54. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Udal ordenantza, apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzkoa. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2021eko abenduaren 2an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Apustu-etxe eta joko-aretoak arautzeari eta ludopatiaren prebentziorako neurriei buruzko udal ordenantza. Iragarkia 2021eko 285. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduare 21ean.

Erabakitakoarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, erabakia behin betikoa bilakatzen da eta, ondorioz, ordenantzaren testua osorik argitaratzen da, indarra har dezan.

Lizarran, 2022ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

UDAL ORDENANTZA, APUSTU-ETXE ETA JOKO-ARETOAK ARAUTZEARI ETA LUDOPATIAREN PREBENTZIORAKO NEURRIEI BURUZKOA

Zioen azalpena

Azken urteotan, ausazko jokoekin eta apustuekin lotutako establezimenduak ugaritu egin dira, eta horri gehitu behar zaio, halaber, ordenagailuen eta gailu mugikorren bidez egiten den online jokoak izan duen bultzada. Apustu-etxe horiek publizitatea sartu ohi dute kirol ekitaldietan, bereziki hedabideetako kirol emankizunetan, eta futboleko izarrak ere erabiltzen dituzte ikus-entzuleak apustuak egitera animatzeko. Joko sistema hori askoz ere adikzio-sortzaileagoa da, pausaldirik gabea, sarrerako “doako” bonuak eskainita eta, oroz gainetik, berebiziko inbertsioa eginda publizitatean. Horrek eta gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eraginda, substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria gertatzen ari da; ondorioz, egoera horren larriaz jabetzen ari da gizartea, oro har, baina baita erakundeok ere, eta hasiak gara ludopatia osasun publikoko arazotzat hartzen.

Gainera, establezimendu horien irisgarritasuna kezkagarria da oso, populazio bereziki zaurgarriari eragiten diolako; ildo horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasun arloko prebentzio eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek”.

Lizarrako Udalean bertan erregistraturiko datuen arabera, gurean badira hiru lokal, joko-areto gisa irekitzeko lizentzia dutenak.

Gure ustez, ratioa jasanezina da eta, gure eskumen-esparruaren barnean, premiazkoa da neurriak ezartzea, geldiarazteko oso arriskutsua den gizarte-fenomeno hori.

Autonomia erkidegoko legediak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Jokoen eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak jartzeko, aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore arautua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzearen inguruan.

Hori guztia esanda, ikusten dugu, batetik, udalek eskumena dutela hirigintzari eta hiri-ingurumenari buruzko gaietan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea) eta, bestetik, joko-aretoekin zerikusia duten jarduerak jarduera sailkatuen udal lizentzia lortzearen mende daudela (Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea), eta udal lizentzia hori ukatu daitekeela hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik, jarraikiz xedatzen denari Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan.

Horregatik guztiagatik, uste dugu Lizarrako Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak, gazteak eta beste talde zaurgarri batzuk babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintze aldera. Muga horiek arautuko dute ausazko joko edo apustuetarako areto edo lokalak zein baldintzetan irekiko diren zenbait tokiren ingurumarian.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da hirigintzako baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, osasun, laguntza, kirol edo aisia zentroetara (erretiratuen klubak), eta espazio librean gaitutako erabilera publikoko instalazioetara, nagusiki gazte eta haurrek erabiltzen dituztenak, bai eta beste talde zaurgarri batzuek ere (helduendako gimnasioak aire zabalean); horrez gain, hainbat alderdi arautzen dira, udal eskumenen esparruan, arlo honetako publizitatearen, prebentzioaren edo prestakuntzaren inguruan.

2. artikulua. Ukitutako establezimenduak.

1.–Ordenantza honen eraginpean gelditzen dira jokorako aretoak, zehazki, makinetan dirua jokatuz, trukean sari bat zuzenean edo zeharka lortzea ahalbidetzen dutenak.

2.–Parametro horiek aplikatuko zaizkie joko-aretoak, kasinoak, bingoak eta apustu-aretoak ezartzeko jarduera-lizentzien eskaerei, eta, oro har, Nafarroako Gobernuko organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduei, betiere gai horri buruz indarrean dagoen legeriaren babesean.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak. Sarbideak.

1.–Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio zaurgarria babesteko, ordenantza honen 1. artikuluan zerrendatutako instalazioen sarrerako fatxadatik 400 metroko erradioan diren kale guztiak.

2.–Mota horretako establezimenduen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da.

3.–Lokalak sarbide bat baino gehiago duenean, bakar bat baimenduko da, hain zuzen ere etxebizitza-atarietatik eta ordenantza honen 1. artikuluan zerrendatutako instalazioetatik urrunen dagoen atea. Bigarren ate hori erabiltzen ahalko da larrialdi-irteera gisa edo zama-lanetarako eremu gisa, hirigintzako konfigurazioak horretarako aukera ematen badu.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Aurreko artikuluan ezarritako banantze-distantziak neurtzeko, planimetria egokiaren gainean, 1/1.000 eskalan, erradio bat edo gehiago trazatuko dira, lehen ezarritako gutxieneko azalerarekin, erreferentzia-puntutzat hartuz lehendik dauden eta/edo ezartzekoak diren establezimendu publikoen arteko muga hurbilenak. Hori dela eta, testu honi plano osagarria erantsi zaio.

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako distantziak betetzen direla justifikatzea.

Ordenantza honen eraginpeko jarduera-lizentziak eskatzeko nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetarako, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da; bertan adieraziko dira, zehatz-mehatz, lizentziaren xede den lokalaren kokapena eta zabalik dauden beste lokaletara dagoen distantzia, ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak betetzen direla ere azalduta.

6. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

Lizarrako Udalak arautuko du halako establezimenduen kartel oro hiri-altzarietatik edo espazio publikotik kentzea. Haien publizitatea lokaleko bertako karteletara mugatuko da bakar-bakarrik, eta izena baino ez da jarriko, inolako publizitaterik gabe.

Debeku hori bera izanen dute Udalak antolatutako kirol eta kultura ekitaldietan eta abarretan parte hartu nahi duten pertsonek eta taldeek, ezin izanen baitute parte hartu markek edo apustu-establezimenduek babestuta, horiek Lizarran kokatuak egon ala ez.

7. artikulua. Diruz lagungarriak ez diren jarduerak.

Ekitaldiek ez dute jasotzen ahalko Udal honen dirulaguntzarik, baldin eta babesle guztiak edo horietako batzuk mota horretako apustu-etxeak badira, lokal fisikoak izan zein online jokoak izan.

8. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

1.–Sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartel bat eduki beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

2.–Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu egin beharko dira.

9. artikulua. Prestakuntza.

1.–Ikastetxeetan informazio jarduerak areagotuko dira, sakon aztertzeko gazteek online jokoak eta ausazkoak nola erabiltzen dituzten eta erabilera horrek zer arazo ekar ditzakeen.

2.–Aldi berean, udaltzainen prestakuntza areagotuko da, treba daitezen apustu eta jokoaren inguruko arau-hauste ohikoenetan, nagusiki adingabeak, legez ezgaitutakoak eta jokorako sarbidea legez mugatuta daukatenak sartzeari dagokionez.

10. artikulua. Apustu-makinen kokalekua tabernetan, kafetegietan eta jatetxeetan.

Apustu-makinak ezar daitezkeen taberna, kafetegi, jatetxe eta aisialdiko gainerako lokaletan, lokalaren barnealdean kokatuko dira, sarrerako atetik urrun, ahal den neurrian kanpoaldetik ez daitezen ikusi, eta lan-eremutik erabat ikusteko moduan, adingabeek erabiltzeko debekua betetzen dela bermatzeko.

11. artikulua. Fatxadetan jarri beharreko elementua.

Bat etorriz Joko Aretoen Erregelamendua onesten duen abuztuaren 30eko 270/1999 Foru Dekretuan ezarritakoarekin, ordenantza honek araututako establezimenduen fatxadetan ezin izanen da ezarri bide publikotik ikus daitekeen pantailarik, eta elementu instalagarriak foru arauan ezarritakora mugatuko dira.

12. artikulua. Ordenantza fiskala.

Ordenantza honek indarra hartuz geroztik, ordenantza fiskal bat sortuko da, luxuzko gastuen gaineko zerga arautuko duena, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 179.a) artikulua eta hurrengoak aintzat hartuz. Aplikatuko den zerga-tasa %15ekoa izanen da.

Lehen xedapen gehigarria.

Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden lokalek 6 hilabeteko epea izanen dute lokala eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Erregelamendu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2203122