46. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Aldaketa, Enplegua sustatzeko udal ordenantzan.
Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2021eko azaroaren 24an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Faltzesko udalerrian enplegua sustatzeko udal ordenantzan, dagokion espedientean agertzen den bezala.

Ordenantza aldatzeko espedientea jendaurreko informazioko izapidean jarri zen hogeita hamar egunez, udalaren iragarki taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2021eko abenduaren 14koan (279. zk.), iragarri baino lehen, eta ez da ez alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu. Hortaz, aldaketa behin betiko onetsita gelditu da, eta, indarrean jar dadin, ordenantzaren testu osoa argitaratzeko agindua ematen da, idazketa berriarekin.

ENPLEGUA SUSTATZEKO UDAL ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da enpresa proiektuak sustatu eta bultzatzea, jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzeko Faltzesko Udalaren mugapean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 220. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak enpresa inbertitzaileen etorrera sustatu, bultzatu eta indartzeko nahiz herri honetako ekimenak garatzeko asmoa du, eta horretarako, bere finantza baliabideak erabiliko ditu enpresei dirulaguntzak emateko, herriko bizilagunei kontratu mugagabeak egin diezazkieten.

1. artikulua. Dirulaguntzaren xedea.

Faltzesko Udalak dirulaguntzak emanen dizkie lehenengo aldiz eratzen diren enpresei edo langile autonomoei, edo bertzeren kontuko langileak kontratatzen dituztenei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan.

2. artikulua. Onuradunak.

Enpresa mota hauek guztiek hartzen ahalko dituzte finantza laguntzak: industriakoek, merkataritzakoek, zerbitzuetakoek, nekazaritzakoek eta abeltzaintzakoek, bai eta profesionalek nahiz artistek ere. Horretarako, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Gutxienez bi urteko antzinatasunez Faltzesen erroldatuta dauden eta bertan bizi diren pertsonentzako lanpostuak sortzea: lanpostu mugagabeak zein aldi baterakoak, betiere, azken horien iraupena 6 eta 12 hilabete bitartekoa bada. Lanpostu horiek guztiek Faltzesen izan behar dute egoitza fiskala.

3. artikulua.

Laguntza hauek hartzen ahalko dituzte industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako jardueraren bat nahiz jarduera profesional edo artistikoren bat abiarazten dutenek 2001eko urtarrilaren 1etik aitzina, betiere Gizarte Segurantzako araubide berezi egokian izena eman badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Egoitza fiskala Faltzesen izatea.

–Azken hamabi hilabeteetan araubide berezi berean egon ez izana.

–Faltzesen erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.

–Gizarte Segurantzako bestelako araubideetan ez kotizatzea.

–Ustiapenaren titularrak izatea.

4. artikulua. Zenbatekoak.

4.1 Dirulaguntzaren zenbatekoa 1.200 eurokoa izanen da, lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, eta 1.400 eurokoa izanen da, kontratatutako pertsona gizarte egoera ahuleko kolektibo hauetako batekoa bada:

–Emakumeak.

–Gazteak (30 urte edo gutxiago), Gazte Bermearen Sisteman izena emandakoak.

–45 urtetik gorakoak.

–Iraupen luzeko langabetuak (langabezian egotea kontratua egin aurreko 12 hilabeteetan, modu jarraituan).

–Azken 4 urteetan Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzeko Errentaren, Zuzeneko Enplegu Aktiboaren edo Enplegu Babestuaren programetan kontrataturik egon diren pertsonak.

–Desgaitasun aitortua duten pertsonak (aipatu ehunekoa).

4.2. Kontratua aldi baterakoa eta lanaldi osokoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa banaketa honen araberakoa izanen da:

Kontratuaren iraupena, hilabetetan

12

11

10

9

8

7

6

Dirulaguntzaren zenbatekoa, eurotan

820

750

680

610

540

470

400

Gizarte egoera ahuleko kolektiboetako pertsonak kontratatzeko emanen diren zenbatekoak

950

875

790

710

630

545

460

4.3. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa hainbanatu eginen da lanaldiaren ehunekoaren eta kontratuaren arabera, lehen aipatutako zenbatekoei jarraikiz.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea izanen dute, orobat, 6 hilabeteko edo gutxiagoko aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzen dituzten enpresek eta autonomoek. Dirulaguntzaren zenbatekoa 420 eurokoa izanen da, edo 490 eurokoa, gizarte egoera ahuleko kolektiboetako pertsonak kontratatu badira.

4.5. Gehienez ere 3.600 euroko dirulaguntza emanen da enplegua sortzeagatik, urteko eta enpresako. Kontratatutako pertsonak lehen aipatutako gizarte egoera ahuleko kolektiboetakoak badira, gehienezko muga 3.800 eurokoa izanen da.

Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzeko, dirulaguntza bakarra eskuratzen ahalko da kontzeptu horrengatik.

5. artikulua. Erosketa, zaharberritze lan edo alokairurako inbertsioak egiteko laguntzak.

Enpresa mota hauek guztiek hartzen ahalko dituzte finantza laguntza hauek: industriakoek, merkataritzakoek, zerbitzuetakoek, nekazaritzakoek eta abeltzaintzakoek, bai eta autonomoek, profesionalek nahiz artistek ere. Horretarako, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Eraikin industrial, merkataritzako, nekazaritzako edo abeltzaintzako eraiki berriak erostea, edo zabaltzeko edo zaharberritzeko lanak egitea horrelako beste eraikin batzuetan.

–Beren enpresa jarduera gauzatzeko eraikin industrialak, merkataritzakoak, nekazaritzakoak edo abeltzaintzakoak alokatzea. Laguntza hauen helburua da Faltzesko ekintzaileei sostengua ematea, beren enpresa jarduera hasteko eta garatzeko kokalekua behar badute; laguntzak emanen zaizkie merkataritzako eta industriako nabe eta lokalak alokatzeko, baita herriguneko beste edozein higiezin alokatzeko ere; horrela, Faltzesko enpresa sarearen berritze sozioekonomikoa bultzatuko da, eta, horrekin batera, enplegua sorraraziko. Onuradun bakoitzeko, dirulaguntza bakarra eskuratzen ahalko da kontzeptu horrengatik.

–Helbide fiskala Faltzesen izatea.

–Ez dira sartzen energia alternatiboa biltzeko instalazioak (aerosorgailu eolikoak, eguzkikoak, etab.), haien jarduera nagusia hori bada.

–Ez da beharrezkoa izanen lanpostu berriak sortzea laguntza hauek jasotzeko.

5.1. Laguntza hauek hartu nahi dituzten enpresek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Herriko Etxean, urtebeteko epean irekitzeko lizentzia eskuratzen dutenetik:

a) Erosketak eta zaharberritze lanak egiteko:

–Eskaera idatzia.

–Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

–Inbertsio proiektua justifikatzeko memoria.

–Eginen den jardueraren gaineko memoria.

–Erosketaren edo egindako lanen ordainagiria.

–Gizarte Segurantzaren eta udal eta foru zergen ordainketa eguneratuta duela dioen ziurtagiria.

b) Alokatzeko:

–Eskaera idatzia.

–Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

–Nabearen edo lokalaren alokairu kontratuaren kopia.

–Eginen den jardueraren gaineko memoria.

–Alokairuaren ordainagiria.

–Gizarte Segurantzaren, udalaren eta Nafarroako Foru Ogasunaren zergen ordainketa eguneratuta duela dioen ziurtagiria.

5.2. Erosketetarako eta zaharberritze lanetarako, 42.070,85 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dituzte finantza laguntzak.

Eskatzaileak alde zaharreko saltokiak badira, 18.030,36 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dute finantza laguntza.

Finantza laguntzaren zenbatekoa EIOZen %60koa izanen da, 6. artikuluan ezarritako mugen barruan.

EIOZen kontuan hartutako zerga oinarria izanen da finantza laguntza kalkulatzeko oinarria.

5.3. Inbertsioak burutu ondotik emanen dira laguntzak. Inbertsioak burututzat hartuko dira udal arkitekto teknikoak obrak ikusi eta haien gaineko balorazio txostena ematen duenean.

Enpresek konpromisoa hartuko dute inbertsioari eta jarduerari eusteko gutxienez hiru urtean.

5.4. Alokairuetarako, dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuaren zenbatekoaren %50ekoa izanen da, 6 hilabetez gehienez, nabe edo merkataritza lokaletarako, eta 1.500 eurora arte gehienez.

Ordainketa honela eginen da: guztizkoaren erdia sei hilabeteko aldiaren hasieran, eta gainerakoa, hirugarren hilabetea bukatutakoan. Horretarako, denbora tarte bakoitzeko ordainagiriak aurkeztu beharko dira udal erregistroan.

6. artikulua.

Udal aurrekontuan urtero jasotzen den xedapenean ezarriko da zer muga izanen duten 4. eta 5.2 artikuluetan adierazitako laguntzek. Laguntzak emateko, eskaeren sarrera egunari jarraituko zaio hertsiki.

Laguntza guztiak bateragarriak dira elkarren artean, bai eta administrazio publikoek emandako bertze edozein dirulaguntzarekin ere.

Alde zaharreko eraikinak zaharberritzeko EIOZi dagokion laguntza jasotzeko aukera dagoenean, partikularrendako zenbatekorik handiena aplikatuko da.

7. artikulua. Eskaerak

Laguntzak jasotzeko eskabideetan honako datu hauek agertu beharko dira beti:

a) Interesdunaren izen-abizenak, edo, hala badagokio, haren ordezkariarenak, bai eta jakinarazpenak egiteko erabiltzea nahi den bitartekoa eta horretarako helbidea ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaera, zer eskatzen den zehatz-mehatz azalduz.

c) Tokia eta data.

d) Eskatzailearen sinadura edo bere borondatearen benetakotasunaren egiaztapena.

Ordenantza honen 2., 3. eta 5. artikuluetan zehaztutako laguntzetarako eskaerak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira kontratazio egunetik hasita 90 egun balioduneko epean, erregistroan eskuratzen den eredu ofizialean eta eredu horretan adierazitako dokumentazioa erantsita.

8. artikulua.

Udalak espedienteak aztertuko ditu eta ebazpena emateko behar dituen agiriak eskatzen ahalko ditu. Agiriok 30 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, eskaeraren jakinarazpenaren biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, espedientea artxibatuko da besterik gabe.

9. artikulua.

Eskabide espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesten badira, deuseztatu edo ukatu eginen da, eta hortik aitzina eta hamar urtetan laguntza hauek eskuratzeko eskubidea galduko du enpresa horrek.

10. artikulua.

4 eta 4.1 puntuetako dirulaguntzak bi alditan ordainduko dira, betiere ondoko agiriak aurkeztu ondotik: lan kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialak, TC1 eta TC2 ereduak, kontratuaren aurrekoak nahiz ondokoak, eta udal nahiz foru ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneraturik daudela egiaztatzeko agiriak.

5. puntuko dirulaguntzak, berriz, enpresa eskatzailearen jarduerari buruzko espedientea ebatzi eta beranduenez ere urtebeteko epean ordainduko dira.

11. artikulua.

Aurreko artikuluetan xedatutakoaren babesean diruz lagundutako kontratua duen langileren batek, kontratua sinatu eta 37 hilabete bete gabe eteten baditu zerbitzuak, enpresa onuradunak ordezko langilea hartu beharko du baja hori gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean, kontratu mota berdina erabiliz. Langile horrek dirulaguntzak eskuratzeko beharkizunak bete behar ditu, bestela, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzularazi eginen baita.

12. artikulua.

Era berean, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzularazi eginen da kontratu mugagabea duten langileen kopurua murrizten bada.

13. artikulua.

Enpresa onuradunak, 37 hilabetez, honakoak eraman beharko ditu Herriko Etxera sei hiletik behin: Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialen, TC1 eta TC2 ereduen, kopia konpultsatuak.

Kuotak zein entitateri ordaindu zaizkion, harexen zigilua beharko dute izan kotizazio orriek.

14. artikulua.

Faltzesko Udalak bidezko jotzen dituen kontrol eta frogapen guztiak egiten ahal ditu aldian-aldian, laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren aztertze aldera.

15. artikulua.

Ordenantza honen ondorioz onuradunek bete behar dituztenak betetzen ez badira, diru laguntzak kendu edo deuseztatuko dira eta, hala behar denean, ordura arte emandakoak Udalari itzuli beharko zaizkio, deuseztapenaren jakinarazpenetik hilabeteko epean.

16. artikulua.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Faltzesen, 2022ko otsailaren 16an.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

Iragarkiaren kodea: L2202556