30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

60E/2022 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita deialdi honen gastua: 2022an, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 609044.

Nafarroako Gobernuak adierazi du enplegurako lanbide prestakuntza bultzatu nahi duela, horren bidez enpresen lehiakortasun beharrei erantzuteko eta langabeen nahiz landunen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko xedeak asetzeko.

Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak eta ondoren lege hori garatu eta betearazteko eman den araudiak sistemaren goitik beherako erreformari ekin diote, eta hori kontuan hartu da deialdi honetan.

Bai irailaren 9ko 30/2015 Legeak, bai hura garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak, langabetuentzako eskaintza kontuan hartzen dute enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimenen artean, eta horien artean daude kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, barnean sartuta kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko beste edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, erakunde onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimenduko du.

Gobernuak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 21ean emandako 4513E/2020 Ebazpenaren bidez, dirulaguntza publikoen deialdi hauen oinarri arautzaileak onetsi ziren: Nafarroako Foru Komunitatean lehentasunez langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdiak.

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horiek kudeatzeko eskumena, berriz, osoa zein partziala, beste administrazio publiko batzuena da.

Deialdi honek eragin zuzena du Nafarroako 2021-2024 aldirako Enplegu Planean, zehazki 0.E.2.2.2 helburu estrategikoan (“Prestakuntza Nafarroako eskaeren eta beharren arabera planifikatzea eta diseinatzea, enpleguan zuzeneko eragin handiagoa lortzeko”), eta horren barrenean jasotako neurri honetan: “Modalitate duala enplegurako prestakuntza-programetan sartzeko prozesuan aurrera egitea; kontratatzeko konpromisoa atxikia duen prestakuntza bultzatzea; prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak; eta, enpresan eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko edozein modalitate, lan-merkatura sartzeko azken zubi gisa”.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 750.000 euroko gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuko “Kolektibo desberdinekin enplegurako konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak egiteko laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren kargura, deialdi honetarako: Nafarroako Foru Komunitatean lehentasunez langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak 2022an egiteko dirulaguntzen deialdia.

2. 200.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere. Hori guztia Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarria aplikatuz, zehazki, 3.a) 2. kasua, erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua handitzeagatik kreditua sortu, handitu edo gehitu delako.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 2an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2201713