57. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Ordenantza fiskala, arautzen duena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2021eko abenduaren 30ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza fiskal bat, arautzen duena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, espedientean dagoen testuaren arabera. Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2022ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 13koan.

Ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik egin gabe, eta, hala, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Zangozan, 2022ko otsailaren 28an.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ZANGOZAKO UDALAREN TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA

1. artikulua. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautuko da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari edo horren ordezko araudiari (2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa).

2. artikulua. Bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), honako hobari hauek ezartzen dira trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kuotaren gainean:

a) %50eko hobaria “EKO ibilgailuetarako”.

b) %100eko hobaria “0 emisioko ibilgailuetarako”.

3. artikulua. Honako hauek hartuko dira “ECO ibilgailutzat”:

Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Betiere, parametro hauek ere bete beharko dituzte: erregaia eta gasolina duten ibilgailuak, EURO 4/IV, 5/V edo 6/VI emisio-mailakoak, edo diesel erregaia, EURO 6/VI emisio-mailakoa.

8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC), gas natural likidotuz (GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP). Ibilgailuen emisio-maila EURO 6/VI izatea ere bete beharko dute beti, erregai-mota edozein izanda ere.

Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan sailkatuta daudenak 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarri gisa (PHEV), edo entxufagarriak ez diren ibilgailu hibrido gisa (HEV); eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk.

4. artikulua. Honako hauek hartuko dira “0 emisioko ibilga ilutzat”:

Ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, honela sailkaturik daudenak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Ibilgailuen Erregistroan: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak, bai eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak halakotzat sailkatutako beste batzuk ere.

5. artikulua. Hobariak aplikatzeko baldintzak.

1.–Ordenantza honetan ezarritako edozein hobari aplikatzeko, zergaren subjektu pasiboak eskatu egin beharko du, eta zer ibilgailutarako eskatzen den hobaria, erantsi beharko ditu hura hobaria jasotzeko moduko egoeran egotearen frogagiriak.

Hobariez gozatzeko, beharko da Udalak aldez aurretik aitortzea, eta aplikatuko da subjektu pasiboak eskaera egin eta hurrengo hiruhileko naturaletik hasita, eta hiruhileko naturaletan hainbanatuko da zergaren kuota, ondorio horietarako. Matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute, Trafiko Burutzan alta hartzen dutenetik, hobaria eskatzeko, urte horretan bertan ondorioak izateko.

Udalerrian erroldaturik egon beharko du zergaren subjektu pasibo den eskatzaileak.

Hobaria jasotzeko beharrezkoa izanen da egunean egotea zergaren ordainketan; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, ezetsi eginen da hobaria jasotzeko eskaera, edo hobaria galdu eginen da, jada eman bazen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2202969