46. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

3E/2022 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa. Aldaketak DD-14 ekipamendu-lurzatiaren erabilerari eta ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzeari eragiten dio, eta sustatzailea Hezkuntza Departamentua da.

Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 19an emandako 85E/2021 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren tramitazioari. Aldaketak DD-14 ekipamendu-lurzatiaren erabilerari eta ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzeari eragiten dio, eta sustatzailea Hezkuntza Departamentua da. Ebazpen hori 2021eko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 2koan.

Ebazpen horren bidez ireki zen jendaurreko epean eta eraginpeko udalari entzunaldia emateko epean ez da alegazio-idazkirik aurkeztu.

Aldaketa justifikatua dago ECP-1A lurzatian dagoen Sarriguren Bigarren Hezkuntzako Institutua handitu ahal izateko, DD-14 ekipamendu-lurzatian, eta institutuari lotutako instalazioek jarraitutasuna izateko, eraikin berriak eta patioak konektatuak egon daitezen, gune integratu bat osatuz.

Espedientean Babes Zibileko Zerbitzuaren, Iruñerriko Mankomunitateko Azpiegituren Zerbitzuaren, Azpiegitura Digitalen Telekomunikazioetako Estatu Idazkaritzaren eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostenak jaso dira.

Bestalde, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak 2021eko irailaren 10ean egindako txostenean hauxe adierazi du: “Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, ondorioztatzen da proposamena ez dagoela sartua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2012 Legearen 6. artikuluan jasotako kasuetan.”

Departamentu sustatzaileak beste dokumentu bat aurkeztu du 2021eko urtarrilaren 18an, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 85E/2021 Ebazpenaren araberakoa.

Dokumentu berrian, DD-14 zuzkidura-lurzatirako hasiera batean proposatutako irakaskuntza-erabileraren esleipena/zehaztapena kendu da. Dokumentu osoa aldaketa edo ezabatze horretara egokitu da; zehazki, izena eta xedea aldatu dira eta DD-14 unitaterako proposatutako fitxa ezabatu da. Horrenbestez, aldaketaren xedea bakarra da: “Sarrigurengo (Eguesibar) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketak proposatzen du ECP-1A (institutua) eta DD-14 (zuzkidurakoa) lurzatien artean dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzea, bigarren lurzati horretan (DD-14) institutua zabaltzeak jarraitutasuna izan dezan ECP-1A (institutua) lurzatian dagoen egungo eraikuntza-multzoarekin.”

Horri dagokionez, adierazi behar da ezen, DD-14 lurzatia zuzkidurakoa/kulturala izan arren UPSaren ordenantzan xedatutakoaren arabera (“Ekipamendua, berdeguneak, espazio libre publikoak eta natura babesteko sistema”, O8.1.2 eta 08.2), eta ekipamendu-lurzatietarako hirigintza-araudi partikularreko fitxarik ez dagoenez, DD-14 lurzatia, ekipamenduko gainerako lurzatiak bezala, edozein ekipamendu-erabileratarako erabil daitekeela, bere izena xede duen ekipamendu-erabilerara egokitu beharrik gabe.

Beste alde batetik, 85E/2021 Ebazpenean adierazitako bigarren gaiari dagokionez, “Jasangarritasun ekonomikoa” deritzon 7.2. atala zuzendu da, eta Toki Ogasunei buruzko Legearen 5. xedapen gehigarriak jarduera, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergak ordaintzetik salbuesten duenez (ez, ordea, irekiera-lizentziak), atal horretan irekiera-lizentziaren diru-bilketari buruzko erreferentzia utzi da eta jarduera-lizentziaren ordainketari buruzko erreferentzia kendu da.

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2022ko urtarrilaren 19ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa. Aldaketak DD-14 ekipamendu-lurzatiaren erabilerari eta ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidea kentzeari eragiten dio, eta sustatzailea Hezkuntza Departamentua da.

2. Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 85E/2021 Ebazpenean eta ebazteko aurkeztutako dokumentuan adierazitakoari jarraikiz, kendu egiten da DD-14 ekipamendu-lurzatiari irakaskuntza-erabilera esleitzeari/zehazteari buruzko aldaketa, ez baita beharrezkotzat jotzen.

3. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

4. Ebazpen hau eta onetsitako dokumentua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Ingurumen Eraginaren Atalera, Babes Zibileko Zerbitzura eta Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalera igortzea.

5. Ebazpen hau Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari, Eguesibarko Udalari eta departamentu sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 15ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Udalez gaindiko plan sektoriala (PDFa)*.

(*) Fitxategia 30 Mb-tik gorakoa da.

Iragarkiaren kodea: F2202496