67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

55/2022 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ezporogi eta Zareko udal-mugarteetan goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2021eko maiatzaren 31n, Eduardo Ryan Murua jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, instalazio hau egiteko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, baita instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzeko ere:

–Eskatzailea: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11197 (Erref.: 2021-078 BOSLAN/VG Obra 100739137).

–Instalazioaren kokalekua: Ezporogiko eta Zareko udal-mugarteak (Nafarroa).

–Xedea: Energia-eskaerari erantzutea eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: Aireko linea, 13,2 kV-ekoa, zirkuitu bakunekoa, “Zangoza-Kaseda” erdi tentsioko aireko linearen 6042 zenbakiko euskarria (ordeztekoa) eta “Zangoza-Oibar” erdi tentsioko aireko linearen 5103 zenbakiko euskarria (dagoena) lotzeko. 3.494 metroko luzera du, 22 sareta-euskarri berri jarriko dira, eta 100-AL1/17-ST1A (lehenagoko 100 A1/S1A) motako eroalea erabiliko da.

–Obra gauzatzeko aurrekontua: 167.838,47 euro.

Betetzeko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa, hogeita hamar egunez jendaurrean jarri ziren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza. Horretarako, iragarki bat argitaratu zen 2021eko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 28koan, baita Diario de Navarra egunkariaren 2021eko ekainaren 29 edizioan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere. Halaber, dokumentazioa Ezporogiko eta Zareko udalei igorri zitzaien, epe berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duten eginbideak daude espedientean.

Jasotako alegazioen edukia eta azterketa ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen dira.

Beste alde batetik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoa betez, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien zenbait erakunderi, 30 eguneko epearen barruan ados zeudela edo haren kontra zeudela adieraz zezaten, eta, hala bazegokion, bidezkoak ziren baldintza teknikoak ezar zitzaten. Hauek dira erakundeak:

–Ezporogiko Udala

–Zareko Udala

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Nafarroako Gobernuko Herri-lanen Zuzendaritza Nagusia

–Enagas Transporte SAU.

Ezporogiko Udalak ez du ezer adierazi. Jasotako txostenen edukia eta azterketa, berriz, ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak otsailaren 9an eman zuen 19E/2021 Ebazpenaren bidez, proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion. Kontuan hartu behar da abenduaren 28ko 93/2006 Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen duela ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere jasoko duela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta betez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Marcos Hernando Tuesta industria ingeniari teknikoak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsi beharko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Enagás Transportes SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente-zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Ezporogiko Udalari eta Zareko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea beronen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 8an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

I. ERANSKINA

Jasotako alegazioak

Jaso diren alegazioen eta txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. alegazioa.–Francisco Javier Sagües del Castillo jauna.

2021eko abuztuaren 12ko idazkiaren bidez, Francisco Javier Sagües del Castillo jaunak eskatu zuen Zareko udal-mugarteko 4. poligonoko 356. lurzatian jarri nahi ziren 3108 eta 3109 zenbakiko euskarriak bidearen ertzera aldatzeko, kalteak murrizteko.

Espedientean sustatzailearen erantzuna dago. Haren bidez adierazi zuen, eskaerarekin bat etorrita, euskarriak proiektuan jasotako kokalekuen inguruetara mugituko direla, baina beti alegatzailearen finkaren barruan eta erregelamenduz ezarritako distantzia gordeta, hau da, 3 metro euskarriaren zimenduaren ertzetik bidearen ertzera.

2. alegazioa.–Enrique Goñi Labiano jauna.

2021eko irailaren 30eko idazkiaren bidez, Zareko udal-mugarteko 5. poligonoko 762. lurzatiaren jabe den Enrique Goñi Labiano jaunak proposatu zuen proiektuan jasotako 3122 zenbakiko euskarria lurzatiaren ertzera mugitzeko, lurzatiaren gaineko ukipenak murrizteko. Halaber, proposatu zuen 3121 zenbakiko euskarria ez egiteko, haren ikusizko inpaktua eta inpaktu ekonomikoa direla eta. Alegazioak plano bat du, non 3122 zenbakiko euskarrirako proposatutako kokaleku berria eta trazadura berria jasotzen baitira.

Espedientean sustatzailearen erantzuna dago. Haren bidez adierazi zuen ez dela bideragarria trazaduran proposatutako aldaketa, bi euskarriak lurraren orografia kontuan hartuta eta lurraren eta eroalearen artean mantendu behar diren arauzko distantziak kontuan hartuta proiektatu baitira. 3122 zenbakiko euskarria mugituko balitz, ez litzateke beteko eroalearen eta lurraren artean egon behar den distantzia. Eta gainera, kontuan hartuta alegatzailearen jabetzako finkaren inguruan dagoen desnibel handia, 3121 zenbakiko euskarria kenduko balitz, berriro aztertu beharko litzateke linearen tarte hori, ez bailitzateke beteko eroaletik lurrera egon behar den distantzia, ezta eroaletik errepidera egon behar dena ere.

Bi alderdiek adierazitakoa aintzat hartuta eta alegazioa epez kanpo bidali zenez, ezestea erabaki da.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Jasotako txostenen laburpena eta analisia azalduko dira jarraian.

1. txostena.–Nafarroako Gobernuko Herri-lanen Zuzendaritza Nagusia.

2021eko ekainaren 29an, Nafarroako Gobernuko Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzuak txosten bat eman zuen, non, batetik, indarreko legeriarekin bat etorrita aplikatu beharreko baldintza tekniko batzuen berri eman baitzuen, eta, bestetik, sustatzaileari gogorarazi baitzion egitekoak ziren lanak behar bezala definitzen dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu behar zuela zuzendaritza nagusi horretan, onar zezan.

Espedientean sustatzailearen erantzuna dago, non ados dagoela adierazten baitu.

2. txostena.–Enagás Transporte.

2021eko uztailaren 19ko txostenean, Enagás Transporte enpresak adierazi zuen ados zegoela sustatzaileari administrazio baimena ematearekin, betiere txostenean erantsitako baldintza tekniko orokorrak eta bereziak betetzen badira.

Espedientean sustatzailearen erantzuna dago, non ados dagoela adierazten baitu.

3. txostena.–Zareko Udala

2021eko abenduaren 1an Zareko Udalaren txostena jaso zen. Haren bidez jakinarazten dute obrak egiteko lizentzia ukatu diotela sustatzaileari, ez dituelako aurkeztu okupazio espedientea izapidetzeko eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, onespena lortzeko dokumentuak.

Espedientean sustatzailearen erantzuna dago, non baieztatzen baitu, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena lortzen dituenean eta proiektuak onura publikoa duela zehazki deklaratzen denean, berriro eskatuko duela obrak egiteko lizentzia.

4. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2021eko abenduaren 14an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak dauden ubide naturalekiko (arroilak eta errekak) aireko gurutzaguneak egiteko baimena eman zuen, eta baldintza gisa jarri zuen baimenari erantsitako baldintza orokorrak eta bereziak betetzea.

Espedientean sustatzailearen erantzuna dago, non ados dagoela adierazten baitu.

Iragarkiaren kodea: F2203693