53. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Egoitza elektronikoa sortzea

2022ko otsailaren 23an, Lodosako alkate Lourdes San Miguel Rojok honako ebazpen hau eman du.

Egoitza elektronikoa sortzea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38. artikuluak honela definitzen du egoitza elektronikoa: herritarrek telekomunikazio-sareen bitartez balia dezaketen helbide elektronikoa, administrazio publiko baten titulartasunekoa.

Martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 9. artikuluak (dekretu horrek Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua onesten du) gehitzen du egoitza elektroniko horren bidez eginen direla jarduketa eta tramite guztiak, administrazio publikoaren identifikazioa eta, hala badagokio, interesdunaren identifikazioa edo sinadura elektronikoa behar duten prozedura edo zerbitzuetan.

Halaber, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen du egoitza elektronikoa sortzeko egintza edo ebazpena argitaratu beharko dela bai Nafarroako Aldizkari Ofizialean bai sarbide-puntu orokorrean, eta artikulu horretan ezarritako gutxieneko edukia izan beharko duela.

Horiek horrela, legezko xedapenak bete beharrez, bat etorriz martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 10. artikuluarekin (dekretu horrek Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua onesten du), eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluaren a) d) eta s) letrek Alkatetzari esleitutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Lodosako Udalaren egoitza elektronikoa sortzea, izan dadin herritarrek, telekomunikazio sareen bidez, eskura duten helbide elektronikoa, ezaugarri hauekin:

–Egoitza elektronikoaren aplikazio-eremua izanen dira Lodosako Udala eta haren menpeko entitate eta erakunde publikoak.

–Erreferentziazko helbide elektronikoa hau izanen da: http://lodosa.sedelectronica.es; zuzenean eskura daiteke, bai eta Udal honen Interneteko ataritik ere, helbidea: www.lodosa.es.

–Udalari dagokio egoitza elektronikoaren titulartasuna, eta Idazkaritzako eta langileen administrazio-unitatea arduratuko da hura kudeatzeaz eta herritarren eskura jarritako eduki eta zerbitzuez, bai eta informazioaren osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz ere.

–Dagokion Administrazio Elektronikoaren ordenantzan arautuko da Udalaren egoitza elektronikoan dauden eduki eta zerbitzuen zerrenda.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta Lodosako Udalaren sarbide-puntu nagusi elektronikoaren direktorioan ere, eta Lodosako Udalaren Osoko Bilkurari horren berri ematea hurrengo ohiko bilkuran. Eta erabakitzea Alkatetzaren ebazpen honen aurka, zeina irmoa baita administrazio bidean, errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2022ko otsailaren 23an.–Alkatea, Lourdes San Miguel Rojo.

Iragarkiaren kodea: L2202794