38. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

2022ko zerga-tasak

Tafallako Udalak, 2021ko azaroaren 30ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 2 ter ordenantza fiskala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren karga-tasa eta aukerako hobariak arautzen dituena, 2022rako.

Hasierako onespena argitaratu zen 2021eko 285. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ean, eta iragan denez erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko 30 egun balioduneko epea inork halakorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsirik gelditu dira.

Ondotik, ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete dadin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

Tafallan, 2022ko otsailaren 9an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

2 ter ordenantza fiskala, Tafallako Udalaren
hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren karga-tasa eta aukerako hobariak arautzen dituena

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu erreala da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren arabera (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan xedatzen den aukerako hobari berria, eta karga-tasa ezartzen da.

2. artikulua. Karga-tasa eta errekargua.

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako, 1. eranskinean ageri dena, alegia.

3. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zergaren kuotaren %50 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako. Ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari soilik aplikatuko zaio hobari hori.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile direnei.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa:

ERRENTA TARTEA

HOBARIA (%)

4.500,00 eurotik beherako per capita errenta

%50

4.500,01 eta 5.500,00 euro bitarteko per capita errenta

%35

5.500,01 eta 7.000,00 euro bitarteko per capita errenta

%20

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz.

Hobari hori erregutua da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskabide sinatua, adierazirik familia-unitatearen ohiko bizilekua dela eskatzen ari den hobariaren xedeko bizitegi-erabilerako hiri-unitatea.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa familia ugari baten, guraso bakarreko familia baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular dela.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskabidea, non jasoko baita katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea adierazita.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskabidean jaso beharko da, eta zer prozeduratan aurkeztu ziren adierazi.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskabidea aurkeztu beharko da uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.

Behin zerga-hobaria emanda, ez da beharrezkoa izanen eskaera berriro egitea hurrengo hiru ekitaldietan aplikatzeko (hobaria lau ekitalditan eginen da, guztira), salbu eta aldatzen badira hobaria ematea justifikatu zuten inguruabarrak edo aplikatu beharreko araudia. Laugarren urtetik aurrera, beste eskaera bat egin beharko da, bidezkoa bada.

Dena dela, Udalak agiri bidezko justifikazioa eskatzen ahalko dio onuradunari, hobaria izateko eskubidea egiaztatze aldera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

Azken xedapena

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

I. ERANSKINA

2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako karga-tasa: %0,332 urtean.

Iragarkiaren kodea: L2201914