41. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2022 FORU DEKRETUA, otsailaren 9koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2022ko BERDINNA Saria Desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen Nafarroako elkarteen federazioari (COCEMFE Nafarroa) ematen diona.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko BERDINNA Sariaren xedea da nabarmentzea eta publikoki aintzatestea Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera. Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 21eko 157/2021 Foru Aginduaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2022ko BERDINNA Sariaren deialdia egin, eta hura emateko oinarriak ezarri ziren.

Jasotako hautagaitzen artean, deialdian jasotako emate-irizpideetan oinarrituta egindako balorazioaren ondoren, epaimahaiak aho batez proposatu du COCEMFE Nafarroak merezi duela saria, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen laguntzen ari delako, ezbairik gabe, eta eginkizun horretan nabarmentzeagatik, bereziki desgaitasunaren eremuan arituz.

Berdintasunaren arloan etengabe eta irmoki egindako ekarpenagatik sari hau jasotzeko aintzat hartu diren merezimenduetatik honako hauek aipatu behar dira:

Ibilbidea eta Nafarroarekiko lotura: COCEMFE Nafarroa 2006an sortu zen, desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta arlo horretan aukera-berdintasuna eta giza eskubideak betetzen direla bermatzeko, zerbitzu propioen bidez nahiz federatutako elkarteen ordezkaritzaren bidez. 17 erakunde biltzen ditu, 6.000 bazkide inguru dituztenak, guztiak ere Nafarroakoak. 16 urteko ibilbidea egin du desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituen erakunde gisa, bere esku-hartze guztietan genero-ikuspegia zeharka aplikatuz.

Garrantzia eta oihartzuna. Zehazki, honako ekarpen hauek egin ditu:

–Zuzeneko arreta ematea desgaitasuna duten emakumeei, ahalduntzeko eta indarkeria hautemateko tailerren bidez.

–Bere langileak eta kanpoko profesionalak prestatzea, proiektuen sorreratik genero-ikuspegia txertatzeko; eta Nafarroan aitzindariak izan diren ikerketak sustatzea eta egitea.

–Ikusgaitasuna ematea eta sentsibilizazio lana, 15 kanpaina eta dokumental baino gehiagotan gauzatu dena.

–Sareko eta lankidetza bidezko lana, eta eragin politikoa: Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin eta Nafarroako Gobernuko genero-indarkeriaren biktimei osoko laguntza emateko taldeekin lankidetzan aritzea. Aktiboki parte hartu du emakumeenganako indarkeriari eta berdintasunari buruzko foru legeak erredaktatzeko prozesuetan.

Nabarmentzekoa da bere lana deszentralizatua dela. Ekintzak egin ditu Iruñean, Lizarran, Tuteran, Erriberrin edo Zizur Nagusian. COCEMFEren hautagaitzarekin batera 14 babes-gutun aurkeztu dira.

Azken batean, Nafarroan berdintasuna sustatzen duen erakunde bat da COCEMFE, zeren eta bere zeharkako ikuspegi askotarikoa (proiektuen aniztasuna, ahalduntzea, indarkeriaren prebentzioa eta haren aurkako esku-hartzea, ikerkuntza, prestakuntza, Reconcilia zigilua kontziliaziorako eta emakumeen enplegurako politikengatik, edo politikan duen eragina) honako premisa egoki honetan oinarritzen baita: genero-ikuspegia txertatzearekin batera etorriko da desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna.

Nabarmentzekoa da, halaber, desgaitasuna duten emakumeak ikusgai jartzearen alde egiten duen lana, jabetuta jendea kontzientziatu beharra dagoela desgaitasuna dutenen kontrako diskriminazio anizkoitzari buruz (hau da, tartean beste aldagai batzuk ere sartzen direnean: emakumea, adina, gizarte-klasea, etnia, etab.), bai eta kolektibo horrek pairatzen duen zaurgarritasun handiagoari buruz ere indarkeria matxistaren kasuetan, halaxe aitortu baitute Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak eta Emakumeen kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak.

Beraz, COCEMFE Nafarroa aldaketa-eragile bat da indarkeriarik gabeko gizarte inklusibo eta berdinzale baterantz aurrera egiteko. Egindako ibilbide eta dedikazio nabarmenagatik, COCEMFE erreferente bihurtu da berdintasunerako bidean konprometitu nahi diren erakundeentzat.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko otsailaren bederatzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2022ko BERDINNA Saria Desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen Nafarroako elkarteen federazioari (COCEMFE Nafarroa) ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2022ko otsailaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2201899