48. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita garapenerako hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 611753.

Gure foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) betetzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluak irizten dio sendotu behar dela nazioarteko elkartasun sentimendua, eta Europan kulturen arteko gizarte bat ezartzearen aldeko ingurune bat sortu behar dela. Horretarako, Europar Batasuneko estatuetan babesa eman behar zaio garapenerako hezkuntzari eta hari lotutako komunikazio politika garatzeari, eta sustatu behar da laguntza eman dakien, aurrerantzean ere, garapenerako hezkuntzaren arloan lanean diharduten GGKE-en ekimenei. Ildo berean, “Garapenari buruzko Europako kontsentsua” zehaztu da, zeinak adierazten baitu, besteak beste, Europar Batasunak bultzatzen duela ugari parte har dezaten herrialdeen garapenaren gain interesa duten eragileek, eta sustatzen duela gizarteko sektore guztiek parte har dezaten.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak garapenerako lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu Nafarroan. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuta, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. Orobat, haren 30. artikuluaren arabera, dirulaguntzaren xedeko jarduerak gauzatzen direnean aurrekontuko ekitaldiarekin bat ez datorren urteko aldi batean (ikasturtean, adibidez), hurrengo ekitaldirako behar den gastu konpromisoa eskura daiteke, eta ez da nahitaezkoa horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena.

Horrenbestez, beharrezkoa da oinarriak ezartzea eta argitaratzea, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzak arautzeko. Dirulaguntza horietan bermatu behar da printzipio hauek beteko direla: publikotasunarena, gardentasunarena, konkurrentziarena, objektibotasunarena, berdintasunarena, diskriminaziorik ez izatearena eta kontrolarena, baita eraginkortasunaren printzipioa, administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko orduan, eta efizientziaren printzipioa, baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko garaian.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak,

AGINTZEN DUT:

1.–Onestea garapenerako hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzetarako 2022ko deialdia.

2.–Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak.

3.–Urte anitzeko gastua baimentzea, 946.000 eurokoa. Zenbateko horretatik 665.000 euro 2022ko ekitaldirako izanen dira, “Garapenerako Nazioarteko Lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura; eta 281.000 euro 2023ko ekitaldirako izanen dira, “Garapenerako Nazioarteko Lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura, baldin eta kreditu nahikoa badago 2023ko aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.

4.–Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.–Foru agindu hau igortzea Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 22an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Garapenerako hezkuntzako proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko dirulaguntzak. 2022ko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1.–Dirulaguntzen deialdi honen bidez, Eskubide Sozialetako Departamentuak esku-hartze batzuk finantzatuko ditu, garapenerako lankidetzaren arloan eragile diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, helburu izanen dutenak beharrezko ezagutzak, gaitasunak, balioak eta jarrerak sustatzea herritarrek konpromisoa izan dezaten mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko Agenda 2030 ekintza planaren esparruan.

2.–Esku-hartzeak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, eta hiru motatakoak izan daitezke:

–A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea da garapen bidean dauden herrialdeen arazoei buruzko informazioa ematea, batik bat aurrerapen txikiena duten herrialdeena, eta ulertzen laguntzea txirotasunaren arrazoiak eta ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arteko loturak globalizazioaren baitan.

–B modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean. Esku-hartze batzuk dira, hezkuntza formalaren eremutik kanpo gertatzen direnak eta hezkuntza prozesuak bultzatzen dituztenak, hezteko asmoa izanik eta irakaskuntza-ikaskuntza esperientziak planifikaturik.

–C modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru formalean. Legez araututako hezkuntza sisteman garatzen diren jarduera pedagogiko guztiak. Zenbait urtetarako esku-hartzeak izanen dira, ikasturtearen baitanegiten direlako.

Esku-hartze guztiak diseinatu eta gauzatzean genero ikuspegia txertatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria modalitatearen arabera.

Guztira, 665.000 euro bideratuko dira 2022. urtean helburu horietarako, 2022ko gastu aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 partidaren kargura. Zenbatekoa hiru modalitateen artean banatuko da, honela:

–A modalitatea (sentsibilizazio ekintzak): 345.000 euro.

–B modalitatea (garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean): 120.000 euro.

–C modalitatea (garapenerako hezkuntza esparru formalean): 200.000 euro.

2023ko ekitaldirako, eta C) modalitaterako soilik (garapenerako hezkuntza esparru formalean), 281.000 euro egotziko dira; baldin eta kreditu nahikoa bada 2023. urteko gastu aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan.

Modalitateren batean 2022. urterako aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, soberan den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C modalitatea: hezkuntza formala; B modalitatea: hezkuntza ez-formala; A modalitatea: sentsibilizazioa.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta unibertsitateek:

a) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Espainiako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

b) Sozietatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean edukitzea.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

d) Ez egotea dirulaguntzak eskuratzeko gaitasunaz gabeturik ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean edo zergei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera.

e) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

f) Gainera, hiru entitate edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa izan edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu. Unibertsitateak C modalitatean soilik aurkezten ahalko dira, hau da, “garapenerako hezkuntza esparru formalean” izenekoan.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) A eta B modalitateetako jarduerak 2022an egin behar dira; C modalitateko jarduerak, berriz, 2022-2023 ikasturtean.

c) Zeharkako kostu diruz lagungarriak ezin izanen dira dirulaguntzaren %10 baino gehiago izan.

d) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

–A modalitaterako (sentsibilizazio ekintzak): 25.000 euro (35.000 euro, elkarte gisa aurkezten bada).

–B modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean): 35.000 euro.

–C modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru formalean): 35.000 euro GGKE-en kasuan, eta 20.000 euro unibertsitateen kasuan.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.–Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2.–Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1.–Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

a) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe dirulaguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Hauek daude sartuta:

a.1) Jarduerak egiteko lokalen alokairua.

a.2) Materialak eta hornidurak.

a.3) Langileria gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatatzeak eta dietak.

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.

b) Zeharkako gastuak: dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio proiektuaren zeharkako kostuen kontzeptuan. Zeharkako gastuak dira eskaera egin duen GGKEaren ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak, esku-hartzea gauzatzeko beharrezkoak direnak; horien %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu frogatzeko zailak diren gastuak. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2.–Langileria gastuak jardueraka xehakaturik aurkeztu behar dira, hauek azalduta: bakoitzean langileek zenbat ordu emanen dituzten, orduaren prezioa eta guztira zenbat ateratzen den.

3.–Bankuko gastuak, notarioarenak eta erregistrokoak diruz lagungarriak dira baldin eta diruz lagundutako jarduerari zuzenean loturik badaude eta hura prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.

4.–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak gehituko zaizkio dirulaguntzaren zenbatekoari, eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

5.–Diruz lagundutako gastuak zerbitzuak emateko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6.–Dirulaguntzetatik kanpo gelditzen dira mota guztietako inbertsio materialak (ekipamenduak, garraio elementuak, lurrak, eraikinak...). Dirulaguntzarik gabe geldituko dira, oro har, protokolo-gastuak (bazkariak, harrera-ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetako sarrerak eta abar). Langileen joan-etorriei dagozkien bidaia, ostatu eta mantenu gastuak dirulaguntzaren kontura egotzi ahal izateko, jarduerak egitearekin lotura zuzena izan behar dute, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak onetsi ziren (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

7.–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira lokalen alokairuen gaineko balioztatzeak, material didaktikoak eta borondatez eta doan egindako lanorduak, horrelako ekarpen guztien %35eraino, gehienez.

Zazpigarrena.–Eskabideak aurkeztea.

1.–Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean.

2.–Entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Horren ondorioetarako, entitateen batasun bat eta haren barreneko entitate bakoitza entitate desberdinak direla ulertuko da.

3.–Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako gaitutako helbide elektronikoa izan beharko du, entitateak, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira. Nafarroako zerbitzuen atarian argitaratutako fitxara jo beharra dago, zeina eskuragarri baita Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian. Eskaerak Garapenerako Lankidetzaren eta Ekintza Humanitarioaren Atalera bidaliko dira.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidalita servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek iragarriko dute eskaera bidali dutela, mezu elektroniko bat igorrita servcoopdes@navarra.es helbidera, egun berean.

4.–Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

–Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (baldin Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKE-en Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez aurkezten ahal da beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria, ordezkaritza hori badela frogatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Bata zein bestea aurkeztu, ziurtagiriak urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du, deialdi hau argitaratzen den egunean. GGKEak ez diren beste agente batzuekin osatutako elkarteei dagokienez, horiek kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko dute, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, zeinetan adierazten baita entitateak, haren administratzaileek eta ordezkariek ez dutela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri direnak; bereziki, 13.2 artikuluko g) apartatuko entitateak ezin dira onuradun izan: “Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan, zergei buruzko lege orokorretan edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko legeetan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak”.

c) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek parte hartzen badute esku-hartzeko zikloaren faseren batean, aurkeztu beharko dira langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena beren lana bateragarria dela proposatutako jarduerarekin.

d) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

d.1) Entitateen elkartea eratzeko agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da nola deitzen den batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahalduna edo ordezkaria, eta ez desegiteko konpromisoa hartzen duela harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte.

d.2) Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko dirulaguntzak sartzeko erakundea edo banku kontua aldatu bada.

f) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, dirulaguntza eskaerarekin batera, aurkezten ahal dute deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzen duten entitateek bete beharko dute oinarri hartan ezarritakoa, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

a) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan, (60 orrialde, gehienez ere, Arial 11 letra motarekin eta 1eko lerroartearekin). Orrialdeak zenbatuko dira, II. apartatutik (“Entitate eskatzailearen gaitasuna”) VIII. apartatura (“Bideragarritasuna eta jasangarritasuna”), biak barne. Orrialde kopurua baloratuko da soilik adierazitako mugara ailegatu arte.

b) Azken hiru urteotako urteko kontuak (2018, 2019 eta 2020), adierazita kontu horiek ikuskatuak diren, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak. Baldin entitateak aurreko urtean aurkeztu baditu kontuak, nahikoa izanen da azken urtekoak aurkeztearekin, aurkeztu zireneko espedientearen zenbakia zein den adierazita.

c) Eskaeraren memoria teknikoan eskatutako eranskinak, behar bezala identifikatuta. Balorazioa egiteko orduan ez dira kontuan hartuko behar bezala identifikaturik ez dauden eranskinak edo eskatu ez diren arren aurkeztu egin direnak. Joko da eranskina behar bezala identifikaturik dagoela, batetik, adierazten denean memoriaren zein apartaturi buruzkoa den eta, bestetik, zehazten denean aztertu beharreko edukia eranskinaren zer tokitan dagoen.

d) Aurreikusten bada entitate publiko edo pribatuen lokaletan (udalak, beste departamentu batzuk, NUP, elkarteak eta abar) eginen direla jarduerak, agiri bat aurkeztu behar da, frogatzeko lokalaren jabea den entitatea programatutako jarduerarekin ados dagoela.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1.–Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

2.–Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta instrukzio organo gisa ariko da Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua. Horrexek egiaztatuko du ea betetzen diren dirulaguntzak hartzeko betebeharrak, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate eskatzaileari eskatzen ahalko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo aginduzko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela; hori guztia, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren. Kasu hauetan gertatuko da hori:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak izatea.

c) Akats materialak daudenean, laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz, esku-hartzeek bete beharreko baldintzetan.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.–Eskaerak zein bere modalitatean (lehenbiziko oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2.–Dirulaguntzarako eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez II. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3.–Dirulaguntza izanen da eskatzen den zenbatekoa adinakoa.

4.–Modalitate bakoitzean balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuarentzat eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, proposatuko da dirulaguntza ematea, baldin haren kontzesioa efizientea bada, eta, kasu horretan, 11. oinarriko 2. puntuan ezarritako tramitea eginen da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1.–Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde onuradunari entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2.–Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako baterako finantzaketen batura baino (eskaeran ageri den baterako finantzaketaren portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1.–Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaeren gainean ebaztea, horretarako ahalmena ematen baitiote Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak.

2.–Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, zein diren laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala. Egokia ikusiz gero, ebazpen bakar batean bil liteke modalitate bat baino gehiagoren kontzesioa.

3.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate onuradunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1.–2022. urteko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakar batean, dirulaguntzak emateko ebazpenaren ondotik.

2.–C modalitaterako soilik: 2023ko dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, dirulaguntza osoaren eta Nafarroako Gobernuarena ez den 2022ko diru-ekarpenaren justifikazio txostena aurkeztu ondoren.

3.–Hori guztia, gardentasun betebeharra bete ondoren, zeina ezarri baita bai hemezortzigarren oinarri arautzailean bai eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ere (foru dekretu horren bidez arautu egin ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun betebeharrak), Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoaren aurka ez doan orotan.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.–Esku-hartzeak bukatu eta hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Txostena aurkeztea zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.–Urte anitzeko finantzaketaren kasuan, eta 2023ko urtealdia ordaintze aldera, exekuzioaren txosten partzial bat aurkeztuko da, eredu ofizialean, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, eta, harekin batera, gastuen frogagiriak, proiektuaren hasiera-datatik 2022ko abenduaren 31ra bitartekoak.

3.–Txosten partzialak eta azken txostenak justifikazio-kontuaren itxura izanen dute, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko dira. Hurrengo elementu hauek jasoko dituzte:

a) Justifikazioaren txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Esku-hartzearen gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eta, halakorik bada, egiaztatze-iturriak.

c) Txosten ekonomikoa, erantsita esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txostena, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (https://www.navarra.es/eu/eskubide-sozialak). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen kontua.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, dirulaguntzak edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Gastu guztien zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera bereizita, barnean dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza ez diren beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan.

d) Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, edo, halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo antzeko froga-balioa duten bestelako agiriak. Egiaztagiri horietan guztietan zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dira. Pertsonal gastuak justifikatzeko, aipatutakoez gainera aurkeztuko dira baita hilabeteko laburpenak ere, non zehaztuko baita proiektuari egotzitako pertsona bakoitzak zenbat ordu eman dituen eta zer jarduera gauzatu duen. Frogagiriekin batera, dagokien ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Egiazki egindako eta ordaindutako gastu moduan onartuko dira proiektuaren exekuzio epean sortutako pertsonal gastuen ordainagiriak (sortu ondotik ordaintzen direnenak), Gizarte Segurantzakoak eta PFEZ atxikipenarenak, baldin eta ordainagiriak aurkezten badira behar den unean eta justifikazio kontuan sartzen badira.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

e) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

f) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

4.–Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz besteko finantzaketarik bada, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia bat, zenbatekoa eta proiektua adierazita, baldin bestelako dirulaguntza publikorik bada. Nafarroako Gobernuaren finantzaketatik kanpoko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, seigarren oinarriaren 7. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

5.–Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, dirulaguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %25 erabiltzen ahalko du, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, baldin dirulaguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epeari dagokionez, esku-hartzea gauzatzea larriki zailtzen edo aldatzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak aukera du epe horren luzapena baimentzeko, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritakoari.

c) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzea eta hura eskuratzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, baldin eta esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrik gertatzen bada. Berdin egin beharko da baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinik baldin badago. Azken kasu horretan, eskaera bat egin beharko dute diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko. Funtsezko aldaketatzat hartuko dira, bakar-bakarrik, helburuak, emaitzak, xedeko populazioa edo lurralde kokapena aldatzen direnean, baita diruz lagundutako aurrekontuko partiden artean egiten diren aldaketak ere, baldin aldaketa horiekin emandako dirulaguntzaren %20 gainditzen bada guztira; edo guztirako kostua %10 edo gehiago murrizten denean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izan delako.

Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabeherak eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela guztirako kostua handitzea, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik.

d) Komunikatzea zer dirulaguntza eskatu dituzten eta onartu zaizkien, eta zer zenbatekorekin, edozein erakunde publiko edo pribaturen aldetik, helburu bererako, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

e) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa dirulaguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

Pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

f) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatze aldera.

h) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek dirulaguntzaren onuradun izan diren erakundeen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horretan arau batzuk ezartzen dira, bete egin behar direnak zabaltzen denean Nafarroako Gobernuak parte hartu egin duela gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzuetan eta zentroetan egiten diren programetan, jardueretan, inbertsioetan eta jarduketetan.

i) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortu edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, bidezkoa denaren arabera.

j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapenak nahiz kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezean, ulertuko da gertatu dela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin, behar izanez gero. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, ahal dela Nafarroako atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “Tramitar” aukera baliatuta, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, entitate onuradunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1.–Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta: proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2.–Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3.–Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira, eta hauekiko proportzionalak izanen dira:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin azken justifikazioan ez-betetze formalak baino ez badira gertatzen, kontuan hartuko da zenbat egunez aurkeztu diren dagozkion dokumentuak epez kanpo, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5eko murriztapena arte.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • Sei egun balioduneko atzerapena baino gehiago: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

4.–Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

2.–Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, aplikatzekoak izanen dira Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen xedapenak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenak.

II. ERANSKINA

1.–A modalitaterako balorazio irizpideak: sentsibilizazio ekintzak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).

a.1) Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (170 puntu arte):

–Sentsibilizazio lana dokumentu estrategikoetan txertatzea (20 puntu arte).

–Garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko jarduketak (40 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

–Batasunean bildutako entitateen kopurua (20 puntu arte).

a.2) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte).

b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak, ezaugarriak, kuantifikazioa, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2) Lankidetzarako beste eragile batzuekiko ea eragile sozialekiko koordinazioa (25 puntu arte).

b.3) Esku-hartzearen barne koherentzia (200 puntu arte):

–Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu arte).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Proiektuaren exekuzioan aipatzen diren entitate publiko eta pribatuen abalak (25 puntu arte).

–Arriskuen eta kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.4) Metodologia (125 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (75 puntu arte).

b.5) Edukiaren egokitasuna (125 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. apartatuan adierazitako zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Nola egokitzen zaion deialdiaren xedeari, eta edukiaren analisi orokorra (75 puntu arte).

b.6) Baliabideak (175 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (75 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte):

–Ebaluaziora bideratutako jarraipen-sistema (15 puntu arte).

–Ebaluazio-matrizea (20 puntu arte).

–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu arte).

–Lan-plana (kronograma) (5 puntu arte).

b.8) Esku-hartzearen baterako finantzaketa: (25 puntu arte).

b.9) Trinkotasun edo sendotasun orokorra (25 puntu arte).

2.–B eta C modalitateak baloratzeko irizpideak: Garapenerako hezkuntza proiektuak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte).

a.1) GGKErako:

a.1.1) Nafarroan duen ezarpena eta gaitasun operatiboa (135 puntu arte):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (50 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (25 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

a.1.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (35 puntu arte).

a.1.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

a.2) Unibertsitateentzat:

a.2.1) Gaitasun operatiboa (100 puntu arte):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (70 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

a.2.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (70 puntu arte).

a.2.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak entitate eskatzailean txertatzea (30 puntu arte).

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte).

b.1) Xede-populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, eragin biderkatzailea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2) Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu arte):

–Helburuen analisia, ikaskuntzaren emaitzak (ezagupenak, jarrerak, trebetasunak) eta jarduerak (100 puntu arte).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna eta zehaztasuna (40 puntu arte).

–Arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (35 puntu arte).

b.3) Metodologia (100 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (50 puntu arte).

b.4) Edukiaren egokitasuna (150 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. apartatuko zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Proposamenaren edukiaren analisia (100 puntu arte):

  • Irakasle, monitore, hezitzaile eta hezkuntzako beste eragile batzuen prestakuntza eta aholkularitza (20 puntu arte).
  • Urteko edo ikasturteko lan etengabea (20 puntu arte).
  • Proposamena nola txertatzen den ikastetxearen edo esparru ez-formaleko entitatearen programan (20 puntu arte).
  • Laguntza teknikoa eta aholkularitza exekuzioan (20 puntu arte).
  • Hedadura komunitatean (20 puntu arte).

b.5) Baliabideak (175 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (75 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren partida bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.6) Sareko lana eta koordinazioa (50 puntu arte).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte):

–Ebaluaziora bideratutako jarraipen-sistema (15 puntu arte).

–Ebaluazio-matrizea (20 puntu arte).

–Analisi- eta ikerketa-teknikak (10 puntu arte).

–Lan-plana (kronograma) (5 puntu arte).

b.8) Esku-hartzearen baterako finantzaketa: (25 puntu arte).

b.9) Trinkotasun edo sendotasun orokorra (25 puntu arte).

Baldin Nafarroako Gobernuak esku-hartzea finantzatu badu azken bi urteetako batean, harekin jarraitzea egoki den edo ez baloratuko da. Horretarako, kontuan hartuko da zenbat exekutatu den (ehunekotan) eta, beste proiektu baten jarraipena denean, zenbat denbora igaro den hura ebatzi zen egunetik egungo deialdiaren data arte. Emaitza positiboa baldin bada, 1,05ekin biderkatuko da b apartatuan lortutako puntuazioa (800 puntu arte).

3.–Zeharkako ikuspegiak.

Zeharkako lehentasunak:

1. Genero ikuspegia: konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin eta generoan oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokarekin. Diagnostikoan genero-desberdintasunak identifikatzea. Horiek zuzentzeko lana planifikatzea (helburuak, emaitzak, jarduerak, adierazleak), hala gizarte-arloan (genero-rolei buruzko kontzientziazioa, prestakuntza, elkarrizketa eta negoziazioa) nola arlo ekonomikoan, eta eskubide zibil eta politikoei dagokienez. Horrela, bada, sustatuko da emakumeek parte har dezaten erabakiak hartzeko eta elkarrizketa politikoko prozesuetan. Baloratzea zer ondorio dituzten planifikatutako ekintzek eta genero-berdintasunaren ardura duten erakundeekiko koordinazioak gizonezkoengan eta emakumezkoengan. Era berean, genero ikuspegia txertatzea proiektuetan eta GGKEaren estrategia instituzionalean berean.

2. Giza eskubideetan oinarrituriko ikusmoldea. Giza eskubide guztien unibertsaltasun, zatiezintasun eta interdependentziatik abiatzen da –eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak, indibidualak eta kolektiboak–, eta nazioarteko itunetan aitortutako eskubideen bermean du oinarri. Pertsonen konpetentziak indartzea, beren eskubideak zein diren jakin eta horiek eskatzeko gaitasuna izan dezaten; eta erakundeen gaitasunak indartzean, giza eskubideak bermatu, sustatu eta babes ditzaten. Era berean, baztertutako biztanleen eskubideak lortzea du ardatz, bat etorriz Agenda 2030 ekintza planaren goiburu nagusiarekin: “inor atzean ez utzi”. Ikuspuntu honek bere-berea du pertsonen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen gaitasunak indartzea, gobernantza demokratikoko esparru batean (gobernu ona), eta maila guztietan.

3. Kultura aniztasuna: Kultura aniztasuna errespetatzea giza eskubideak kontuan harturik zaindu beharreko aberastasuna da, eta garrantzi berezia ematen zaio herrien ondare materiala eta immateriala babesteari. Plangintza bideratzeko (diagnostikoa, helburuak, emaitzak, jarduerak), faktore sozialak, ekonomikoak eta politikoak aztertu behar dira, herrien eta kulturen artean desberdintasunak edota gatazkak sortzendituztenak . Horrez gain, pertsonak partaide eginen dira, eta sustatuko da bai kulturen arteko elkarrizketa bai sareak sortzea gizarte zibilean. Herri indigenei eta afrikarren ondorengoei dagokienez, ekitatea lotzen da, batetik, giza eskubideekin, pertsona horien parte hartze politiko osoa eta eraginkorra lortzera bideratutako prozesuetan, eta, bestetik, jabetza intelektualeko eskubideen, ondarearen eta kultura aniztasunaren defentsarekin. Haien baldintzak bereziak direnez, protagonismo handia dute biodibertsitate kulturalaren defentsan eta ingurumenaren babesean. Era berean, desberdintasun arrakalen eraginez, taldeok ahulezia sozial eta ekonomikoan daude.

4. Ingurumen arloko jasangarritasuna: horrek esan nahi du esku-hartzeek baliabide naturalak errespetatuko dituztela, eta saihestuko dutela aurrerapenak eta garapenak ingurumena degrada dezaten; horrela, oraingo beharrak aseko dira, baina kinka larrian jarri gabe etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena. Garrantzi berezia izanen dute, batetik, ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa bat sartzeak –identifikatutako ingurumen-inpaktu negatiboak saihesteko edo minimizatzeko– eta neurri zuzentzaile egokiak aplikatzeak; bestetik, mekanismo batzuk txertatzeak, bide emanen dutenak klima-aldaketak esku-hartzeen jasangarritasunean dituen eraginak arintzeko (esku-hartze horiek dira, besteak beste: baso-berritzea, baso-soiltze saihestua, uraren zikloaren kudeaketa jasangarria, eraikuntza bioklimatikoa, konpostatzea), eta, azkenik, ingurumen-jasangarritasunari buruzko prebentzio- eta prestakuntza-jarduerak ezartzeak (beheratzea, birziklatzea edo berrerabiltzea, hondakin gutxiago sor daitezen).

Iragarkiaren kodea: F2202728