61. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

66E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez toki erakundeentzako dirulaguntza-deialdi bat onesten baita zahartze aktiboa sustatzeko programak garatzeko 2022. urtean, zehazki, ongizate fisikoari, psikikoari, emozionalari eta sozialari heltzen dioten programak, zahartu ahala pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. DDBN identifikazioa: 612540.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, agintari publikoek urritu fisikoak, zentzumenezkoak eta psikikoak tratatzeko, bizkortzeko, integratzeko eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak emate-prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da ohiko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen dela. Salbuespenez, foru legeak aurreikusten du ezen, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko dela. Horixe da deialdi honetan gertatzen den kasua; izan ere, nahi dena da toki erakunde onuradunen kopurua ahalik eta handiena izatea.

Nafarroako Estatistika Institutuak egindako biztanleria-proiekzioen arabera, 2022an Nafarroako biztanleriaren %20 64 urtetik gorakoa izanen da, eta %7, berriz, 80 urtetik gorakoa. Beraz, Nafarroan zahartze prozesuan dauden pertsonen ehunekoa handia da.

Osasunaren Mundu Erakundeak zahartze aktibotzat jotzen du bizitza osasungarria izateko itxaropena handitzeko prozesua. Zahartze prozesu horrek osasun, segurtasun eta parte-hartze aukerak optimizatzea dakar, pertsonak zahartu ahala bizi kalitatea hobetzeko.

Prozesu horri esker, adinekoek beren ongizate fisikoa, soziala eta mentala indartzen ahalko dute beren bizi-ziklo osoan, eta gizartean parte hartuko dute beren behar, nahi eta gaitasunen arabera, betiere laguntza behar dutenean babesa, segurtasuna eta zainketa egokiak ematen bazaizkie.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, herrialdeek zahartzeari aurre egiten ahalko diote gobernuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibilak zahartze aktiboko politikak eta programak aldarrikatzen badituzte, herritar zaharrenen osasuna, parte-hartzea eta segurtasuna hobetzeko.

Nafarroari dagokionez, Zahartzaro aktibo eta osasungarrirako 2017-2022 aldiko Estrategiaren barruan, zahartze aktiboa lantzen ari da arlo estrategiko eta jarduketa-ildo guztietan, laguntza-zerbitzu komunitario, hurbil, malgu eta eskuragarrien eskaintza bat garatzeko, etxean zahartzea ahalbidetzeko.

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak laguntza eman nahi die ahalmen ekonomiko txikiagoa duten entitateei, zahartuak eta geografikoki sakabanatuak eta zerbitzu komunitarioetatik urrun dauden herrietako biztanleen beharrei erantzuten dietenei, beren proiektuak finantzatzen lagunduz.

Horregatik guztiagatik, Eskubide Sozialetako Departamentuak beharrezkotzat jotzen du politika horiek hobetzeko lan egitea, erantzun egokia emateko, autonomia pertsonala, prebentzioa eta mendekotasuna dutenen arreta sustatuz.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 92/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2022. urtean zahartze aktiboa sustatzeko programak garatzen dituzten toki erakundeentzako dirulaguntza-deialdiaren oinarriak, foru agindu honen 1. eranskinean bildu direnak. Dirulaguntzaren xede dira, zehazki, ongizate fisikoari, psikikoari, emozionalari eta sozialari heltzen dioten programak, zahartu ahala pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoa dutenak.

2. Horretarako gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura, edo helburu bererako gaitzen diren antzeko partiden kargura:

AURREKONTUKO PARTIDAK

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005 93100 4609 231B02 Toki erakundeentzako dirulaguntzak, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako

2022

160.000,00

920005 93100 4609 231B11 Toki erakundeentzako dirulaguntzak adinekoei eta mendekotasuna dutenei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko

2022

200.000,00

Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu partidan aurrekontu-baliabide gehiago badaude deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoa handitzen ahalko dira.

Partida bakoitzerako baimendutako zenbatekoa programa bakoitza ebazteko erabiliko da. Bi programa horietako baterako dirulaguntzekin agortzen ez bada modalitate horretarako erreserbatutako zenbateko osoa, soberakina beste programarako dagoen zenbatekoari gehituko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

1. ERANSKINA

Toki erakundeentzako dirulaguntza-deialdia 2022. urtean zahartze aktiboa sustatzeko programak garatzeko, zehazki, ongizate fisikoari, psikikoari, emozionalari eta sozialari heltzen dioten programak, zahartu ahala pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki erakundeekin eta Nafarroako gizarte zerbitzuen mankomunitateekin finantza-lankidetzan aritzea, eta, horretarako, araubide bat ezartzea dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte helburu hauekin egiten dituzten programak garatzeko: autonomia pertsonala sustatzea, mendekotasunari aurrea hartzea eta adineko pertsonei eta/edo mendekotasuna dutenei laguntza psikologikoa eta emozionala ematea. Hori guztia oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz eta aurrekontu-kredituan ezarritako mugen barruan.

2.-Modalitateak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza jasotzeko bi modalitate daude, bateragarriak direnak:

a) “Adinekoen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak”.

b) “Adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programa”.

3.–Entitate onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Dirulaguntza hauen onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak izanen dira, 2022. urtean adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko eginen diren programak aurkezten dituztenak.

3.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluan aurreikusitako debeku-egoeraren batean dauden toki erakundeak eta gizarte zerbitzuen mankomunitateak.

4.–Gastu diruz lagungarriak.

Aurkezten den proiektua edo programa adinekoekin batera gauzatzeko asmoz erakunde onuradunak kontratatzen dituen zuzeneko arretako langileen gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

1. Eskaerak mugatzea.

Erakunde onuradunek eskaera indibidual bakar bat aurkezten ahalko dute.

Erakundeek mankomunaturik aurkezten ahalko dituzte proiektuak, eta, kasu horretan, beste erakunde batek aurkeztu balira bezala joko dira. Proiektu mankomunatu bat aurkezten duen erakundeen elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du.

2. Eskaerak aurkeztea.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaera berariaz prestatutako ereduaren arabera aurkeztu beharko da. Eredu hori erakundearen webgunean eskura daiteke.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak eta dokumentazio orokorra, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, ez dira aurkeztutzat joko, zuzentzeko errekerimendua eginda ere, 5. eranskinera (Proiektuaren oinarrizko deskribapenaren fitxa) egokitzen ez diren eskaerak, ez eta fitxa horren bidez modu telematikoan aurkezten ez direnak ere. Beraz, ez aurkeztutzat joko dira eta ez dira zuzentzen ahalko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Toki erakundeak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) 3.1 oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, finantzatu beharreko proiektua adierazita.

b) Eskatutako dirulaguntzaren xede den proiektu teknikoa, honako hauek zehaztuta: helburu orokorrak eta espezifikoak, erabilitako metodologia, jardueren deskribapena, proiektuaren onuradunen azalpen argia, parte hartuko duten pertsonen kopurua, proiektuaren plangintza eta egutegia, aurrekontua eta abar, bai eta ebaluazio-adierazleen deskribapena ere. Era berean, diruz lagundu beharreko programa bakoitzeko oinarrizko deskribapen fitxa bat beteko da, 5. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Zilegi da erakunde onuradun desberdinek eremu geografiko berean gauzatzea programak, 2. oinarrian adierazitako a) eta b) modalitateetatik edozeinetan.

Ez da finantzatuko erakunde onuradun desberdinek modalitate bereko programak gauzatzea xede-populazio berarentzat.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, 6. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

d) Erakunde eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua, 7. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Dirulaguntzaren xede izanen diren adineko pertsonentzako programetan zuzenean esku hartzen duten profesionalen titulazioaren kopia.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, erakunde interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari haietan sartzeko.

Erakundeak, nahi izanez gero, bestelako eranskin osagarriak aurkezten ahalko ditu. Eranskin horiek argibideetarako eta ez beste ezertarako izanen dira, eta baloratzeko behar diren nahitaezko dokumentuetatik behar bezala bereiziak aurkeztuko dira.

6.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak antzematen badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun naturaleko epean osatu edo zuzendu ditzala, eta adieraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduan.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

7.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

8.–Arau orokorrak: dirulaguntzak emateko prozedura, lehentasunak eta balorazioa.

8.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, oinarri arautzaile hauetan aurretik ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Aurreikusita dagoen gehieneko dirulaguntzaren eta eskatzen den dirulaguntzaren arabera esleituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

8.2. Balorazioa.

Lehenengo eta behin, 1. irizpidearen arabera baloratuko dira eskaerak (“Proiektuaren kalitate teknikoa”), zeina 2. eranskinean zehaztua baitago. Irizpide honetan gehienez 80 puntu lor daitezke, eta gutxienez 40 puntu lortu behar dira proiektua diruz laguntzeko modukoa izan dadin.

Ondoren, 1. irizpidean 40 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskaera guztiak ordenatuko dira, bakar-bakarrik 2. irizpidea aplikatuz (“Eremu geografikoa”).

2. irizpidea aplikatuta puntu-berdinketarik gertatzen bada, kontuan hartuko da programak gauzatzen diren herriko edo herrietako biztanle kopurua, aintzat harturik horretarako 2020an argitaratutako azken biztanleriaren errolda, eta biztanle kopuru txikienetik handienera ordenatuko dira.

Modalitate bakoitzeko eskaeren balorazioa bereizita eginen da. Onartzen diren dirulaguntzekin agortzen ez bada kasuan kasuko modalitaterako erreserbatutako zenbateko osoa, soberakina beste programarako dagoen zenbatekoari gehituko zaio.

9.–Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa taula hau aplikatuz zehaztuko da:

TOKI ERAKUNDEAK 2020KO URTARRILAREN 1EAN DUEN
BIZTANLE KOPURUA

DIRUZ LAGUNTZEN DEN
LANGILE-KOSTUAREN EHUNEKOA

< 1.000

% 80

1.000-5.000

%70

5001 - 10000

%60

10.001-20.000

%50

> 20.001

%40

Ezein erakundek jaso dezakeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inoiz 25.000 eurotik gorakoa izanen.

10.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du laguntza emateko ebazpena, instrukzio organoaren proposamenari jarraikiz.

Eskaera bakoitza ebaluatu ondoren, behin betiko balorazioa zehaztuko da. Proiektuak balorazio positiboa badu, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, aurkeztutako proiektuan adierazitako langile-gastuaren arabera.

Deialdi honen 8.2 puntuan jasotzen den bezala, baloratu ondoren, 2. eranskineko 1. irizpidean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten eskaerei ez zaie dirulaguntzarik emanen.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta ebazteko orduan oinarritzat hartu diren alderdiak adieraziko dira. Dirulaguntza emanez gero, zehaztuko dira helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki erakundeek, bestalde, deialdi honen 14. oinarrian publizitateari buruz eskatzen dena bete dela jakinaraziko dute egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, erakunde interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 13. oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

13.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

13.1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Gastuak justifikatzeko, erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, beranduenik, kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langile gastuen zerrenda.

Proiektua erakundeko langileekin egiten bada, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira: nominak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak; langileen zerrenda izenduna (RNT), diruz lagundutako programak garatzen dituzten profesionalak jasotzen dituena; kotizazioen likidazio agiriak (RLC), eta erakundeak agiri horiek ordaindu izanaren ordainagiriak. Justifikatutako aldiei dagozkien PFEZaren hiru hileko ordainketa-gutunak ere aurkeztuko dira (715 eredua), zerga horren konturako diru-sarrerei dagozkienak.

Gastuen zerrenda hori telematika bidez igorriko dute erakundeek, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetara baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez gauzatzen bada, zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidaliko die erakundeei onartutako gastuen zerrenda, gastuen aldaketak barne (halakorik baldin badago), eta onartutako dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu izana ziurtatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeari begira.

Gainera, jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, erakundeek memoria tekniko bat eta gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola adierazten duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; eta horri guztiari programarekin loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programen exekuzioaren gaineko memoria teknikoa.

Memoria horrek gehienez ere hamar folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Memorian, gauzatutako programaren ezaugarri guztien berri emateaz gain, programaren erabiltzaile bakoitzaren banakako jarraipena egin beharko da.

Gainera, toki erakundeak adieraziko du zer publizitate egin duen programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela esanez, Nafarroako Gobernuaren ikur ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzaren erabiltzaileen zerrenda, generoaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Diru-sarreren kapituluan, erakundeak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

13.2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2023ko otsailean, erakunde onuradunak erakundearen memoria tekniko bat aurkeztuko du jarduera egin izana justifikatzeko dokumentazio gisa, non deialdi honetan diruz lagundutako programak agertuko diren.

Memoria horrek gehienez ere hogeita bost folio (50 orrialde) izanen ditu, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopuruan sartzen dena baloratuko du bakarrik.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

14.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea erakundeak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala, edozein jarduketa-arlotan.

b) Eranskin honen 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

i) Oro har, diruz lagundutako jarduerari buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala erakutsi beharko da deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua partez aldatu zuen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoarekin.

15.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

15.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzarmen bat sinatzea haiek gauzatu dezaten, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

15.2. Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, erakunde onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik onena egiten duenarekin sinatuko du. Erakunde onuradunak kontsulta-tramite horren gaineko dokumentazioa eta dagozkion eskaintzak gorde beharko ditu, eta kontu horiek guztiak agiri bidez frogatu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratuak indarra hartu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

16.–Baldintzak aldatzea.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten erakundeek diruz lagundutako programen edo oinarrizko jarduketen edukia aldatzeko baimena eskatzen ahalko dute, baita hura gauzatzeko modua eta epeak ere, kasu hauetan:

a) Oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideak egoki erabiltzearen ondorioz, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta gerakin horiek laguntza jasotzen duen proiektuko jarduerak handitzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

17.–Itzulketak eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, erakundeak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da erakundeak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, erakunde onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da. Atzeratzen den seigarren egunetik aurrera, %1 gehituko da egun bakoitzeko, epe hori bukatu eta, gehienez, hurrengo 15 egun naturalez.

18.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2. ERANSKINA

Zahartze aktiborako programak baloratzeko irizpideak: adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak eta adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak.

Aurkezten den proiektuaren kalitate teknikoaren balorazioak gutxienez 40 puntu lortu beharko ditu diruz lagungarria izateko.

1. irizpidea: Proiektuaren kalitate teknikoa: 80 puntu gehienez.

BALORAZIO IRIZPIDEAK

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

ATAL BAKOITZEKO GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA, GUZTIRA

IRIZPIDE TEKNIKOAK

KALITATEA

Programaren helburu orokorren deskripzioa

5

50

Jardueren helburu espezifikoen deskripzioa

8

Jardueren deskripzioa

15

Programaren plangintza eta egutegia

6

Parte-hartzaileen profilaren definizio argia

6

Ebaluatzeko adierazleen deskripzioa eta koherentzia

10

BERRIKUNTZA

Programaren metodologia

10

20

Beste erakunde batzuetara transferitzeko eta errepikatzeko aukerak

5

Sormena eta originaltasuna

5

SAREKO LANA

Beste toki erakunde batzuk proiektuan inplikatzea

5

10

Udalez gaindiko beste erakunde batzuk proiektuan inplikatzea

5

GEHIENEKO PUNTUAZIOA, GUZTIRA

80

2. irizpidea: Lurralde jarduketaren eremua: 25 puntu gehienez.

LURRALDE BANAKETA

EREMU GEOGRAFIKOA

Programa 1.000 biztanle baino gutxiago dituen udalerri batean gauzatzen da

25

Programa 1.000 biztanletik gorako eta 5.000 biztanletik beherako udalerri batean gauzatzen da

20

Programa 5.000 biztanletik gorako eta 10.000 biztanletik beherako udalerri batean gauzatzen da

15

Programa 10.000 biztanletik gorako eta 20.000 biztanletik beherako udalerri batean gauzatzen da

10

Programa 20.000 biztanle baino gehiago dituen udalerri batean gauzatzen da

5

3. ERANSKINA

A modalitatearen oinarri espezifikoak: adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa

1.–Xedea.

Modalitate honen xede dira autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak. Programa horien barruan sartzen dira modu anbulatorioan ematen diren zerbitzuak, helburu dutenak norberaren bizitza kontrolatzeko, bizitzari aurre egiteko eta norberaren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasun pertsonala garatzea eta mantentzea, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko erraztasunak emanez.

2.–Helburu orokorrak.

Zahartze aktiborako programek helburu orokor hauek izan behar dituzte:

–Zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea, mendekotasunari aurrea hartzeko ekintzak garatuz.

–Adinekoen autonomia eta garapen pertsonala eta zaintzaileen atsedena sustatzea.

–Adinekoek eguneroko jarduerak egiteko dituzten gaitasunak indartzea, mantentzea edo haien galerari galga jartzea.

–Norberaren zainketarako jarduerak garatzeko behar diren sostenguak eta zainketak bermatzea.

–Pertsona bakoitzak bere egoera eta bere bizi kalitatea hobetzeko behar dituen zainketak eta sostengu pertsonal eta soziala eskaintzea, tratu duina emanez, norberaren borondatea errespetatuz eta, kasua bada, ahaideen ekarpenak aintzat hartuz.

–Adinekoek autonomiari eusteko bideak sustatzea eta haien lehentasunen, interesen eta bizi proiektuen garapena bultzatzea.

–Pertsona bakoitzak bere ezagutza-ahalmenari eusteko gaitasun intelektual esanguratsuenak lantzea.

–Esperientziak garatzeko moduko testuinguruak sortzea.

–Zaintzaileari behar bezalako laguntza ematea, adinekoari eta bere buruari arreta egokia ematen diola bermatzeko.

3.–Programa diruz lagungarriak.

Agindu honen ondorioetarako, toki erakundeek eta gizarte zerbitzuetako mankomunitateek 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko garatzen dituzten programak dira diruz lagungarriak, betiere zuzenduak badaude 65 urtetik gorako pertsonei, mendekotasuna izan ez arren hauskortasun-zantzuak dituztenei eta mendekotasun moderatua duten 60 urteko pertsonei.

Programa diruz lagungarriak arlo hauetan garatu beharko dira:

a) Jarduera fisikoaren eta gaikuntza funtzionalaren arloa. Programen helburua autonomia fisikoa sustatzea eta/edo mantentzea izanen da, osasunari eusteko eta hobetzeko jarduera fisikoak diseinatuz eta gauzatuz.

Programetan, honako oinarrizko jarduera hauek sartuko dira: giltzaduren mugikortasuna, muskuluak luzatzea eta indartzea, koordinazio orokorra, oreka, eta gorputz jarreraren zuzenketa eta doikuntza.

Jarduera honen onurak muskulu-tonuari eustera eta artikulazioen mugimendua mantentzera edo zabaltzera bideratuko dira.

b) Arlo kognitiboa. Programa hauen helburua izanen da prebentzio jarduerak egitea goi mailako gaitasun kognitiboak pizteko, hots: arrazoitzea, arintasun mentala mantentzea, kontzentrazioa, hizkuntza eta oroimena entrenatzea, hori guztia gaitasun kognitiboen hobekuntza eta errehabilitazioa sustatuko dituzten teknikak eta estrategiak eskainiz. Programa horiek teknologia berriak erabiliz egiten ahalko dira.

Jardueren helburua narriadura kognitiboa atzeratzea izanen da, dauden gaitasunak ahalik eta gehien garatuz, pertsonak ahalik eta independentzia handiena izan dezan, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko eta erabakiak hartzeko beharrezkoak diren trebetasun psikosozialak areagotuz.

c) Arlo emozional-afektibo soziala. Programen helburua adinekoen erresilientzia eta ongizate emozionala eta mentala sustatzea izanen da, behar diren tresnak eskainiz ongizate emozional handiagoa izan dezaten laguntzeko.

Era berean, adineko eta/edo mendeko pertsonen zaintzaile ez-profesionalei aholkularitza, prestakuntza eta informazioa emateko programak diseinatzen ahalko dira. Programa hauek diseinatzean, informazioa eta aholkularitza sustatzea bilatuko da, bai eta taldekako esku-hartze psikoedukatiboak ere familia zaintzaileentzat.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrera hartzeko programetan, diruz laguntzeko moduko langiletzat hartzen dira programa gauzatzen duten langile kontratatuak, bai toki erakundeak edo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak zuzenean kontratatzen dituenak, bai programa egikaritzen duen enpresa baten bidez kontratatzen direnak laguntza teknikoa emateko.

Jarduera fisikoaren eta gaikuntza funtzionalaren arloko programen kasuan, programa gauzatzen duen langilea jarduera fisikoaren edo soziosanitarioaren arloko profesionala izan beharko da.

Arlo kognitiboko programen kasuan, arlo soziosanitarioko edo psikologiako profesionalak dira egokiak horrelako programak gauzatzeko.

Arlo emozional-afektibo sozialeko programak profil psikologikoa duten profesionalek gauzatuko dituzte.

5.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Programa hauetako dirulaguntzetarako 160.000,00 euro bideratu dira, “Toki erakundeentzako dirulaguntzak autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako” izeneko 920005 93100 4609 231B02 partidaren kargura.

4. ERANSKINA

B modalitatearen oinarri espezifikoak:
adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza sikologikoa eta emozionala emateko programa

1.–Xedea.

Adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programak, ahal den neurrian arazo psikologikoak eta emozionalak prebenitzeko eta arintzeko. Programa horiek estres, depresio edo antsietate egoerak kudeatzeko hainbat ekintza biltzen dituzte.

2.–Helburu orokorrak.

Hauek dira horrelako programak gidatu behar dituzten helburu orokorrak:

–Herriko adinekoen eta/edo mendekotasuna duen pertsonen egoera emozionala identifikatzea, pandemia dela kausa laguntza psikologikoa eta/edo emozionala behar duten pertsonak detektatzeko.

–Laguntza psikologikoa ematea eritasuna igaro duten edo hurbileko ahaide bat galdu duten adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei.

–Parte-hartzaileei estrategia emozionalak eta psikologikoak ematea, bizimodu osasuntsua izan dezaten osasun mentalari dagokionez, eta eguneroko bizitzako arazoak konpondu ahal izateko.

–Beste pertsonekiko interakziorako eta komunikaziorako trebetasun sozioafektiboak mantentzea eta garatzea, adin horretan berez izaten den isolamendu psikosoziala arintzeko.

–Zaintzaileari behar bezalako laguntza ematea, adinekoari eta bere buruari arreta egokia ematen diola bermatzeko.

–Adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen osasun mentalari buruz informatzea eta sentsibilizatzea.

–Pertsona horien bizitzako errealitatearen ondorioz beste pertsona batzuengandik urrundu izanak dakarkien estresa kudeatzen laguntzea.

–Herrian laguntzarako gizarte sareak garatzea eta laguntza emozionala behar duten pertsonen eta herriko gizarte sarearen arteko loturak erraztea.

3.–Programa diruz lagungarriak.

Agindu honen ondorioetarako, toki erakundeek edo gizarte zerbitzuetako mankomunitateek 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitarte adinekoentzat eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat diseinatu eta garatzen dituzten psikologia komunitarioko programak dira diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko dira adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen ongizatea eta erresilientzia sustatzeko ekintzak jasotzen dituzten programak, krisi egoeran dauden pertsonei laguntzeko tresnak eskaintzen dituzten neurrian.

–Adinekoen osasun mentala sustatzeko eta prebentziorako tailer psikoedukatiboak.

–Ongizate emozionalari eta nahasmendu afektiboen prebentzioari buruzko tailerrak: antsietatea, depresioa eta estresa.

–Lehen sorospen emozionalei buruzko tailerrak.

–Autozainketako prestakuntza-tailerrak adinekoentzat.

–Adinekoen loaren nahasmenduei buruzko talde-tailerrak.

–Daukaten zaurgarritasun egoera dela kausa, arreta pertsonalizatua behar duten pertsonentzako laguntza, orientazio eta aholkularitza indibidualerako programa laburrak.

–Telefono bidezko aholkularitza programa indibidualak pertsona horiei arreta emozionala emateko, mugikortasun arazoek edo urruntze sozialak eragindako krisi uneetan edo nahi ez den bakardade-egoera bizi dutenean.

–Haiek nahi gabe bakardadean eta bakarrik bizi diren adinekoei edo mendekotasuna dutenei laguntza eskaintzeko autolaguntza-taldeak.

–Gizartean isolatuak dauden adinekoei etxez etxe bisitak egiteko programa.

Diruz lagundutako programak esku-hartze indibidualetan gauzatzen ahalko dira, etxean bertan, edo taldeka, programak sustatzen dituen erakundeak gaitutako zentroetan.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programetan, diruz laguntzeko moduko langiletzat hartzen dira psikologiako profil profesionala izanik programa gauzatzen duten langile kontratatuak, bai toki erakundeak zuzenean kontratatzen dituenak, bai programa egikaritzen duen enpresa baten bidez kontratatzen direnak laguntza teknikoa emateko.

Deialdi honen bidez, programak adinekoekin zuzenean garatzen dituzten profesionalentzako dirulaguntzak ematen dira. Profesional horiek toki erakundeak berak kontratatzen ahalko ditu zuzenean, edo programa egikaritzen duen enpresa baten bidez kontratatzen ahalko dira, laguntza teknikoa emateko.

5.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Programa hauetako dirulaguntzetarako 200.000,00 euro bideratu dira, “Toki erakundeentzako dirulaguntzak adinekoei eta/edo mendekotasuna dutenei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko” izeneko 920005 93100 4609 231B11 partidaren kargura.

Iragarkiaren kodea: F2203205