43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, migratzaileen elkarteentzako dirulaguntza deialdi bat onesten duena kulturen arteko bizikidetza sustatzeko eta parte-hartzea hobetzeko jarduerak egin ditzaten 2022. urtean. DDBN identifikazioa: 609609.

Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioak (2019-2023) nabarmentzen du, sarreran, legegintzaldi honi ekin behar zaiola desberdintasunaren aurka eta Nafarroako gizarte anitzaren bizikidetzaren alde borrokatzeko helburu nagusiarekin.

2019-2023 legegintzaldirako Ekintza Politikoaren hamar ardatzen barruan, 1. ardatzean adierazten da pertsonak helburu duten politiken lehentasuna, beren artean behar bezala harmonizatuak, ingurumenarentzako hazkunde jasangarria eta kohesio soziala sortzen dituztenak, desberdintasun sozialak eta lurralde guztien artekoak ere murrizten dituztenak, eta biztanle guztiei aukera berdintasuna eta ongizatea bermatzen dizkietenak. Bere aldetik, 8. ardatzean adierazten da instituzio publikoen eta gizarte zibilaren arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten dela.

Beste alde batetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduak bere 5. artikuluan ezartzen du dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz emanen direla: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeriarik eza eta kontrola, baita dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia ere.

Horrekin guztiarekin bat, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak migratzaileen elkarteentzako dirulaguntza deialdia bultzatzen du kulturen arteko bizikidetza sustatzeko eta parte-hartzea hobetzeko 2022. urtean.

Deialdiak bidea ematen die migratzaileen elkarte guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren proposamen txostena jaso da espedientean, baita txosten juridikoa eta kontu-hartzaile delegatuaren onespena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Migratzaileen elkarteentzako dirulaguntza deialdia onestea, kulturen arteko bizikidetza sustatzeko eta parte-hartzea hobetzeko jarduerak egin ditzaten 2022. urtean, baita haren oinarri arautzaileak eta balorazio irizpideak ere, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan biltzen direnak.

2. 90.000 euroko gastua baimentzea, aurrekontuko partida hauei dagokiena:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

F10002 F1200 4819 231902 Migratzaileen elkarteentzako dirulaguntzak bizikidetza jarduerak egiteko

2022

80.000 euro

F10002 F1200 7819 231900 Migratzaileen elkarteentzako dirulaguntzak ekipamendurako

2022

10.000 euro

Baimendutako kreditua gehienez 170.000 euro handitzen ahalko da 2022ko Gastu Aurrekontuko F10001 F1100 4819 231903 partidaren kargura (“Migratzaileei harrera egiten eta laguntza ematen dieten entitateetarako dirulaguntzak”), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluaren a) letran ezarritako baldintzei jarraikiz, baldin aurrekontuan krediturik badago.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Administrazio bidea amaitzen ez duen foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 7an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

Migratzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, dirulaguntza horien bidez kulturen arteko bizikidetza eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak egin ditzaten 2022. urtean

1.–Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da irabazi-asmorik gabeko migratzaileen elkarteei 2022rako dirulaguntzak emateko araubidea arautzea, kulturen arteko bizikidetza sustatzeko eta parte-hartzea hobetzeko proiektuetarako, bai eta proiektu horiek egiteko ekipamendua erostea ere.

1.2. Dirulaguntza hauen xedea da migratzaileen elkarteei laguntzea, proiektu hauen garapenerako gastuak finantzatuz: kulturen arteko bizikidetza sustatzen dutenak eta migratzaileek gizarte, kultura eta politika eremuetan parte hartzea sustatzen dutenak.

1.3. Onuradunak diren migratzaileen elkarteek finantzazioa lortzen ahalko dute ekipamenduaren gastuetarako, baldin eta aurkeztutako proiektuetarako beharrezkoak direla frogatzen badute.

2.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. Proiektuen atalean, 90.000 euroko gehieneko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, eta 2022ko Gastu Aurrekontuko partida hauen kargura ordainduko dira: 80.000 euro “Kulturen arteko bizikidetza eta parte-hartzea sustatzeko proiektuetarako dirulaguntzak” izeneko F10002 F1200 4819 231902 partida, eta 10.000 euro “Migratzaileen elkarteentzako ekipamendurako dirulaguntzak” izeneko 10002 F1200 7819 231900 partida.

2.2. Proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 9.000 eurokoa izanen da; horietatik gehienez 8.000 euro jarduerak egiteko izanen dira, eta gehienez 1.000 euro diruz lagundutako jarduerak egiteko behar den ekipamendurako.

2.3. Laguntzen zenbatekoa, oro har, onartutako aurrekontuaren %100ekoa izanen da, 2.2 puntuan zehaztutako muga edukita.

Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, aurkezten den aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa, pertsona edo entitate eskatzaileentzat berreskuratzeko modukoa bada, eta, bestetik, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.

2.4. Hasiera batean emandako diru kopuruak askatzen badira, emakida osagarri bat egin dakieke dirulaguntzarik jaso ez duten entitateei, edo, proiektu bakoitzeko baimendutako gehieneko zenbatekora iritsi gabe, eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa jaso dutenei, baldin eta lortutako puntuazio hurrenkerari jarraikiz eta beharrezko eta behar adinako puntuazioa lortu bada.

3.–Gauzatzeko epeak.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu direla epe horren barrenean sortu direnean eta 2023ko otsailaren 10a baino lehenago ordaindu direnean.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

Diruz lagundutako proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektuko jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzea.

b) Egiten diren aisialdiko kultura jarduerek kulturen arteko bizikidetzaren edota migranteen parte-hartzearen asmoaren ikuspegia izan behar dute.

c) Diruz lagundutako jarduerak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatu behar du.

d) Oinarri arautzaile hauetako helburu eta xedeetara egokituko dira, baita aplikatu beharreko beste araudietara ere.

Ez dira diruz lagunduko irizpide sexistak, arrazistak, xenofoboak edo beste edozein motatako diskriminazioa aplikatzen duten programak, proiektuak, jarduerak edo jarduketak. Era berean, deialdi honetatik kanpo uzten dira eraikuntza edota birgaitze obren proiektuak.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, oinarri hauetan ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.2. Zehazki, honako hauek dira gastu diruz lagungarriak, besteak beste:

A. Proiektuko jarduerak exekutatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:

A.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, higiezin horietan entitateak egiten dituen jarduera guztien artean diruz lagundutako jarduera egiten den proportzioan.

A.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak. Jantzietarako, atrezzorako eta antzekoetarako gehieneko zenbatekoa ez da, inola ere, emandako dirulaguntzaren %15 baino handiagoa izanen.

A.3.) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Langile gastuentzako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat ezarritako bera izanen da, gehienez; koordinazio lanetarako langileen kasuan, haien profila ez da izanen gizarte-langileei dagokiena baino handiagoa.

A.4.) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

A.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko kontratatzen den kasuetan.

A.6) Finantza gastuak. Sail honetan sartuko dira entitateak izanen lituzkeen gastuak, baldin eta bere jarduera ez eteteagatik hirugarrenei kalte egin eta bankuari mailegu bat edo kreditu lerro bat eskatzea beharrezkoa balitz. Kontzeptu horren barnean egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, dirulaguntzaren aurrerakina pagatu arte sortzen diren interesak eta, orobat, mailegua ireki eta ixteko gastuak. Banku kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak). Kreditu lerroa edo mailegua deialdi honetan aurkezten den proiekturako eskatu beharko da, zalantzarik gabe; horretarako, 2.000 euroko dirulaguntza emanen da gehienez. Entitateak dirulaguntzaren aurrerakinik eskatzen ez badu, finantza gastuak ez dira aintzat hartuko. Dirulaguntzari dagozkion finantza gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da banku entitateari eskatutako mailegua edo kreditua ez izatea proiektuaren guztirako kostuaren %70etik gorakoa. Bestela, ehuneko hori arteko hainbanaketa eginen da.

B. Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, entitate onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (langileriaren beste gastu batzuk, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan egin beharko dira.

C. Aurkeztutako proiektuan deskribatutako jarduerak gauzatzeko beharrezko ekipamendua eta material inbentariagarria erosteak eragindako gastuak. Ekipamendu inbentariagarriaren gastutzat honako hauek erostearen ondorioz direnak hartuko dira: jarduera egiteko behar den materiala (ekipamendu informatikoa; altzariak; mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak eta antzekoak...) eta bestelako ondasun ez suntsigarriak (koadernagailuak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak...).

Adierazi den bezala, kontzeptu horrengatik diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoa ez da 1.000 eurotik gorakoa izanen.

5.3. Inola ere ez dira diruz lagunduko proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren jarduerak edo deialdi honen xede ez direnak.

Era berean, ez dira diruz lagunduko:

a) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal denean.

b) Amortizazioak.

c) Protokoloko eta luxuzko gastuak (otamenak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, eskersariak lantegietara joate hutsagatik edo antzeko beste edozein).

d) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

e) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

5.4. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

6.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

6.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Bere izaera juridikoarekin bat etorriz legez eratutako pertsona juridikoa izatea, eta dagokion administrazio erregistroan inskribatuta egotea. Baita pertsona juridiko pribatuen taldeak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Deialdi honen 1. oinarrian aipatzen diren jarduerekin lotutako xedea edo helburu soziala izatea estatutuetan.

d) Egoitza soziala Nafarroan izatea eta lurralde honetan jardutea, edo, elkartearen jarduketa-eremuak autonomia-erkidego hau gainditzen badu, egitura eta aurrekontu berezitua daukan antolamendu bat izatea Nafarroan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

f) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak. Orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira (3. oinarria), justifikazio epea bukatu arte.

7.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7.2. Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiri guztiak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusira zuzenduta:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

Era berean, eskabideak eta dokumentazio guztia aurkezten ahalko da Estatuko Administrazio Orokorraren erregistroetan, autonomia-erkidegoenetan, toki administrazioa osatzen duten entitateenetan, posta bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan edo erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoetan. Eskabidea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio. Kasu horietan, aurkezpen horren berri eman beharko zaio unitate kudeatzaileari, mezu elektroniko bat bidaliz migraciones.convivencia@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahal du.

Ekintza bat entitate batek baino gehiagok elkarrekin gauzatzen badute, ekintza hori bere gain hartu duen entitateak aurkeztuko du eskabidea; ekintzari dagozkion ordainketa eta gastu guztiak egin beharko ditu.

7.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrean aurkeztuko da. Helbide honetan dago eskuragai:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/instantzia-orokorra-deskargatu

Behar bezala betetako eskabide ofizialarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztuko da, eskaneatuta eta agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta:

A. Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat. Entitateak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, bere jarduteko eremua autonomia-erkidegoa baino zabalagoa delako, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza dagoela, bere egitura eta aurrekontu bereiziarekin, dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

c) Identifikazio fiskaleko txartela.

d) Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa.

f) Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, kasua bada, bidezko informazioa, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (VII. eranskina).

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (VII. eranskina).

i) Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, kasua bada, bidezko informazioa, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

j) Kasua bada, BEZaren aitorpenak egitetik salbuetsita edo lotuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak edo Espainiako Zerga Agentziak egina aurkezteko epea baino gehienez ere hiru hilabete lehenago.

k) Hala badagokio, eta 10. oinarrian xedatutakoari dagokionez, aurrerakin eskabidea eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta premia frogatzeko egiaztagiriak, III. eranskineko ereduaren arabera. Horrez gainera, entitateak ordaindu beharko lituzkeen finantza-gastuak egiaztatu ahal izanen dira, baldin eta jarduera hirugarrenen kalterako ez eteteak banku-mailegu bat edo kreditu-lerro bat eskatzea badakar berekin, 5. oinarriko 2.A.A.6) apartatuan aurreikusita dagoen bezala.

l) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

B. Dirulaguntzaren xede den proiektuari buruzko dokumentazioa, baloratzeko:

a) Eskabide eredua, euskarri informatikoan eta inprimaki ofizialaren arabera aurkeztua. Interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Eskabideek ezin izanen dute 20 orri baino gehiago eduki (edo 10 orrialde bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskabide luzeagoak atxikiz gero, baloraziorako lehen 20 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko.

b) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

7.4. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden agiriak badira, ez da beharrezkoa izanen 7.3.A apartatuko a), b) eta c) letretan derrigorrezko gisa bildutako agiriak aurkeztea, baldin eta agiri horietan aldaketarik ez bada jazo. Foru Komunitateko Administrazioko organoen esku badaude, eskatzaileak zehaztu egin beharko du noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek, baldin eta bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura amaitu zenetik.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

8.2. Prozeduraren instrukzioa Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek egiaztatuko du, hain zuzen, dirulaguntzak jasotzeko derrigorrezko baldintzak betetzen direla, eta ofizioz baloratuko ditu eskabideak, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

8.3. Eskabideak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio entitate interesdunari. Hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera emanen baita.

Ezin izanen da zuzendu baloratzeko aurkezten den dokumentazioa. Okerreko datuak, akats aritmetikoak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk atzematen badira, organo kudeatzaileak horren inguruko argibideak eskatzen ahalko dizkio entitate interesdunari.

8.4. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

8.5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 30 puntu, gutxienez, II. eranskineko “b” apartatuan lortu behar dituzte, eta 8 puntu “d” apartatuan.

8.6. Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 1.3 eta 5.2 oinarrietan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

8.7. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den proiekturako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, onuradunari eskabidea berridazteko eskatu ahal izanen zaio, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan eman daitekeen dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita, betiere.

8.8. Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta aurrekontuan denentzako kreditu aski ez badago, II. eranskineko “b” apartatuan puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna. Berdinketak irauten badu, proiektuak baloratzeko irizpideen b.1 apartatuan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

8.9. Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak, balorazioa egin ondoren, ebazpen-proposamena eginen dio Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari, dirulaguntza jasotzeko derrigorrezko gisa ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona edo entitate onuradunak adierazita, eta, hala badagokio, adieraziko du gainerako eskaerak zergatik baztertu diren.

9.–Prozeduraren ebazpena.

9.1. Instrukzio-organoak egindako ebazpen proposamenean oinarrituta, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak dirulaguntzen emakida ebatziko du. Ebazpen horretan dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda adieraziko du, eta berariaz jakinaraziko du gainerako eskabideak ezetsi direla; ezetsitako eskabide horien artean zehaztu egin beharko da, besteak beste, aurrekontu baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsi direnak.

9.2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro baina berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

9.3. Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

10.1. Oro har, dirulaguntza aldez aurretik eta ordainketa bakar batean ordainduko da, emandako zenbateko guztiarekin, gehienez ere hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik zenbatzen hasita, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baldin eta irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek ez badute aski baliabiderik dirulaguntza jaso duen jardueraren gauzatzea behin-behinekoz finantzatzeko, baldin eta behar bezala frogatzen badute.

Horretarako, eskaerari erantsi beharreko dokumentazioarekin batera, deialdi honekin batera III. eranskin gisa doan erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena funtsik ez dagoela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, eta premia hori egiaztatu beharko da entitateko ordezkariaren ziurtagiri baten bidez; hartan, honako hauek adieraziko dira: entitatearen izenean dauden banku kontuak, diruzaintzako egoera edo bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, bai eta hileroko aurreikuspen bat ere, ordaintzeke edo kobratzeke dauden gastuei eta diru-sarrerei buruz, dirulaguntzaren xedearekin lotutakoak, eta proiektuarekin lotu gabeko gastu eta sarrera konpromisoak.

Aurrekoa gorabehera, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien artean, entitatearen ordezkariak sinatutako dokumentu independente bat ere agertzen ahalko da, non eskatuko baita emandako dirulaguntzaren %60 aurretiaz ordaintzea, behar adina baliabiderik ez dagoela egiaztatu beharrik gabe, baldin eta dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada.

Bigarren kasu horretan aurreikusitako aurrerakina emateko ebazpena eman eta gehienez ere hiru hilabeteko epean eginen da, eta, edozein kasutan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

10.2. Ordainketa aurreratua egin ez den kasuetan edo ordainketa aurreratua emandako laguntzaren zenbateko osora iristen ez den kasuetan, emandako dirulaguntzatik ordaintzeke dagoena osorik pagatzeko agintzen duen ebazpena 2022ko abenduan emanen da, jarduera 11. oinarrian adierazitakoaren arabera egin dela justifikatu ondoren.

Ordainketa egiteko 2022ko abenduko ebazpen horretan sartzen ahalko da, entitate onuradunak aurkeztutako txosten ekonomikoan eskaera egin ondoren, emandako dirulaguntzaren zatiari buruzko konturako ordainketak egitea, justifikatzeke dauden gastu arrunten eta langile gastuen zerrendari erantzunez, gauzatutako jardueraren zatiari dagokionez, 3. oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

Konturako ordainketa eskatzeko ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

11.1. Entitate onuradunek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako proiektua exekutatzeari buruz behar diren txosten guztiak, formulario ofizialean eta euskarri informatikoan, zeina Nafarroako Gobernuaren webgunearen Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahal baita (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/).

11.2. Entitate guztiek, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiri egokiak izan bezain laster, jarduera egin dela egiaztatzeko behar diren txostenak aurkeztu beharko dituzte.

Nolanahi ere, data hauek ezartzen dira:

–2022ko urriaren 29a: dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen duen txostena aurkezteko azken eguna, ordainketa aurreratua egin ez den kasuetan edo ordainketa aurreratuan emandakoa zenbateko osora iristen ez denean. Txostena amaierakoa izanen da, baldin eta bertan justifikatzen bada diruz lagundutako proiektu osoa egikaritu dela, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera; bestela, tarteko txostentzat hartuko da.

–2023ko otsailaren 10a: azken txostena aurkezteko azken eguna, exekuzio epean gauzatutako gastuak jasoko dituena, 3. oinarrian aurreikusitako moduan.

Halaber, prozeduraren instrukzio-organoak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena. Horrez gain, diruz lagundutako proiektuari aurrez aurreko jarraipena egiten ahalko dio.

11.3. Bitarteko edo azken txostena, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiriak dituena, justifikazio kontuaren bidez eginen da, eta honako elementu hauek izanen ditu:

–Proiektuaren bilakaerari buruzko txostena, oinarri honen 1. apartatuan aurreikusitako ereduaren arabera. Kronograma batean, diruz lagundutako jarduerak ezarritako helburuen arabera (orduak, prezioa, parte-hartzaileen kopurua, etab.) gauzatu direla adieraziko da, bai eta ordaindutako gastu guztien zerrenda zenbakitua eta xehatua ere. Tartean txosten horiek aurkezturik ere, programaren azken txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan.

–Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera jaulkitako dokumentuak baino ez dira onartuko egiaztagiri gisa, hala nola kontu-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri zenbakia, jaulkipen data eta ordainketa data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Kanpoan gelditzen dira, berariaz, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

200 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Onartutako gastuen zerrenda eta dagozkien aldaketak, halakorik egonez gero, ordainketa proposamenarekin batera aurkeztuko dira, edo, bestela, gastuaren justifikazioarekin batera, baldin eta interesdunari dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egin bazaio.

–Zergapetuta egonez gero, BEZ konpentsatuaren aitorpena (kontuan izan dirulaguntzatik kanpo geratzen dela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal duena, bai eta antzeko beste zerga batzuk eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere).

–Hiru hilekoko 715 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerenak eta sarienak), eta hiruhilekoko 759 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak), biak digitalizatuak (telematikoki edo USB euskarrian aurkeztuta).

–Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, digitalizaturik (telematikoki aurkeztuta edo USB euskarrian aurkeztuta), non frogatzen baita entitateak lorturiko programa finantzatuetan langileek egin dituzten lanaldien egozpena, eta proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko benetan bideratu dela.

–Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria (telematikoki aurkeztuta edo USB euskarrian aurkeztuta), non frogatuko baita justifikazioko kontuan inputatutako zeharkako gastuen portzentajea eta jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

–Hileko nominen zerrenda, langileei eta Gizarte Segurantzari egindako ordainagiriekin eta digitalizatutako lan-kontratuekin batera (telematikoki edo USB euskarrian aurkeztuta), hori guztia dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileei dagokienez.

–Beste edozein dokumentazio –idatzia edo grafikoa–, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekutatzea egiaztatzeko.

11.4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

11.5. Instrukzio-organoak zehazten badu zuzentzen ahal diren akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

11.6. Diruz lagundutako zenbateko osoa oker justifikatuta badago, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, eta justifikatu gabeko gastuen eta ordainketen zenbatekoa itzultzeko prozedura abiaraziko da hortik aurrera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duen proiektua gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

d) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Dirulaguntzaren jatorria jakitera ematea, diruz lagundutako proiektuen zabalkunde eta publizitate orotan, baita zerbitzua ematen den lokalean ere. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroaren Sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Era berean, “Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan” markaren logotipoa agertuko da.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

g) Dirulaguntzaren xede zehatza zein den, horretarako erabili beharko dira eskuratutako ondasun inbentariagarriak (gutxienez 7 urtez, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunen kasuan, eta 2 urtez, gainerako ondasunen kasuan).

h) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partida multzo bakoitzaren %20ko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldatzeko eskabideetan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala azaldu, betiere 2022ko urriaren 29a baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako gainerako eginbeharrak.

13.–Hornitzaileen azpikontratazioa eta hautaketa.

13.1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratatzen ahalko du dirulaguntzaren xede den jardueraren exekuzio partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, baldin eta entitate horiek egiten ahal dituzten prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

14.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

14.2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua. Horretarako, entitate onuradunak VIII. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du.

15.–Baldintzak ez betetzea.

15.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.

15.2. Gardentasunari buruzko betebeharrak betetzen direla frogatzeko informazioa eman beharra bete ezean (VI. eranskina), ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15.3. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki, eman beharreko dirulaguntza edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Azken justifikazioan ez-betetze formal hutsak eginez gero, dagozkion dokumentuak epez kanpo aurkeztu diren egunen kopurua.

15.4. Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emandako ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

17.–Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak entitate parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, hala ezartzen baitu 6.1.e) artikuluan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoak. Haren oinarri juridikoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Dirulaguntzen entitate onuradunen datuak, tratamenduaren helburukoak, mota honetakoak dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo helburu horretarako behar den beste edozein.

Entitate parte-hartzaileen datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Zehazki, kontserbaziorako aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiri kontserbazioaren indarreko egutegian aurreikusita dagoena.

dpd@navarra.es helbidera joaz erabil dezakete interesdunek datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramatekoak ere. Konforme ez egonez gero, jo dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa.

II. ERANSKINA

Balorazio-irizpideak (100 puntu gehienez)

MIGRATZAILEEN ELKARTEAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

100 puntu gehienez

a. Bidezkotasun instituzionala

(12 puntu bitarte)

a.1

Generoa

(4 puntu bitarte)

Entitatean erantzukizun karguetan dauden emakumeen portzentajea

–%50etik gorakoa

–%20tik %50era artekoa

1,50 puntu

0,50 puntu

Gizon boluntarioen portzentajea

–%50etik gorakoa

–%20tik %50era artekoa

1,50 puntu

0,50 puntu

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana izatea

Puntu bat

a.2

Esperientzia izatea kulturen arteko bizikidetzako eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako borrokaren arloko proiektu edo jardueretan

(5 puntu bitarte)

Azkeneko 5 urteotan kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazismoaren aurkako borrokaren arloan egindako jardueren/proiektuen kopurua

(Puntu bat proiektu bakoitzeko)

5 puntu gehienez

a.3

Entitatean boluntariotza sustatzea eta garatzea

(3 puntu bitarte)

Boluntariotza plana du

3 puntu

Lan egonkorreko ildo baten garapena

Gehienez ere 1 puntu

b. Proiektuaren koherentziaren azterketa

(50 puntu bitarte)

b.1

Proiektuaren oinarriak

(12 puntu bitarte)

Guztiz koherentea

12 puntu gehienez

Oso koherentea

9 puntu gehienez

Koherente samarra

6 puntu gehienez

b.2

Parte hartzaileen profilak aurkeztutako proiektura egokitzea

(5 puntu bitarte)

Oso egokia

5 puntu gehienez

Egokia

3 puntu gehienez

b.3

Arreta bereziko kolektiboak (emakumeak, haurrak eta nerabeak)

(3 puntu)

Proiektua kolektibo horietako bati zuzenduta badago

3 puntu

b.4

Helburuak: koherentzia, zehaztapen eta xehetasun maila

(5 puntu bitarte)

Oso handia

5 puntu gehienez

Handi samarra

3 puntu gehienez

b.5

Jarduerak: deskribapen eta egokitasun maila

(5 puntu bitarte)

Oso handia

5 puntu gehienez

Handi samarra

3 puntu gehienez

b.6

Jardueren egutegia ezartzea: deskribapen eta egokitasun maila

(4 puntu bitarte)

Oso handia

4 puntu gehienez

Handi samarra

2 puntu gehienez

b.7

Jardueren hedapen plana eta baliatu beharreko euskarriak: kalitate maila

(2 puntu bitarte)

Oso handia

2 puntu gehienez

Handi samarra

Gehienez ere 1 puntu

b.8

Helburuen, jardueren eta emaitzen koherentzia maila

(8 puntu bitarte)

Guztiz koherentea

8 puntu gehienez

Oso koherentea

6 puntu gehienez

Koherente samarra

4 puntu gehienez

b.9

Proiektu osoan genero ikuspegiak duen txertatze mail

(3 puntu bitarte)

Oso handia

3 puntu gehienez

Handi samarra

2 puntu gehienez

b.10

Proiektu osoan kulturen arteko ikuspegia noraino txertatu den

(3 puntu bitarte)

Oso handia

3 puntu gehienez

Handi samarra

2 puntu gehienez

c. Ebaluazio sistemaren kalitate maila: adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua

(10 puntu bitarte)

c.1

Adierazleak

(3 puntu bitarte)

Egokitasuna eta hartakotasuna

1,50 puntu gehienez

Zehaztasun maila

1,50 puntu gehienez

c.2.

Egiaztapen iturriak

(3 puntu bitarte)

Egokitasuna

1,50 puntu gehienez

Zehaztasun maila

1,50 puntu gehienez

c.3

Ebaluazio eta jarraipen prozesua

(4 puntu bitarte)

Egokitasuna

2 puntu gehienez

Zehaztasun maila

2 puntu gehienez

d. Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen azterketa

(16 puntu bitarte)

d.1

Giza baliabideen egokitzapena (kontratatutako berezko langileak eta kanpoko langileak) eta esleitutako eginkizunak

(5 puntu bitarte)

Oso egokia

5 puntu gehienez

Egokia

3 puntu gehienez

d.2

Proiektuan boluntarioak noraino txertatu diren

(2 puntu bitarte)

Pertsona kopurua eta esleituriko eginkizunak

2 puntu gehienez

d.3

Baliabide teknikoak

(2 puntu bitarte)

Proiektura egokitzea

2 puntu gehienez

d.4

Baliabide ekonomikoak

(7 puntu bitarte)

Aurrekontua proiektuari egokitzea

4 puntu gehienez

Eskabidean informazio teknikoa eta ekonomikoa bat etortzea eta argiak izatea

3 puntu gehienez

e. Sareko lana eta beste entitate eta baliabide batzuekiko koordinazioa

(5 puntu bitarte)

e.1

Sarean lan egitea

3 puntu gehienez

e.2

Koordinazioa

2 puntu gehienez

g. Proiektuaren onuradunen parte-hartze maila

(7 puntu bitarte)

g.1

Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko mekanismoak izatea (akordio idatziak, gogobetetasun inkestak eta abar):

(7 puntu bitarte)

Baditu eta egokiak dira

7 puntu gehienez

Baditu baina ez dira oso egokiak

Gehienez ere 1 puntu

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina.–Dirua aurreratzeko eskaera.

IV. eranskina.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena.

V. eranskina.–Sexuagatiko edo generoagatiko diskriminaziorik ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VII. eranskina.–Baimena.

VIII. eranskina.–Beste laguntza batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu III. eranskinetik VIII.era (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2201850