardueretan erabilitako ibilgailuen zergak.

–Jardueretan erabilitako ibilgailuak berrikustea eta ikuskatzea.

H) Taxi bidezko desplazamenduak, ikasleen eta irakasleen osasun-egoerarekin loturik.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzen eskabideak eta justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 19. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

6.3. Dirulaguntza-eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematika bidez eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horietan ezin izanen da zuzenketarik egin.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Enpresek aurkeztu beharreko agiriak.

7.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: (http://www.deporte.navarra.es),

7.2. Eskaeran aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. IV. eranskina. Eskaera-orria.

2. Heziketa eta kirol proiektua:

A) Helburu orokorrak.

B) Edukiak:

B.1. Jarduera-multzo bakoitzaren deskribapena:

–Kirol arlokoak:

–Jarduera osagarriak.

–Jarduera alternatiboak.

B.2. Jardueren metodologia eta antolaketa. Monitoreen ratioa talde bakoitzeko.

B.3. Jardueren denbora banaketa (kirol jarduerak, jarduera osagarriak eta alternatiboak).

B.4. Zehaztea proiektuan sartuta dauden zer jarduera eta instalazio egokituta dauden desgaitasuna duten pertsonentzat.

C) Parte-hartzaileak: Ikastetxeen izena, parte-hartzaileen kopurua: ikasleak eta irakasleak eta esleitutako egunak, eskabidea aurkeztutako egunera arte.

Zehaztu ostatuen eta jarduera urrunenaren arteko distantzia.

D) Giza baliabideak:

Proiektua diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena (koordinatzailea eta monitoreak). Adierazi zer-nolako esperientzia eta titulu duten proiektuan zuzentzen dituzten jarduerekin loturik (tituluen fotokopiak erantsi).

E) Segurtasuna:

E.1. Kanpoko enpresek urteko ikuskapenak egiten badituzte proiektua garatzeko erabilitako instalazioetan, ikuskapen hori justifikatzen duen dokumentazioa erantsi.

E.2. Proiektuan osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planak.

F) Proiektuaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa.

3. V. eranskina. Heziketa eta kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

4. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena enpresak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, NKIri dagokion baimena ematea kontsulta egiteko.

5. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena enpresak eguneratuak dituela zerga betebeharrak, edo, hala badagokio, NKIri baimena ematea kontsulta egiteko.

7.3. Entitate onuradunek bakarrik aurkeztu beharreko agiria, hilabeteko epean aurkeztekoa, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpenetik hasita. VI. eranskina. Gardentasunaren adierazpena, 16. oinarriaren arabera.

8. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak 95.000 euro bitarte bideratzen ahalko ditu proiektuak finantzatzeko, aurrekontu-baliabideen arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak 2022ko ekitaldirako daukan aurrekontuan horretarako kreditu aski eta egokia izatearen mende egonen dira.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 45.000 euro, 2022ko Aurrekontu Orokorretako “Eskola-kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko A50002 A5100 4709 336100 partidaren kargura.

b) 50.000 euro, Hezkuntzako zuzendari kudeatzaileak martxoaren 1eko 67/2022 Ebazpenaren bidez baimenduak eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskura jarriak, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izeneko 420000-42000-4709-322G00 aurrekontuko partidaren kargura.

10.3. Kasuan kasuko dirulaguntza ematerakoan, alderatu eginen dira aurkeztutako eskaerak, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Puntuaziorik handiena lortu duen eskatzaileari esleituko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, bigarren puntuaziorik handiena lortu duen enpresari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori gainerako enpresa eskatzaileekin errepika daiteke, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

11. Ebazpenak.

11.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki-tauletan jarriko dira.

12. Frogagiriak eta proiektuaren memoria.

12.1. Proiektua justifikatzeko agiriak proiektua amaitzen denetik 2022ko irailaren 1era arte (egun hori barne) aurkeztuko dira:

1. VII. eranskina. Programak sortutako diru sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

2. VIII. eranskina. Gastuen justifikazioko kontua:

a) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.

b) Diruz lagundutako jarduerengatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

3. Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasota. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

5. IX. eranskina. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

6. X. eranskina. Azpikontratazioaren inprimakia.

7. XI. eranskina. Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia.

8. Heziketa eta kirol programaren memoria teknikoa.

1.–Edukiak:

–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.

–Parte-hartzearen gaineko datuak: parte-hartzearen datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak (ikasleak eta irakasleak).

2.–Balorazio teknikoa.

2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak garraioari, jarduerei, monitoreei, materialari eta ostatuari (jatekoa, garbiketa, gela, tratu pertsonala) dagokienez, ebaluazio txantiloietan oinarrituta.

2.2. Hobetu beharrekoak.

3.–Egindako jardueren argazki bidezko euskarria.

4.–Publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, esaterako, fotokopiak, argazkiak, etab., 15.8 oinarriaren arabera.

12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

13. Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 12. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2022ko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatuko; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko dituzte, eta haiek egin daitezen lagunduko.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

15.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

15.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (IV. eranskinean –Eskaera– geratuko da adierazita).

15.5. Kirol proiektuaren memorian eta deskribapenean, hizkuntza inklusiboa erabiliko da, eta garatutako jardueren onuradunen edo erabiltzaileen datu estatistikoak emanen dira, sexuaren arabera bereizita.

15.6. Onuradunek eduki beharko dituzte erabilitako kirol instalazioen urteko segurtasun-aktak (proiektua zer urtetan garatzen den, urte horretakoa).

16.7. Proiektua garatzeko erabilitako kirol instalazio guztiek bete beharko dute 38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko baldintzak eta segurtasun-neurriak arautzen dituena.

15.8. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

15.9. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.10. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.11. Onuradunak beharturik daude egin beharreko jarduera guztietan osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek COVID-19aren arloan ezarritako neurriak eta baldintzak errespetatzera, bai eta jardueraren hilabeteetan ezar daitezkeenak ere.

15.12. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.13. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera.

15.14. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16. Gardentasun betebeharrak.

Enpresa onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eta, behartuta badaude, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute (VI. eranskina), dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluen ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

17. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Enpresek, gehienez ere, diruz lagundutako jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

17.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

19. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

19.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

20. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen XII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

21. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.20.2. Era berean, deialdi hau onesten duen Foru Agindua aplikatzean Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

22. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Proiektuen ezaugarriak

1. Alderdi orokorrak.

Naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuek honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri:

–Parte-hartzaileak: DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza-premia bereziak dituztenak barne, ikastetxeko irakasleek lagundurik beti, 6.4 atalaren araberako ratioarekin.

–Tokia: Nafarroako Foru Komunitatea.

–Proiektuaren iraupena, guztira: 2021-2022 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

–Eskainitako jardueren iraupena: 3 egun. Astelehenetik asteazkenera edo asteazkenetik ostiralera. Lehenbiziko bi egunetan goizez eta arratsaldez, eta azkeneko egunean goizez.

–Ostatua eta mantenua: 1. egunean: afaria eta lo egitea; 2. egunean: gosaria, bazkaria, afaria eta lo egitea; eta 3. egunean: gosaria eta bazkaria (azken hori, ikastetxeak nahi badu).

2. Edukiak.

Heziketa eta kirol proiektuan hiru jarduera mota izanen dira, eta honela garatuko:

a) Kirol jarduerak: nahitaezkoa izanen da jarduera guztiak natura ingurunean eta naturarekin harremana izanik garatzea, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin. Goizeko eta/edo arratsaldeko ordutegian eginen dira.

b) Jarduera osagarriak: atal honetan sartzen diren jarduera guztiek heziketaren ikuspegia izanen dute eta kirol jardueren osagarri izanen dira. Ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ingurunearen eta bertako tradizioen ezagutza landuko dira jarduera horietan.

c) Jarduera alternatiboak: jarduera hauek eginen dira, soil-soilik, eguraldi txarra dagoenean edo suertatzen diren beste arrazoi batzuen ondorioz kirol jarduerak eta jarduera osagarriak ezin badira baldintza onetan egin segurtasunaren eta garapenaren aldetik.

3. Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Instalazio guztiek bete beharko dituzte proiektua egitean COVID-19ari dagokionez indarrean dauden neurriak. Bereziki, gazte taldeentzako ostatuari eta aisialdiari dagokienez, eta instalazioaren edukierari, espazio komunen edukierari, parte-hartzaileen arteko distantziari eta higiene- eta osasun-neurriei dagokienez.

3.2. Eskainitako egonaldi- eta ostatu-instalazioak honako modalitate hauetakoren batean sailkatuta egon beharko dira:

1.–Aterpetxeak edo turismo-instalazioak, ofizialki aitortuta daudenak abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan, zeinaren bidez onesten baita aterpetxe turistikoen antolamenduaren erregelamendua, eta Kultura eta Turismoko kontseilariaren - Vianako Printzea Erakundearen ekainaren 18ko 190/2004 Foru Aginduan, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko prozedura.

2.–Udal titulartasuneko aterpetxeak edo instalazioak, haur eta gazte taldeei ostatu emateko direnak. Hori frogatzeko, instalazioaren titularra den udalaren idazkia edo komunikazioa beharko da, zehazten duena haur eta gazte taldeei ostatu emateko nahitaezko eta beharrezko bizigarritasun baldintza guztiak betetzen direla.

3.–Instalazio pribatuak, jarduerarako udal lizentzia dutenak haur eta gazte taldeen egonaldirako eta ostaturako.

3.3. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerak egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.4. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.5. Nahitaezkoa izanen da larrialdi kasuetan jarduteko protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

3.6. Nahitaezkoa izanen da osasun-arretako eta ebakuazioko plan bat izatea.

4. COVID-19arekin lotutako segurtasun-neurriak.

Nahitaezkoa izanen da proiektua egitean indarrean dauden COVID-19aren protokoloak betetzea.

5. Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

5.1. Honako hauek izanen dira heziketa eta kirol proiektua egiteaz arduratzen direnak:

–Koordinatzaile bat, antolaketaren, kontrolaren eta proiektua egitearen arduraduna.

–Naturan egiten diren jardueretako monitoreak, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.

–Prestakuntza duten jarduera osagarrietako monitoreak.

5.2. Kirol jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol eta/edo gorputz modalitatean.

5.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitore ratioa ezartzeko, egin beharreko jarduera, arriskua eta egiteko tokia hartuko dira kontuan.

5.4. Programa garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren proiektuko langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

6. Parte-hartzaileak.

6.1. Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta hitzartuei zuzenduta daude. Parte-hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetan oinarritutako murrizketarik egin.

6.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuen ondorioz. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei proiektuan parte hartzeko aukera eman beharko zaie, hezkuntza sistema normalizatuan integratu daitezen. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6.3. Talde guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta taldeak antolatzen lagunduko dute hori behar den jardueretan eta ostatu lekuetan. Otorduetan lagunduko dute, eta gauetan ordena eta ordutegiak betearazteaz arduratuko dira. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete, baita programaturiko jarduera guztietan ere.

6.4. Honako hau da irakasleen ratioa, proiektuan parte hartzen duten ikasle arrunten kopuruaren arabera:

TALDEA

GUTXIENEZ

15 arte

1

16tik 30era bitarte

2

30etik 50era bitarte

3

50etik 75era bitarte

4

75etik 100era bitarte

5

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren eta ezaugarrien arabera ezarriko da ratioa.

7. Ostatua.

Parte-hartzaile guztiek, hala ikasleek nola irakasleek, jarduera lekutik ahalik eta hurbilen hartu behar dute ostatu; gehienez ere 30 km-ra.

8. Baliabide materialak eta azpiegiturak.

8.1. Heziketa eta kirol proiektuaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko beharrezko eta berariazko material guztia jarriko dute enpresa onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren eskura.

8.2. Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

9. Baimenak.

Deialdi honetako enpresa onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketa eta kirol proiektuko jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

10. Laguntza teknikoa.

Entitate onuradunak beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: ostatua, mantenua, garraioa, lurreko eta uretako kirol jarduerak egitea, aisialdiko jarduerak etab., I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

11. Osasun laguntza.

Parte-hartzaileentzako istripu asegurua kontratatu behar dute enpresa onuradunek. Horretaz gain, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA

Baremoa. Balorazio irizpideak

Deialdi honetaz baliatu nahi duten enpresek aurkeztutako eskaerak barematzeko balorazio irizpideak honako honetan oinarritzen dira:

1.–Edukiak.

–Naturarekin kontaktuan dauden kirol jarduerak: 10 puntu/jarduera.

–Kirol jarduera alternatiboak: 10 puntu/jarduera.

–Jarduera osagarriak:

  • Naturarekin kontaktuan: 10 puntu/jarduera.
  • Barrenaldean: 5 puntu/jarduera.

2.–Antolaketa.

Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko:

–Monitore bat / 5 parte-hartzaile = 20 puntu.

–Monitore bat / 7 parte-hartzaile = 15 puntu.

–Monitore bat / 9 parte-hartzaile = 10 puntu.

–Monitore bat / 10 parte-hartzaile = 5 puntu.

3.–Izena emandako parte-hartzaileen kopurua.

–500 arte: 5 puntu.

–501etik 799ra: 10 puntu.

–800etik 1099ra: 15 puntu.

–1100etik 1399ra: 20 puntu.

–1400etik 1699ra: 25 puntu.

–1700etik 1999ra: 30 puntu.

–2000tik gora: 35 puntu.

4.–Giza baliabideak.

–Proiektuaren koordinatzaileak enpresan duen lan-esperientzia. 15 puntu, gehienez. Puntu 1 urte bakoitzeko.

–Ematen dituen jardueretan monitore bakoitzak duen lan-esperientzia. 15 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu 1 esperientzia-urte bakoitzeko.

–Monitore bakoitzaren titulazio osagarria, egiten dituen jarduerekin loturik: 15 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu 1 titulazio osagarri bakoitzeko.

5.–Segurtasuna:

–Eskainitako jardueretan kanpoko enpresek egindako urteko segurtasun-ikuskapenaren ziurtagiriak. 5 puntu/ikuskapen bakoitzeko.

6.–Proiektuaren iraupena:

–5 hilabetetik 6 hilabetera bitarte: 30 puntu.

–4 hilabetetik 5 hilabetera bitarte: 25 puntu.

–3 hilabetetik 4 hilabetera bitarte: 20 puntu.

–2 hilabetetik 3 hilabetera bitarte: 15 puntu.

–Hilabete batetik 2 hilabetera: 10 puntu.

–Hilabete baino gutxiago: 0 puntu.

7.–Parte-hartzaileen ostatura dagoen distantzia (ostatutik urrunen dagoen jarduera hartuko da erreferentziatzat).

–Jardueratik 0-9 km-ra: 20 puntu.

–Jardueratik 10-14 km-ra: 15 puntu.

–Jardueratik 15-20 km-ra: 10 puntu.

–Jardueratik 21-30 km-ra: 5 puntu.

8.–Aukera-berdintasuna. Genero ikuspegia.

–Emakumeen eta gizonen berdintasuna, proiektuko monitore kopuruari dagokionez. Ulertuko da presentzia orekatua dela baldin eta kasu batean edo bestean proportzioa ez bada %60tik gorakoa eta %40tik beherakoa. Bai: 5 puntu. Ez: 0 puntu.

9.–Aukera-berdintasuna. Irisgarritasuna.

–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako jardueren zerrenda: 5 puntu/desgaitasuna duten pertsonentzat eskuragarri dauden jarduerak.

–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako instalazioen zerrenda: 5 puntu/instalazio bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: F2203742