30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIRAUKI

Udal ordenantza, musikako prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ziraukiko Udalak, 2021eko azaroaren 4an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Musikako prestakuntzarako laguntzak arautzen dituen ordenantza. Horri zegokion iragarkia 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, bidezkoa da aipatu ordenantza behin betiko onestea eta osorik argitara ematea, behar diren legezko ondorioak izan ditzan.

Ziraukin, 2022ko urtarrilaren 18an.–Alkate udalburua, Julio Laita Zabalza.

ORDENANTZA, MUSIKAKO PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Ziraukiko Udalari ahalmena ematea politikak era ditzan, udalerriko herritarrei musikako prestakuntza jasotzen laguntzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Ziraukiko herritarrei aplikatzen ahal zaie, ordenantza honen 4. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

3. artikulua. Laguntza ekonomikoaren nondik norakoa.

Ordenantza honetan arautzen diren laguntza ekonomikoek %40 estaliko dute matrikulari eta musika irakaskuntzari dagokien zenbatekotik, eta gehienez ere, 300 eurokoak izanen dira.

Kostu horretan ez dira sartzen beste kontzeptu batzuk, matrikula eta musika irakaskuntza ez direnak, hala nola egonaldiak, ostatuak, bidaiak eta abar.

Horretarako, Ziraukiko Udalak aurrekontu-partida bat gaituko du ekitaldi bakoitzerako, gehieneko muga eta kopurua izanen dituena.

Laguntzen zenbateko osoak, beraz, dagokion ekitaldiko aurrekontuaren kreditua izanen du muga.

Eskatutako dirulaguntzen zenbatekoa handiago bada aurrekontuan gaitutako gehieneko kopurua baino, proportzionalki gutxituko da onuradunei ordaindu beharreko dirulaguntza, harik eta gaitutako gehieneko kopuru hori agortu arte.

4. artikulua. Laguntzen onuradun izateko baldintzak.

Ordenantza honen xedeko laguntzen onuradun izanen dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

1. Ziraukiko udalerrian erroldatuta egotea etenik gabe bi urtez gutxienez, laguntzak eskatzen diren urtearen urtarrilaren 1aren aurre-aurreko urteetan. Erroldaturik segitu beharko da eskatutako laguntzaren xede diren ikasketak egin bitartean.

2. Laguntzarako eskabidea betetzea.

3. Foru Komunitateko musika eskola batean matrikulaturik egotea, edo Ziraukin eskaintzen diren eta udal instalazioetan ematen diren musika ikastaroetan. Galtzarra txarangak dirulaguntza jasotzen duenez, laguntza ekonomiko hauetatik kanpo daude kideek ordaintzen dituzten kuotak.

4. Ordaindua izatea, arauz ezarritako epean, laguntzaren xedeko matrikularen edo ikastaroaren prezioa.

5. Eskola-orduen %75era joatea, gutxienez, laguntza-eskaeraren xedeko mailan edo mailetan.

Ez da hutsegitea kontuan hartuko behar bezala justifikatutako kasuetan, hots, gaixotasunagatik, kontsulta medikoengatik, betebehar saihetsezinengatik edo ikasketa arautuetako azterketetara joateagatik.

Halakoetan, asistentziari buruzko dokumentazioa behar diren frogagiriekin osatuko da.

Eskola-orduen zenbaketa eginen da ikastaroa bukatu ondoren edo hiruhilekoz hiruhileko, eta baldintzak bete direla frogatu ondoren ordainduko da balizko laguntza ekonomikoa.

6. Zentroan ikasle gisa baja ez ematea, laguntza ekonomikoaren xedeko mailaren edo mailen egutegiari dagokionez.

5. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskabidea, Ziraukiko Udalari zuzendua.

b) NANaren fotokopia.

c) Ziraukiko udalerriko erroldatze-ziurtagiria.

d) Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.

e) Ikastaroa egin izanaren ziurtagiria (ikastaroa ematen duen zentroak edo erakundeak egina), non azalduko baitira egunak, eskola-orduak, maila, asistentzia eta eskatzailearen errendimendua.

f) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen zenbakiarena.

6. artikulua. Prozedura eta kudeaketa arauak.

Ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, ikastarotzat hartzen dira irailaren 1etik aurrera hasten diren musika ikasteko/irakasteko jarduerak.

Ikastaro jakin baterako eskabideak hurrengo ikasturtean aurkeztuko dira, irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskabideak udal bulegoetan aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezartzen diren bideetako beste edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Dagokion ekitaldi ekonomikoko abenduan ordainduko dira laguntzak, eskaerak aztertu ondoren.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza lortzeak ez du esan nahi automatikoki berrituko denik hurrengo ikastaroetarako. Eskabidea eta dokumentazioa ikasturte bakoitzean aurkeztu behar dira eta horrexetan bakarrik balioko dute.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak egiten direnean datuak ezkutatzeagatik edo iruzurra egiteagatik ordenantza honetan aurreikusitako laguntzetarako eskubidea ematen duten baldintzetan, laguntzak errebokatu, eta itzuli egin beharko dira bidegabe emandako zenbatekoak, horrek deusetan galarazi gabe bidezko diren legezko akzioak gauzatzea.

8. artikulua. Bateraezintasunen araubidea.

Ordenantza honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek ematen dituztenekin, eta, betiere, haien osagarri izanen dira. Ziraukiko Udalak ematen duen laguntzaren zenbatekoak ez du inoiz ere gaindituko ordaindu beharreko zenbatekoaren kostu osoa, ez bakarrik, ez batuta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako edozein motatako laguntza edo dirulaguntzekin. Izandako diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada diru-sarrerak handiagoak direla gastuak baino, Ziraukiko Udalak emandako dirulaguntza murriztuko du, diru-sarrera gehiegizkoen zenbatekoa kenduz.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek, testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, errekerimendua egiteko duten epea bukatu eta biharamunean, aipatu administrazioek ahalmen hori erabil baitezakete toki erakundeei egintza edo erabakiak deusezta ditzatela errekeritzeko.

Iragarkiaren kodea: L2200693