56. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

46/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, adinekoen eta/edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko asmoz, laguntza-produktuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dituena 2022. urterako.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea, eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluarekin lotu behar da, non Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen baitzaio hirugarren adineko pertsonen arloetan, baita Espainiako Konstituzioaren 49. eta 50. artikuluekin ere, non ezartzen baita botere publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoentzako aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta integrazio politika egin beharko dutela, bai eta hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatzeko politika ere, haien berariazko arazoez arduratuko diren gizarte zerbitzuen sistema baten bitartez.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. “Bermatu gabeko prestazioak” izeneko II. eranskinaren B ataleko 12. puntuan, adinekoentzako arretaren arlorako laguntza teknikoak ezartzen dira. Hartan xedatzen da baliabide horren helburua adineko pertsona bere ohiko ingurunean geratzeko erraztasunak ematea dela, etxebizitzaren irisgarritasuna eta mugikortasuna erraztuta edo haren egoera fisikoa eta osasun egoera hobetuta.

“Bermatu gabeko prestazioak” izeneko II. eranskinaren C) ataleko 14. puntuan, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-produktuak erosteko dirulaguntzak ematea aurreikusten da. Hartan xedatzen da baliabide horren helburua desgaitasunak eragindako beharrak estaltzea dela, autonomia pertsonala eta irisgarritasuna sustatzearren.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, autonomia erkidegoetako administrazioek berariazko akordioak egiten ahalko dituzte dirulaguntzak emateko, aurrekontuetan duten diruaren arabera, autonomia pertsonala bultzatzeko. Laguntza horiek dirulaguntza modukoak izanen dira, eta eguneroko bizitzan normal moldatzeko behar diren laguntza teknikoetarako edo tresnetarako emanen dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du. Araubide horretan, araudiak edo oinarri arautzaileek eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntzak ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeko 5. artikuluko 4. puntuaren arabera, bizimodu independentea izateko eta bizitzaren eremu guztietan osoki parte hartzeko eskubidea sustatzeko, botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte irisgarritasun unibertsala bermatzeko inguruneetan, prozesuetan, ondasunetan, produktu eta zerbitzuetan, garraioan, informazio eta komunikazioetan, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta hedabide sozialak eta jendaurreko edo erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuk, hiriguneetan nahiz landaguneetan.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1.–Onestea adinekoen eta/edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak 2022. urterako, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso direnak.

2.–Gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuko honako partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005 93100 4809 231B03 Laguntza-produktuak erosteko prestazio ekonomikoa

2022

50.000,00

3.–Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.–Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2022ko otsailaren 24an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarri orokorrak

1.–Xedea eta helburua.

Agindu honen xedea da oinarri batzuk ezartzea arautzeko nola emanen zaizkien mendekotasun edo desgaitasun graduren bat duten pertsonei laguntza-produktuak erosteko banakako laguntzak. Salbuespenez, goian adierazitako egoeretan egon gabe ere, funtzio baterako autonomia galarazten dien patologiaren bat izateagatik laguntza-produkturen bat behar duten pertsonei ere bai, osasun sistemaren txosten fakultatibo baten bidez egiaztatuz gero.

Foru agindu honen ondorioetarako, laguntza-produktuak dira bereziki desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak, hauetarako helbururen bat dutenak:

–Parte-hartzea erraztea.

–Gorputzaren funtzioak/egiturak eta jarduerak babestea, sostengatzea, entrenatzea, neurtzea edo ordeztea.

–Jarduteko edo parte hartzeko mugei eta gabeziei aurrea hartzea.

Agindu honetan arautzen diren prestazioak ez dira aldizkakoak. Beraz, prestazioa emateak ez du esan nahi hurrengo urteetan berriz jasotzeko eskubidea aitortzen denik.

Laguntza hauen helburua da desgaitasunaren eta/edo mendekotasunaren ondorioz sortzen diren behar batzuk estaltzeko gastu jakin batzuetan laguntzea, behar horien ondorioz pertsonak zailtasun edo zaurgarritasun sozialeko egoeran gelditzen baitira. Gastuak deialdiari dagokion urtean eginak izan behar dira. Laguntza hauen bidez, jarduteko behar den esfortzua gutxitzea da asmoa.

2.–Tipologia.

Laguntza hauek adinekoen edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratuko dira, Eskubide Sozialetako Departamentuaren esparruan, eta tipologia hauetakoren batean kokatuko dira:

2.1. Norberaren babesa eta zainketa errazten duten laguntza-produktuak.

A. Garbitasunerako laguntza-produktuak.

A.1. Aulki pixontzidunak.

A.2. Komunontzi-goragailua, beso-euskarriekin edo gabe.

A.3. Komunontzirako altxagarriak, altuera eta inklinazio doigarriarekin.

A.4. Komunontzirako tapakia, igotzeko mekanismoarekin, esertzen eta altxatzen laguntzeko.

A.5. Ur beroaren bidezko ureztatze sistemak eta lehorgailuak, komunontzirako egokituak.

B. Nork bere burua garbitzeko, dutxatzeko eta bainatzeko laguntza-produktuak.

B.1. Bainuontzirako oholak eta eserlekuak.

B.2. Bainuontzirako aulki birakaria.

B.3. Dutxarako aulkiak, gurpildunak nahiz gurpil gabeak.

B.4. Bainuontzirako goragailu elektrikoa.

B.5. Dutxarako andak.

B.6. Komunerako heldulekuak.

B.7. Ilea zaintzeko laguntza-produktuak.

B.8. Aulki baskulagarri eta etzangarriak.

C. Janzteko eta eranzteko laguntza-produktuak.

C.1. Galtzerdiak nahiz galtzetinak janzteko eta eranzteko laguntza-produktuak (Terry modukoak).

C.2. Konpresio-galtzerdiak janzteko eta eranzteko laguntza-produktuak (Roly modukoak).

D. Jateko eta edateko laguntza-produktuak.

D.1. Mahai-tresna egokituak.

D.2. Plater, katilu eta edalontzi egokituak.

D.3. Plateretarako ertz goratuak eta topeak.

D.4. Mahai-tapiz edo -zapi irristagaitzak.

2.1. atalean aipatutako produktuak erosteko laguntzak jaso ahal izateko, pertsona eskatzaileek medikuaren txosten baten bidez frogatu beharko dute dagokion produktuaren premia.

2.2. Mugikortasun pertsonala eta lekualdatzeko gaitasuna hobetzeko laguntza-produktuak.

A. Altxatzeko, garraiatzeko eta transferitzeko laguntza-produktuak.

A.1. Transferentzia-diskoak.

A.2. Transferentzia-diskoak heldulekuekin.

A.3. Transferentzia-oholak.

A.4. Transferentzia-oholak disko irristagarriarekin.

A.5. Transferentzietarako gerriko eta arnesak.

2.3. Komunikaziorako eta informaziorako laguntza-produktuak.

A. Ikusmenerako laguntza-produktuak:

A.1. Betaurrekoak erostea.

A.2. Lentillak erostea.

Betaurrekoak nahiz lentillak erosteko dirulaguntza jasotzeko, gutxienez %25eko ikusmen-desgaitasuna izatea eskatzen da. Ez badago aitortuta eskatzen den gutxieneko desgaitasun maila, eskatzaileak txosten oftalmologiko bat aurkeztu beharko du, gutxienez %25eko ikusmen-desgaitasuna duela egiaztatzeko.

Lentillen kasuan, behin baino gehiagotan eskatzen ahalko dira, berritzeko ezarrita dagoen epearen barruan, harik eta deialdiaren 2. eranskinean ezarritako gehieneko zenbateko diruz lagungarrira iritsi arte.

Betaurrekoak erosteko dirulaguntza jasoz gero, ez da jasotzen ahalko lentillak erosteko dirulaguntza, eta alderantziz; salbu eta medikuaren preskripzio baten bidez ikusmenerako bi laguntza-produktuak aldi berean erabiltzeko premia justifikatzen bada. Horretarako, sare publikoaren txosten oftalmologikoa aurkeztu beharko da.

E.3. Ikusmenerako beste laguntza-produktu batzuk.

–Iragazkiak.

–Leiarrak.

–Lupak.

–Teleskopioa.

Ikusmenerako beste laguntza-produktu batzuk erosteko laguntzak emateko, Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza-produktuen Zentroaren aldeko txosten tekniko bat aurkeztu beharko da, eta ikusmenaren eta hari loturiko funtzioen %65 edo gehiago mugatuta dagoela frogatu.

A.3. atalean adierazitako laguntza-produktuak emateko, beharrezkoa izanen da %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua izatea, edo mendekotasun egoera aitortua izatea, Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza-produktuen Zentroaren egokitasun txosten tekniko baten bidez berretsiko dena.

3.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Laguntza hauetarako aurrekontua 50.000 eurokoa izanen da guztira, 2022ko gastu-aurrekontuko “Laguntza-produktuak erosteko prestazio ekonomikoa” izeneko 920005 93100 4809 231B03 partidaren kargura.

4.–Betebeharrak.

Laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Mendekotasun edo desgaitasun graduren bat aitortuta edukitzea edo, hala ez bada, 65 urte baino gehiago eta funtzio baterako autonomia galarazten duen patologiaren bat edukitzea, osasun sistemaren txosten fakultatibo baten bidez egiaztatuz gero. Zalantzarik izanez gero, txosten hori Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntzarako Produktuen Zentroko teknikarien aldeko txostenaren bidez berretsiko da.

b) Laguntza eskaera egin aurreko urtean Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.

c) Laguntza-produktuaren premia dokumentatzea, osasun arloko edo gizarte zerbitzuen arloko profesional eskudun baten txostena aurkeztuta.

d) Aurreko deialdian xede bererako eskatutako dirulaguntzarik ez jaso izatea azken urtean, salbu eta honako baldintza hauek betetzen badira:

–Eskatutako egokitzapena edo laguntza teknikoa aurrez eskatutakoaren osagarri izatea, mendekotasun-egoerari aurrea hartzeko edo eskatzailearen autonomia pertsonala sustatzeko.

–Eskatutako egokitzapena edo laguntza teknikoa aurrez emandakoen desberdina izatea, mendekotasun-egoera larriagotu egin delako.

e) Zerga arloko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen hildako pertsonak ezin izanen dira onuradun izan.

Eskaera aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatutako baldintzak interesdunek.

5.–Eskaerak aurkeztea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak berariaz onartzea.

Halaber, eskaera aurkeztean, eskatzaileak berariaz emanen dio baimena Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari administrazio publiko eskudunetan dauden fitxategi publikoak egiaztatzeko eta kontsultatzeko, eskatutako baldintzak eta inguruabarrak betetzen ote diren jakiteko asmoz.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022 azaroaren 30ean edo deialdiari esleitutako zenbatekoa agortzen den egunean bukatuko.

Ahal izanez gero, eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http: //www.navarra.es orrian (sinadura elektronikoa behar da). Bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko araudian zehaztutako tokietan aurkezten ahal dira.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) III. eranskineko eredu ofizialaren araberako eskaera, behar bezala beteta eta eskatzaileak edo, kasuaren arabera, haren ordezkariak sinatuta.

Deialdiaren fitxan agertzen den eskaera-ereduarekin (III. eranskinarekin) bat ez datozen eskaerak, edo ez daudenak behar bezala beteta, edo ez daudenak sinatuta, ez dira aurkeztutzat hartuko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Laguntzaren eskatzailearen edo/eta haren ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN), atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZ) edo pasaportearen kopia, bai eta familia unitateko gainerako kideena ere.

c) Eskatzailea bizi den herriko udalak emandako errolda-ziurtagiria, gutxieneko antzinatasuna frogatzen duena.

d) Bizilekuari dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuak edo osasun-zentroak emandako txosten soziala, eskatutako laguntza-produktu bakoitzaren premia frogatzen duena.

e) Eskatutako produktuaren premia frogatzen duen osasun arloko profesionalaren txosten teknikoa, baldin eta eskatzaileari ez bazaio aitortu desgaitasuna edo mendekotasun-egoera.

f) Egindako gastua frogatzen duen faktura, 8.1 oinarriaren araberakoa. Faktura horren data 2022ko urtarrilaren 1aren eta eskaera aurkezteko egunaren artekoa izan beharko da.

g) Dirulaguntzaren xede diren produktuen ordainagiriak, 8.2 oinarriaren arabera.

h) Aurkeztutako azken errenta-aitorpena, eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen diru-sarrerak erakusten dituena. Eskatzailea ez badago behartuta errenta-aitorpena aurkeztera, diru-sarreren adierazpen sinatu bat aurkeztuko da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa, azken zergaldiari dagozkion datu ekonomikoak jasotzen dituena.

i) Dirulaguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera, behar bezala beteta eta sinatuta, V. eranskineko ereduaren arabera.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

6.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da, osatutako eskaerak zein ordenatan jaso diren aintzat hartuta.

Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari dagokio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak gauzatzea.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

6.2. Eskaeren tramitazioa.

Laguntza-eskaera aurkeztu den egunaren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, baldin eta eskaerarekin batera deialdi honen oinarrietan eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu badira, eta aurrekontuan horretarako dagoen kreditua bukatu arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Eskaeraren bat zuzendu beharra badago, eskaera ebazteko epea eten eginen da izapide hori burutu arte. Kasu horretan, laguntzak emateko ordena ezartzeko aintzat hartuko den data beharrezko dokumentu guztiak aurkezten diren eguna izanen da.

7.–Kontzeptu eta zenbateko diruz lagungarriak.

7.1. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Foru agindu honetako I. eranskinaren 2. oinarrian azaltzen diren tipologietan sartutako kontzeptuak izanen dira diruz lagungarriak.

Instrukzio organoak baloratuko du kontzeptu diruz lagungarriak egokiak diren ala ez, profesional eskudunek (medikuek, gizarte langileek, etab.) egindako txostenen arabera. Eskaerak laguntzaren egokitasuna behar adina frogatzen ez badu, laguntza agindu duten profesionalei eskatuko zaie informazio gehiago eman dezatela, eta/edo egokitasun irizpen bat eskatuko zaio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Zentroko taldeari.

Halaber, diruz lagungarriak izanen dira laguntza-produktuak 2022ko urtarrilaren 1aren eta azaroaren 29aren artean erosi direla fakturen eta ordainagirien bidez egiaztatzen duten laguntza-eskaerak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroako Gobernuko beste departamentu batek, Estatuko Administrazioak eta/edo Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileek finantzatzen dituzten kontzeptuak.

7.2. Zenbateko diruz lagungarria.

Kostu diruz lagungarria eta eskatzailearen familia unitatearen urteko diru-sarrerak hartuko dira kontuan dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

a) Kostu diruz lagungarria.

Laguntza-produktu mota bakoitzari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarriaren arabera zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, foru agindu honen II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

Eskatutako laguntza-produktuari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinean zehaztutakoa, eskatzaileak egindako eta justifikatutako gastua baino handiagoa bada, azken hori hartuko da kostu diruz lagungarritzat, deialdi honen 7.2.c atalean azaltzen den formula matematikoa aplikatzeko helburuarekin.

Eskatutako laguntza-produktuari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinean zehaztutakoa, eskatzaileak egindako eta justifikatutako gastua baino txikiagoa edo berdina bada, gehieneko zenbateko diruz lagungarria hartuko da kostu diruz lagungarritzat, deialdi honen 7.2.c atalean azaltzen den formula matematikoa aplikatzeko helburuarekin.

b) Familia unitatearen urteko diru-sarrerak.

Familia unitatearen urteko diru-sarrerak zenbatzeko, 5.2.h atalean ezarritakoari jarraikiz aurkeztutako errenta-aitorpena hartuko da aintzat eta, errenta-aitorpena egin behar izatetik salbuetsita egonez gero, zergaldi bereko datu ekonomikoak jasotzen dituen diru-sarreren adierazpena (IV. eranskina).

Familia unitatearen urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, baliabide ekonomiko garbi guztiak zenbatuko dira, hauek barne: lan-etekinak, kapital-errentak, enpresa-jarduerak, jarduera profesional edo artistikoak eta erakunde publikoek emandako pentsio guztiak, errenta salbuetsiak badira ere.

Honako hau da familia unitate bat:

I.–Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatzen dutena, salbu eta horiek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

II.–Berariazko legeriaren araberako bikote egonkor batek eta adingabeko seme-alabek osatzen dutena, salbu eta horiek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

III.–Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko paragraforetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

IV.–Hala hautatuz gero, familia unitateko kide gisa sartzen ahalko dira 18 urtetik 25 urtera bitarteko seme-alabak, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta ez badira beren gurasoengandik bereizirik bizi.

c) Laguntzaren intentsitatea.

Eskatzailearen familia unitatearen urteko diru-sarrerak kontuan hartuta, 7.2.b atalean ezarritakoari jarraikiz, eta familia unitate horretako kide kopuruaren arabera, kostu diruz lagungarriari aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea zehaztuko da, 7.2.a atalean ezarritakoari jarraikiz. Intentsitate hori I. taularen araberakoa izanen da.

I. TAULA

Familia unitatearen diru-sarreren eta kide kopuruaren araberako laguntzaren intentsitatea

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

Kide bat

2 kide

3 kide

4 kide

5 kide

6 kide edo gehiago

SARRERAK

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Gehienez

20.521

100

30.780

100

38.497

100

44.245

100

48.673

100

53.538

100

Gehienez

21.034

95

31.549

95

39.437

95

45.353

95

49.889

95

54.877

95

Gehienez

21.559

90

32.338

90

40.424

90

46.486

90

51.136

90

56.249

90

Gehienez

22.097

85

33.146

85

41.433

85

47.649

85

52.413

85

57.653

85

Gehienez

22.649

80

33.976

80

42.469

80

48.839

80

53.725

80

59.095

80

Gehienez

23.217

75

34.824

75

43.531

75

50.060

75

55.067

75

60.574

75

Gehienez

23.796

70

35.696

70

44.619

70

51.313

70

56.443

70

62.087

70

Gehienez

24.393

65

36.588

65

45.735

65

52.594

65

57.855

65

63.639

65

Gehienez

25.001

60

37.503

60

46.879

60

53.910

60

59.301

60

65.232

60

Gehienez

25.629

55

38.440

55

48.017

55

55.257

55

60.784

55

66.860

55

Gehienez

26.269

50

39.401

50

49.253

50

56.639

50

62.303

50

68.533

50

Gehienez

26.924

45

40.388

45

50.483

45

58.055

45

63.861

45

70.246

45

Gehienez

27.597

40

41.396

40

51.744

40

59.506

40

65.458

40

72.004

40

Gehienez

28.288

35

42.430

35

53.038

35

60.994

35

67.093

35

73.803

35

Gehienez

28.994

30

43.493

30

54.364

30

62.520

30

68.771

30

75.649

30

Gehienez

29.720

25

44.580

25

55.723

25

64.081

25

70.490

25

77.537

25

Gehienez

30.462

20

45.694

20

57.116

20

65.683

20

72.252

20

79.476

20

Gehienez

31.224

15

46.836

15

58.543

15

67.327

15

74.058

15

81.465

15

Gehienez

32.005

10

48.004

10

60.007

10

69.010

10

75.910

10

83.500

10

Gehienez

32.805

5

49.205

5

61.508

5

70.733

5

77.806

5

85.589

5

Gutxienez

32.805

0

49.205

0

61.508

0

70.733

0

77.806

0

85.589

0

Laguntzaren intentsitatea zehazteko, prozedura hau erabiliko da: familia unitateko kide kopuruari dagokion zutabean, 7.2.b atalaren araberako familia unitatearen urteko diru-sarreren zifra bera edo hurrengo handiena daukan laukia bilatu behar da. Eskuineko alboko laukian, ehuneko bat agertzen da, laguntzaren intentsitatetzat hartuko dena 7.2.d ataleko formula matematikoa aplikatzeko eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Eskatzaileak jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa formula matematiko honen bidez zehaztuko da:

Kostu diruz lagungarria x laguntzaren intentsitatea = dirulaguntzaren zenbatekoa.

Jarraian azaltzen den ereduan, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko modua erakusten da.

Bi kideko familia unitate bateko pertsonetako batek dirulaguntza bat eskatu du 600 euroko laguntza-produktu batengatik. Prorduktua ordainduta dago, eta gastua justifikatuta. Laguntza-proiektu horri dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinaren arabera, 500 euro da.

Kasu horretan, kostu diruz lagungarria 500 euro da.

Ordaindutako eta justifikatutako gastua 600 eurokoa bada ere, eskatutako laguntza-produktuari dagokion gehieneko diruz lagungarria 500 euro da; beraz, hori da kostu diruz lagungarria.

Eskatzailearen familia unitatearen 2020ko errenta-aitorpenaren arabera, zerga-oinarria 33.000 euro izan zen; horrez gain, 8.000 euroko errenta salbuetsiak ditu.

Familia unitateak errenta gisa aitortutako diru-sarrerak 33.000 eurokoak dira, eta horiei errenta salbuetsien 8.000 euroak gehitu behar zaizkie. Ondorioz, familia unitatearen urteko diru-sarrerak 41.000 euro dira = 33.000 euro + 8.000 euro.

Bi kideko familia unitate baten kasuan, I. taulan familia unitatearen urteko diru-sarreren (41.000 euro) zenbateko berdina edo handiagoa duen laukia bilatuz gero, 41.396 euroko zenbatekoa aurkituko dugu. Eskuinean, ondoko laukian, %40 jartzen du, eta hori da kasu honi dagokion laguntzaren intentsitatea.

Horrela, dirulaguntzaren zenbatekoa 200 euro izanen da, hori baita 500 euro %40ko intentsitatearekin biderkatzearen emaitza.

Inoiz ez da ematen ahalko eskatutako produktuaren merkatuko batez besteko prezioa baino diru gehiago.

Eskatzaile bakoitzarentzako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500 euro da.

8.–Diruz lagundutako gastuaren justifikazioa.

Laguntza emateko ebazpena argitaratu ondoren ordainduko da 7.2.d ataleko formula aplikatuta zehaztutako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldin eta egindako gastua dagozkion faktura eta ordainagirien bidez justifikatu bada.

8.1. Egindako gastuaren frogagiriak.

Egindako gastua faktura bidez soilik dokumentatuko da.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz, dirulaguntzaren eskatzaileak egindako gastua justifikatzen duten faktura guztiek honako datu hauek izanen dituzte:

–Faktura zenbakia.

–Faktura egin zeneko eguna.

2022ko urtarrilaren 1aren eta eskaera aurkezten den egunaren artekoa izan beharko da data.

–Faktura egin duenaren nortasun-datuak:

  • Izen-deiturak edo sozietate-izen osoa.
  • Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
  • Egoitza.

–Fakturaren hartzailearen (dirulaguntzaren eskatzailea) nortasun-datuak:

  • Izen-deiturak.
  • Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
  • Egoitza.

–Fakturaren xede den laguntza-produktuaren deskribapena, zergarik gabeko unitateko prezioa barne, baita unitateko prezioan sartzen ez den edozein deskontu edo beherapen nahiz guztizko kontraprestazioa ere.

–Eragiketari aplikatu beharreko BEZaren zerga-tasa.

Faktura bidez dokumentatutako erosketa BEZa aplikatzetik salbuetsita badago, salbuespen hori fakturan agertu beharko da.

–Ordaintzeko modua.

Faktura eskudirutan, zordunketa bidez, banku-transferentzia bidez edo txartelarekin ordaindu den adierazi beharko da.

8.2. Eskatzaileak egindako ordainketaren frogagiriak.

Faktura eskudirutan ordaindu bada, aurkeztutako fakturan hura egin duenaren sinadura eta zigilua agertu beharko da.

Zordunketa bidez egin bada ordainketa, banku-kontuaren jabea dirulaguntzaren eskatzailea dela agertu beharko da ordainagirian.

Banku-transferentzia bidez egin bada ordainketa, ordainagirian argi ikusi beharko da xede-kontua zein den, baita transferentziaren hartzailea diruz lagundutako laguntza-produktuari dagokion faktura egin duena dela ere.

Azkenik, txartelarekin egin ordaindu bada faktura, ordainketa egiteko erabili den txartelaren jabea dirulaguntzaren eskatzailea dela agertu beharko da ordainagirian.

9.–Ebazpena eta errekurtsoak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena, instrukzio organoaren proposamenari jarraikiz.

6.2 atalaren arabera eskaeraren aurkezte-datatzat hartzen den egunetik 3 hilabete iragan baino lehen emanen eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

Laguntza bat jaso eta lau urteko epean ezin izanen da kontzeptu bererako laguntzarik jaso, behar bezala justifikatu eta instrukzio organoak onartutako kasuetan izan ezik.

11.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

12.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

13.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak.

14.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

II. ERANSKINA

Laguntza-produktuen katalogoa

LAGUNTZA-PRODUKTU MOTA

AZPIMOTA

SAILA

GEHIENEKO ZENBATEKO DIRUZ LAGUNGARRIA

2.1. Norberaren babesa eta zainketa errazten duten laguntza-produktuak

A. Garbitasunerako laguntza-produktuak (libratzea)

1.–Aulki pixontzidunak

112 euro bakoitza

2.–Komunontzi-goragailua beso-euskarriarekin

81 euro bakoitza

3.–Komunontzirako altxagarriak, altuera eta inklinazio doigarriarekin

100 euro bakoitza

4.–Komunontzirako tapakia, igotzeko mekanismoarekin, esertzen eta altxatzen laguntzeko

139 euro bakoitza

5.–Ureztatze sistemak eta aire beroaren bidezko lehorgailuak, komunontzirako egokituak

450 euro bakoitza

B. Nork bere burua garbitzeko, dutxatzeko eta bainatzeko laguntza-produktuak

1.–Bainuontzirako oholak eta eserlekuak

60 euro bakoitza

2.–Bainuontzirako aulki birakaria

135 euro bakoitza

3.–Dutxarako aulkiak, gurpildunak nahiz gurpil gabeak

265,50 euro bakoitza

4.–Bainuontzirako goragailu elektrikoa

427,50 euro bakoitza

5.–Bainurako andak

630 euro bakoitza

6.–Komunerako heldulekuak

70 euro bakoitza

7.–Ilea zaintzeko laguntza-produktuak

25 euro bakoitza

8.–Aulki baskulagarri eta etzangarriak

500 euro bakoitza

C. Janzteko eta eranzteko laguntza-produktuak

1.–Galtzerdiak eta galtzetinak janzteko laguntza-produktuak

15 euro bakoitza

2.–Konpresio-galtzerdiak janzteko eta eranzteko laguntza-produktuak

50 euro bakoitza

D. Jaten eta edaten laguntzeko produktuak

1.–Mahai-tresnak

20 euro bakoitza

2.–Plater, katilu eta edalontziak

Benetako kostua

3.–Plateretarako ertz goratuak eta topeak

7 euro bakoitza

4.–Mahai-tapiz edo -zapi irristagaitzak

30 euro bakoitza

2.2. Mugikortasun pertsonala eta lekualdatzeko gaitasuna hobetzeko

A. Altxatzeko, garraiatzeko eta transferitzeko laguntza-produktuak

1.–Transferentzia-diskoak

78 euro bakoitza

2.–Transferentzia-diskoak heldulekuekin

346,50 euro bakoitza

3.–Transferentzia-oholak

86,50 euro bakoitza

4.–Transferentzia-oholak disko irristagarriarekin

270 euro bakoitza

5.–Transferentzietarako gerriko eta arnesak

61 euro bakoitza

2.3. Komunikaziorako eta informaziorako

A. Ikusmenerako laguntza-produktuak

1.–Betaurrekoak erostea

580 euro bakoitza

2.–Lentillak erostea

480 euro bakoitza

3.–Ikusmenerako beste laguntza-produktu batzuk: iragazkiak, lenteak, lupak eta teleskopioa

Benetako kostua

Iragarkiaren kodea: F2202922