53. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

81/2022 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat kontu-hartzailearen 10 lanpostu (A mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzeko Nafarroako zenbait toki-erakundetan.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen iragankorraren 3. apartatuaren arabera, B taldeko funtzionario gaituek A mailako titulazioa badute, toki-erakunde bakoitzaren esparrura mugaturiko hautaprobak gaindituz A taldera igo ahalko dira, horretarako jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 15.6 artikuluak xedatzen duenari.

Mailaz igotzeko deialdi horiek egiteko eskumena B taldeko kontu-hartzailearen lanpostua (funtzionario batek betea) daukaten toki-erakundeena da. Hala bada, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zaio kontu-hartzailetzako lanpostuak A mailara igotzeko deialdia eta hautaprobak egiteko ardura, eta horretarako berariaz hitzartu du kudeaketa-esleipen bat toki-erakunde interesdun bakoitzarekin.

Toki-erakundeek, orobat, plantilla organikoak aldatu eta A mailako kontu-hartzailearen lanpostua sortu dute, honako hau adierazita: barne igoerako prozedura murriztuaren bidez beteko dela, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan xedatutakoarekin eta aplikatuz Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako 4/2019 Foru Legea.

Horiek horrela, zenbait toki-erakunderekin (Bera, Berriobeiti, Cascante, Zizur, Funes, Lesaka, Erriberri, Azkoien Gares eta Zangoza) hitzartutako kudeaketa-esleipenak bete beharrez, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea, kontu-hartzailearen 10 lanpostu (A mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzeko Nafarroako zenbait toki-erakundetan, erakundeokin hitzartutako kudeaketa-esleipenei jarraikiz.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea toki-erakunde interesdunei eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 24an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

DEIALDIA, KONTU-HARTZAILEAREN 10 LANPOSTU (A MAILAKOAK) BARNE IGOERAKO PROZEDURA MURRIZTUAN ETA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO NAFARROAKO ZENBAIT TOKI-ERAKUNDETAN

Hona hemen deialdiaren

Oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da kontu-hartzailearen 10 lanpostu (A mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzea I. eranskinean adierazitako udaletan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan araututako prozeduraren bidez.

1.2. Hautatzeko prozedura honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

1.3. Bat etorriz deialdi honen I. eranskinean adierazitako toki-erakundeek beren plantilla organikoetan jasotakoarekin, erakunde horietako bakoitzean bete beharreko lanpostua A mailako kontu-hartzaileren lanpostu bat da.

1.4. Hautaprobak gainditu ondoren toki-erakunde bakoitzak lanpostuan aritzeko izendatzen duen izangaia A mailan sartuko da eta toki-erakunde bakoitzaren plantilla organikoan maila horretarako ezarrita dauden ordainsariak jasoko ditu.

1.5. Oposizioaldia gainditu duen izangaia igoko da mailaz.

1.6. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aitzinetik zuen araubide juridikoa (funtzionarioarena, alegia). Halaber, eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko dio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) B mailako funtzionarioa izatea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari barne igoerarako deialdi honen kudeaketa esleitu dioten udaletako bakoitzean.

b) Nafarroako toki-erakundeetan B taldeko kontu-hartzailearen lanpostua betetzeko izendatua izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Dagozkion gradu-tituluak edo horien baliokideak edukitzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 246 bis 2 artikuluan ezarritakoaren arabera; honako hauetako bat, alegia:

–Zuzenbideko lizentzia.

–Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia.

–Ekonomiako lizentzia.

–Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentzia edo Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean frogatu beharko da.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskabidea, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Deialdi honi dagokion fitxa (A mailara igotzea, Nafarroako toki-erakundeetan B taldeko kontu-hartzailearen lanpostuak betetzen ari diren funtzionario gaituentzat) www.nafarroa.eus atarian dago, “Enplegu publikoa” deritzon atalean.

Eskabideak deialdi honen III. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Deialdian parte hartzeko eskabideak online aurkeztuko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira, eskaneatuta, deialdiaren 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Izangai baztertuek erreklamazioak jartzen ahalko dituzte behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan.

Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen aipamenetik abiatuta.

4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Eva Navarcorena Eleta andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako atalburua.

Ordezkoa: Javier Cia Aldaba jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako zerbitzuburua.

–Epaimahaikidea: Susana Márquez Cuesta andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen atalburua.

Ordezkoa: Egoitz Albarracin Albiztur jauna, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko Kudeaketa Ekonomiko-finantzarioaren atalburua.

–Epaimahaikidea: Edurne Martinikorena Matxain andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Ordezkoa: Begoña Herrera Isasi andrea, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

–Idazkaria: Blanca Reyes Senar Solís andrea, Enpresa Zientzietako diplomaduna Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuan.

Ordezkoa: Purificación Gonzalez Merchan andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Departamentuko Toki Araubidearen eta Toki Entitateetako Langileen Kudeaketaren atalburua.

5.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2022ko maiatzean hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Ariketa izanen da proba teoriko-praktikoa egitea, test modukoa, deialdiko lanposturako berezia izanen dena. Lanpostuak zer xede eta eginkizun dituen eta nola aritu behar den, horri buruzkoa izanen da. Test motako 40 galderari –gehienez ere– erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren laurdena.

Proba egiteko, zilegi izanen da kalkulagailua erabiltzea. Izangaiek mutur lodiko bolaluma urdin edo beltza eraman beharko dute probara. Ezin izanen da gailu elektronikorik edo bestelako materialik erabili.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Epaimahaiak proba hasi aurretik esanen du zein den hura egiteko gehienezko denbora.

6.2. Oposizioaldian gehienez ere 40 puntu lortu ahalko dira, eta baztertuta geratuko dira gutxienez 20 puntu eskuratzen ez dituzten oposiziogileak.

6.3. Ariketa amaitu eta kalifikatu ondoren, epaimahaiak hamar egun naturalean argitaratuko ditu lortutako kalifikazioak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Plika sistemaren bidez eginen du.

6.4. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Gainditzen dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren araberakoa.

7.2. Epaimahaiak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari igorriko dio oposizioaldia gainditzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena, deialdi honetako 6.2 atalean ezarritakoaren arabera.

Orobat, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira gainditu dutenen zerrenda eta haien kalifikazioak, eta toki-erakundeei jakinaraziko zaizkie.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

Hautapen prozesu honen kudeaketa-esleipena egin duen toki-erakunde bakoitzeko alkate udalburuak eginen du oposizioaldia gainditu duen izangaiaren aldeko izendapena, eta zer mailatan sartzen den zehaztuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta biharamunean sortuko ditu ondorio ekonomiko eta administratiboak. Ondorio guztietarako, ulertuko da egun horretantxe jabetu zela A mailako kontu-hartzailearen lanpostuaz, espresuki inolako ekitaldirik egin beharrik gabe.

Hautaprobak gaindituta deialdiaren xede den A mailako kontu-hartzaile lanpostua betetzeko izendatua dena A mailari atxikiko zaio, eta plantilla organikoan maila eta lanpostu horretarako ezarrita dauden ordainsariak jasoko ditu.

Aurreko apartatuan adierazitako hautaprobak gainditzen ez dituzten izangaiek kontu-hartzailetzako B mailan jarraituko dute, iraungi beharreko egoera pertsonal gisa, otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin bat etorriz.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka eta, orobat, kalifikazio epaimahaia ez den beste organo batek, oinarriak aplikatzeko, ematen dituen egintzen aurka, espedientean interesdun direnek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio Publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egitea Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari 15.6 artikuluan jasotako barne igoerako prozeduraren kudeaketa esleitu dioten toki-erakundeen zerrenda. Prozedura horren bidez, kontu-hartzailearen lanpostua A mailara igoko da

–Bera.

–Berriobeiti.

–Cascante.

–Zizur.

–Funes.

–Lesaka.

–Erriberri.

–Azkoien.

–Gares.

–Zangoza.

II. ERANSKINA

Deialdia, barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzeko kontu-hartzailearen 10 lanpostu (A mailakoak). Gai-zerrenda

1. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak.

2. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: udal zergak.

3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: aurrekontua eta gastu publikoa.

4. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan: aplikazio eremua. Aurrekontuen espedienteen edukia, printzipioak eta aurrekontuetako kontzeptuak.

5. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan: aurrekontu orokorraren onespena. Gastuen aurrekontuko kredituak.

6. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan: gastuen aurrekontuaren exekuzioa. Aurrekontuen likidazioa.

7. gaia.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena: aurrekontu-emaitzaren kalkulua. Diruzaintzako geldikinen kalkulua. Gastu-proiektuak. Kreditu-gerakinak. Finantzaketa atxikia duten gastuak.

8. gaia.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki entitateen aurrekontu-egitura onesten duena.

9. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: toki entitateen ondasunak: Eskurapenak. Erabilera eta aprobetxamendua. Besterentzea eta kargak ezartzea.

10. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: barne-kontrola eta -fiskalizazioa; aholkularitza eta ekonomia eta finantzako kudeaketa eta aurrekontuena; kontabilitatea eta diruzaintza.

11. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: xedapen orokorrak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa: foru lege honen mendean dauden kontratuen definizioa.

12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: xedapen orokorrak. Adjudikazio prozedurak.

13. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: xedapen orokorrak. Kontratuak exekutatzea: kontratuen aldaketak.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak.

15. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa: dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak.

III. ERANSKINA

Deialdian parte hartzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2203420