56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33E/2022 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 612400.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak ezinbestekotzat dauka askotariko neurriak abiarazten segitzea txikizkako merkataritzan aritzen diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna eta berritzeko gaitasuna hobetze aldera, eta horretarako, sektorearen eraldaketari babes ematen dio.

Hori horrela, asmoa da laguntza ematea honako inbertsio hauei: azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko behar direnei; informazioaren eta komunikazioaren teknologiak txertatzea bultzatzen dutenei, enpresen garapen teknologikoa oinarri duten kudeaketa eredu berriak ezar daitezen, eta, orobat, merkataritza arloko ekintzailetza sustatzen dutenei.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 697.160 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83100-7701-431402, “Merkataritzako enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak. Lehiakortasuna hobetzea eta enpresak sortzea”.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 25ean.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta merkataritzan ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzen deialdia. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzan ari diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen araubidea zehaztea eta enpresa berrien sorrera bultzatzea sektore horretan.

Merkataritza sektoreko enpresa-ehuna indartzea eta hari oinarri sendoa ematea da deialdi honen helburua, eta hori Nafarroako herrien hiri-bilbean integratutako saltegien modernizazioaren bidez lortu nahi da.

Horrez gain, asmoa da sektoreko enpresa txiki eta ertainen kudeaketa-sistemak hobetzea, informazio eta komunikaziorako tresna teknologiko berriak aplikatuz, bide ematen dutenak kontsumo eredu berrietara egokitzeko eta garapen teknologikoa lortzeko.

Bukatzeko, sektoreko enpresen sorrera sustatu nahi da, txikizkako merkataritzaren enpresa proiektu berriak ezarriz, eta, horrela, sektorean enpleguaren sorrera bultzatu.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

1. 697.160 euroko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, honela zehaztuta, diruz laguntzen ahal diren proiektu moten arabera:

PROIEKTU MOTAK

ZENBATEKOA

A) Modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (MEP)

450.000

B) Berariazko proiektuak (BP)

80.000

C) Merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEPR)

140.000

D) Merkataritza ez-egonkorreko proiektuak (MEEP)

27.160

GUZTIRA

697.160

Modernizazioa eta eraberritzea ataleko proiektuei kasu egiteko kreditua honela bereizten da:

A) MODERNIZATZEKO ETA ERABERRITZEKOPROIEKTUAK (MEP)

ZENBATEKOA

Iruña

180.000

Nafarroako gainerako toki-erakundeak

270.000

GUZTIRA

450.000

2. Proiektu mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, beste proiektu mota batzuen eskaerei erantzuteko erabiliko da, honako honi jarraikiz:

–A motako proiektuen gerakinak C, B eta D motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.

–B motako proiektuen gerakinak C, A (gainerako toki-erakundeak, Iruña) eta D motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.

–C motako proiektuen gerakinak A (gainerako toki-erakundeak, Iruña), B eta D motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.

–D motako proiektuen gerakinak C, A (gainerako toki-erakundeak, Iruña) eta B motetako eskaerei erantzuteko erabiliko dira, hurrenkera horri jarraikiz.

3. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

Inbertsioak 2021eko urriaren 1etik 2022ko urriaren 10era bitarte gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.

4. oinarria. Enpresa onuradunak.

1.–Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. Eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain unitateko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako erantzukizunpeko adierazpenik egiten badu dirulaguntzaren eskaera-orrian.

1.4. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

2.–Jarduera ekonomikoak honako betebehar espezifiko hauek bete beharko ditu laguntza eskatzen den unean:

2.1. Negozioaren jarduera nagusia izatea Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat (sailkapen hori apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen):

–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.

–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).

–47.81 eta 47.89 taldeen arteko jarduerak, eta 47.99 taldekoak, merkataritza ez-egonkorrari buruzko proiektuetarako soilik.

2.2. Kanpoan geldituko dira 47.30 (automobilgintzarako erregaia) taldeko saltegi espezializatuetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak eta, baimen edo kontzesio administratibo berezia behar dutenez, 47.26 (tabako produktuak) eta 47.73 (farmaziako produktuak) taldeetakoak.

2.3. Horretarako, enpresa alta emanda egon beharko da ekonomia-jardueren gaineko zergan (aurrerantzean EJZ), Nafarroako udalerriren batean, diruz lagungarriak diren ekonomia jarduerekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzari buruzko epigraferen batean. Nolanahi ere, negozioaren jarduera nagusia zein den ondorioztatzeko, kontuan hartuko da Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala.

EJZri buruzko informazioa web esteka honetan egonen da: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.Web/Registro.aspx.

Merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, eskatzailea ez badago alta emanda EJZn, enpresa planean emandako informazioa hartuko da kontuan, enpresaren ekonomia-jarduera EJSNan (2009) sailkatu ahal izateko. Kasu horretan, enpresa eskatzailea deialdian aurreikusitako dirulaguntzen onuradun bihurtzen bada, 2022ko abenduaren 31rako aurkeztu beharko du, beranduenik, EJZn alta hartu izanaren aitorpena.

2.4. Baldin eta txikizkako merkataritzarekin batera beste jardueraren bat egiten bada saltegian, frogatu beharko da jarduera nagusia txikizkako merkataritzakoa dela, eta, horretarako, aurkeztu beharko dira jarduera ekonomiko bakoitzaren negozio edo salmenten zifren frogagiriak, edo hori frogatzeko beste edozein dokumentazio.

2.5. Merkataritza ez-egonkorraren jarduerek berariazko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Modalitate hauek soilik onartzen dira: aldizkakotasun zehatzeko merkatu txikietan saltzea, aldez aurretik ezarritako tokietan, eta merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan. Ez da onartuko azoketan edo festetan egiten den salmenta.

b) Merkataritza ibiltaria egiten denean denda-ibilgailuetan, merkataritza ibilbideak Nafarroako toki-erakundeetan barnakoak izanen dira lehentasunez, non enpresaren salmenten %80 eginen baitira gutxienez.

c) Merkatu txikietako salmentaren kasuan, enpresak egiten dituenen %80 gutxienez Nafarroako toki-erakundeetan egin behar dira.

d) Merkataritza jarduera hilean lau egunetan egin behar da guxienez.

e) Enpresaren jarduera nagusiak salmenta ibiltaria izan behar du. Ez da halakotzat joko ekoizleen salmenta zuzena, ezta geroago salduko diren produktuen ekoizpena edo elaborazioa ere.

f) Merkataritza ibiltariaren jarduerarako erabiltzen den ibilgailuak egokituta egon behar du berariaz horretarako.

3.–Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek berariazko baldintza hau bete beharko dute:

Autoebaluazioko galdetegi bat erantzutea, zer nolako heldutasun digitala duten zehazteko, online plataforma honetan: https://autodiagnosticocomercio.navarra.es/gnautoevalua/; izan ere, hasierako fasea da hori, ibilbidea egiteko Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroan barna (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak sustatu du zentro hori). Autodiagnostiko horrek laguntzaren eskaera aurkezten den egunean egina beharko du, edo bestela, egun horretatik hilabeteko epean beranduenik, hala egin ezean laguntza ukatuko baita.

Ez zaie betekizun hori eskatuko merkataritzako ekintzailetza proiektuak aurkezten dituzten enpresa txiki eta ertainei baldin eta eskaera aurkezteko unean ez badaude EJZn alta harturik, oraindik enpresa jarduera hasi ez dutelako.

Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du baldintza hori betetzen den, eskatzaileak inolako agiririk aurkeztu beharrik gabe.

Proiektu motaren arabera, enpresa eskatzaileek berariazko baldintza hauek ere bete beharko dituzte eskaera egiten dutenean:

3.1. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (MEP).

a) 2021eko urriaren 1a baino lehenagotik eta dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunera arte aritu izana, etengabe, zuzenean txikizkako merkataritza jarduera batean Nafarroan (ondorio horietarako, EJZn ematen den informazioahartuko da kontuan).

Baldin enpresak bere izena edo forma juridikoa aldatu badu, kontuan hartuko da zer egunetan eman zitzaion alta jatorrizko enpresari EJZren ondorioetarako. Aldatu dena enpresaren osaera baldin bada, berriz, baldintza hori betetzen dela ondorioztatuko da baldin eta enpresaren hasierako kideek edo horietako batek segitzen badute kapital sozialaren edo jabariaren erdiaren edo gehiagoren jabe izaten, eta argi eta garbi gelditzen bada txikizkako merkataritza jarduera berari eusten zaiola.

b) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Aurrerantzean, erregelamendu horri jarraituko zaio ETEei buruzko edozein aipamenetarako.

3.2. Berariazko proiektuak (BP).

Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea.

3.3. Merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEPR).

a) Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea.

b) Enpresa berri bat eratzea, Nafarroan kokatua eta helbide fiskala ere bertan duena, txikizkako merkataritzako enpresa jarduera berri bati ekiteko saltegi batean.

c) Laguntzatik kanpo daude lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

d) EJZn alta emateko egunak 2021ko urriaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartekoak dira, biak barne.

e) Negozio berriak aldeko bideragarritasun plana edo enpresa plana izan beharko du.

3.4. Merkataritza ez-egonkorra (MEEP):

a) Mikroenpresa edo enpresa txikia izatea.

b) Nafarroako udalerri batean alta emanda egotea EJZn, merkataritza ez-egonkorrari dagokion epigraferen batean, 2021eko urriaren 1a baino lehenagotik.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak.

1.–Diruz lagungarriak diren proiektu motak. Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:

1.1. Saltegiak modernizatzea eta eraberritzea (MEP).

Diruz lagungarriak dira, alde batetik, dauden saltegiak modernizatu, eraberritu edo zaharberritzeko inbertsioak, eta bestetik, lekuz aldatzen diren saltegietarako lokalak egokitu eta hornitzekoak, baita saltegi berriak kokatzekoak ere, horrek ekartzen badu enpresak duen saltegi kopurua handitzea.

Halaber, diruz lagungarriak izanen dira enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalerako beharrezkoak diren inbertsioak, negozioaren kudeaketa hobetzea dakartenak, hala ekipamendu digitalak nola tresna eta garapen teknologikoak ezarrita.

1.2. Berariazko proiektuak (BP).

Proiektu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Saltegien eskualdaketa.

Diruz lagungarriak dira 2021eko urriaren 1ean jardunean zegoen txikizkako merkataritzako negozio bat erosteko egindako inbertsioak, betiere bermatzen bada jarraipena emanen zaiola jarduera ekonomiko horri.

Ulertuko da badagoela jarraipena bi hilabete baino gehiago iragaten ez badira enpresa eskualdatzaileak EJZn baja hartu zuenetik eta negozioa erosten duen enpresak zerga horretako talde berean alta hartzen duen arte.

b) Merkataritza-diagnostikoen programa.

Diruz lagungarriak dira ondoan aipatzen diren programa hauetakoren batean identifikatutako inbertsioak, parte hartu zuten enpresei gomendatu zitzaizkienak:

–Merkataritza-diagnostikoak, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialak eginak.

–Heldutasun digitalari buruzko diagnostikoak, mugaz haraindiko Interreg Poctefa Core lankidetza-proiektuaren barrenean Iruñeko saltegi parte-hartzaileei egindakoak.

–Merkataritza-diagnostikoak, merkataritza arloan diagnostikoak, planak eta analisiak egiteko dirulaguntzen deialdian (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza nagusiarenean) onuradun izan ziren enpresei egindakoak.

–Eskaera aurkezteko unean Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroaren Proiektuan fase guztiak (autodiagnostikoa, prestakuntza eta tutorizazioa) egin dituzten enpresak.

1.3. Merkataritzako ekintzailetza (MEPR).

Diruz lagungarriak dira txikizkako merkataritzako enpresa proiektu berriak saltegietan ezartzen dituzten enpresa berriek egindako inbertsioak.

1.4. Merkataritza ez-egonkorra (MEEP):

Diruz lagungarriak dira denda-ibilgailuan merkataritza ez-egonkorra egiteko ibilgailua erosteko edo egokitzeko inbertsioak, baita merkatu txikietan merkataritza ez-egonkorra egiteko berariazko ekipamendua erostekoak ere.

2.–Inbertsio diruz lagungarriak.

2.1. Saltegiak modernizatzeko eta eraberritzeko proiektuak (MEP) eta merkataritzako ekintzailetza proiektuak (MEPR).

Honako jarduketa hauek dira inbertsio diruz lagungarriak:

2.1.1. Saltegietako instalazioak, lokalak eta irudia eraberritzeko, egokitzeko eta berritzeko obrak.

Honako jarduketa hauek onartuko dira: merkataritzako lokaletan egindako eraberritze lanak; kanpoko eta barneko errotulazioak; erakusleihoetan egindako erreformak; irisgarritasun arloko hobekuntzak; oztopo arkitektonikoak kentzea; aire girotuko, lapurreten aurkako edo segurtasun sistemak instalatzea; wifi eremuak instalatzea; energia-efizientziarako jarduketak, argiteriako instalazioa hobetzea eta antzeko beste jarduketa batzuk.

2.1.2. Saltegietako merkataritzako ekipamendua:

Aktibo finko berriak erostea onartuko da, hala nola:

–Produktuak erakusteko eta biltegiratzeko altzariak.

–Ekipamendu berariazkoa eta inbertsioak merkataritza jarduerarako beharrezkoak diren beste aktibo finko batzuetan.

2.1.3. Aurreko jarduketekin zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ezinbesteko ordainsariak; zehazki, proiektua idazteko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak baizik ez dira onartuko.

Kontzeptu horiengatik 2.1.1 edo 2.1.2 ataletan adierazitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez. Ehuneko hori bera izanen da kontzeptu horiengatiko dirulaguntza ordaintzeko orduan aplikatuko dena.

2.1.4. Garapen teknologikoko inbertsioak.

Onartuko diren jarduketek kudeaketa edo merkaturatze sistemak hobetzekoak izan beharko dute, oinarri hartuta, batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) txertatzea, eta, bestetik, txertatutako tresna teknologikoak abian jartzeko eta erabiltzeko behar den prestakuntza; zehazki, jarduketa hauek:

a) Merkataritza elektronikoa abian jartzea (e-commerce).

Diruz lagungarria da funtzionaltasun hori duten webguneak sortzea, garatzea eta ezartzea, edo lehendik sortutako webguneak egokitzea on line salmentak sartzeko, baldintza hauek betetzen badira:

–Sistema estandarretan garatzea eta gailu mugikorretara egokitua egotea.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

–Pribatutasun politikaren orrialdea izatea, indarreko araudiarekin bat.

–https datuen transferentziarako protokoloa izatea.

–Sinkronizaturik egotea saltegiaren kudeaketa sistemarekin.

–Ordainketa-pasabidea izatea.

b) Honako hauek ezartzea: kudeaketa tresnak, ETEaren edozein kudeaketa arlorekin lotura duten sistema integratuak, programa informatikoak eta beharrezko softwarea.

c) Gailu mugikorretako aplikazioen garapena, helburu baldin badute bezeroak lortzea (promozio sistemak, marka nabarmentzea, errealitate areagotua, geoerreferentziarako sistemak...).

d) Ekipamendu digitala: salmenta-puntuko terminalak (SPT) eta salmenta prozesua kudeatzeko beharrezkoa den bestelako ekipamendu informatikoa, tiketen inprimagailuak, prezioak modu elektronikoan etiketatzeko sistemak, barra-kodeen irakurgailuak eta balantza digitalak.

2.2. Berariazko proiektuak (BP).

Diruz lagungarriak izanen dira arestian deskribatutakoak, eta, saltegien eskualdatze proiektuen kasuan diruz lagungarritzat hartuko dira, horiez gain, bigarren eskuko aktibo finkoetan eta ondasun erabilietan egindako inbertsioak.

2.3. Merkataritza ez-egonkorreko proiektuak (MEEP).

Honako jarduketa hauek dira inbertsio diruz lagungarriak:

2.3.1. Ibilgailuak erostea edo egokitzea garraio eta salmentaren jarduerara, ibilgailua salmenta ibiltarirako baliabide nagusia denean.

Ibilgailuak ezin dira turismo gisa sailkaturik egon, eta ibilgailu mistoak diruz lagungarriak izateko, egokituta egon behar dute salgaien garraiorako.

Ibilgailuek, orobat, ibilgailu garbi gisa egon behar dute etiketaturik beren efizientzia energetikoaren arabera (bereizgarri hauek: 0 isurketa, Eco, C eta B).

2.3.2. Berariazko ekipamendua erostea, hala nola:

–Olanak, karpak, instalazio metalikoak edo egitura eramangarriak saltokirako.

–Produktuak erakusteko merkataritzako ekipamendua edo altzariak, balantza elektronikoak eta elektrizitate sorgailuak.

3.–Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta enpresa eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.

b) Bigarren eskuko aktibo finko ukigarriak eta ondasun erabiliak. Halere, kontzeptu hau diruz lagungarria izanen da, soilik, saltegi eskualdaketen kasuan.

c) Negozioen eskualdaketan ordaindutako gastuak.

d) Saltegia eta lursailak erosteko egindako inbertsioak, eta eraikinak eraikitzekoak.

e) Garraiorako elementuak, salbu aurreikusita dagoena merkataritza ez-egonkorraren proiektuetarako.

f) Edozein eratako tributuak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

g) Erakusketetarako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak, eta aldi baterako erakusketen instalazioa.

h) Saltegien eta material suntsigarrien alokairu gastuak.

i) Leasing bidezko finantzaketaren bitartez eskuratutako aktiboak.

j) Ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak. Salbuespena da salmentak kobratzeko behar diren ordenagailuak.

k) Obrak egitea edo lokaletarako aktiboak erostea, saltegitik aparte edo saltegiaren ondoan, biltegi edo lantegi gisa erabiltzeko edo merkataritza jarduera ez diren bestelakoetarako.

l) Oro har, merkataritzan aritzeko guztiz ezinbestekoak ez diren aktiboak edo ekipamenduak.

4.–Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

4.1. Inbertsio diruz lagungarriak Nafarroan egin behar dira, zehazki hiri-bilbean integratuta dauden txikizkako saltegietan. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da lokala hiri-lurzoruan edo urbanizagarrian egotea, baldin lurzati horrek edo ondokoek, hau da, mugakideek, nagusiki bizitegietarako erabilera badute, eta baztertuko dira industrialdeetan, merkataritza guneetan eta zerbitzu poligonoetan kokatuta daudenak, baita mugako eskualdeetan daudenak ere.

4.2. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren salbuespena:

4.2.1. Txikizkako merkatariek saltegi finko batetik kanpo egindako inbertsioak, lotura dutenak merkataritza ez-egonkorraren proiektuekin.

4.2.2. Txikizkako merkataritza jarduera egiten duten enpresen proiektuak, jarduera nagusia ez izan arren, betiere baldintza hauek ere betetzen badituzte:

a) 500 bizilagun baino gutxiagoko udalerri batean egotea. Horretarako, kontuan hartzen dena ez dira kontzejuen populazio datuak, udalerrienak baizik.

b) –Proiektu berria kokatzen den udalerrian ez dira 3 saltegi baino gehiago egon behar funtzionamenduan eskaera aurkezten den egunean. Ondorio horietarako, saltegitzat hartzen dira deialdi honetan diruz lagungarritzat jotzen diren jarduera ekonomikoetako bat egiten duten negozioak.

c) Enpresa-proiektu berriaren merkataritza jarduerak udalerriko gainerako saltegiena ez bezalakoa izan behar du, merkataritzak udalerrian duen eskaintzaren aniztasuna zabaltze aldera.

4.3. Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta, betiere, merkataritza jarduera hori izanen da saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.

4.4. Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu beharko dira, dirulaguntzaren xedeko saltegian bertan kokatu behar dira, salbu eta merkataritza ez-egonkorraren proiektuen kasuan, eta diruz lagundutako jarduerarako erabiliko dira.

4.5. Diruz lagundutako aktibo finkoak lehendabiziko aldiz erabili behar dira, salbu eta saltegiak eskualdatzeko proiektuetarako aurreikusi dena, eta ezin zaizkie laga hirugarren pertsona fisikoei edo juridikoei. Halaber, ezin dira enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak izan.

4.6. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak 2021eko urriaren 1etik 2022ko urriaren 10era bitarte (bi egunak barne) amaitu eta abiatu behar dira.

2022ko abenduaren 31ra arte luzatu daiteke abian jartzeko epea, salbuespen gisa, baldin eta inbertsioa erabat gauzatu bada 2022ko urriaren 10erako eta berandutze horren arrazoiak ezin bazaizkio enpresari egotzi, esate baterako, atzerapenak izan badira lizentzia edo baimen administratiboak ematean.

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Honako hau da gutxienez eskatzen den inbertsioa (BEZa kanpo):

PROIEKTU MOTA

ENPRESAREN TAMAINA

MIKROENPRESA

ENPRESA TXIKIA

ENPRESA ERTAINA

1) Modernizazioa eta eraberritzea

10.000

27.000

105.000

Saltegi bakoitzeko

2) Berariazkoak

a) Saltegien eskualdaketa

5.000

17.000

-

b) Merkataritza-diagnostikoak

4.000

8.000

-

3) Merkataritzako ekintzailetza

5.000

17.000

-

4) Merkataritza ez-egonkorra

1.500

1.500

-

Enpresa bakoitzeko

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ondotik zehazten diren portzentajeak aplikatu behar dira inbertsio diruz lagungarriaren gainean (BEZa kanpo), gehieneko zenbatekoa gainditu gabe:

PROIEKTU MOTA

DIRULAGUNTZA (%)

GEHIENEKO ZENBATEKOA

1) Modernizazioa eta eraberritzea

a) Garapen teknologikoa

40

2.000

Enpresa bakoitzeko

b) Gainerako inbertsioak

40

45.000

Saltegi bakoitzeko

2) Berariazkoak

a) Saltegien eskualdaketa

45

45.000

b) Merkataritza-diagnostikoak

45

8.000

3) Merkataritzako ekintzailetza

a) Garapen teknologikoa

40

2.000

b) Gainerako inbertsioak

40

45.000

4) Merkataritza ez-egonkorra

40

10.000

Enpresa bakoitzeko

3. Garapen teknologikoaren arloko inbertsio diruz lagungarrietarako hauek dira gehieneko zenbatekoak (BEZa kanpo): 5.000 euro, mikroenpresen kasuan; 20.000 euro, enpresa txikien kasuan, eta 50.000 euro, enpresa ertainen kasuan.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.

3.–Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4.–Saltegi bakoitzak edo merkataritza ez-egonkorreko enpresa bakoitzak eskaera bat aurkeztuko du.

Eskaera bat baino gehiago eginez gero, enpresa eskatzaileak bere lehentasunen arabera zenbakituko ditu (1,2,3...), eskaera-orrian ezarritakoaren arabera.

Enpresak zenbait saltegietarako eskatzen badu garapen teknologikoan inbertsioak egiteko dirulaguntza, inbertsio komun horiek guztiak 1 zenbakiko eskaeran sartuko dira.

5.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko 4.1 oinarrian eskatutako baldintza orokorrak betetzen direla.

b) De minimis laguntzei eta jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, 13. oinarrikoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.

d) Dirulaguntza eskatzen bada merkataritza-diagnostikoen berariazko proiektuetarako (BP), zein programatan parte hartu den adierazteko erantzukizunpeko adierazpena.

e) 10. balorazio irizpidea aplikatzeko, Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroko prestakuntzari dagokionez, prestakuntza 2022ko urriaren 10a baino lehen amaitzeko konpromisoa adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

f) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

5.2. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa.

–Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak; behar bezala egon behar dute inskribaturik Merkataritza Erregistroan.

–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.

–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.

Ez da beharrezkoa agiri hori aurkeztea; izan ere, organo kudeatzaileak telematika bidez egiaztatuko du eskatzailearen NANa, salbu eta eskatzaileak eskaera-orrian berariaz azaltzen badu uko egiten diola egiaztapen hori egiteari. Kasu horretan, NANaren kopia aurkeztu beharko du.

5.3. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektua azaltzen duen memoria teknikoa eta ekonomikoa, gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:

–Enpresaren aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektua auzatzearekin lortu nahi diren helburuak.

–2021eko urriaren 1etik 2022ko urriaren 10era bitarte egindako jarduketen edo epe horretarako aurreikusitakoen azalpena.

–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza-eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.

–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbateko zehatzak eta horien finantzaketari buruzko informazioa.

–Inbertsioak abian jartzeko aurreikusitako eguna eta, hala badagokio, saltegia irekitzekoa.

–Saltegian egindako jarduera ekonomiko guztien deskribapen zehatza, edo merkataritza ez-egonkorrean aritzen den enpresak egindakoena, EJZren zer epigrafetan dagoen alta emanda, horiek betez.

b) Merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, aurreko atalean aipatutako memoriaren ordez, bideragarritasun planaren edo enpresa planaren kopia bat aurkeztu beharko da, behar bezala onetsia, osoa eta bukatua.

Plan horrek aurreko atalean aurreikusitako memoria egiteko eskatutako informazioa jasoko du, eta, gainera, honako alderdi hauen berri emanen du:

–Ekintzailearen lanbide kualifikazioaren eta egokitasunaren analisia.

–Merkatuaren eta lehiaren analisia, marketin plana eta ekonomia eta finantza plana.

–Enpresaren antolaketa, negozioaren definizioa eta merkaturatu beharreko produktuen definizioa.

–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.

Behar bezala kualifikatutako entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek prestatu beharko du plana, eta dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak ezin izanen du egin, ezta prestatu ere. Plana nahitaez dirulaguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko da.

c) Diruz lagunduko den aldian egindako nahiz aurreikusitako inbertsioen zerrenda baloratua eta zehatza; hori justifikatzeko, aurrekontuak erabiliko dira, edo gastuak zenbatesteko bide ematen duten proformako fakturak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.

Inbertsio diruz lagungarriaren bolumena zehazteko, honako hau hartuko da kontuan: dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakiko informazioa, atal honetan aipatutako zerrenda eta dirulaguntzaren xedeko proiektuaren memoria ekonomikoa. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.

d) Saltegiak eskualdatzeko berariazko proiektuen kasuan, negozioa eskuratzen duena txikizkako jarduera horretan berean edo antzeko batean aritu ez bada 2021eko urriaren 1etik baino lehen, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko analizatu egin direla eskuratu duen negozioa kudeatu eta zuzentzeko daukan egokitasuna, gaitasuna eta lanbide kualifikazioa. Azterlan edo analisi hori behar bezalako kualifikazioa duen entitate, profesional edo aholkularitza enpresa batek egina beharko du, eta ezin du egin enpresa eskatzaileak berak.

e) Merkataritza ez-egonkorrean aritzen diren enpresek honako honi buruzko informazioa eman behar dute:

–Zer merkatu txikitan parte hartzen duten Nafarroako toki-erakundeetan, eta, kasua bada, beste autonomia erkidego batzuetan, eta urtean eta hilean zenbat aldiz joaten diren haietara.

–Merkataritza ibiltariaren zer ibilbide egiten duten denda-ibilgailuetan, adierazita Nafarroako zer toki-erakundetatik pasatzen diren eta, kasua bada, beste autonomia erkidegoetako zeinetatik, eta urtean eta hilean zenbat aldiz joaten diren haietara.

Bi kasuetan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, eskaera-orrian horretarako jasoko dena.

f) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan (birgaitzeko obrak, egokitzekoak eta irudia berritzekoak), edo 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan (aktibo finkoak erostea, garraio elementuak, zerbitzu teknikoak edo profesionalak kontratatzea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, eta, horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanen ditu eskaera-orriko “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” atalean.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu eskaera-orrian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

5.4. Jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

Diruz lagundu beharreko jarduketa baloratzearren 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera, oinarri horretan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, baina ezin izanen da baloratu dokumentazioa ez bada aurkezten eskaerak aurkezteko epearen barnean.

Balorazio irizpide hauek aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar:

–8.3 oinarriko 1., 2., 3., eta 6. irizpideak.

–8.4 oinarriko irizpideak.

6.–Eskaerak ez baditu adierazitako betebeharrak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzearren jarduketa mota bakoitzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie baldintza guztiak betetzen dituzten eskaerei, puntuaziorik handiena duenetik txikiena dueneraino, jarduketa mota bakoitzerako dagoen kreditu erabilgarria agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, gainerako jarduketen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Baimendutako kreditua ez bada aski dirulaguntzak eskuratzeko ezarri diren baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, zenbait saltegitarako eskaerak egin dituzten enpresei saltegi bakarrerako emanen zaie laguntza, zehazki enpresak lehentasunezkotzat jo duen lehenengoari.

Arestian adierazitakoarekin bat dirulaguntzak esleitu ondoan kreditu erabilgarririk badago, lehentasun ordenan bigarren jarritakoei emanen zaie dirulaguntza, eta horrela, hurrenez hurren, gainerako eskaerei esleituko zaizkie dirulaguntzak, ezarritako lehentasuna aintzat harturik, kreditu erabilgarria agortu arte.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin. Proposatutako dirulaguntzarekin ados agertzen diren onuradunei dirulaguntza osagarria onartzen ahalko zaie halako batean aurrekontu-baliabide gehiago sortuz gero (onartutako dirulaguntzak baino dirulaguntza txikiagoak ordaindu direlako edo onartutako dirulaguntzei uko egin zaielako), bakar-bakarrik baldin eta onartutako dirulaguntza aurrekontu nahikoa izan balitz legokiekeenaren baino %75 txikiagoa bada.

Hauxe izanen litzateke dirulaguntza osagarri horiek emateko ordena: C, A (gainerako erakundeak, Iruña), B eta D proiektu motak, mozte-espedientetik abiatuta.

3. Honako hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak modernizazio eta eraberritze proiektuetan, berariazko proiektuetan eta merkataritzako ekintzailetza proiektuetan:

1. irizpidea.–Saltegia dagoen toki-erakundearen populazioa.

Biztanleen kopurua zehazteko, Nafarroako kontzejuetako populazio zifra ofizialak deklaratzeko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emandako foru agindua erabiliko da, zehazki, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duena, eta, zifra hori oinarri hartuta, puntuazio hauek emanen dira:

SALTEGIA DAGOEN TOKI-ERAKUNDEAREN POPULAZIOA

PUNTUAK

1.000 biztanle arteko toki-erakundeak

40

1.001 eta 1.500 biztanle bitarteko toki-erakundeak

30

1.501 eta 2.500 biztanle bitarteko toki-erakundeak

25

2.501 eta 5.000 biztanle bitarteko toki-erakundeak

20

5.001 eta 10.000 biztanle bitarteko toki-erakundeak

15

10.001 eta 100.000 biztanle bitarteko toki-erakundeak

10

100.000 biztanle baino gehiagoko toki-erakundeak

0

2. irizpidea.–Enpresaren tamaina.

Enpresak eskaeran adierazitako tamaina hartuko da kontuan, eta puntuazio hau esleituko da:

ENPRESAREN TAMAINA

PUNTUAK

Mikroenpresa

30

Enpresa txikia

20

Enpresa ertaina

10

3. irizpidea.–Zer laguntza lortu den Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako merkataritzako enpresen lehiakortasuna hobetzeko deialdietan (2019., 2020. eta 2021. urteetan), honako puntuazio hau emanen da:

ALDI HORRETAN ESKURATUTAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Dirulaguntzarik lortu ez bada

10

Guztira 3.000 euro arteko dirulaguntza jaso bada

8

Guztira 3.001 eta 6.000 euro bitarteko dirulaguntza jaso bada

6

Guztira 6.001 eta 9.000 euro bitarteko dirulaguntza jaso bada

4

Guztira 9.001 eta 12.000 euro bitarteko dirulaguntza jaso bada

2

Guztira 12.000 eurotik gorako dirulaguntza jaso bada

0

Enpresa onuradunek epe barruan egin bazieten uko onartutako dirulaguntzei, horiek ez dira kontatu behar jasotako dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzean.

4. irizpidea.–Merkatarien elkarte bateko partaide izatea.

Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako merkatarien elkarte baten kide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehenagotik, 5 puntu emanen zaizkio gehienez, antzinatasunagatik, honela:

ANTZINATASUNA MERKATARIEN ELKARTE BATEAN

PUNTUAK

5 urtekoa edo hortik gorakoa

5

4 urtekoa edo hortik gorakoa eta 5 urtetik beherakoa

4

3 urtekoa edo hortik gorakoa eta 4 urtetik beherakoa

3

Urte batekoa edo hortik gorakoa eta 3 urtetik beherakoa

2

Urte batetik beherakoa

1

Elkarteak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, non enpresa elkartu gisa alta hartu zuen eguna adieraziko baita.

Antzinatasuna kalkulatzeko kontuan hartuko da zenbat denbora igaro den enpresak merkatarien elkarteko kide gisa alta hartu zuenetik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. irizpidea.–Ezarrita edukitzea UNE 175001 kalitate-araua (“Zerbitzuaren kalitatea saltegi txikietan”) eta saltegien energia-efizientziari, irisgarritasunari eta jasangarritasunari loturiko beste ziurtapen batzuk.

Eskatzaileak frogatzen badu arau horien ziurtagiria jaso duela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik eta, gainera, indarrean dagoela, 3 puntu esleituko zaizkio.

Horretarako, ENACek (Akreditazio Erakunde Nazionala) akreditatutako enpresa baten ziurtagiria aurkeztuko da, hori frogatzen duena.

6. irizpidea.–Atxikipena Kontsumoko Arbitraje Sistemari.

Eskatzailea sistema horri atxikita badago eskaera aurkeztu aurretik, 2 puntu esleituko zaizkio.

Deialdiaren organo kudeatzaileak egiaztatuko du hori Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuan, baina, bakar-bakarrik, eskatzaileak hori adierazi badu eskaera-orrian.

7. irizpidea.–Merkatariaren adina.

Eskaera aurkezten den egunean enpresaburuak 35 urte bete ez baditu, 5 puntu esleituko zaizkio. Horretarako, kudeaketa organoak NANa egiaztatuko du telematikoki, salbu eta eskatzaileak horretarako baimena ukatzen badu berariaz eskaera-orrian. Kasu horretan, NANaren kopia aurkeztu beharko du.

8. irizpidea.–35 urtetik beherakoak kontratu mugagabearekin kontratatzea.

Eskaera aurkezten den egunean eskatzaileak 35 urtetik beherako langileak baldin baditu kontrataturik kontratu mugagabearekin, 6 puntu esleituko zaizkio gehienez: 3 puntu lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, eta puntu 1, berriz, lanaldi partzialeko kontratu mugagabe bakoitzeko.

2020ko urriaren 1etik eskaera aurkezten den egunera arte formalizatutako kontratu guztien kopia aurkeztuko da.

9. irizpidea.–Prestakuntza espezializatua.

Baloratuko da bai titularrak bai langileek txikizkako merkataritzaren sektorearekin zuzenean loturiko titulu arauturen bat, profesionaltasun ziurtagiriren bat edo gaitasun unitateren baten ziurtagiria izatea, betiere Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko “Merkataritza eta Marketina” lanbide arloan badago.

Gainera, aipatutako lanbide arlokoa ez den profesionaltasun ziurtagiriren bat edo gaitasun unitateren batena izatea ere baloratuko da, baldin eta ziurtagiri horiek txikizkako merkataritza jarduerarekin zuzenean loturiko okupazioei eta lanpostuei eragiten badiete.

Irizpide honen balorazioa 8 puntukoa izanen da gehienez ere: 4 puntu graduko titulazioa daukan langile bakoitzeko, 3 puntu Lanbide Heziketako titulazioa daukan langile bakoitzeko, 2 puntu langile bakoitzeko profesionaltasun ziurtagirien kasuan, eta puntu bat langile bakoitzeko egiaztatutako gaitasun unitateen kasuan.

Bi puntuz baloratuko da emaitza positiboez amaitzea Merkataritzaren eta Artisautzaren Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroaren programan parte hartzeagatik gomendatutako prestakuntza. Prestakuntza horri buru emateko azken eguna 2022ko urriaren 10a izanen da.

Bi puntu emanen zaizkie enpresa txiki eta ertainei baldin eta aipatu programa horren autodiagnostikoan lortutako puntuazioa dela-eta ez badute prestakuntza hori egin behar eta zuzenean jotzen badute aholkularitza teknikoko fasera.

Halaber, 2 puntuz baloratuko da amaitzea Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako teknikariek digitalizazioaren arloan emandako prestakuntza, Interreg Poctefa Core proiektuaren barrenean egindakoa.

Titulu ofizialen, egiaztagirien eta kasuan kasuko ziurtagirien kopiak aurkeztu beharko dira, salbu eta Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroaren prestakuntza egin izana frogatzeko, hori ofizioz egiaztatuko baitu Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak.

10. irizpidea.–Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa eta berdintasun-planak.

Indarreko arauekin bat enpresa ez badago beharturik berdintasun-plan bat prestatzera baina frogatzen badu berdintasun-plan bat ezarri duela, berdintasunaren arloan neurriak hartu dituela edo berariazko prestakuntza jaso duela, 3 puntu emanen zaizkio gehienez, honela:

–Enpresak frogatzen badu berdintasun-plan bat duela onetsita eskaera aurkezteko egunean: 3 puntu.

–Enpresak berdintasun arloko neurriak hartu baditu: puntu bat horietako bakoitzeko.

–Enpresak berariazko prestakuntza jaso badu berdintasunaren arloan: puntu bat langileei emandako 8 prestakuntza-orduko.

Berdintasun-plana aurkeztu beharko da, halakorik badago, bai eta berdintasunaren arloan neurriak hartu izana edo prestakuntza jaso izana frogatzeko agiriak ere.

Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duten enpresek aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.

11. irizpidea.–Berariazko proiektu mota:

–Saltegien eskualdaketan, 6 puntu esleituko dira, baina eskualdatzen den saltegia kokatuta baldin badago gehienez ere bost saltegi dituen toki-erakunde batean (eskualdatzen dena barne), 10 puntu esleituko dira.

–Merkataritza-diagnostikoei 5 puntu esleituko zaizkie.

4. Aurreko ataleko irizpideak aplikatu ondoren, ondotik zehazten diren balorazio irizpideak ere aplikatuko zaizkie Iruñean kokatutako saltegien eskaerei, Iruñeko Merkataritzaren 2017-2021 Plan Estrategikoa oinarri hartuta:

1. irizpidea.–Saltegia non dagoen kokatuta, auzo horren merkataritza-dentsitatearen arabera emanen dira puntuak, jarraian ezarritakoarekin bat; puntuak ezartzeko 2021eko maiatzean EJZn zeuden alta-datuak hartu dira abiapuntu gisa, eta auzoen merkataritza-dentsitatearen alderantzizko proportzioan:

AUZOA

PUNTUAK

Alde Zaharra

1

Zabalguneak

1

Donibane

2

Iturrama

2

Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea

2

Etxabakoitz

3

Azpilagaña

3

Arrotxapea

3

Sanduzelai

3

Arrosadia

4

Txantrea-Orvina

4

Mendillorri

4

Buztintxuri

4

2. irizpidea.–Saltegia kokatua dagoen auzoan zer nolako bilakaera egon den 2011etik 2021era saltegi kopuruan, behean azaltzen den puntuazioa emanen da. Puntuazio hori ezarri da epe horretan auzoko saltegi kopuruan izan den bilakaeraren alderantzizko proportzioaren arabera:

AUZOA

PUNTUAK

Buztintxuri

1

Azpilagaña

1

Sanduzelai

2

Etxabakoitz

2

Ermitagaña-Mendebaldea-Irunlarrea

2

Zabalguneak

3

Donibane

3

Alde Zaharra

3

Txantrea-Orvina

3

Iturrama

4

Arrosadia

4

Arrotxapea

4

Mendillorri

4

3. irizpidea.–Jarduketak egiten badira hiri garapen berritzat hartzen diren auzoetan kokatutako saltegietan, honako puntuazio hau aplikatuko da:

AUZOA

PUNTUAK

Lezkairu

8

Erripagaña

8

5. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.

b) 8.3 ataleko 3. irizpidearen arabera dirulaguntza txikiena jaso duten eskaerak.

c) Saltegia kokatzen den udalerriko populazioa; lehentasuna emanen zaie populazio txikiena dutenei. Iruñean kokatutako saltegien kasuan, lehentasuna emanen zaie merkataritza-dentsitate txikiagoa duten auzoetan kokatuta daudenei, 1. irizpidearekin bat.

6.–Hauek dira merkataritza ez-egonkorraren proiektuen eskaerak baloratzeko irizpideak:

6.1. 2021ean Nafarroako toki-erakundeetako merkatu txikietan aritu izana.

1.irizpidea.–Merkatu txikia egiten den toki-erakundeko populazioa.

TOKI-ERAKUNDEAK

PUNTUAK

%50ek 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte

10

%50ek 1.500 biztanle baino gutxiago dituzte

5

%50ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte

3

2. irizpidea.–Hilean zenbat aldiz joaten den.

HILEAN ZENBAT ALDIZ

PUNTUAK

7 egun baino gehiago

10

6 eta 7 egun artean

5

5 egun

3

3. irizpidea.–Urtean zenbat aldiz joaten den.

URTEAN ZENBAT ALDIZ

PUNTUAK

9 hilabete baino gehiago

10

6 hilabete baino gehiago

5

3 hilabete baino gehiago

3

6.2. Merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan, 2021ean Nafarroako toki-erakundeetan egina.

1. irizpidea.–Ibilbidean dauden Nafarroako toki-erakundeetako populazioa.

TOKI-ERAKUNDEAK

PUNTUAK

%50ek 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte

20

%50ek 1.500 biztanle baino gutxiago dituzte

10

%50ek 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte

5

2. irizpidea.–Nafarroako zenbat toki-erakundetatik pasa den merkataritzako ibilbide bakoitzean.

TOKI-ERAKUNDEAK

PUNTUAK

5 baino gehiago

20

4 eta 5 artean

10

3 baino gutxiago

5

3. irizpidea.–Hilean zenbat aldiz egiten duen merkataritzako ibilbidea.

HILEAN ZENBAT ALDIZ

PUNTUAK

7 egun baino gehiago

20

6 eta 7 artean

10

5 egun

5

6.3. Merkatu txikietan eta denda-ibilgailuarekin aritzen diren saltzaile ibiltariak.

Kasu horretan, laguntza zer inbertsio motatarako eskatzen den, hari dagokion baremoa aplikatu beharko da.

6.4. 6. ataleko irizpideak aplikatzeko dokumentazioa.

Kontuan hartuko da eskatzaileak eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenean emandako informazioa, adierazitako irizpideei dagokien puntuazioa esleitzeko.

6.5. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskatzaileak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.

b) Nafarroako zenbat toki-erakundetan jarduten den merkataritza ibiltarian diruz lagun daitekeen aldian; lehentasuna emanen zaie kopuru handiena dutenei.

c) Inbertsio diruz lagungarrien bolumena; zenbateko handiena dutenak lehenetsiko dira.

9. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzen organo kudeatzailea baita, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, kontuan izanik zer proiektu mota den, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda jarduketa bakoitzeko, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, hala badagokio, eta laguntzen zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

3. Ez da 300 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen enpresa bakoitzeko.

10. oinarria. Inbertsioen justifikazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2022ko urriaren 10ean, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2 oinarrian aurreikusitako moduan aurkeztuko da, horretarako erabiliz laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken memoria zehatza, egindako jarduketa guztiak eta proiektuaren exekuzioaren azken kostua xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerarekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.

50 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

Saltegiaren eskualdaketaren kasuan, fakturatutako kontzeptu guztiak banan-banan jaso beharko dira fakturan (merkataritza funtsa, instalazioak, altzariak, izakinak, etab.), eta, horrekin batera, peritu baten edo tasazio enpresa baten txostena erantsi beharko da, horren frogagarri.

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Ordainketa onuradunak eginen du, banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainketaren egiaztagiritzat hartuko da adierazten duena ordainketa finantza entitate baten bidez egin dela eta enpresaren kontuan kargatu dela. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Aitorpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzeko argazkiak edo agiriak, 12.1.i oinarrian ezarritakoarekin bat.

g) Egindako jarduketen argazkiak:

–Saltegiak birgaitu eta egokitzeko eta haien irudia berritzeko obren kasuan, saltegiaren kanpoko eta barreneko argazkiak aurkeztu behar dira, lanak egin aurretik eta ondotik egoera zein den egiaztatu ahal izateko.

–Ekipamendu komertziala edo digitala erosiz gero, diruz lagundutako aktibo finkoen argazkiak.

–Merkataritza ez-egonkorrari lotutako proiektuen kasuan, denda-ibilgailuaren argazkiak, edo erositako ekipamenduarenak.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Justifikazio agiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2022ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza lortzen duten enpresek, pertsona fisikoak izan ezik, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) 5. oinarriaren 4.6 apartatuan aurreikusitako kasuan, dirulaguntzaren xedeko inbertsioak martxan jartzea edo, hala badagokio, saltegia jendearentzat irekitzea 2022eko abenduaren 31 baino lehen, eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari irekiera-egunaren berri ematea.

d) Merkataritzako ekintzailetzaren proiektuen kasuan, EJZn beranduenez 2022ko abenduaren 31n, egun hori barne, alta emanda daudela dioen agiriaren kopia aurkeztu beharko dute.

e) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean, edo 2022ko irailaren 1a baino lehen (egun hori barne), uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

f) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, baldin eta beste diru-sarrera, dirulaguntza edo babesletza bat lortzen bada deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako.

h) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 3 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epe hori gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Inbertsioak abian jartzen direnetik hasiko da kontatzen epe hori.

Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko baldin eta bermatzen baldin bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritza jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte. Berdin jokatuko da enpresa onuradunak uzten badu merkataritza ibiltaria.

Hori gertatuz gero, enpresa onuradunak egoera horren berri eman beharko du edozein erregistro ofizial erabiliz, nahikoa aurrerapenarekin eman ere. Halako kasuetan, dirulaguntza hartu duen enpresak zituen betebehar guztietan subrogatuko da saltegi horretan merkataritza jarduera bere gain hartzen duen enpresa edo salmenta ibiltarian jarraitzen duena.

Dirulaguntza saltegi elektroniko bat ezartzeko jaso bada, diruz lagundutako saltegi elektronikoko plataformak jardunean mantendu beharko dira 3 urtez gutxienez, inbertsioak abiatu zirenetik kontatzen hasita.

i) Dirulaguntzaren publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan eta 3 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik aurrera:

–Kartel bat jarriko da saltegian argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

–Gainera, saltegi elektronikoa ezartzeko inbertsioen kasuan, enpresaren web orrian honako testu hau txertatuko da: “Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa”.

–Denda-ibilgailua erosi edo egokitzeko inbertsioen kasuan, izen komertziala edo sozietate izena izanen dute denda-ibilgailuek, baita Nafarroako merkataritzaren marka ere; horren erabilera eskatzeko, laguntzaren fitxan horretarako dagoen esteka erabiliko da.

j) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen duen irudirik jarduketetan, publizitate euskarrietan eta diruz lagundutako jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

k) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (12.1.a) oinarrian ezarritakoa):

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

–Informazioa epez kanpo aurkezten badu, eta, betiere, 2022ko urriaren 10era arte aurkezten badu (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da, eta, aurkeztu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Justifikazio agiriak 10. oinarrian ezarritako epea iraganda baina 2022ko urriaren 24a baino lehenago aurkezten badira, %10 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri honen 1.e) apartatuan adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko exekuzio maila zehaztearen ondorioetarako.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan 6.1 oinarrian ezarritako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Oinarri honen 1.h) apartatuan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, zuzeneko proportzioan.

e) Errespetatzen ez bada inbertsioak abian jartzeko edo jendearentzat irekitzeko ezarri den data (2022ko abenduaren 31), oinarri honetako 1.c) apartatuan ezarri dena, edo, merkataritzako ekintzailetza proiektuen kasuan, EJZn alta hartu izana aurkezten ez bada egun horretarako, jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.

f) Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroaren prestakuntza ibilbidea osorik egiteko konpromisoa hartu baina hura ez bada betetzen dirulaguntza justifikatzeko epea amaitu baino lehen, eskaerari dagokion puntuazioa berriro kalkulatuko da, 9. balorazio-irizpidean eskuratu zituen puntuak kenduta.

Puntuazioa birkalkulatuta lortutako emaitza horrekin eta gainerako eskaerekin alderatuta oraindik ere enpresa onuradun izaten segitzen badu dirulaguntza emateko ebazpena eman behar den unean, ordainduko den dirulaguntza %20 murriztuko da.

Aldiz, lortutako emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

13. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2202875