59. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat zerbitzu eginkizunetan betetzeko

Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko martxoaren 3an egin bilkuran, udaltzain-agentearen lanpostu bat zerbitzu eginkizunetan betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hona hemen deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da lanpostu huts hau aldi baterako betetzea, borondatezko zerbitzu-eginkizunetako izendapenaren bidez:

Zerbitzua/Bulegoa

Herritarren segurtasuna

Lanpostuaren izena

Udaltzain-agentea

Izaera

Karrerako funtzionarioa

Maila

C

Lanaldia

Osoa

Ordutegia

Txandakako lanaldia

Berariazko osagarria

%45

Destinoko osagarria

%25,15

Lanpostu hutsen kopurua

1

Agindutako eginkizunak

Azkoiengo Udaltzaingoari dagozkionak

Lanpostu hutsa zerbitzu-eginkizunetan urtebetez beteko da, eta beste urtebetez luzatu ahal izanen da, bat etorriz Estatuaren Administrazio Orokorraren Zerbitzuan Langileak Sartzeko eta Estatuaren Administrazio Orokorreko Funtzionario Zibilen Lanpostuak Hornitzeko eta Sustapena egiteko Erregelamenduaren 64.3 artikuluan ezarritakoarekin. Erregelamendu hori martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta Toki Administrazioko funtzionarioei ordezko gisa aplikatzekoa da, bat etorriz Toki Araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren 168. artikuluarekin.

Bigarrena.–Izangaiak onartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da:

a) Karrerako funtzionarioa izatea edozein administrazio publikotan, lanpostu hutsaren lanbide-sailkapeneko talde berekoa; hau da, udaltzain-agente izatea.

b) Zerbitzu aktiboan egotea edo beste edozein administrazio-egoeratan, salbu eta eginkizun-gabetze irmoaren ondoriozko egoeran.

c) Funtzionario eskatzailearen udaleko organo eskudunaren berariazko adostasuna izatea, hura udal honi zerbitzu-eginkizunetan atxikitzeko aukerari dagokionez.

d) Espediente pertsonalean ez izatea falta astun edo oso astunik, ebazpen irmoaren ondorioz. Ez dira kontuan hartuko ezeztatutakoak.

e) Alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak aurkeztea.

f) Bere eginkizunekin bateraezina den edo izan daitekeen prozedura administratibo edo judizial batean sartuta ez egotea.

g) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun funtzionala izatea.

Aurreko apartatuetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta mantendu beharko dira hautaketa-prozesu osoan zehar, lanpostuaz jabetzeko unera arte, hala badagokio.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

Lanpostu hutsa aldi baterako betetzeko prozesuan parte hartzeko eskabideak Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta udal honen erregistro elektroniko orokorrean aurkeztuko dira, horretarako sortutako izapidearen bitartez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean. Horretarako 10 egun baliodun izanen dira, deialdiaren iragarkia udal honen egoitza elektronikoan (http://peralta.sedelectronica.es), iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Bertan izangaiek adieraziko dute lanpostu hori betetzeko oinarrietan eskatutako baldintzak biltzen dituztela.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dituzte izangaiek:

a) Dagokion eskualdeko segurtasun-eskolaren ziurtagiria, egiaztatzen duena polizia-agentearen trebakuntza ikastaroa gainditu duela.

b) Curriculum vitaea, honako hauek jasoko dituena: titulu akademikoak, zerbitzu-urteak, Nafarroako polizia kidegoetan betetako lanpostuak, bere lanpostuarekin lotuta egindako ikasketak eta ikastaroak, eta egokitzat jotzen dituen beste merezimendu batzuk.

c) Curriculum vitaearen frogagiriak.

d) Jatorrizko udaleko idazkariak edo, bestela, jatorrizko administrazioan funtzio hori dagokion goragokoak emandako ziurtagiria, izangaia administrazio horretako funtzionarioa dela eta zerbitzu aktiboan dagoela egiaztatzen duena; antzinatasuna ere egiaztatuko du.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

Behin eskabideak aurkezteko epea amaituta, alkateak onartutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan eta web-orriko gardentasun atarian (enplegu publikoaren atala). Baztertutakoek 5 egun balioduneko epea izanen dute zuzendu daitezkeen akatsak zuzentzeko.

Epe hori igarotakoan, behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen da, eta aurreko apartatuko bitarteko berberak erabiliz argitaratuko da, elkarrizketak egiteko leku, egun eta orduekin batera.

Bosgarrena.–Balorazio Batzordea.

Honako hauek osatuko dituzte Balorazio Batzordeak:

Batzordeburua: Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

Batzordekidea: Marcos García Martínez.

Idazkaria: Eva María López Soto.

Hitza eta botoa dituztela arituko dira.

Balorazio Batzordeak adituak izendatzeko eska diezaioke deialdia egin duen agintaritzari. Aditu horiek aholkulari gisa arituko dira, hitzarekin baina botorik gabe, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluarekin.

Balorazio Batzordearen jarduna hertsiki lotuko zaie deialdiaren oinarriei; hala ere, arauak aplikatzean sortzen diren zalantzak ebatziko ditu Batzordeak, bai eta arau horietan aurreikusi gabeko kasuetan bidezkoa dena ere.

Batzordeek puntuaziorik handiena lortu duen hautagaia bakarrik proposatuko dute.

Balorazio Batzordeko kideen abstentzioari eta errekusazioari dagokionez, jarraituko zaio Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoari.

Seigarrena.–Izangai egokia hautatzea, buruz buruko elkarrizketaren bidez.

Hautaketa eginen da onartutako izangai bakoitzari buruz buruko elkarrizketa eginez, egokitasun handienaren irizpidean oinarrituz –betiere Batzordearen ustez–; horretarako, kontuan hartuko dira aurkeztutako curriculumak, eta baloratuko dira esperientzia eta prestakuntza espezifikoa, bai eta elkarrizketa egitean agerian jarritako gaitasunak ere.

Izangaiei dei eginen zaie buruz buruko elkarrizketa egiteko, iragarkia paratuta udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-taulan. Deialdi bakarra eginen da eta prozesutik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak, behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Epaimahaiarekin elkarrizketan arituko da aldi baterako bete nahi duen lanpostuaren eginkizunekin lotutako gaiei buruz, bere lanbide-esperientziari buruz eta bere prestakuntza-mailari buruz.

Irizpide horien arabera, izangai bakoitza 0 eta 10 puntu artean kalifikatuko da.

Zazpigarrena.–Izendapen proposamena.

Izangaien ebaluazioa amaitu ondoren, elkarrizketaren emaitza izangai guztien zerrenda batean jasoko da, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta.

Zerrenda hori jendaurrean jarriko da udal honen egoitza elektronikoan (http://peralta.sedelectronica.es) eta iragarki-taulan, 5 egun balioduneko epean, prozesuko parte-hartzaileek epe horretan erreklamazioak egin ahal izateko.

Epe hori igarota eta erreklamazioak ebatzita, lanpostua betetzeko behin betiko proposamena eginen da eta organo dei egileari igorriko zaio, argitara dezan, ebazpen arrazoitua eman ondotik, udal honen egoitza elektronikoan (http://peralta.sedelectronica.es) eta iragarki-taulan. Interesdunari jakinaraziko zaio eta espresuki ohartaraziko zer epetarako izendatuko den; epe hori gehienez ere urtebetekoa izanen da, beste urtebetez luzatzekoa, baldin eta ez bada behin betiko bete.

Zortzigarrena.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

Hautatuak jatorrizko administrazioaren aldeko txostena aurkeztu beharko du bost egun balioduneko epean, zerbitzu-eginkizunetan lanpostua betetzeko izangai egoki gisa hautatu dutela jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita, eta hiru egun balioduneko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapen horren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo zortzi egun balioduneko epean, bizilekuz aldatzea badakar.

Emandako epean hautatuak zerbitzu-eginkizunetarako izendapenaren aldeko txostenik aurkezten ez badu edo lanpostuaz jabetzen ez bada, berdin jokatu ahal izanen da batzorde teknikoaren ebaluazioan bigarren geratu den izangaiarekin, eta horrela hurrenez hurren.

Bederatzigarrena.–Gorabeherak.

Oinarri hauen eta deialdi honen aurka jo daiteke, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien aurka eta deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Oinarrietan aurreikusi gabeko orotan, honako hauek aplikatuko dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duena; abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua, Toki Araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onesten duena; 30/1984 Legea, Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzkoa, eta ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretua, Toki Administrazioko funtzionarioak hautatzeko prozedurak bete beharreko oinarrizko arauak eta gutxieneko programak ezartzen dituena.

Azkoienen, 2022ko martxoaren 7an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

Iragarkiaren kodea: L2203361