53. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Udal liburutegiaren erabilera arautzen duen erregelamendua. Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2021eko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal liburutegiaren erabilera arautzen duen erregelamendua.

Onespen akordioa 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko urtarrilaren 11koan, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Deikaztelun, 2022ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Mikel Azcona Molinero.

DEIKAZTELUKO UDAL LIBURUTEGIA ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Honako erregelamendu honen xedea Deikazteluko Udal Liburutegiaren kudeaketa eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua. Definizioa.

Erregelamendu honen xede den Liburutegi Publikoa –informazioa eta kultura herritarren esku jartzeko funtsezko misioa duena– establezimendu publikoa da. Materialak irakurtzeko eta maileguz hartzeko zerbitzuak doakoak dira.

3. artikulua. Eginkizunak.

Deikazteluko Udal Liburutegiaren eginkizunak dira:

1.–Gai aldetik anitza eta orekatua beharko duen bilduma bat bildu, antolatu eta herritarrei eskaintzea, dena delako formatu eta euskarrietan. Bilduma hori herritarren eskariak eta informazio beharrak betetzeko behar adinakoa izan beharko da.

2.–Behar diren zerbitzuen eta kultura ekintza osagarrien bidez herritarrek funtsak erabil ditzaten sustatu eta bultzatzea.

3.–Zainpean duen ondare bibliografikoa eta dokumentala kontserbatu eta aberastea.

4. artikulua. Arduradunak.

Honako hauek dira bere funtzionamenduaren arduradunak:

1.–Udalaren ardura da zentroak behar dituen langileak eta baliabideak izatea.

2.–Liburuzainaren ardura da:

–Liburutegiaren zerbitzuak emateko zeregina antolatu eta kudeatzea.

–Funtsen tratamendu administratibo eta teknikoaren ondoriozko lanak zuzendu eta koordinatzea.

–Liburutegiko funtsak behar bezala kontserbatzeko eta seguru mantentzeko behar diren neurriak proposatu eta hartzea.

–Urteko jardueren plana eta hori betetzeko aurreikusitako aurrekontua osatu eta udalerrian arlo horretako organo eskudunari proposatzea.

–Erregelamendu hau betetzen dela bermatzea.

–Legezko xedapen edo erregelamendu bidez agintzen dioten beste edozein.

5. artikulua. Liburutegiak dokumentu funtseko elementu jakin batzuk kentzen ahalko ditu, baldin eta espazio falta badago, dokumentuak egoera txarrean badaude, informazioa zaharkituta geratu bada edo erabiltzen ez bada.

6. artikulua. Udal Liburutegirako sarbidea librea eta doakoa da herritar ororentzat. Funtsen segurtasuna eta kontserbazioa bermatzeko, zerbitzuaren zuzendaritzak funts horietako batzuetarako sarbidea murrizten ahalko du, ikertzaileei horiek ikertzeko aukera kendu gabe betiere.

7. artikulua. Liburutegia gune publikoa da eta erabilera komunitarioa du. Dituen ezaugarriak aintzat hartuta, honako erabilera arau hauek ezartzen dira:

1.–Guztiz debekatua dago erretzea.

2.–Halaber, debekatuta dago janariarekin, edariekin edo antzekoekin sartzea, baita bustitako, infektatuta dauden, usain txarra duten edo sukoiak diren sustantzia edo gaiekin sartzea ere.

3.–Telefonoak uneoro egon behar dira deskonektatuta edo, gutxienez, mutu.

4.–Irakurketa geletan isilik egon behar da eta, hitz egitekotan, ahopean hitz egin behar da, ikasketa errespetatzeko.

5.–Instalazioak eta altzariak kontuz erabili behar dira, egoera onean mantendu daitezen.

6.–Liburutegiko funtsa osatzen duten liburu eta material guztiak zaindu egin behar dira, udal ondarearen parte baitira. Ondare komunak direnez, egoera onean mantendu behar dira, herritar guztiek izan dezaten erabiltzeko aukera.

7.–Debekatuta egonen da zarata gogaikarria edo beharrezkoa ez den zaraten bat egiten duen inolako ekipo elektronikorik edo tresnarik erabili.

8.–Ez da animaliarik, bizikletarik, patinik edo inolako ibilgailurik sartzen ahalko, salbu eta lesioren edo desgaitasunen batengatik beharrezkoak badira.

9.–Debekatuta dago poltsa edo pakete handiekin sartzea, baldin eta beste erabiltzaileen joan-etorriak oztopatzen badituzte.

10.–Debekatuta dago tokia erreserbatzea, eta irakurtzeko tokietatik joatekotan, gehienez ere 20 minutuz gordeko dira. Kanpoan 20 minutu baino gehiago emanez gero, toki hori behar duen beste erabiltzaile batek erabiltzen ahalko du.

11.–Hamar urte bete ez dituzten erabiltzaileak derrigorrez sartu beharko dira guraso edo tutoreekin, eta heldu horien ardurapean egonen dira, uneoro.

12.–Erabiltzaileek une oro beteko dituzte zerbitzuko langileen jarraibideak.

13.–Galdutako objektuak jaso eta liburutegian gordeko dira, gehienez, hilabetez. Epe hori igarotakoan, objektu horiek ongintzako erakunde bati ematen edo suntsitzen ahalko dira. Liburutegiko erabiltzaileen objektu pertsonalak zaintzeko ardurarik ez dute izanen liburutegiko langileek.

8. artikulua. Jendaurreko ordutegia.

Deikazteluko Liburutegia, gutxienez, astean hamar orduz zabalik egonen da, eta ordu horiek asteko bost egunetan banatuta egon beharko dira, gutxienez, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara eta, ahal den neurrian, herritarren eskariari erantzunen zaio. Ordutegi hori begien bistan ezarriko da, liburutegirako sarreretan.

Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean liburutegia itxita egonen da.

9. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Deikazteluko Liburutegiak honako zerbitzu hauek eskainiko ditu, gutxienez:

1.–Gela barneko irakurketa.

2.–Etxez etxeko maileguak.

3.–Interneterako sarbidea, dohainik.

10. artikulua. Kopiak eta erreprografia.

Deikazteluko Liburutegiak, ahal duen neurrian, baliabideak eskainiko ditu bere funtsak kopiatu eta erreproduzitzeko, baldin eta zerbitzuaren zuzendaritzak kontrakoa erabakitzen ez badu, kontserbazio egoera kaskarra delako edo beste edozein arrazoi tarteko.

Material hori eskuratzeko bitartekoak eskainiko ditu, hala ezartzen baitute kultura ikertzeko eta zabaltzeko printzipioek, betiere jabetza intelektualeko eskubidea bermatuz, lana behar bezala kontserbatuz eta liburutegiaren ohiko jarduerari eragin gabe.

11. artikulua. Beste kultura jarduera batzuk.

Deikazteluko Udal Liburutegiak beste jarduera batzuk –hertsiki kultura alorrekoak– egiten ahalko ditu, liburutegiari dagozkion funtzioak oztopatzen ez badituzte betiere.

12. artikulua.

Material bibliografikoaren mailegu zerbitzuaren erabiltzailetzat joko dira Deikazteluko Udal Liburutegiko bazkide txartela duten pertsonak. Txartela norberarena da eta ezin zaio beste inori eman.

13. artikulua.

Mailegu modalitate hauek ezarri dira:

Pertsonala. Erabiltzaileak material bibliografikoaren hiru ale eramaten ahalko ditu etxera. Maileguak 21 egun iraunen ditu, eta beste 21 egunez luzatzen ahalko da. Ikus-entzunezko dokumentuei dagokienez, sei ale mailegatzen ahalko dira (bi CD-ROM, bi DVD eta bi CD), eta horien mailegua –zazpi egunekoa– ez da luzatzen ahalko.

Kolektiboa. Liburutegiak kolektibo eta entitateei maileguak egiten ahalko dizkie, baita hala eskatzen duten zentro eta elkarteei ere. Kasu horietan mailegua hilabetekoa izanen da, eta ez da berritzen ahalko. Mailegu horren arduraduna mailegua jasotzen duen entitatearen zuzendaria/presidentea izanen da.

Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean zerbitzu horiek eten eginen dira.

14. artikulua. Maileguen baldintzak.

Materialen mailegua eskatzeko eta jasotzeko, interesduna liburutegira bertaratu beharko da. Mailegua jasotzeko, beharrezkoa izanen da eskatzaileak mailegu txartela erakustea, eta ez da eskatzen duen zerbitzu horretaz gabetua izanen.

Obra bat maileguan hartzen duen erabiltzailearen ardura izanen da lanaren osotasuna, eta atzematen diren akatsak berehala jakinarazi beharko zaizkio liburutegiko arduradunari.

Instalazioak itxi baino hamar minutu lehenago bukatzen da maileguak egiteko ordutegia.

15. artikulua. Mailegu txartela eskuratzeko prozedura.

Bazkide txartela doakoa da herritar guztientzat. Txartela eskuratzeko, eskabide inprimakia bete eta NANaren, AIZen edo pasaportearen kopia bat aurkeztu behar da. Haur irakurleen kasuan (14 urtetik beherakoak), eskabidea gurasoetako batek edo tutoreak bete beharko du, eta bere NANaren, AIZen edo pasaportearen kopia bat eman beharko du.

16. artikulua. Txartela galtzea.

Txartela galtzen edo lapurtzen bada, berehala jakinarazi beharko zaio liburutegiari, ondorio negatiborik izan ez dadin. Kasu horretan, txartela berriz inprimatzeko eskatu beharko da.

17. artikulua.

Liburutegiak, ahal duen neurrian, baliabide informatiko egokien bidez eskainiko du Interneterako sarbidea. Sarbide hori doakoa izanen da. Udal liburutegiak eskaintzen duen Internet zerbitzua erabili nahi duten herritarrek liburutegiko txartela izan beharko dute, herrikoa ez den erabiltzaile batek ohiz kanpoko erabilera egin nahi duenean izan ezik. Halakoetan, erabiltzaileak identifikazio agiri bat erakutsi beharko du (NANa, AIZ edo pasaportea).

Ordenagailu bakoitzari erabiltzaile bakar bat esleituko zaio.

18. artikulua.

Liburutegiko baliabide informatikoak administrazio kontsultarako, ikerketarako edo ikasketarako baino ez dira erabiltzen ahalko. Debekatuta dago ordenagailuak merkataritza helburuetarako edo delituetarako erabiltzea.

19. artikulua.

Erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute indarreko legedia betetzeko, jabetza intelektualari dagokionez, eta bakoitzak bere ekintzen ardura dauka.

20. artikulua.

Ez da udal liburutegi zerbitzuaren ardura izanen erabiltzaileak zerbitzuak eskaintzen dituen puntuetatik zer-nolako informaziotara sartzen diren.

21. artikulua.

Interneterako sarbidearen modalitate hauek ezartzen dira:

1.–Liburutegiko terminaletatik.

2.–Wifi bidez.

22. artikulua.

Liburutegiak udal ekipamenduen bidez eskaintzen du Interneterako sarbidea eta, horien ezaugarriak zeintzuk diren ikusita, honako erabilera arau hauek ezartzen dira:

1.–Deikazteluko Udal Liburutegiko bazkide txartela duten erabiltzaileek egunean 45 minutuko saioak egiten ahalko dituzte.

2.–Sistemak ez du ahalbidetzen erabiltzaileek beraien programak liburutegiko ordenagailuetan kargatu edo erabiltzeko.

3.–Erabiltzaileek ez dituzte gastu gehigarriak sortzen dituzten zerbitzuak erabiltzen ahalko, eta ez dute baimenik sistemaren konfigurazioa edo sistema bera aldatzeko.

4.–Aldizka, inprimaketa zerbitzua ere eskaintzen da. Zerbitzu hori erabiltzeko langileei jakinarazi beharko zaie. Saio bakoitzean ez da 20 orri baino gehiago inprimatzen ahalko.

5.–Aurkitzen den informazioa ez da euskarri informatikoetan biltegiratzen ahalko. Segurtasun kontuak tarteko, Internet saio bat bukatzen den bakoitzean ekipo informatikoa berrabiarazi beharko da.

23. artikulua. Liburutegiak ordenagailu eramangarria daraman ezein herritarri eskaintzen dio Interneterako sarbidea, haririk gabeko sare baten bidez. Zerbitzu hori erabiltzeko, wifiaren pasahitza eskatu beharko da mostradorean. Aldi berean, NANa eta, 18 urtetik beherakoen kasuan, aitak, amak edo tutoreak sinatutako baimena ere aurkeztuko da.

24. artikulua. Baliabide informatikoetan atzematen den edozein akats liburutegiko langileei jakinarazi beharko zaie.

25. artikulua. Baliabide informatikoak behar ez bezala erabiltzea, aplikazioak instalatzea eta zerbitzuen iruzurrezko edo legez kontrako erabilera zigortu eginen da, eta erabiltzaile horri puntu informatikoetarako sarbidea debekatu eginen zaio. Jurisdikzio arruntera jotzeko eskubidea gordetzen da, beharrezkoa baldin bada.

26. artikulua. Erabiltzaileak Deikazteluko Udal Liburutegiaren erabilera arauak zeintzuk diren jakin behar dute.

27. artikulua. Liburutegiko geletara sartzen den pertsona orok portaera zibikoa izan beharko du uneoro, zerbitzuaren edozein ataletan, eta ez ditu beste erabiltzaileak gogaituko.

28. artikulua. Irakurleek eta erabiltzaileek behar bezala erabili beharko dituzte materialak eta instalazioak, eta ikusten dituzten urritasunak liburutegiko langileei jakinaraziko dizkiete.

29. artikulua. Ez dira liburutegitik ateratzen ahalko aurrez mailegu zerbitzutik igaro ez diren liburuak edo bestelako materialak.

30. artikulua. Langileen jarraibideei jaramon egin beharko zaie, eta bete egin beharko dira liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak arautzen dituzten xedapenak.

31. artikulua. Zerbitzuak eta prestazioak ez dira erabiltzen ahalko sarbide baimenik gabe.

32. artikulua. Informazioa.

Irakurleek eskubidea dute Deikazteluko Liburutegiko araudia ezagutzeko. Horretarako, jendaurrean ezarriko da, zerbitzuaren iragarki taulan.

Orobat, irakurleek eskubidea dute informazioa eta aholkularitza jasotzeko zerbitzuari lotutako ezein alderdiri buruz, hala eskatzen badute. Horrez gain, eskubidea dute liburutegiaren funtzionamenduaren aldaketa oro jakiteko ere (ordutegia, material bibliografikoaren kokapena, eskuratutako lanak, berriak, etab.).

33. artikulua. Tratuaren zuzentasuna.

Liburutegiaren geletara sartzen den pertsona orok dauka liburutegiko langileen eskutik tratu zuzena eta efizientea jasotzeko eskubidea.

34. artikulua. Funtsen kontsulta.

Erabiltzaileek eskubidea dute eskuragarri dagoen materiala libreki kontsultatzeko. Baldin eta bilatzen ari direna aurkitzen ez badute, informazioa eta liburutegiko langileen laguntza eskatzen ahalko dute.

35. artikulua. Eragozpenak.

Irakurleek eskubidea dute gelen barruan isiltasuna eskatzeko, zerbaitek gogaitzen baditu arduradunari esateko, baita beste erabiltzaileek ez gogaitzeko eskubidea ere.

36. artikulua. Iradokizunak.

Irakurleek liburutegiaren funtzionamendua eta instalazioak hobetzeko iradokizunak egiten ahalko dituzte.

37. artikulua. Mailegatutako materialak hondatzen, galtzen edo atzerapenarekin bueltatzen badira, zehapenak ezartzen ahalko dira, baita zerbitzuaren ezein ataletan portaera desegokia izaten bada ere. Zehapenak honako hauek izaten ahal dira: galdutako edo hondatutako materiala birjartzea, ohartarazpena eta mailegu txartela behin behinean edo behin betiko kentzea.

38. artikulua. Mailegatutako materialak atzerapenarekin bueltatzeari dagokion zehapena hurrengo atzerapen egunean aktibatuko da. Zigorra mailegu eskubidea kentzea izanen da, eta dokumentu eta egun bakoitzeko egun bateko zehapena ezarriko da.

39. artikulua. Oporraldian –hots, liburutegia itxita dagoenean– material bibliografikoak udalaren bulego orokorrean uzten dira, eta atzerapenak ez dira aintzat hartzen zehapenak kalkulatzeko orduan.

40. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzailea derrigortuta dago bueltatzen ez duen materiala edo dokumentua birjartzera, eta ezin bada material edo dokumentu berdinik erosi, derrigortuta egonen da antzeko ezaugarriak (prezioa eta edukia) dituen beste bat ematera, aurrez udal liburuzainarekin adostuta.

41. artikulua. Zigortutako bazkidea haurra baldin bada, haren gurasoei edo tutoreari jakinaraziko zaio zehapena.

42. artikulua. Honako erregelamendu honetako arauak betetzen ez dituenak zehapenak jasoko ditu, eta zehapen horiek honako hauek izaten ahal dira: materiala birjartzea, ohartarazpena, mailegu txartela behin behinean edo behin betiko kentzea, edo are liburutegiaren instalazioetarako sarbidea debekatzea. Hala ere, jurisdikzio arruntera jotzeko eskubidea gordetzen da.

43. artikulua. Arau-hausteak arinak edo larriak izaten ahalko dira:

Arau-hauste arintzat joko da:

–Erregelamendu honetan deskribatzen den arauetako bat haustea, baldin eta ez bada falta larritzat jotzen ez badu edo ordena oro har aldatzen ez badu.

Arau-hauste larritzat hartuko da:

–Liburutegiaren jabetzako materiala hondatzea.

–Liburutegiko arduradunei errespeturik ez izatea edo haiek iraintzea.

–Dokumentuak lapurtzea.

–Hiru falta arin baino gehiago egitea.

Arau-hauste larritzat joko da ordenagailua manipulatzea edo kanpoko programak instalatzea, jabetza intelektualari, copyrightari edo lizentziei eragiten dien erabilera egitea, indarkeria esplizituko edukia, eduki pornografikoa edota eduki diskriminatzailea (diskriminazioa edozein dela ere, hala nola xenofobia edo homofobia) duten orrialdeetan sartzea; baita ordenagailua eskatu ez duen pertsona batek erabiltzea ere. Halako arau-hausteen zehapena liburutegiko instalazioetarako sarbidea gehienez urtebetez debekatzea izanen da.

44. artikulua. Arau-hauste arin bat egiten den lehen aldian, liburutegiko langileek falta hori ohartaraziko dute, eta erabiltzaileak falta hori egiten jarraitzen badu, liburutegira sartzea debekatuko zaio, egun batez. Bigarren falta arin bat egiten badu, astebetez debekatuko zaio liburutegian sartzea. Hirugarrenez arau-hauste bat egiteak liburutegirako sarbidea hilabetez debekatzea dakar berekin.

45. artikulua. Arau-hauste larri baten ondoriozko zehapena liburutegirako sarbidea gutxienez astebetez debekatzea da. Arau-haustearen larritasunaren araberakoa izanen da zehapena. Zehapen larriena erabiltzaileari liburutegiko bazkide txartela kentzea eta urtebetez instalazioetarako sarbidea debekatzea izanen da. Bi akats larri egiten dituen erabiltzaile bat behin betiko kanporatuko da, eta ez du inoiz zerbitzua erabiltzeko eskubiderik izanen.

46. artikulua. Material informatikoaren kasuan, ordenagailua galtzea, suntsitzea edo hondatzea arau-hauste larritzat joko da, eta zehapenaz gain, bazkideak berdina edo antzekoa den ordenagailu berri baten balioa ordaindu beharko du. Neurri hori ezartzea eta gauzatzea Deikazteluko Udalaren esku dago.

47. artikulua. Liburutegia oporraldian itxita egoten da, eta epe horretako egunak ez dira aintzat hartuko pertsona bati liburutegira sartzeko debekuen epeetan.

48. artikulua. Bateragarriak izanen dira zehapenak ezartzea eta arau-hausleari materiala birjar dezan edo eragindako kalte-galeren kalte ordaina ordain dezan exijitzea.

49. artikulua. Alkate udalburuak zehapenak aplikatzeko eskumena emanen du, aldez aurretik horretarako espedientea izapidetuta, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean (AJAPEL) xedatutakoaren arabera arautuko da. Hala ere, liburutegiko langileek lokaletik kanpora irteteko eskatzen ahalko diete instalazioetako lasaitasuna oztopatzen duten edo arauen kontrako beste edozein jokabide duten pertsonei, ordena mantentzeko neurri gisa, eta zehapenak ezartzeko eskumena erabili beharrik gabe. Interesdunak aurka egiten badu, liburutegiko langileek Foruzaingoaren edo Guardia Zibilari jarduteko eskatzen ahalko diete.

Iragarkiaren kodea: L2202833