54. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2022 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, 2022-2023 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onesten duena. Deialdiko egonaldiak honako irakasle hauentzat dira: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzan, arte plastikoen eta diseinuko lanbide-irakaskuntzan eta kirol-irakaskuntzan ari diren irakasleentzat.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 102. eta 103. artikuluetan xedatutakoaren arabera, “etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere” eta “hezkuntza-administrazioek irakasleen prestakuntza-jardueren plangintza eginen dute, jarduera horien eskaintza dibertsifikatua eta doakoa bermatuko dute, eta irakasleek jarduera horietan parte hartzeko bidezko neurriak ezarriko dituzte”.

Beste alde batetik, Lanbide Heziketako eredu berrietan ezinbestekoa da, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuak lanarekin lotzea, hezkuntza-eskaintza ahalik ondoen egokitzeko lan-merkatuan eskatzen diren lanbide-kualifikazioetara.

Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, kualifikazioei eta lanbide heziketari buruzkoak, 6. artikuluan ezartzen duenaren arabera, enpresek eta beste entitate batzuek kualifikazioen eta lanbide heziketaren sistema nazionalean parte hartuko dute honako eremu hauetan, besteak beste: irakasleen eta ikasleen prestakuntzan, lantokietan, lanbide-praktiketan, lanbide-orientazioan eta ekoizpen-sistemako profesional kualifikatuek prestakuntza-sisteman parte hartzean.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuak enpresetan prestakuntza-egonaldiak egitea sustatzen du. Egonaldi horiek irakasleen etengabeko prestakuntzaren modalitate bat dira eta haien ezaugarri nagusia da irakasleen, lan-munduaren eta enpresen arteko harremanak sendotzen dituztela. Prestakuntzaren modalitate honetan ezagutza zientifikoak eta teknikoak, lan-prozedurak, tresnen erabilera eta antolakuntzako prozesuak eta metodoak uztartzen dira, eta helburua izaten da irakasleak ahalik ondoen integratzea ekoizpen-prozesuetan, beti ere entitate edo enpresa laguntzaileak dauzkan ahalbideak kontuan hartuz. Prestakuntza-egonaldi hauen deialdia urtero egiten da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, 2022-2023 ikasturtean enpresetako egonaldiak egiteko deialdia onesten duen ebazpena eman dadin; ebazpen horren bidez finkatuko dira deialdiaren epeak, inskripzioak, epaimahaien eraketa eta, oro har, deialdia garatzeko arauak.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onestea. Deialdiko egonaldiak honako irakasle hauentzat dira: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzan, arte plastikoen eta diseinuko lanbide-irakaskuntzan eta kirol-irakaskuntzan ari diren irakasleentzat. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinetan ezartzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura eta deialdi honen xede diren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko otsailaren 22an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

2022-2023 deialdiaren oinarri orokorrak

Enpresetako egonaldien modalitateak eta ezaugarri orokorrak.

1.–Enpresetako egonaldien ezaugarri orokorrak eta modalitateak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenean jasotakoak dira, “EE-4” modalitatea izan ezik. 2022-2023 ikasturtean enpresetako egonaldiak egiteko deialdia.

Enpresetan egonaldiak egiteko deialdia 2022-2023.

2.–12 plaza egonen dira EE-1 modalitateko egonaldietarako.

3.–EE-2 modalitateko egonaldietarako deialdian ez da toki mugarik ezarri.

4.–Deialdi hau Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 5. oinarrian aipatzen diren irakasleentzat da.

Eskaerak aurkezteko epea.

5.–Enpresetako egonaldien EE-1 eta EE-3 modalitateetarako eskaerak, 2022-2023 ikasturtekoak, aurkezteko epea 2022ko martxoaren 16tik 22ra artekoa izanen da.

6.–Enpresetako egonaldien EE-2 modalitaterako eskaerak, 2022-2023 ikasturtekoak, ikasturte horretako edozein unetan aurkezten ahalko dira.

7.–Eskaera Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko da (San Domingo 8, Iruña), Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalari zuzendutako eskabide baten bitartez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 9. oinarrian aipatzen den eta tramiteen fitxa honetan dagoen dokumentazioarekin batera:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

Hautaketa-irizpideak. Enpresetako egonaldiak, EE-1 modalitatea.

8.–Eskaerak honako lehentasun-irizpide hauen arabera ordenatuko dira:

a) Lehena.–Funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetan (2017-2018 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera) EE-1 modalitateko egonaldirik esleitu ez bazaie.

b) Bigarrena.–Administrazio-kontratua dutenen eskaerak (bitarteko langileak), baldin eta azken bost ikasturteetan (2017-2018 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera) EE-1 modalitateko egonaldirik esleitu ez bazaie.

c) Hirugarrena.–Funtzionarioen eta kontratu finkoa dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetako batean (2017-2018 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera) EE-1 modalitateko egonaldi bat esleitu bazaie.

b) Laugarrena.–Administrazio-kontratua (bitartekoak) dutenen eskaerak, baldin eta azken bost ikasturteetako batean (2017-2018 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera) EE-1 modalitateko egonaldi bat esleitu bazaie.

9.–Aurreko apartatuan adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

a) Lehena.–Aurkeztutako proiektuak hauekin duen erlazioa:

–Suspertze eta Erresilientzia Funtsen bidez finantzatutako programak.

–Lanbide heziketako espezializazio-ikastaroen arloak.

–Ezarritako curriculum berria (ezartzen den urtea eta hurrengoa).

–Digitalizazioa.

–Trantsizio berde-ekologikoa.

–Garapen jasangarriaren helburuak - 2030 Agenda.

b) Bigarrena.–Aplikatutako berrikuntzarekin lotutako beste arlo eta interes batzuekin erlazioa duten proiektuak.

10.–Bakoitza ordenatuko da enpresetako egonaldirako aurkeztu den proiektuaren puntuazioaren arabera; balorazioa hautapen-batzordeak eginen du honako apartatu hauen arabera:

–Proiektuaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak egokiak izatea lanbide heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko edo kiro- irakaskuntzako heziketa-zikloetarako (3 puntu gehienez).

–Proiektuaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak bat etortzea Suspertze eta Erresilientzia Funtsen bidez finantzatzen diren programekin (3 puntu gehienez).

–Ezagutza teknikoak, teknologikoak, artistikoak edo kirol arlokoak eguneratuta egotea, hain zuzen ere haien izaera espezifikoa dela eta beste baliabide batzuekin egitea zaila denean (2 puntu gehienez).

–Hautatutako enpresa egokia izatea egonaldiaren helburuak lortzeko (1 puntu gehienez).

–Proiektua egokia izatea parte hartzen duen ikastetxearen inguruko ekoizpen-enpresetarako (1 puntu gehienez).

Gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten proiektuak bazter geldituko dira.

EE-1 modalitateko egonaldiak hautatuko dituen batzordea.

11.–Hautapen batzordearen osaketa eta funtzionamendua Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenean jasota daude.

Emaitzak.

12.–EE-1 modalitateko egonaldiak egiteko deialdiaren behin-behineko ebazpena 2022ko apirilaren 4an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren fitxan, esteka honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7801/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-del-docente-Curso-2020-2021

13.–Erreklamazioak aurkezten ahalko dira 2022ko apirilaren 4tik 6ra arte, biak barne, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan (San Domingo 8, Iruña), Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalari zuzenduta.

14.–EE-1 modalitateko egonaldiak egiteko deialdiaren behin betiko ebazpena 2022ko apirilaren 8an argitaratuko da aipatutako zerbitzuen katalogoaren fitxan.

Enpresako egonaldiaren garapena. Uko egitea. Justifikazioa eta ziurtapena.

15.–Enpresako egonaldiaren jarraipena, ebaluazioa eta ikuskapena Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenean ezarri bezala eginen dira.

16.–Halaber, esleitutako enpresetako prestakuntza-egonaldiari uko egitea, justifikazioa eta ziurtapena aurreko oinarrian aipatzen den ebazpenean ezarri bezala eginen dira.

Iragarkiaren kodea: F2202731