56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39E/2022 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona ureztatzeko “Estación de bombeo Saso Pedriz” izeneko instalazio fotovoltaikoari, Tuterako udal-mugartean. Sustatzailea Saso Pedrizeko Ureztatzeen Sindikatua da.

2021eko maiatzaren 21ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen dituela.

Proiektuak aurkezten du 405 kW-ko gehieneko potentzia izanen duen instalazio fotovolotaikoa, Tuterako 35. poligonoaren 243. eta 244. lurzatietan, ura Lodosako Ubidetik hartu eta ponpatzeko behar den elektrizitatea sortzeko. Energia soberakina sare elektrikora igorriko da. Lurzatiak sustatzailearen jabetzakoak dira, eta guztira 17.477,53 m²-ko azalera dute, haietatik 566,36 m² dagozkiola elektrizitatea jasoko duen ponpaketa etxolari.

Lurzatiak nekazaritzako lautada ureztatu batean daude, Lodosako Ubidetik (ekialdean) eta NA-3010 eta AP-68 errepideetatik (iparraldean eta hego-mendebaldean) hurbil. Bi lurzatiek nekazaritzako ureztalurren erabilera izan dute.

Instalazioa bi lurzatien iparraldeko erdialdean proiektatzen da, 7.765 m²-ko azalera batean, inguruan 355 metroko itxitura jarrita (plastikoz babestutako bihurdura bakuneko 2 metroko sarea). 450 Wp-ko 900 panel jarriko dira, 9 multzo edo “string” eratuz, lurretik 0,5 metroko altuerara jarrita, eta 2,6 metroko gehieneko altuerarekin. Egitura zuzen tinkatuko da lurrean, 1,5 metroko sakoneran, eta hormigoia erabiliko da transformadorea eta inbertsoreak hartuko dituen etxolari dagokion 16,1 m²-ko azaleran.

Tentsio baxuko kondukzioak eginen dira plaka multzoetatik etxolara, lurzatiaren hego-ekialdean. Horrez gain, energia lur azpiko tentsio altuko linea batetik eramanen da ponpaketa etxolara eta sare elektrikora (lurzatian berean). Tentsio baxuko kondukziorako bi zanga irekiko dira, 94 eta 84 metroko luzera, 40 cm-ko sakonera eta 60 cm-ko zabalerakoak. Tentsio altuko zanga 67 metroren bat luze izanen da, eta 40 cm-ko zabalera eta 80 cm-ko sakonera izanen ditu.

Eremua berdintzeko lanak aurreikusten dira, 300en bat m³ lur mugituz, eta atzera-hondeamakinarekin zulatuko dira zangak eta etxola zimentatzeko azalera. Indusketako materiala zangak betetzeko erabiliko da, eta soberakina (30 m³ estimatzen da) modu homogeneoan hedatuko da lurzatietan.

Tuterako Udalari txostena eskatuz 2021eko ekainaren 15ean igorritako jakinarazpena jasoa dago espedientean, baina erantzunik ez da jaso. 2022ko urtarrilaren 17an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du hainbat baldintza jarrita, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Estación de bombeo Saso Pedriz” izeneko ureztatzeko instalazio fotovoltaikoari, Tuterako udal-mugartean. Sustatzailea Saso Pedrizeko Ureztatzeen Sindikatua da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren lur gaineko elementuek 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

Ingurumen arlokoak:

–Materialak biltzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako guneak ahalik eta azalera txikiena hartuko du eta argi zedarrituko da lurraren gainean, lanei ekin aurretik.

–Ahal den gehien errespetatuko da oraingo topografia, ezponda berriak eta indusketako lur soberakinak sortzea saihestuz.

–Ahal den guztietan, hormigoia erabiltzea saihestuko da. Proiektuan adierazten den bezala, plakei eusteko egiturak zuzenean lurrean tinkatuko dira.

–Zanga irekitzeko lanetan, lehenik azaleko landare-lurraren geruza kenduko da; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita bildu beharko da, eta lurrazalean paratuko da berriro, zangak estaltzeko unean. Beharrezkoak diren obrak bukatuta, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare-lurra zabaldu eta ondoren ongi orraztuta, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean zanpatutako lurrak harrotu beharko dira.

–Azpiegiturarik hartzen ez duten eremuen lurrazalak belar estalkia izan behar du, zoruaren higadura saihestu eta basa faunarentzako habitat bat lortzeko. Horretarako, lanak bukatu eta berehala eginen da ereintza, lur soilduetan edo zanga eta bestelako jarduketek ukitutako lurretan. Ereintza egiteko klimara eta eremura egokitutako espezie autoktonoak erabiliko dira.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Gainera, baloratuko da proposameneko bihurdura bakuneko hesiaren ordez beste bat jartzea, iragazkortasuna hobetuko duena tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea).

–Instalazioa paisaian integratzen laguntzeko, kokatzen den nekazaritza eremuan olibondo edo almendrondo ilara bat landatu beharko da (altuera txikiko espezieak dira) zuhaitzik gabeko perimetroan, aleen artean gutxi gorabehera 10 metroko tartea utziz, eta jarraitzaile fotovoltaikoetatik aparte, itzalik ez emateko. Eskualdean ohikoak diren bestelako basa espezieak ere erabiltzen ahal dira.

–Obra bukatuta, behin-behineko instalazio guztiak eta obren hondakin guztiak kenduko dira, eta inguruaren garbiketa orokorra eginen da.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektronikoa bidaliko dio Tuterako barrutiari (gmatudela@navarra.es).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen; beraz, espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari, Tuterako Udalari, Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako koordinazio unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2202944