56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18/2022 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE)” saria emateko bigarren edizioa eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 613726

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak honela definitzen du gazteriaren hezkuntza ez-formala: pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa. Heziketa hori eman ahalko dute Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak (NGJE) eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek.

Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 delakoak aisialdiak gaztaroan duen garrantzia nabarmentzen du. Aisialdi hezigarria eta komunitarioa elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala dira. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonaren oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Haren dimentsio ekologikoak ingurumena ikustera eta zaintzera behartzen gaitu, eta ingurumenean, izaki bizidunengan eta komunitatean eragiten dugun inpaktuaren gainean estutzen gaitu. Aisialdi hezigarrirako zentro eta entitateak gizarteratzeko gune seguruak dira, erreferentziako eredu positiboekin, indarkeria eta arrisku jardueretatik urrun. Parte-hartze boluntario, automotibatu eta atsegingarrian oinarrituta daude, baina baita ere beste pertsonekiko harremanetan, askotarikoak, errealitate eta esperientzia desberdinak dituztenak. Horiekin posible dira jarduera hezigarria eta garapen komunitarioa.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen, eta hura da gazteriaren egunerokoan hezkuntza ez-formala sustatzearen arduraduna. Zenbait araudiren bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak arautu ditu haurrentzako eta gaztetxoentzako aisialdiko hezitzaileen prestakuntza eta aisialdiko eskolen onarpena, horien kalitatea bermatzeko. Arau horien artean daude Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 20ko 17/2002 Foru Agindua, aisialdiko eskolak ofizialki onartzeko arauak ezartzen dituena, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren otsailaren 20ko 34/2004 Foru Agindua, aisialdiko zuzendari eta begirale izateko ikastaroak arautzeko arauak ezartzen dituena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez, urtero aisialdiko begirale eta zuzendari izateko zenbait ikastaro kudeatzen ditu. Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdi eskolek ematen dituzte ikastaroak. Horiek egin ostean, parte-hartzaileek dagokien akreditazio diploma eskuratzen dute.

Aisialdi hezigarria sustatzeko eta aisialdi eskoletan ari diren ikasleek ikasturte amaierako memorietan aurkezten dituzten proiektuak zabaltzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak egoki jo du aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko II. edizioaren deialdia egitea. Europako Gazte Txartel Nafarraren titularrak diren eta 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdi eskoletan aisialdiko begirale edo zuzendari titulua lortu duten 31 urtetik beherako pertsona guztientzat da deialdia.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko II. ediziorako deialdia antolatzea eta haren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Sarietarako, guztira 1.200,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazte txartelaren sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko 090002 09100 4809 232106 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 7an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko II. Edizioaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da araubide juridikoa eta arauak ezartzea, aisialdiko hezkuntza proiektu onenari “GJNE” saria emateko II. edizioaren deialdirako.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

2.–Proposamenen aurkezpena.

Nafarroan bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartzen ahalko dute. Parte hartzeko Europako Gazte Txartel Nafarraren titular izan beharko dute eta aisialdiko begirale edo zuzendari titulua, 2021eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean lortua, Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako aisialdiko eskoletako batean.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Izena emateko orria Nafarroako Gobernuaren eredu ofizialaren araberakoa izanen da eta honako leku hauetan aurkezten ahalko da: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Yanguas y Miranda 27, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko Atarian edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa osorik aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala. Komunikazioa jakinarazi eta biharamunetik hasita, zazpi egun balioduneko epea emanen da aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskabiderako inprimakia. II. eranskina.

–Programazioa/amaierako memoria, gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzita.

–NANaren fotokopia.

Halakorik aurkeztu ezean, interesdunak eskaerari uko egin diola ulertuko da.

3.–Aurkezten diren lanen balorazioa.

Aurkezten diren lanak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Josu Laguardia Hontañón, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua, epaimahaiburu gisa.

–Ordezkoa: Jesús Beitia López, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.

–Elena Latorre Requetibate, epaimahaiko idazkari gisa. Epaimahaiaren eztabaidak jasoko ditu idatziz, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

–Ordezkoa: Arantza Lalinde Zabala, administraria.

–Ana Redín Pascual, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua, epaimahaikide gisa.

–Ordezkoa: Aniana Alfaro Nicolás, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.

–Rosa Horcada Baztán, erdi mailako tituluduna, epaimahaikide gisa.

–Ordezkoa: Raquel Ezkerra Sales, gazteriaren arloko goi mailako teknikaria.

Epaimahaikideak ez badaude edo eri badaude, identifikatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak Nafarroako Gobernuak aitortutako aisialdiko eskolen zuzendarien aholkularitza eta laguntza jaso ditzake.

Epaimahaiak deliberazioen akta eginen du, gehiengoz hartuko ditu erabakiak eta proiektuak hautatuko ditu. Halaber, sariak nori eman proposatu eta justifikatu beharko du, honako irizpide hauen arabera:

1. Kalitate teknikoa; horretarako aisialdiko hezkuntzako proiektuaren programazioan edo memorian jasota dauden honako elementu hauek hartuko dira erreferentzia gisa:

a. Arrazoibidea (errealitatearen analisia, jarduera esparrua): 15 puntu gehienez.

b. Planteamenduarekin koherentzia: 10 puntu gehienez

c. Azalpen argiak: 5 puntu gehienez.

d. Erabilitako metodologia (praktikaren garapena eta erabilitako baliabideak): 15 puntu gehienez.

e. Proiektuaren gaineko balorazio pertsonala: 15 puntu gehienez.

Lehen apartatu honen totala: 60 puntu gehienez.

2. Proiektuaren helburuak zehaztea eta horiek modu arrazoituan lotzea Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 eta Agenda 2030eko garapen jasangarrirako helburuetan jasotako edozein esparrurekin: 20 puntu gehienez.

(Foru estrategia horretan jasotzen diren esparruak edo arloak honako hauek dira: asoziazionismoa, gizarte inklusioa, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde garapena, hizkuntza politika, aisialdia eta astialdia, hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, enplegu eta lan munduan sartzea, osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren jasangarritasuna).

3. Proiektuaren bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.

4. Programazioa berritzailea eta jatorrizkoa izatea. 10 puntu gehienez.

4.–Sariak eta aintzatesteak aurkezten diren lanik hoberenentzat.

Aurkeztutako lan bakoitzak gehienez 100 puntu lortzen ahal ditu, eta onartua izateko gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu. Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak puntuaziorik altuena lortzen duten hiru memoriak aukeratuko ditu, eta saria eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren lanen kalitatea eta gaiak ez bazaizkie lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak. Orobat, epaimahaiaren erabakiaren berri emanen da Institutuaren web-orriaren eta sare sozialen bidez. Saria jasotzen duten lanak Gazteriaren webgunean argitaratuko dira: https://www.juventudnavarra.es/eu

Hautatutako pertsonek honako sari hauek jasoko dituzte:

–600 euro, puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

–400,00 euro, bigarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

–200,00 euro, hirugarren puntuaziorik altuena jasotzen duen proiektuari.

5.–Egile eskubideak.

Egileek aurkezten duten memoria bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren. Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen diote Nafarroako Gazteriaren Institutuari haien izen-deiturak argitaratzeko bere webguneetan, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabideetan.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide intelektualak errespetatuko ditu.

6.–Antolatzailearen erantzukizuna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egoten ahal diren kontuak ebazteko.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutua salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egiten ahal duten edozein plagioagatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

7.–Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Xedea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko eskumenekoak diren laguntzak, bekak, dirulaguntzak eta sariak eman, kudeatu eta kontrolatzeko eta horien gaineko jarraipena egiteko prozedurak gauzatzea.

Legitimazioa: Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hartzaileak: Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.

Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ejercicio-de-los-derechos-de-proteccion-de-datos-personales?back=true&pageBackId=7567267

–Informazio gehigarria:

Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu:

https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf

8.–Harremanetarako datuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, 31003 Iruña.

848 423900 enaj@navarra.es.

www.juventudnavarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2203376