48. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

477E/2022 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2022rako gastua baimentzen baita dirulaguntza hauetarako: desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean laneratzen laguntzeko dirulaguntzak; horrekin batera, maiatzaren 21eko 1951E/2021 Ebazpenaren 1.1.1 puntua aldatzen da. DDBN identifikazioa: 609478.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2022. urterako gastua baimentzea dirulaguntza hauetarako: desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 16an emandako 795/2013 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Ondoren, zenbait aldaketa egin dira deialdian, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 27ko 208/2018 Ebazpenean, apirilaren 2ko 500E/2019 Ebazpenean eta maiatzaren 28ko 1951E/2021 Ebazpenean jasotakoak.

Horrenbestez, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, bere 12. artikuluan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 350.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko Gastuen Aurrekontuaren kargura, dirulaguntza hauetarako: desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko dirulaguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez arautuak eta ondoren aldatuak otsailaren 27ko 208/2018 Ebazpenaren bidez, apirilaren 2ko 500E/2019 Ebazpenaren bidez eta maiatzaren 23ko 1954E/2022 Ebazpenaren bidez. 609478 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean. Gastua “Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241118 (PEP: E-22-000430-01) partidaren kargura ordainduko da.

Era berean, 75.000,00 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

2. 2021eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2022ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. Maiatzaren 21eko 1951E/2021 Ebazpenaren 1.1.1 puntua aldatzea, honela:

“1.1.–2.1 oinarriak testu hau izanen du:

1. Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sustatzeko neurriak, enpresa arruntetan haiek kontratatuz, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat (haren bidez onetsi zen desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorra):

a.1) Desgaitasuna duten langileak denbora mugarik gabe kontratatzen dituzten enplegu-emaileek edo desgaitasuna duten pertsonekin enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek edo desgaitasuna duten pertsonekin izenpetutako prestakuntzarako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek dirulaguntzak eskura ditzakete, 6.1 oinarrian ezartzen diren zenbatekoen arabera.

a.2) Desgaitasuna duten pertsonak aldi baterako kontratatzen dituzten enplegu-emaileek, kontratuak gutxienez 6 hilabetekoa eta lanaldiaren %50ekoa bada.

Zailtasun bereziak baldin badituzte lan-merkatu arruntean sartzeko, eta zailtasun bereziak izanen dira garun paralisia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna pairatzea, aitortutako desgaitasun maila %33koa edo handik gorakoa edukitzea, edo desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa %65ekoa edo handik gorakoa edukitzea, 6.2 oinarrian ezarritako zenbatekoak eskura daitezke.

Ondorio horietarako, desgaitasuna duten pertsonak dira azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikuluan jasotakoak (2. apartatua ez da aplikatzen, Auzitegi Gorenaren epaien ondorioz).

b) Aurreko apartatuan kontuan hartutako kasuetan, kontratatzen den langile bakoitzeko, orobat, laguntzarako eskubidea izanen dute, laneko tokia egokitzeko, babes ekipoetarako edo oztopoak eta trabak kentzeko, 6.2 oinarrian zehazten diren zenbatekoekin.”

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko otsailaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2202859