67. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

31/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira autolikidazio ereduak 2021eko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta ondarearen gaineko zergarako; ematen baitira horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko arauak; eta ezartzen baitira bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82.1 artikuluaren arabera, zerga horri atxikiriko errentak eskuratzen dituzten subjektu pasiboek zerga horri dagokion aitorpena aurkeztu eta sinatzeko betebeharra izanen dute; gainera, aitorpenik aurkeztu beharrik ez duten subjektu pasiboek ere aurkezten ahalko dute, baldin eta kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak jasan badituzte edo zatikako ordainketak egin, dagokien zenbatekoa itzul dakien.

Aipatu testu bateginaren 82.2 artikuluan ezartzen denaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onesten ahalko du aitorpena egiteko modalitate erraztu edo berezien erabilera, aitorpenak aurkezteko modua, epeak, tokia eta inprimakiak ezartzen ahalko ditu, eta aitorpenarekin batera aurkeztu behar diren agiri eta frogagiriak zehazten ahalko ditu.

Bestalde, bat etorriz testu bategin horren 83. artikuluak xedatutakoarekin (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onesten duen zergaren Erregelamenduaren 57. artikuluaren bidez garatua), zerga horren aitorpena egitera behartuta dauden subjektu pasiboek, beren aitorpena aurkezten dutenean, ordaindu behar dute dagokien zerga-zorra zehaztu eta tributuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak finkatutako tokian, moduan eta epeetan. Gainera, aukera ematen da dirua zatitan sartzeko, interesik eta errekargurik gabe, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

Testu bategin horren 84. artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari subjektu pasiboei autolikidazioaren proposamen bat bidaltzeko, departamentu horretako kontseilariak ezartzen dituen baldintzetan. Subjektu pasiboek zerga betebeharrak errazago bete ditzaten, bereziki autolikidaziorako proposamenetatik ateratzen den emaitzaren diru-sarrera egin beharra denean, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 51. artikuluan eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat, proposamen positiboen ondoriozko zorra bi zatitan helbideratuko da, horietako bakoitza zorraren % 50ekoa, proposamenean berean ageri den banku-kontuan eta foru agindu honetan ezarritako egunetan. Dena dela, subjektu pasiboak proposamenaren ordainketa helbideratu nahi ez badu edo helbideratzeko kontua aldatu nahi badu, foru agindu honetan ezartzen dira ordainketaren helbideratzea deuseztatu edo aldatzeko beharrezkoak diren bideak.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari baimena ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretua garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Gaikuntza hori baliatuz, foru agindu honen bitartez onesten da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2021eko ekitaldiari dagokiona.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, tributu hori arautzen duen azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek honako kasu hauetan aurkeztu behar dute aitorpena: haien zerga-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak eta hobariak aplikatu ondoren, ordaintzekoa dela ateratzen denean, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa denean. Azkenik, lege testu horren 37. eta 38. artikuluen arabera, aitorpena aurkezten dutenek, alde batetik, autolikidazioa egin eta dagokion zenbatekoa sartu behar dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak finkatzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, eta, bestetik, agindutako agiri eta frogagiriak aurkeztu eta aitorpena sinatu behar dute.

Azaroaren 19ko Ondarearen gaineko Zergari buruzko 13/1992 Foru Legearen 38. artikuluan Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ematen zaion gaikuntza erabiliz, foru agindu honek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa ezartzen du, modu bakar bezala, ondarearen gaineko zergaren 2021eko ekitaldiko aitorpenak aurkezteko.

Kontuan harturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2021eko sortzapena egin dela, beharrezkoa da xedapen batzuk ematea autolikidazioen aurkezpena arautzeko, bai eta tributu zorrak ordaintzeko autolikidazio ereduak, moduak eta epeak ezartzeko eta subjektu pasiboen eskura jartzen diren autolikidaziorako proposamenen baldintzak xedatzeko ere.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Nor dagoen beharturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ohiko bizilekua Nafarroan izan eta zerga honen menpeko errentak lortzen dituzten subjektu pasiboak behartuta daude 2021eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztera.

2. Familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek zerga batera ordaintzen ahal dute, eta baterako autolikidazioa aurkeztu, jarraikiz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren VI. tituluari (testu bategin hori onetsi zen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez). Kasu horretan, honako lotura hauetako bat dagoela frogatu beharko dute: ezkontza bidezkoa, bikote egonkorra, Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren Erregistro Fiskalaren edukia eta funtzionamendua arautzen dituen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, edo, kasua bada, seme-alabak izatea (kasu honetan, aipatutako testu bateginean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte).

Baterako tributazioaren aukerak familia-unitateko kide guztiak hartu behar ditu. Haietako batek banako autolikidazioa aurkezten badu, gainerakoek ere banaka egin beharko dute.

Familia-unitate bateko kide diren subjektu pasibo guztiek ez badute Nafarroan beren ohiko bizilekua eta baterako tributazioa aukeratzen badute, behartuta egonen dira autolikidazioa Foru Komunitatean aurkeztera lurralde horretan bizi bada likidazio-oinarri handiena duen unitateko kidea, likidazio-oinarria dagokion araudiari jarraituz kalkulatuta.

3. Familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak edo, osatu arren, baterako zergapetzea aukeratzen ez dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik errentak ondoko bideetatik soilik jaso badituzte:

a) Urtean 12.600 eurotik beherako lan-etekin osoak.

b) Kapital higigarriaren etekinak eta ondare gehitzeak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek edo diru-itzulketek eragindako ondare-gehikuntzetan, haien atxikipen-oinarria zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera zehazterik ez dagoenean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) 80.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Dena dela, autolikidazioa aurkezteko betebeharra ez izanik ere, ezinbestekoa da hura aurkeztea kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak edo zatikako ordainketak itzultzeko eskaera egin gogo duten subjektu pasiboek.

2. artikulua. Nor dagoen beharturik ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar pertsonala edo, bestela, betebehar erreala dutelako, zerga Foru Komunitatean ordaindu behar duten subjektu pasiboak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2021eko autolikidazioa aurkeztera, baldin eta tributu-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak edo hobariak aplikatu ondoren, ordaintzeko dela ateratzen bada, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua. Onestea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2021. urteari dagozkionak.

1. F-93 autolikidazio eredua onesten da, 2021. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako.

Inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez (https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean eskura dago), ordainketa-gutunaren 710 eredua eskuratzen ahalko da, beharrezkoa izanen dena tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

2. F-83 autolikidazio eredua onesten da, 2021eko ondarearen gaineko zergari dagokiona.

Inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez (https://hacienda.navarra.es helbidean eskura dago), ordainketa-gutunaren 711 eredua eskuratzen ahalko da, beharrezkoa izanen dena tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

4. artikulua. Nola egin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa.

Autolikidazioak egitean, onetsitako F-93 eta F-83 autolikidazio ereduek eskatzen dituzten datu guztiak jaso behar dira, horietan interes dutenei eragiten dietenak. Hortaz, hala eskatzen duten lauki guztiek datuak izan beharko dituzte, interesdunen egoera pertsonalaren, ekonomikoaren eta ondare egoeraren araberakoak, informazioa ematekoak direnak barne.

5. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko epea.

2021. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak 2022ko apirilaren 7tik ekainaren 24ra bitarte, biak barne, aurkeztu beharko dira.

Aurreko paragrafoan zehaztutako epea bukatuta, 8. eta 9. artikuluetan aurreikusitako modalitateetan baino ezin izanen dira aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.

6. artikulua. Nola aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak honela aurkezten ahalko dira:

a) Nafarroako Foru Ogasunak igorritako autolikidaziorako proposamena berretsiz.

b) “Online errenta” modalitatea aukeratuz, aurkezpen elektronikoa Internet bidez egitekoa.

c) Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programa erabiliz, https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian deskargatu daitekeena.

d) Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

e) Nafarroako Foru Ogasunak autolikidazioak egiteko telefonoz ematen duen laguntza zerbitzuaren bidez.

f) Erakunde laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.

7. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea, Nafarroako Foru Ogasunak igorritako autolikidaziorako proposamena berretsiz.

1. Modalitate hau erabiltzen ahalko dute subjektu pasiboek, Nafarroako Foru Ogasunak autolikidaziorako proposamen bat prestatu badie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako proposamenean, subjektu pasiboak 2021. urtean izandako errentari buruzko datuak bildu beharko dira, eta zerga horren pean dauden subjektu pasibo guztien eskura jartzen ahalko da, familia-unitatea osatu edo ez.

3. Subjektu pasibo bati autolikidaziorako proposamena prestatu bazaio, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez eskuratzen ahalko du (https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean). Hortik, autolikidaziorako proposamenaren edukia ikusi eta inprimatzen ahalko du.

4. Subjektu pasiboak uste badu autolikidaziorako proposamenean zuzen islatu dela zerga horren ondorioetarako duen tributu egoera, hurrengo apartatuetan adierazten den bezala berresten ahalko du. Kasu horretan, proposamenak aurkeztutako autolikidazio izaera izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82., 83. eta 84. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

5. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat zehazten bada ordaintzeko, aitorpena berretsitzat hartuko da zorra oso-osorik ordaindutakoan edo, ordainketa zatikatzen bada, haren lehenbiziko zatia 17. artikuluan adierazitako epean ordaindutakoan. 5. artikuluan ezarritako epean diru-sarrera egin ezean edo Interneten bidez edo telefono bidez eskainitako prozedurak erabiliz berariaz uko eginez gero, ulertuko da subjektu pasiboak autolikidaziorako proposamena ez duela berretsi eta, horrenbestez, dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 6. artikuluan aurreikusten diren beste modalitateetako baten arabera.

Proposamenaren arabera sartu beharreko diru kopurua bi zatitan helbideratuko da, bakoitza % 50ekoa, 17.2 artikuluan ezarritako egunetan, autolikidaziorako proposamenean adierazitako banku-kontuan.

Subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta helbideratze hori deuseztatzeko: https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Foru Ogasunak kanpaina bitartean herritarrei kasu egiteko jartzen dituen zenbakietara –betiere interesdunaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PIN) adieraziz–; edo, bestela, erabiltzea ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak. Aldaketa horiek 2022ko ekainaren 25a baino lehen egin beharko dira.

6. Autolikidaziorako proposamenean “zero” kuota agertzen bada, hura berretsitzat hartuko da subjektu pasiboak ez badio berariaz uko egiten Interneten horretarako prest dauden prozedurak baliatuz, edo telefono bidez, 5. artikuluan adierazitako epean. Bestela, ulertuko da ez dagoela berretsita autolikidaziorako proposamena, eta kasuan kasuko autolikidazioa aurkeztu beharko da, horretara behartuta egonez gero, artikulu honetan aurreikusitako modalitateetako baten arabera.

7. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat, itzuli beharrekoa, zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin eta, itzulketaren zenbatekoa jaso eta, 5. artikuluan adierazitako epean, subjektu pasiboak zerga horren autolikidazioa aurkezten ez badu edo berariaz uko egiten ez badio, Interneten bidez edo telefono bidez ezarrita dauden prozedurak erabiliz. Proposamenari uko egin zaiola joko da subjektu pasiboak itzultzen duenean Nafarroako Foru Ogasunak itzulitako kopurua, 5. artikuluan ezartzen den epean. Proposamenari uko eginez gero, subjektu pasiboak berretsi gabe izanen du autolikidaziorako proposamena, eta dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 1.4 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Itzulketa hori proposamenean xede horretarako adierazten den kontuan eginen da.

8. Subjektu pasiboak, autolikidaziorako proposameneko itzulketaren zenbatekoa jaso ondoren, autolikidazio bat aurkezten badu eta autolikidazio horrek, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, proposamena indarrik gabe uzten badu, honela jokatuko da:

a) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa zergadunari itzultzekoa denean:

a’) Baldin itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino handiagoa bada, tributu arloko Administrazioak ofizioz itzuliko du aldea.

b’) Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2022ko uztailaren 4ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.

c’) Emaitza berbera bada, ez da inolako jarduketarik egin beharko.

b) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa ordaintzekoa denean:

a’) Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2022ko uztailaren 4an.

b’) Subjektu pasiboak bi epetan helbideratzen badu ordainketa, tributu arloko Administrazioak honela kobratuko du: 17. artikuluan adierazitako lehenbiziko epean, oker egindako itzulketaren zenbateko osoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren % 50. Bigarren epean, berriz, aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren gainerako % 50a kobratuko du tributu arloko Administrazioak.

c’) Subjektu pasiboak erabakitzen badu tributu-zorra ordainketa-gutun baten bidez ordaintzea, jokatuko da a’) eta b’) letretan adierazi diren baldintzen arabera, ordainketa zatikatzeko eta zenbatekoei eta epeei dagokienez.

8. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion autolikidazioak aurkeztea, elektronikoki Internet bidez, “Online errenta” modalitatearen bidez.

Baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira modalitate horretako autolikidazioak, “Nafarroako errenta online” aplikazioa erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak zergaren subjektu pasiboen eskura jartzen duena https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean.

9. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioen aurkezpen elektronikoa, laguntza programaren bidez.

1. Baliodunak izanen dira Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programaren bidez aurkezten diren autolikidazioak; programa hori https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orritik deskargatzen ahal da.

Laguntza programaren bidez sortutako inprimakia elektronikoki igorri beharko da nahitaez, Internet bidez.

2. Halaber, autolikidazioak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren autolikidazioek ere balioa izanen dute, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak etekinak, ondare gehikuntzak eta gutxitzeak, zerga-oinarriaren murrizketak, kenkariak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren guztiak kalkulatzeko, F-93 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikidazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak okerra zuzentzeko eskatzen ahalko du. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioa berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

10. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak Internet bidez aurkeztea, Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

1. Autolikidazioak egiteko Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan emandako laguntza zerbitzuaren bidez aurkezteko modalitatea hautatzen duten subjektu pasiboek telefono edo Internet bidez eskatu beharko dute https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian. Horretarako, interesdunaren identifikazio fiskalaren zenbakia (IFK) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PIN) eman beharko dituzte, edo bestela, erabili ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak.

Zerbitzu hori 2022ko apirilaren 20tik ekainaren 24ra bitartean emanen da, bulego hauetan:

–Iruñeko eskualdeko bulegoa (Ezkirotz kalea, 20 bis).

–Tuterako eskualdeko bulegoa (Antso Azkarra plaza, 8).

–Lizarrako eskualdeko bulegoa (Koroatze plaza, 2).

–Tafallako eskualdeko bulegoa (Cuatropea kalea, 2).

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modalitate hau ezin izanen dute baliatu 2021ean lortutako errenten izaera eta zenbatekoetan honako inguruabar ekonomikoren bat duten subjektu pasiboek:

a) Urtean 65.000 eurotik gorako lan-etekin osoak.

b) Jarduera ekonomikoen etekinak, salbu eta zuzeneko zenbatespen bereziaren bidez etekin garbia zehazten dutenak eta 2020an zenbatespen objektiboaren araubidearen arabera zehaztu zutenak.

c) Bi higiezin edo gehiago errentan, edo horien diru-sarrerak guztira izatea, aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekin gisa, 24.000 eurotik gorakoak.

d) 2021ean bi eskualdaketa edo gehiago egin izana notario-protokolo bidez, 10.000 eurotik gorako zenbatekoarekin.

e) 2021ean 10.000 eurotik gorako akzioen edo bestelako balore higigarrien bi eskualdaketa edo gehiago egin izana.

Baterako tributazioaren kasuetan, ezkontide edo bikotekide egonkorretako edozeinek aurreko inguruabarrak betetzen dituela egiaztatzen bada, ezinezkoa izanen da bi ezkontideek edo bikotekide egonkorrek zerbitzua jasotzea.

3. Era berean, ezin izanen dute autolikidazioak aurkezteko modalitate hau baliatu 8., 9., 11. edo 12. artikuluetan aurreikusitako modalitateetan autolikidazioa aldez aurretik aurkeztu duten subjektu pasiboek.

11. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea, Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

1. Nafarroako Foru Ogasunak telefonoaren bidez autolikidazioak egiteko emandako laguntza zerbitzuaren bidez aurkezteko modalitatea hautatzen duten subjektu pasiboek Internet bidez eskatu beharko dute, https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian. Horretarako, interesdunaren identifikazio fiskalaren zenbakia (IFK) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PIN) eman beharko dituzte, edo bestela, erabili ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak.

Zerbitzu hori 2022ko apirilaren 25etik ekainaren 24ra bitartean emanen da.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modalitate hau ezin izanen dute baliatu 2021ean lortutako errenten izaera eta zenbatekoetan honako inguruabar ekonomikoren bat duten subjektu pasiboek:

a) Urtean 65.000 eurotik gorako lan-etekin osoak.

b) Jarduera ekonomikoen etekinak.

c) Bi higiezin edo gehiago errentan, edo horien diru-sarrerak guztira izatea, aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekin gisa, 24.000 eurotik gorakoak.

d) 2021ean notario-protokoloaren bidez 10.000 eurotik gorako transmisio bat edo gehiago egin izana.

e) 2021ean 3.000 eurotik gorako akzioen edo bestelako balore higigarrien bi eskualdaketa edo gehiago egin izana.

3. Era berean, ezin izanen dute autolikidazioak aurkezteko modalitate hori baliatu 8., 9., 10. edo 12. artikuluetan aurreikusitako modalitateetan autolikidazioa aldez aurretik aurkeztu duten subjektu pasiboek.

12. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak Internet bidez aurkeztea, entitate laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.

Autolikidazioak egiteko laguntza zerbitzua ematen duten eta Nafarroako Foru Ogasunarekin elkarlanean diharduten entitateen bidez aurkezten ahalko dira autolikidazioak. Foru Ogasunaren https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian kontsultatzen ahalko da zein diren zerbitzu hori ematen duten entitate laguntzaileak, bai eta zerbitzua emateko epeak eta baldintzak ere.

13. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modua.

1. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak nahitaez bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, Internet bidez.

2. Baliodunak izanen dira foru agindu honetan onesten den F-83 ereduaren edukiarekin bat datozen autolikidazioak, modu elektronikoan aurkezten badira eta Nafarroako Foru Ogasunak garatu duen laguntza programa (https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian dago) erabiliz sortzen badira. Orobat, helbide berean eskuratzen ahalko da ordainketa-gutunaren 711 eredua, eta gutun hori beharrezkoa izanen da tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

3. Halaber, autolikidazioak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren autolikidazioek ere balioa izanen dute, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak zerga-oinarria, kenkariak eta ondoriozko zorra zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak kalkulatzeko, F-83 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikiodazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak okerra zuzentzeko eskatzen ahalko du. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioa berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

14. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak behartuta egonen dira gordetzera, zergaren preskripzio epeak dirauen bitartean, beren autolikidazioetan sartu beharreko mota guztietako eragiketa, errenta, gastu, sarrera, murriztapen eta kenkarien agiri eta frogagiriak.

2. Artikulu honetan ezarritakoa galarazi gabe, kuotako kenkariak eta gastuak justifikatzerakoan jarraibide izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 12ko 228/2007 Foru Agindua, fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruzko zenbait xedapen garatzen dituena; eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 5eko 17/2021 Foru Agindua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro liburuak eramateko modua arautzen duena.

3. Oro har, subjektu pasiboak ez daude behartuta 1. apartatuan aipatutako agiri eta frogagiriak Nafarroako Foru Ogasunaren esku uztera, erakunde horrek berariaz eskatzen duenean izan ezik; hori hala izanen da, aitorpena berrikusi, likidatu eta ikuskatzeko edo diru-bilketa egiteko indarreko arauak betez eta instruitu edo ebazten ahal duen edozein administrazio prozedurari jarraikiz.

Bereziki, ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du subjektu pasiboak.

Gainera, eta autolikidazioak arinago berrikusi ahal izateko, aitortutako datuak bat ez datozenean autolikidazioa egiteko programak autolikidazioan sartutako datuekin, subjektu pasiboek bidezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute aldea justifikatzeko. Hori guztia deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Ogasunak 3. apartatu honetan jasotakoaren araberako dokumentazioa eskatu ahal izatea.

3. apartatuan aipatzen den dokumentazioa Interneten (https://www.navarra.es/eu/ogasuna) eskuragarri dagoen “Dokumentazioa erantsi” aplikazioaren bitartez aurkeztuko da, lehentasunez.

15. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.

Autolikidazioetan subjektu pasiboek beraiei dagozkien datu guztiak jarri beharko dituzte, eta autolikidazioan azaltzen diren datu horiei buruzko agiriak eta frogagiriak gorde beharko dituzte zergaren preskripzio epean.

16. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak, itzuli beharreko zenbatekoaren emaitzarekin.

Aurkeztutako autolikidazioak itzultzekoa den kopuru bat duenean, autolikidazio horretan xede horretarako adierazitako kontuan eginen da itzulketa hori.

Itzuli beharreko zenbatekoa lehenago aurkeztutako autolikidazio batean jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2022ko uztailaren 4ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan, ezin da ordainketaren itzulketa helbideratu.

17. artikulua. Nola ordaindu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren zorrak. Tributu-zorra zatitzea eta ordainketa helbideratzea.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboetatik ateratako zenbatekoa 710 eta 711 ereduko ordainketa-gutunen bidez ordaintzen ahalko da, hurrenez hurren, Nafarroako Foru Ogasunaren edozein finantza erakunde laguntzailetan, edo, 3. apartatuan definitutako inguruabarrak gertatzen direnean, banku helbideratze bidez. Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.

2. Ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren % 50, 2022ko uztailaren 4a arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2022ko azaroaren 21a arte, biak barne.

Zatika ordaintzeko aukera horretaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek autolikidazioa aurkeztea 5. artikuluan ezarritako epearen barrenean, eta lehenengo zatiari dagokion diru-sarrera aurreko paragrafoan aipatu epearen barrenean gauzatzea.

Nolanahi ere, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, indarrean den araudiaren arabera ekintzaile izaera duten enpresaburu eta profesionalek aukera izanen dute, aldez aurretik eskatuta, 2023ko ekainaren 24ra arte geroratzeko (egun hori barne) pertsona fisikoen errentaren gaineko 2021. urteko zergatik ordaindu beharreko kuotaren zatiaren diru-sarrera, jarduera ekintzailearen etekin garbiei proportzioan dagokiena, bermerik jarri behar izan gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe. Halakoetan, geroratzen den kuota zatiak gutxitu eginen du apartatu honen lehen paragrafoak aipatzen duen sartu beharreko kuota.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa borondatezko epean aurkezten denean (2022ko apirilaren 7tik ekainaren 24ra arte, biak barne), Ekonomia eta Ogasun Departamentuak subjektu pasiboen eskura jarritako prozedura automatikoak eta elektronikoak erabiliz, tributu-zorra, osorik edo zatika, ordaintzen ahalko da Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketan laguntzen duten finantza erakundetako edozeinetan irekitako kontu batean helbideratuz.

18. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko baldintzak eta prozedura.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ). Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek zergak batera ordaintzen badituzte, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du. Aurreko edo ondorengo ahaideen, desgaitasuna dutenen edo pertsona lagunduen kasuetan, murrizketarako eskubidea baldin badute, zerga sortzean 14 urte baino gehiago dituztenek IFZ eduki eta adierazi behar dute, baita, adin horretatik beherakoak izanik, zergari lotuta dauden eta autolikidazioan sartu beharrekoak diren errentak dituztenek ere.

b) Aplikazio informatikoan beharrezkoa bada Nafarroako Foru Ogasunaren esku dauden datu fiskalak ekartzea, bai aitortzaileak bai, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak, beren nortasuna frogatu beharko dute, horretarako erabiliz identifikazio-zenbaki pertsonala (PIN), edo ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Autolikidazioak elektronikoki aurkezteko bai laguntza programaren bitartez bai “Nafarroako Errenta online” izeneko informatika aplikazioaren bidez, aitortzaileak nor den froga dezake baliatuz ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura, edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN), zeina Nafarroako Zerga Ogasunak ematen baitu.

Baterako tributazioaren kasuan, bi ezkontideek edo bikote egonkorreko bi kideek beren nortasuna frogatu beharko dute, baliatuz ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura, edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN), zeina Nafarroako Zerga Ogasunak ematen baitu.

Halaber, aitortzaileek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak, zeinak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ikusgai dauden, Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean.

2. Akats formalak dituzten autolikidazioak aurkeztea.

Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren autolikidazioetan akats formalen bat antzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari, errore mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak bide elektronikoz aurkezteko prozedura.

–Aplikazioa ireki ondoren, programak datu fiskalak ematea nahi baldin bada, aitortzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak 1. apartatuan adierazitako moduan frogatuko dute nor diren. Hori agertzea nahi ez bada, ez da beharrezkoa izanen, une horretan, aipatutako autentifikazioa.

–Nortasuna frogatuta, eskatutako autolikidazioari dagokion informazioa erakutsiko da. Erabiltzaileak nahi izanez gero, aldatzen ahalko du.

–Autolikidazioa bukatutakoan, bidaltzeari ekinen zaio, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero. Une horretan, aitortzaileak eta, zein den kasua, bikotekidea edo bikote egonkorreko kideak nor diren frogatu beharko dute 1. apartatuan adierazitako moduan.

–Autolikidazioa onartuz gero, aukera izanen da elektronikoki balioztatutako F-93 autolikidazioaren kopia bat gordetzeko eta inprimatzeko. Bertan agertuko du aurkezpen data.

–Aurkezpena onartzen ez bada, pantailan agertuko dira aurkitutako akatsak. Kasu horretan akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.

4. Ordezkari bidez autolikidazioak elektronikoki aurkeztea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioen aurkezpen elektronikoa aitortzaileek behar bezala baimendutako ordezkari baten bidez egiten ahalko da, baldin eta ordezkari horrek banakako atxikipen agiria sinatu badu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan adierazten dena, hain zuzen ere. Kasu horretan, aurkezpena egin ahal izateko, ordezkaria identifikatu beharko da ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren bidez, eta ez da beharrezkoa izanen ordezkatuei dagokiena.

Hala eta guztiz ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak “Nafarroako online errenta” aplikazioaren bidez elektronikoki aurkezteari dagokionez, ezinezkoa da autolikidazioa elektronikoki aurkeztea ordezkari bidez, eta, betiere, norberaren izenean aurkeztu beharko da; aitortzailea identifikatu beharko da ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren, Cl@ve sinaduraren edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozeduren bidez, edo, bestela, identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) eta Nafarroako Foru Ogasunak hari emandako identifikazio pertsonaleko zenbakiaren (PIN) bidez.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko martxoaren 23n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2204332