50. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

16/2022 FORU DEKRETUA, otsailaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua aldatzen duena. Aipatu erregelamendua otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 14. artikuluan xedatzen du autonomia erkidegoko lege baten bitartez arautuko direla Gizarte Kontseiluaren osaera eta eginkizunak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legeak 23.1 artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak prestatuko du bere antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua, eta Nafarroako Gobernuaren esku utziko du, hark onets dezan.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko otsailaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onetsi zuen, 7/2010 Foru Dekretuaren bidez.

Gizarte Kontseiluak, 33/2019 Erabakiaren bidez, zenbait aldaketa egitea proposatu zuen, haren eraginkortasuna hobetzeko. Ondoren, Gizarte Kontseiluak 08/2021 Erabakia onetsi zuen, maiatzaren 13koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen 2021eko martxoaren 4ko txostenean jasotako oharrei erantzuteko. Nafarroako Kontseiluak irailaren 13ko 31/2021 Irizpena onetsi zuen, eduki honekin: “Nafarroako Kontseiluaren iritziz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua aldatzen duen foru dekretuaren proiektua, otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa, irizpen honetan ezarritako moduan bat dator aplikagarria zaion ordenamendu juridikoarekin”. Irizpen horretan bertan proposatzen da, batetik, zioen azalpenean esplizituki adieraztea aldaketa horiek egiteko arrazoiak, eta, bestetik, bere horretan uztea 7.4 artikulua, organoa eratzeko eskuordetzeak kontuan hartzeari buruzkoa. Erabaki honetan proposatutako aldaketak hartzen dira erregelamendu honen aplikazioan izandako esperientzia ikusita, eta kontuan hartuta, halaber, kide anitzeko organoen erregulazio berria, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotakoa. Aldaketen helburua da, batetik, arautzea kide anitzeko organoak eratu, bilkurak egin edo erabakiak hartzeko baliabide elektronikoen erabilera eta, bestetik, argitzea agintaldia bukatu ondoren kargudunek jardunetan jarraitzeari buruzko testua. Testua, halaber, hizkera inklusibora egokitzen da.

Aurrekoa ikusirik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak proposatzen du bere Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 14., 19., 19 bis, 30. eta 32. artikuluak aldatzea.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua, otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bitartez onetsia, aldatzea.

Otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren agindu hauek aldatzen dira eta testu hau izanen dute:

Bat.–14. artikulua aldatzen da, eta hau da testu berria:

Lehen paragrafoak 1 zenbakia izanen du.

Bi paragrafo berri gehitzen dira, testu honekin:

“2. Bilkurak presentzialak nahiz urrutikoak izan daitezke. Deialdi presentzialetan, Kontseiluko kideetako batek edo batzuek Kontseiluko buruari edo idazkariari jakinarazten diotenean, bilkura hasi aurretik, ezin dutela presentzialki parte hartu bilkuran, Kontseiluko buruak baimena ematen ahalko die kide horiei urrutitik parte har dezaten bilkuran.

3. Urrutiko bilkuren kasuan, Gizarte Kontseiluaren egoitzan egin direla ulertuko da. Deialdian jasoko da bilkura urrutikoa dela eta zehaztuko da zer baldintzatan egin beharko den, eta adieraziko da, halaber, Kontseiluko kideen arteko komunikazioa zer bitartekorekin eginen den, betiere honakoak bermatuz: kideen identitatea, haien adierazpenen edukia, noiz egiten diren adierazpenok, kideen arteko komunikazioa denbora errealean eta bilkuran zehar bitartekoak erabilgarri izatea. Urrutiko bilkurak egiteko balio duten bitartekoen artean daude posta elektronikoa, audiokonferentzia eta bideokonferentzia, beste batzuk ukatu gabe.”

Bi.–19. artikuluari bi apartatu berri gehitzen zaizkio. Testu hau izanen dute:

“5. Aktak bilkura berean edo hurrengoan onetsiko dira, edo idazkariak akta proposamena igorrita bilkura egunetik bost eguneko epean. Azken kasu horretan, bilkuran parte hartu duten Kontseiluko kideek 10 eguneko epea izanen dute, akta igortzen denetik hasita, ados dauden adierazteko edo egokitzat jotzen dituzten aldaketak arrazoiturik proposatzeko. Aktari buruz beren iritzia adierazten ez duten kideek onesten dutela ulertuko da. Aktaren testuari aldaketak egitea proposatzen denean, hamar eguneko beste epe bat irekiko da Kontseiluko kideek horiekin ados dauden ala ez adieraz dezaten. Ulertuko da aldaketei buruz beren iritzia ematen ez duten kideak abstenitu egin direla.

6. Idazkariak hartu diren erabakien gaineko ziurtapena egiten ahalko du, horrek galarazi gabe akta geroago onestea.”

Hiru.–Artikulu berri bat gehitzen da, “19 bis. Bilkuretako administrazio espediente elektronikoak” izenekoa, testu honekin:

“Bilkura bakoitzaren administrazio espediente elektronikoa osatuko da, bilkurari buruzko dokumentazio elektroniko guztia modu ordenatuan horretara bilduz. Onetsitako aktaren aurrekariak diren agiriak, formatu elektronikoan jaso ezin direnak, espedientean sartuko dira, eta bertan horiei buruzko erreferentzia bat egonen da eta kontsultatzeko modua adieraziko da”.

Lau.–30. artikuluko 5. apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“Erregelamendu honen 4 a) apartatuan ezarritako kasuan, kargua utzi behar duen Kontseiluko buruak jardunean jarraituko du buru berriak jabetza hartu arte, baldin eta Gizarte Kontseiluko kide izaten jarraitzen badu.

Gizarte Kontseiluko buruak kargua uzten badu eta jardunean jarraitzerik ez badu, buruorde batek ordeztuko du, ordenaren arabera dagokiona. Kontseiluko buruordeetatik batek ere ezin badu Kontseiluko burutza jardunean bere gain hartu, kargu hori zuzenean egokituko zaio Gizarte Kontseiluan interes sozialak ordezkatzen dituen kide zaharrenari.”

Bost.–32. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Kontseiluko buruordeek kargua utziko dute arrazoi hauengatik: kargutik kentzeagatik, karguari uko egiteagatik eta, zuzenean, izendatu zituen buruak kargua uzteagatik eta foru legearen 12.2 artikuluan kideek kargua uzteko aurreikusitako arrazoiengatik. Kontseiluko buruak kargua utzi ondoren, buruordeek ere zuzenean utzi beharko dute, eta jardunean jarraituko dute buru berriak jabetza hartu arte, baldin eta Kontseiluko kide izaten jarraitzen badute”.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko otsailaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2202738