30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAPOBLACIÓN

Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onestea

Lapoblación-Meano Udalak, 2021eko apirilaren 9an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lapoblación-Meanoko udal-mugarteko herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. 2021eko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lapoblación-Meanon, 2022ko urtarrilaren 19an.–Alkatea, Ernesto Apiñaniz Remírez.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Lapoblación-Meanoko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera-ekintza, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, betiere Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua alde batera utzi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Lapoblación-Meanoko Udalaren ahalak.

Lapoblación-Meanoko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, antolatu eta aprobetxatzeko era arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Lapoblación-Meanoko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Lapoblación-Meanoko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Lapoblación-Meanoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Zainketa, defentsa.

Lapoblación-Meanoko Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Berreskurapena.

Lapoblación-Meanoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Finken hedadura soberakina.

Lapoblación-Meanoko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Lapoblación-Meanoko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Transakzioak.

Lapoblación-Meanoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Ondasunen gaineko eskubideen iraungipena.

Lapoblación-Meanoko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Interpretazioa.

Lapoblación-Meanoko Udalak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak ebatziko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

Lapoblación-Meanoko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Lapoblación-Meanoko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Izaera soziala.

Lapoblación-Meanoko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

16. artikulua. Onuradunen betebehar orokorrak.

1. Oro har, Lapoblación-Meanoko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urte lehenagotik.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Lapoblación-Meanoko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurren itxitura.

Herri-lurretan itxiturak paratzeko Lapoblación-Meanoko Udaleko alkatearen lizentzia idatzia beharko da, herri-lurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.

Ez dira herri-lurrak jabetza pribatukoekin batera ixten ahalko, salbu eta hazkuntza estentsiboko abeltzaintzako ustiategietako titularrak badira eta herri-larreen adjudikaziodunak badira.

18. artikulua. Onuradunen arteko trukaketak.

Orokorrean, ez dira onartuko aprobetxamenduen trukaketak onuradunen artean. Eskaera batera egiten badute eta interesdun eta ukituak bat heldu badira, Udalak baimena ematen ahalko du, herri-lurren gaia daraman batzordeak aitzinetik txostena eginda.

19. artikulua. Zuhaitzen landaketa.

Zuhaitzen landaketari dagokionez, Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betiko, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari hiru hilabete lehenago.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Aprobetxamendu moduak.

Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Lapoblación-Meanoko Udalak zuzenean ustiatzea.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

21. artikulua. Onuradunak.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko erabiliko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira. Lehenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan; era berean, beste irizpide batzuk ebalua daitezke, hala nola: lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako beste edozein datu ere.

22. artikulua. Lotearen azalera.

1. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotetzat, modalitate honetan:

–Lehorreko lurra: 25 erregu.

2. 21. artikuluan ezarritakoa (lehentasunekoak) betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea, lehorreko 25 erregu.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea, lehorreko 50 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea, lehorreko 75 erregu.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea, lehorreko 100 erregu.

23. artikulua. Faktoreak beheratzea.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Lapoblación-Meanoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 23. artikuluan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren % 50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

24. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea lau urtekoa izanen da, oro har.

Urte anitzeko laboreen kasuan, eta interesdunak eskatuta, Udalak eskaera aztertu eta herri-lurren ardura duen batzordearen txostena ikusita, bidezko bada, baimena emanen du epea laborearen urte onuragarriak bukatu arte luzatzeko.

25. artikulua. Kanona.

Lapoblación-Meanoko Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Kanona izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen % 50.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazariek hartzen dituzten prezioen goiti-beheitien arabera, erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraikiz.

26. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ez dituzte errentan ematen edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatzen ahalko.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Lapoblación-Meanoko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 27 a) artikuluan xedatua aplikatuko da.

27. artikulua. Adjudikaziodun izateari uztea.

Adjudikaziodun izateari utzi nahi diotenek eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren Erregistroan, arrazoiak adierazita.

a) Ezintasun fisikoagatik.

Ezintasun fisikoa dela-eta onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko du uzteko eskaria. Adjudikazioa uzteko eskaria onartuta dela, herri-lurren gaia eramaten duen batzordeak aldez aurretik txostena egin ondoan, Udalak herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa baliatuko du.

Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Uzteko arrazoi sendorik ez baldin badago ere, onartzen ahalko zaio. Dena dela, ez da herri-lurretako lurzati baten onuradun izaten ahalko, ez lehorrekoa ez ureztalurrekoa, beste adjudikazio aldi bat jende ororentzat irekitzen den arte.

b) Familia-unitateko beste kide bati subrogatuta.

Inork lurzatien onuradun izan nahi badu, jatorrizko eskatzaileak subrogatuta familia-unitatearendako eskatzaile gisa, eskaera idatzia aurkeztu beharko da Udaleko Erregistroan eta 16. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatu. Onuradunaren uztea eta familia-unitate bereko titularrarendako subrogazioa onetsi ondoan, hura onuradun bilakatuko da, lehengo titularraren baldintza beretan.

c) Epea baino lehenagoko bajak.

Epea bukatu baino lehen, besterik gabe, adjudikaziodun izateari utzi nahi dioten onuradunek uzteko eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren erregistroan. Eskaera onar daiteke, baina halakoetan ez dira herri-lurretako lurzatien onuradunak izaten ahalko, egokitu zitzaien adjudikazio aldi osoa bete arte.

d) Behartutako bajak.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte. Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Adjudikaziodun izateari utziko diote onuradun izateko baldintzetako edozein betetzen ez dutenean.

Betiere, adjudikazioa utzi beharko dute laborantza urtean erretiratu edo pentsiodun bilakatzen diren onuradunek.

28. artikulua. Laborantza zuzenean eta norberak egiten duela ziurtatzea.

Lapoblación-Meanoko Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari.

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Herri-lurren gaia eramaten duen batzordearen txostenaren ondoan Udalak osoko bilkuran gehiengo soilez hartzen duen erabakiaren arabera, adjudikatutako herri-lurrak zuzenean eta norberak lantzen ez dituenean, ordenantza honen 26. artikuluan xedatuari jarraikiz.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Udalak agindu epean aurkezten ez dituenean: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena, eta lurra lantzeari, lehengaiak erosteari eta produktuak saltzeko lanei dagozkienak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, eta Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena egiten ez duenean errentan emandako lurzatiengatik.

e) Baldin ez bada lantzen adjudikaturiko lurzatiaren % 80, gutxienez.

f) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematen bazaizkie hirugarren batzuei.

g) Erretirodunak eta pentsiodunak.

2. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

29. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa.

Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

30. artikulua. Loteen azalera.

Udalak erabakiko du zein den herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, irizpide hauei jarraikiz:

a) Eskura dagoen azaleraren % 25 banatzeko irizpidea izanen da eskatzaile bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioa.

b) Eskura dagoen azaleraren % 75 banatuko da lehentasuna duten herritarren ustiategien titularren artean, irizpidea izanik eskatzaile bakoitzaren ustiategiaren azaleraren alderantzizko proportzioa.

31. artikulua. Epea.

Adjudikazioaren epea 24. artikuluan ezarritako berbera da. (Lau urte).

32. artikulua. Kanona eta haren eguneratzea.

Lapoblación-Meanoko Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Zenbatekoa izanen da gisako ezaugarriak dituzten lurrak errentan emateko eskualdean izaten diren prezioen % 90.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira nekazariek hartzen dituzten prezioen goiti-beheitien arabera, erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraikiz.

33. artikulua. Laborantza zuzenean egitea.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 26. artikuluan xedatua bete beharko da.

34. artikulua. Erreserba, onuradun berriendako.

Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren % 5 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko.

35. artikulua. Familia-baratzeak.

Lapoblación-Meanoko Udalak familia-baratzeak utzi ahalko ditu hala nahi duten familia-unitateen titularren eskutan, baldin eta 16. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta lurrik gelditzen bada premia hori asetzeko.

Adjudikazioa lau urterako izanen da.

Lapoblación-Meanoko Udalak erabakiko du, osoko bilkuran, aprobetxamendu modu honetan herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu behar duten kanona, herri-lurrak adjudikatzeko espedientea hasteko erabakian.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, nekazariek hartzen dituzten prezioen goiti-beheitien arabera, erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraikiz.

Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan. Hala ere, erretiratuak eta pentsiodunak izaten ahalko dira familia-baratzeen onuradunak.

Horretarako, Lapoblación-Meanoko Udalak azalera bat gordeko du, eskaera horiei erantzuteko bezainbatekoa.

Eskatzaile kopurua nolakoa, halakoa izanen da loteen azalera.

3. ATALA

Enkante publiko arrunta

36. artikulua. Enkantearen bidezko adjudikazioa.

Aitzineko ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan laborantzako lur sobera baldin badago, Lapoblación-Meanoko Udalak, enkante publikoan eginen du adjudikazioa. Arau orokorra izanen da lau urte izatea enkante arrunt hauetako adjudikazio epea, non eta Udalak, osoko bilkuran, gehiengo soilaz beste erabaki bat hartzen ez duen, herri-lurren ardura duen batzordeak txostena egin ondoan, izan ere erabaki dezake adjudikazio epea amaitzea lehenago adjudikatutako lurzatien adjudikazioa amaitzen denean.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 26. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

Udalak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, nekazariek hartzen dituzten prezioen goiti-beheitien arabera, erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraikiz.

37. artikulua. Udalaren zuzeneko ustiapena.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikazio modu guztien prozedura

38. artikulua. Adjudikazio eskaera aurkezteko epea.

Lapoblación-Meanoko Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

39. artikulua. Dokumentazioa.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Udalaren erroldatze eta bizikidetza agiria, gutxienez bi urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Udal honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia-unitateko kide guztiena.

e) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.

f) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

g) Nekazaritza Politika Erkidearen adierazpena.

h) Jabetzako lurrak, hirugarrenei errentan emanak daudenak.

Eskatzaileren batek eskatzen zaizkion agiriak ekartzen ez baditu, akatsa zuzentzeko epea emanen zaio eta hura iraganik eskaera bertan behera gelditu dela ulertuko da.

40. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Herri-lurrez arduratzen den batzordeak aztertu ondoan, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan.

Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da eta alegazioak egin daitezen argitaratuko da.

41. artikulua. Alegazioak.

Aprobetxamendu modu bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko.

Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da zuzenean.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

42. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Familia-unitatearen titular diren bizilagunen zerrenda ikusirik, Osoko Bilkurari igorriko zaio, behin betiko onets dezan, eta lurzatiak adjudikatzeko egunak emanen dira aditzera.

43. artikulua. Adjudikazioa.

Lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioaren behin betiko zerrenda ikusita, loteak adjudikatuko dira; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 22. artikulukoak izanen dira.

Herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei; haien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 30. artikulukoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Xedapen orokorrak

44. artikulua. Bazkalekua.

Lapoblación-Meanoko udal-mugartea “a la revuelta” esan ohi zaion artzaintza duen bazkaleku bakar batean antolatzen da. Larreak aprobetxatzeko lurra osatzen dute Udalaren herri-lurrek eta partikularrenak diren beste batzuek, baterako ustiapen unitatea osaturik antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz. Hartan sartzen dira une bakoitzean udal mugapean dauden belar guztiak.

45. artikulua. Aziendaren osasun baldintzak.

Herri-lurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena.

46. artikulua. Kanona.

Lapoblación-Meano Udalak, osoko bilkuran, urtero finkatuko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda eta alhatzeko eremua zehaztuta.

Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da bizi kostuaren igoerari egokitzearren, betiere Nafarroako abeltzaintzako produktuen kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuko da urtero.

Aprobetxamenduaren adjudikazioaren urteko zenbatekoa ordainketa batean ordainduko du adjudikaziodunak amaitu den urtearen amaieran.

15 egun iragaten badira bidezko den zenbatekoa ordaindu gabe, adjudikazioa deuseztatutzat joko da, eta fidantza galduko.

47. artikulua. Fidantza.

Behin betiko adjudikaziodunak, Udalaren aldeko fidantza eratu beharko du Udal Diruzaintzan, ordenantza honen eta adjudikazioaren baldintzak zehatz-mehatz betetzen direla bermatzeko.

Fidantza hori eskudirutan edo banku-abalaren bidez era daiteke, betiere adjudikazioa behin betikoa bilakatu ondoko 15 egun baliodunean.

Fidantza horren zenbatekoa izanen da adjudikazioaren lehen urteko kanonaren % 10.

48. artikulua. Arriskua eta mentura.

Adjudikazioan adjudikaziodunak bere gain hartzen du arriskua eta mentura; beraz, kanonean ez da murriztapenik eginen ezbeharragatik.

Orobat, ez du izanen eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo izadiko beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaiolako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein ustekabe txar gertatu zaiolako. Udalak ere ez du bere gain hartuko adjudikaziodunaren ardurapeko langileek izan ditzaketen lan istripuengatik etor daitekeen erantzukizunik.

2. ATALA

Larratzeko lurra

49. artikulua. Aprobetxamendua.

Larratzeko izanen den lurren azalera Udalaren herri-lurrek eta partikularren lurrek osatzen dute.

Debeku da aziendak laborantza lurretan sartzea euriak (20 litro baino gehiago edo horien metaketak) amaitu eta 48 ordu igaro arte; uzta egin eta hurrengo egunetan, ez bada bildu zereal lastoa; eta landatuta dauden finka guztietan.

Halaber, debeku da aziendak hirigunean sartzea, baita hirigunetik kanpora jostetarako dauden eremuak eta zuhaitzez landatutako guneetan.

Debeku da aziendak Lapoblación-Meanoko hiriguneko bide publikotik igarotzea. Salbuespen bakarra dira aziendak beren instalazioetatik larreetara joateko erabili ohi izan diren abelbideak.

50. artikulua. Larreak gordetzea.

Lapoblación-Meanoko Udalak ez du larre guztien zati bat gordeko urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren. Larreen banaketa urte hasieran eginen da 16. artikuluan eta 55. artikuluan xedatutako onuradunen betekizunak betetzen dituzten abeltzainen artean. Ustiategi bakoitzaren azienda larriko unitateen arabera banatuko dira, edo haien artean adosten dutenaren arabera.

51. artikulua. Aprobetxamendua epea baino lehen uztea.

Lapoblación-Meanoko Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenago jakinarazita, aprobetxamendu horien adjudikazioak bertan behera utz ditzake, herri-lur horietan hobekuntzak egiteko asmoa baldin badu, bazkaleku osoan izan edo haren parte batean izan.

3. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

52. artikulua. Modalitateak.

Lapoblación-Meanoko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

53. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako tilularrak izanen dira herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Ogibide nagusia nekazaritza edo abeltzaintza izan beharko dute eta aziendak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eta ustiapen liburuan ere jasorik.

54. artikulua. Zuzeneko aprobetxamendua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Lapoblación-Meanoko Udalak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia-unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Azienden Erroldako Erregistrotik.

55. artikulua. Prozedura.

Lapoblación-Meanoko Udalak erabakiko du, osoko bilkuran eta onuradun izan litezkeenek beren eskabideak aurkeztu aitzin, Lapoblación-Meanoko mugapeak jasan dezakeen aziendaburuen kopurua.

Urtero, urtarrilaren 2tik 15era, eskubidea duten pertsonek larreen adjudikazioa eskatzen ahalko dute; eskatzeko epe hori igarota, ez dute larreen banaketan parte hartzen ahalko, hurrengo urtera arte. Abeltzaintza-jardueran dabiltzan eta larreen aprobetxamendua duten onuradunek ez dute urtero adjudikazio berria eskatu behar, salbu eta azienda larriko unitateen azienda karga aldatzen badute eta banaketa berri bat eskatzen badute.

Eskaerei agiri hauek erantsiko zaizkie nahitaez:

a) Erroldatze agiria eta bizikidetasunarena, gutxienez bi urteko antzinatasuna adierazten duena, eta Lapoblación-Meanon urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Ziurtagiria, Lapoblación-Meanoko Udalarekin zerga arloko eginbeharrak eguneratuak dituela dioena.

c) Aitorpena, familia-unitatea zenbat kidek osatzen duten adierazten duena. Aparteko eranskinean adieraziko da horietarikoren bat gorputzez edo adimenez ezindua den.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko azken urteko aitorpena, familia-unitateko kide guztiena.

e) Nekazaritza Politika Erkidearen adierazpena edo udalerrian erroldatutako abeltzaintzako ustiategiaren liburua.

f) Abeltzaintzako ustiategiaren erantzukizun zibileko asegurua.

Lapoblación-Meanoko Udalak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

56. artikulua. Onuradunen zerrendaren behin-behineko onespena.

Aurkeztutako eskabideak eta Lapoblación-Meanoko herri-lurrak jasan dezakeen azienda karga ikusirik, behar den banaketa eginen da azienda espezie desberdinen arteko baliokidetasunak kontuan harturik, familia-unitatearen diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan. Herri-lurren ardura duen batzordeak behin-behinekoz onetsiko ditu onartuen zerrenda eta larreetan bazka daitezkeen azienda espezieak eta bakoitzeko buruen kopurua.

Behin-behineko zerrenda eginen da eta hura Udalaren iragarki oholean paratuko da 15 egun baliodunean, erreklamazioak egiteko. Epe hori iraganik erreklamaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onetsitzat joko dira.

Alegaziorik egiten bada, egindako akatsak behin zuzenduz gero, herri-lurren ardura duen batzordeak haien gaineko ebazpena emanen du, eta herri-larreen aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea duten herritarren behin betiko zerrenda onetsiko.

57. artikulua. Onuradunen behin betiko zerrenda.

Onuradunak izateko eskubidea duten familia-unitateen titularrak diren bizilagunen zerrenda osoko bilkurara eramanen da, behin betiko onespena eman diezaion, eta belarrak aprobetxatzeko datak zehaztuko dira. Zerrenda 15 egunean emanen da argitara, iragarki oholean.

58. artikulua. Epea.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea urtebetekoa izanen da, eta urtero berrituko da. Hala ere, epe motzagoa ezartzen ahalko da, Lapoblación-Meanoko Udalak osoko bilkuran hala erabakitzen badu.

59. artikulua. Soberako larreak.

Ez da aurreikusten herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzerik, baina hala gertatzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Lapoblación-Meanoko Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta, betiere, eta herri-lurren ardura duen batzordeak aldez aurretik txostena eginda, indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

Udalaren enkante publikoan Udalak kontuan edukiko du zenbait larre erreserbatzea herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko onuradun berrientzako, edo enkantearen agirian jasotzea kontratuaren ukoa.

60. artikulua. Aziendek egiten dituzten kalteak.

Bazkalekua aprobetxatzen edo larreez eta belarrez baliatzen diren azienden jabeak ordainduko ditu aziendek jabego partikularretan egiten dituzten kalteak.

Aziendek bide, areka eta ezpondetan egiten dituzten kalteak herri-lurren ardura duen batzordeak ebaluatuko ditu, eta peritazioaren ondotik, horiek konpontzeko epea emanen zaio abeltzainari, eta konpontzen ez baditu, Udalak eginen du, baina konponketaren kostua abeltzainaren gain izanen da.

61. artikulua. Adjudikaziodunaren betebeharrak.

Hona hemen adjudikaziodunaren betebeharrak:

a) Azienda Lapoblación-Meanoko katastroan edukitzea, adjudikazioak dirauen bitartean.

b) Adjudikatu zaizkion lurrak ez ematea errentan beste inori, ezta eskualdatzea ere.

c) Larreetarako adjudikatu diren lurretan laborantzetan ez aritzea.

d) Aziendak ez sartzea berriki landaketak egin diren baso-lurretan.

62. artikulua. Lur landu gabeak eta hobekuntzak.

Udalak beretako gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena; baita belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen duenean ere, helburua bada azpiegitura lanak, basoberritzekoak, lehorreko lurrak berregituratu edo ureztalur bihurtzekoak, larreak sortzea edo basoberritzea, edo abeltzaintzarekin bateraezina den beste edozein erabilera egitea. Adjudikaziodunari entzutea emanen zaio sortzen den espedientearen gainean, eta eguneratuko da larreen adjudikazioaren prezioa.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

63. artikulua. Egur epaitzak.

Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Lapoblación-Meano Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

64. artikulua. Aprobetxamendua kentzea.

Lapoblación-Meanoko Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Lapoblación-Meanoko Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

65. artikulua. Zuzenean erabiltzea.

Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez ditu saltzen ahalko. Horretarako, errekerimendua egiten ahalko da frogatzeko berokuntza egur bidezkoa dela, edo sutondoa, sukalde ekonomikoa eta gisakoak erabiltzen direla.

66. artikulua. Irizpide sozialen araberako banaketa.

Egurra banatzean Lapoblación-Meanoko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

67. artikulua. Irizpideak.

Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Lapoblación-Meanoko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

68. artikulua. Kanona.

Udalak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

69. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ez dira pilatzen ahalko ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie albienteak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

Egur epaitza adjudikazio urtean moztu eta kendu behar da, etxeko egurraren aprobetxamendu berri bat eskatu ahal izateko.

70. artikulua. Haizearen eta elurraren ondorioz eroritako egurra, edo zuhaitz lehorrak.

Eguraldi txarraren ondorioz eroritako egurra kentzeko, udal baimena behar da, eta, horren aurretik, Nafarroako Gobernuko Basoen Zerbitzuaren baimena, eta eskabidea izapidetu beharko da.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

71. artikulua. Ehiza.

Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua gaiari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

72. artikulua. Perretxikoak, onddoak eta boilurrak.

Libre geratzen da, eta une oro aplikagarri den araudiaren arabera arautuko da.

73. artikulua. Urak eta harrobiak.

Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Lapoblación-Meanoko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen dira. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

74. artikulua. Hobekuntzak herri-lurretan.

1. Lapoblación-Meanoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Lurzati berrantolamendua.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, onesteko proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

75. artikulua. Herri-lurra hobetzeko proiektua.

Tokiko erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

76. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.

c) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Aprobetxamenduaren % 80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

k) Hilda dauden animaliak ehortzi gabe abandonatzea, mandotegian uztea izan ezik.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia ez betetzea.

n) Azienda sartzea ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta tenoreetan.

ñ) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

77. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), f), h) eta j) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak ukatu gabe, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratzea, halakorik gertatu bada.

–i) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteetan, egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte ordaindu beharko da, eta bestelakotutako errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, halakorik gertatu bada. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

–Zehapen prozedura Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuari lotuko zaio eta, hala behar badu, honako hauetan ezarri denari: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozedurari buruzko abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

78. artikulua.

Ordenantza hauek ez diete ematen ez Udalari ez aprobetxamenduen adjudikaziodunei bestelako eskubiderik; alegia, lehendik legeek emanak dituzte soilik. Era berean, lehendik zituzten horiek ez dizkiete kentzen.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2200906