34. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Goñi hornitzea” proiektuari, Goñerriko udal-mugartean, Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitatea SAk sustaturik.

2021eko ekainaren 4, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari sarrera eman zitzaion Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, ingurumen ukipenen azterlana eta leheneratze plana barne. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren eremua Urdotz, Amunarritz eta Goñi kontzejuetan dago, Goñerrin. Helburua da ur-hornidura hobetzea Goñin, eta horretarako uraren goi-hornidurarako eroanbide berria instalatu behar da, Amunarrizko ur biltegitik. Proiektuan burdinurtu nodularrezko hodi bat paratzea aurreikusi da, 100 mm-ko diametroa eta 4.550 metro inguruko luzera izanen dituena, bai eta behar diren kutxatilak ere, hustubideen balbulak eta bentosak bertan jartzeko.

Goñiko ur-biltegia zaharra denez, proiektuak barne hartzen ditu hura konpontzeko eta iragazgaizteko lanak, eta horretarako egitura eta instalazio hidraulikoa egokituko dira, honako jarduketa hauen bidez:

• Dagoen estalkia kendu eta horren ordez horma-txapel prefabrikatu bat jarriko da, hormigoi armatuzko inpostaren gainean bermaturik.

• Hormak garbitu eta iragazgaiztuko dira, eta haien egitura sendotu.

• Giltza-gela zaharberrituko da, hortaz, berriro eginen dira instalazio hidrauliko guztiak eta sarrera zein irteerako hodiak jarriko, baita hustubideak eta altzairu herdoilgaitzeko gainezkabideak ere.

• Sarbideko eskailera-mailak eraitsiko dira, eta haien ordez aluminiozko eskailerak jarriko dira, zulodun xafla tolestuaz.

• Altzairu herdoilgaitzeko eltxo-sareak paratuko dira atea eta aireztapeneko saretak ordezteko.

• Perimetroa hesituko da, eta bidea zolatuko, ibilgailuek sarbidea izan dezaten.

• Hornidura elektrikorako kablea instalatuko da.

Ingurumen ukipenen azterlanean sartu da trazadurarako lau aukera diferente aztertzen dituen lana; ingurumen ukipena gutxitzea ez ezik beste irizpide tekniko eta ekonomiko batzuk ere baloratu dira, eta azkenean proiektuan proposatutako trazadura aukeratu da.

Proiektatutako lanak Natura 2000 Saretik eta Nafarroako Naturagune Babestuen Saretik kanpo daude guztiz. Izan ere, jarduketaren gehiena zereal-soroetan eta zelaietan egitekoa da. Hodiak eta errekasto txikiak elkar gurutzatzen diren toki jakin batzuetan landaredia kentzea, eta hoditeria lursailen arteko mugen bitartez pasatzea zangak ireki aurretik; horra ingurumenean eragina duten proiektuko jarduketa nagusiak. Toki horietan sahats, hurritz, lizar eta zumar txiki batzuengan izan daiteke eragina, eta nagusiki lahar, zuhandor, elorri, astigar eta sasiarrosez osatutako zuhaixka-orla batengan. Atzeman da 12 tokitan zeharkatzen dituztela hodiek mota horretako zuhaixka-orlak, eta beste 2 tokitan ezkai eta elorri-trisken sailei eragiten zaiela, baina toki horietako batean ere ez da interes bereziko landarerik ikusi.

Altxonbideen gaineko ukipenari dagokionez, eroanbidearen trazadurak Orbaibartik Andimendirako errege altxonbidea zeharkatzen du. Horri dagokionez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena eman zuen 2021eko ekainaren 30ean, eta hark jarritako baldintzak ebazpen honetan jaso dira.

Ukitutako eremua leheneratzeko, hidroereitea eginen da 1.866 m²-tan, eta honako espezie hauek landatuko dira: Crataegus monogyna (315 ale), Prunus spinosa (245 ale), Thymus vulgaris (40 ale), Salix atrocinerea (35 ale) eta Juniperus communis (30 ale). Horrez gain, landareen 170 aleko partida osagarri bat prestatu da, aurreikusigabeko gorabeherei erantzun ahal izateko.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena erantsi dio espedienteari, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako. Txostenean adierazitako baldintzak ebazpen honetan ere jaso dira.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du natur ingurunearen gaineko ukipenei dagokienez, baldin eta hartzen badira ebazpen honetan jasotzen diren prebentzio neurriak eta inpaktuak zuzentzekoak.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Goñi hornitzea” proiektuari, zeina Goñerriko udal-mugartean gauzatuko baita, Iruñerriko Zerbitzuen Mankomunitatea SAk sustatuta.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Edozein lur mugimendu hasi baino lehen, ukitzen den eremuko landare-lurra (gutxienez 40 cm) altxatu eta pilatuko da, oso-osorik erabil dadin leheneratze-lanean.

• Hoditeriak landaredun mugak edo errekasto txikiak zeharkatzen dituen guneetan, okupazio zerrendak behar-beharrezkoa den zabalera izanen du. Zerrenda horien gainean zanga berria irekiko da, baina lurren eta materialen pilatzeak bertatik kanpo eginen dira, landarediari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Ezin izanen dira, inongo kasutan, zuhaitz handiak ukitu.

• Trazaduratik gertu dauden zuhaitz-eremuetan, balizaz zedarrituko dira babestu beharreko landaredia duten guneak, betiere obrak hasi aurretik. Lanek ezin izanen dute ukitu Goñitik gertu dagoen pagadia, eta horrenbestez, arreta bereziz zainduko da trazadura zorrotz lotzen zaiola dagoen bideari.

• Zuhaitzen bat inausi behar izanez gero, tresna egokiekin eginen dira lanak, mozketak garbiak izateko.

• Landaredia kendu beharra dakarten lanak hasi baino lehen, abisu eman beharko zaie Iruñeko barrutiko basozainei, lanen zuinketa eta zuhaitzak mozteko lanak gainbegiratzeko.

• Proiektuarekin bat etorriz aurretik zuinkatutako lursailak bakarrik ukitzen ahalko dira. Lehendik dagoen bide sarea erabiliko da ahal den heinean, eta materialak pilatzeko eremuak landaredi naturaleko eremuetatik kanpo kokatuko dira.

• Obrak gauzatzeko fasean ez da olio edo koiperik isuriko obra eremuetan.

• Obrak bukatuta, jarduketa eremua eta ingurua garbitu eginen dira, hondakin solido eta zabor guztiak kenduz.

• Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena izan behar du proiektuak, historia eta kultura ondarea ukitzea baztertzeko.

• Eroanbidearen trazadurak Orbaibartik Andimendirako errege altxonbidea zeharkatzen du. Altxonbide hori ahalik eta gutxien ukitzeko, honako baldintza hauek beteko dira:

–Obrak bukatutakoan, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak paratzekotan, lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Obrak gauzatzeko fasean ez da altxonbidea erabat oztopatzen ahalko; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondoriozko material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

Hirigintza arlokoak:

• Bide publikoetan bermatuko da leheneratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea, eta kontuan izanen da lurraren sestraren gainean elementuak egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dutela bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

• Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Herri-lurren Atalak honako hau idatzi zuen 2021eko uztailaren 1ean emandako txostenean:

“Proiektatutako hoditeria instalatzeak herri-lurren berezko aprobetxamendua eta erabilera mugatu eta baldintzatzen ditu, eta sustatzaileak ez direnez ukitutako kontzejuak, instalazioa egin aurretik okupazio espedientea tramitatu behar dute Amunarritz, Urdotz eta Goñi kontzejuek; horrez gain, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren onespena ere jaso beharko dute, horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoaren bat. Ondoko estekan dago jarraitu beharreko prozedurari buruzko informazioa:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16758/Ocupacion-de-bienes-comunales

Gogorarazi beharrekoa da ezen, beharrezko baimen guztiak (Ingurumena, Lurraldearen Antolamendua...) lortu ezean, ez dela tramitatuko herri-lurrak zergapetzeko, okupatzeko edo horien erabilera lagatzeko espedientea. Aipatu proiektuaren helburua ikusirik, justifikatutzat jotzen da haren interes publikoa, Goñiko biztanleentzat hobekuntza baitakar. Horregatik, kontzejuek beren herri-lurren lursailak doan okupatzeko aukera balora dezakete, sustatzaileak 10. eranskinean aditzera ematen duen bezala, baina horrek ez du inolaz ere salbuesten okupazio espedientearen tramitazioa egin beharra.

Espedientea behar bezala tramitatu dadin, atal honek eskatzen du herri-lurren lurzatiak egoki identifikatzea, bai eta okupazioaren ondorioz duten ukipena behin-betikoa edo aldi baterakoa den ere zehaztea ere.”

• Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Ebazpen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Goñerriko Udalari, Ingurumen Zaintzako Taldeari (Iruñerriko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 25ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2201175