67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2022 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Cortesen goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2021eko uztailaren 22an, Eduardo Ryan Murua jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, instalazio hau egiteko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, baita instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzeko ere:

–Eskatzailea: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11287 (Erref.: 2021-145 100985242).

–Instalazioaren kokalekua: Cortesko udal-mugartea.

–Xedea: “Atalaya” 1,45 MW-eko eguzki-instalazio fotovoltaikoa sare elektrikora konektatzea.

–Ezaugarri teknikoak: “Ribaforada-Industrialdea” 13,2 kV-eko tentsio ertaineko linearen saihesbidea, maniobra zentro berria eta hura elikatzeko lurrazpiko linea elektrikoak. Hauek dira proiektu honen xede diren instalazioak:

  • 13,2 kV-eko tentsio ertaineko linearen saihesbiderako, proiektua da C9000 motako sareta-euskarri berri bi (425 eta 425.01) eraikitzea. Linea amaierako bi euskarri berri hauetan tximistorratzak jarriko dira.
  • Eguzki-instalazioa konektatzeko maniobra zentroa. Maniobra zentroa prefabrikatua izanen da, hormigoi trinkoz egindako inguratzaile monoblokea duena (ORMAZABAL CM-21) Linea babesteko 3 gelaxka motordun izanen ditu, urrutitik kontrolatutakoak (aireko lineatik datozen 2 lineak eta instalazio fotovoltaikora doan linea deskonektatzeko), eta beste bat zerbitzu osagarrietarako.
  • Lurrazpiko linea, euskarri berrietatik maniobra zentro berriraino. Ebakitze zentroaren eta 425.01 zenbakiko euskarriaren artean 57 metroko distantzia izanen da, eta 425 zenbakiko euskarriraino, 43 metrokoa. Eroale gisa, 400 mm²-ko aluminiozko kablea erabiliko da (HEPRZ1-12/20KV).

–Obra gauzatzeko aurrekontua: 35.542,97 euro.

Betetzeko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa, hogeita hamar egunez jendaurrean jarri ziren I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza. Horretarako, iragarki bat argitaratu zen 2021eko 279. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 14koan, baita Diario de Navarra egunkariaren 2021eko abenduaren 15eko edizioan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere. Halaber, dokumentazioa Cortesko Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan. Egintza hori egiaztatzen duen eginbidea dago espedientean.

Ezarritako epe hori igarota, ez zen alegaziorik jaso.

Beste alde batetik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoa betez, proiektuaren kopia bat igorri zitzaion Cortesko Udalari, eta 30 egun balioduneko epea eman zitzaion ados zegoela edo haren kontra zegoela adieraz zezan, eta, hala bazegokion, bidezkoak ziren baldintza teknikoak ezar zitzan.

Kontsulta horri erantzunez, Cortesko Udalak txostena egin zuen 2021eko abenduaren 28an. Hau adierazi zuen txosten horretan:

“Indarreko araudia betetzen duenez, SAT11287 erreferentzia duen proiektuaren hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko aldeko txostena egin behar da.

Cortesko Udalak garrantzitsutzat jotzen du agerraraztea proiektu honek lurperatu eginen duela linearen trazadura berria 425.1 zenbakiko euskarri berriaren eta 425 zenbakiko euskarriaren artean. Hala ere, “Ribaforada-Industrialdea” 13 kV-eko tentsio ertaineko linearen saihesbideak udal-mugartean duen trazaduraren gainerako zatia airekoa da, Buñuelgo udal-mugartean ez bezala (erreferentzia kodea: SAT09549-2). Eremua oso antropizatuta dago, eta azpiegitura elektriko eta energetiko ugari daude. “Ribaforada-Industrialdea” 13 kV-eko tentsio ertaineko linearen saihesbidearen ingurumen eragina gutxitzeko, euskarriak nekazaritzarako gaitasun handia duten lurretan jartzeko, komenigarria litzateke aztertzea Cortesko udal-mugartean aireko trazaduraren ordez lurpekoa jartzeko aukera.

8. poligonoko 838 zenbakiko lurzatia herri-lurzati gisa dago sailkatuta, eta, beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, ez da baimenik ematen ahalko linea elektrikoa jartzeko, Cortesko Udalak eta Nafarroako Gobernuak haren desafektazioa izapidetu eta baimena arte edo proiektua onura publikokoa dela deklaratu arte. Erabaki horrek inplizituki ekarriko du ukitutako ondasunak okupatu beharra, eta, ondorioz, urgentziaz okupatu beharko da, Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako”.

Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emandako maiatzaren 20ko 145E/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zen Ríos Renovables SLk Cortesko udal-mugartean sustatutako Atalaya eguzki parke fotovoltaikoaren proiekturako. Baimen horrek orain planteatutako jarduketak ere babestu zituen. Kontuan hartu behar da abenduaren 28ko 93/2006 Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen duela ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere jasoko duela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta betez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Administrazio baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri aipatutako instalaziorako.

2. Zehazki deklaratzea instalazioak onura publikoa duela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze-espedientean.

3. Onestea instalazioa egiteko aurkeztutako proiektua, Javier de Pedro Iñigo industria ingeniari teknikoak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsi beharko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Biodibertsitatearen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Cortesko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea beronen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 8an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2203608