259. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1203E/2022 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten baita Cintruenigoko El Paso alderdian dagoen zerri-instalazio bat handitzeko proiektuari buruz (gizentzeko 3.086 buru edukitzeko, gehienez). Sustatzailea Alberto Sánchez Martínez da.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko A) 3 epigrafean sartzen direnetakoa da. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Proiektua, halaber, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9.3.b) kategorian sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena.

2021eko ekainaren 18an, titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta, horrekin batera, ingurumen inpaktuaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa.

2021eko uztailaren 26an (173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen inpaktuaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez, eta kontsulta-tramitea ireki zuen eragindako administrazio publikoentzat eta interesdunentzat, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoarekin. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publikoak diren aldetik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak kontsulta egin zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia), Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Cintruenigoko Udalari. Honako hauen erantzunak jaso dira espedientean: Ingurumen Eraginaren Atalarena, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalarena, Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, Animalien Ekoizpenaren Atalarena eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena. Horrez gain, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Ebazpen honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramitearen emaitzen laburpenak.

2022ko otsailaren 3an, proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zion titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. 2022ko otsailaren 8an, zerbitzu horrek Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, azterketa teknikoa egin eta ingurumen inpaktuaren adierazpen arrunta eman zezan.

Analisi teknikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Proiektuak zerri-ustiategi intentsibo bat handitzea aurreikusten du, gizentzeko 3.086 buru hartu ahal izateko gehienez, lehorreko zerealerako nekazaritza-lurzati batean. Lurzati horrek sarbidea du, bai eta hornidurarako, hornidura elektrikorako eta mindak biltegiratzeko azpiegiturak ere, jarduera garatzeko behar direnak.

Jadanik dagoen instalazioaren handitzea Alhama ibaiaren eskuineko ertzeko lautadan kokatu nahi da, Cintruénigo herritik 2 km baino gutxiagora, grabitate bidezko ureztapena duen tradiziozko ureztalur batzuetan (eremu hori modernizatzeko asmoa dago Nafarroako Ubidearen II. fasean, XVII. sektorea).

Ikuspuntu naturaletik, hango balio-elementuak altxonbideekin eta erreten eta bideen mugetan dagoen landarediarekin lotuak daude. Paisaiari dagokionez, ongi egituratutako lurzatiak dituzten terrazetan antolatzen da espazioa. Abeltegi intentsiboak daude bertan, eta zurezko laboreak (almendrondoak, mahastiak eta olibondoak), besora jarriak, gero eta gehiago sartzen dira, zerealarekin batera. Ustiategiaren inguruan, Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu batzuk daude, eta horietako hirutan (Pulguer ingurua, Montealto eta El Ombatillo) simaurrak kudeatzeko lurralde planaren barruko lurzatiak daude. Eremu horietan, klimaren lehortasunagatik eta nekazaritzako aprobetxamendu tradizionalaren ezaugarriengatik, baldintza egokiak daude bi urtetik behingo laborantza egiteko, lugorriak utzita; haren egiturak eta dinamikak estepako faunaren garapena errazten du.

Eremu horretan, tartekatuta eta mugakide, pinudiak, ezkaidiak eta lygeum spartum espezieko sailak ere identifikatzen dira lur buztintsuko mendi hegaletan, eta zuhaixka-larreak Artemisia herba-alba eta Salsola vermiculata espezieekin, lehorreko lurretan abandonatuak dauden alorretan eta zapaldetan. Ustiategitik 400 bat metrora, hegoaldera, Ejea de Los Caballerosen, Corellako El Villarretik Santa Margarita atakaraino doan errege altxonbidearen trazadura ikusten da, inguru hori zeharkatzen baitu ipar-mendebaldetik hego-ekialdera.

Instalazioa Alhama ibaiaren arro hidrologikoan dago, instalazioaren inguruan dagoen ibai-sarearen ibilgu nagusia dena, eta hari lotzen zaio "Ebro-Aragoi ibaiaren alubioia: Lodosa-Tutera" izeneko lur azpiko ur masa. Eremuaren barruan, ipar-ekialdean, nekazaritza-jatorria duten nitratoen kutsadurarekiko kaltebera den eremu bat nabarmentzen da (2. eremua: Ebro-Aragoi). Bertan kokatzen dira egungo instalazioaren simaurrak banatzeko lurralde planaren barruko zenbait lurzati. Espedientean sartu da ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko fasearen barruan Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako txostena, non aztertzen baitira proiektuak lur azaleko eta lurpeko hidrologian sor ditzakeen arazoak.

Kontuan hartuta instalazioaren handitzeak ur masa horretan nitratoen kontzentrazioa areagotzeko duen arriskua, baloratu dira jardueraren kontrolarekin lotutako baldintzatzaileak ur masen kalitate-helburuak betetzeko, eta proiektuan neurri zuzentzaileak hartu dira lehendik dagoen jarduerari lotutako simaur banaketaren eremuarentzat. Lurralde planak ez du hor simaurra banatzeko lurzati berririk sartzen, sustatzaile honi jada baimendutakoez gainera. Era berean, jarduerak prebentzio neurriak sartu ditu Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuaren barruan simaurrak banatzearen ondorio kaltegarriei aurrea hartzeko.

Simaurrak kudeatzeko planean, eremu esanguratsu bat aurreikusten da zurezko laboreen gainean simaurra banatzeko, bereziki mahastietan. Lur horiek baldintza bereziak beharko dituzte mindarekin ongarritzeko, labore horiek nitrogeno-behar txikia dutelako eta kaleak estuak direlako. Hortaz, ekipamendu txikiak beharko dira eta bidaien kopurua eta aplikazio denbora handitu beharko dira.

Ingurumen inpaktuaren azterketa eta txosten hau aztertuta, ikusi da ezen, baliabideen kontsumoari eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolari lotutako ondorioez gain –ingurumen baimen integratuaren espedientean zehazten dira ondorio horiek–, hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio ingurunean, azaleko uretan, faunako espezieetan eta habitatetan eraginak sortzen ahal dituztelako: faunaren gaineko eraginak (abifaunaren gainekoak batez ere), Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuari lotutako nekazaritza sistemaren babesa, paisaiaren eraldaketa eta gaueko zerurantz argia igortzea.

Ildo horretan, katalogatutako espezieen babesa indartzeko, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren baldintzetan neurri espezifiko batzuk sartu dira, estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuetan abereen gorozkien banaketan eragina dutenak, bermatzeko jarduerak ez duela eragin nabarmenik izanen estepako abifauna katalogatuaren hazkuntza eta ugalketa garaian. Azterlanak, era berean, neurri zuzentzaileak jasotzen ditu instalazioa erliebearen formetara egokitzeko eta paisaiaren aldetik integratzeko.

Espedientearen ingurumen inpaktuaren analisi teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen inpaktuaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu kritikorik sortuko ingurumenean edo katalogatutako espezieetan, behin ingurumen inpaktuaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aldekoa, Cintruenigoko El Paso alderdian dagoen zerri-instalazio bat handitzeko proiektuari buruz (gizentzeko 3.086 buru edukitzeko, gehienez). Sustatzailea Alberto Sánchez Martínez da.

2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta, gainera, baldintza hauek beteko dira:

–Simaur, minda edo horien deribatuen balorizazio materiala Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu baten barruan dauden lurzatietan ongarri gisa aplikatuz egiten bada, simaurrak kudeatzeko planak eta simaurraren banaketak abeltzaintzako ustiategietako mindak, liseriketa-hondarrak eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko ezarritako protokoloa bete beharko dute. Protokolo hori ebazpen honen IV. eranskin gisa erantsi da.

–Ustiategia gobernatzeko eta abere hilak kudeatzeko sistema ezartzean, animalia sarraskijaleak edo aukeren bila dabiltzanak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da, inguruetako basa abifauna harrapatu nahian aritu baitaitezke. Abere hilak gorpuentzako edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan edo teilapeetan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek animalien hondarretara iristea saihesteko.

–Paisaian errazago integratzeko, landaketak eginen dira lurzatiaren mendebaldean, instalazioa Tutera-Fitero NA-160 errepidetik ikus ez dadin, zuhaitz-pantaila baten bidez, jarraian proposatzen diren espezie hauetako edozeinekin: olibondoak, pomeroak (Sorbus domestica), masustondoak (Morus alba) edo sahatsa (Sambucus nigra, S. racemosa).

Landaketa horri ureztapena eta beharrezko zaintzak emanen zaizkio, azkar hazteko eta jardueraren bizitza osoan kontserbatzeko.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

–Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi-puntuek emandakoak, %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi-puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala, argi emisioen mugak).

  • Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argien kasua, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea.

Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak.

  • Obrek irauten duten bitartean, ez zaie kalterik eginen ez erreten sareari, ez inguruko tradiziozko ureztalurren erabilerei.
  • Lanen hasieran, landare-lurra atera eta metatuko da (lurzoruaren gainazaleko horizonte emankorra), indusketako gainerako lurretatik bereizita. Lurzatiaren nekazaritza-eremuaren barruan betelanetarako erabiltzen ez diren soberako lurrak eta obra-hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo baimendutako hondakindegi batera eraman, bakoitzaren izaeraren arabera.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza.

  • Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

–Fauna nekrofagoa hildako animalien gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartu den konponbidea azaltzen duen dokumentazio grafikoa.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea (Tuterako eskualdea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Cintruenigoko 3. poligonoko 1067. lurzatian zerriak gizentzeko ustiategi bat handitzea proiektatu da, 1.200 buru izatetik 3.086 buru izatera pasatzeko, nabe handiago bat eraikiz, baina lurzatiaren hegoaldean dagoen nabearen egituraren eta banaketaren antzekoa. Ustiategi osoa sare metalikozko itxitura batek mugatuko du.

Instalazioa honela dago osatuta: gizentzeko nabe bat, 68 x 15 metrokoa oinplanoan, 1.198 buru hartzeko gai dena, eta minda-putzu bat kanpoan, 1.461 m³-koa, sekzio tronkokonikoa duena, lursailean hondeatua eta proiektatutako hormigoiz estalia. Nabearen ondoan lokal tekniko bat dago. Lokal horretan, sorgailuaz gain, biltegia, bulegoa eta 19,9 m²-ko aldagela daude, bai eta 25 m³ko ur depositu goratu bat ere.

Nabe berriak 1.119 bururentzako edukiera du eta 107 metro luze da. Zabalgune berean proiektatzen da, lehendik dagoenaren ezaugarri berberekin (15 metroko zabalera, 5,4 metroko altuera gailurreraino eta bi isurkiko estalkia). Nabearekin batera, elikadura-siloak eta beste depositu goratu bat jarriko dira, hau ere 25 m³-koa. Jada eginda dagoen lur-berdinketaren barruan, makinak erabiltzeko eremuak finkatuak daude, eta uraren hustuketa zuzenean egiten da estalkietatik lur naturalera.

Instalazioak ekialdetik lurzatiarekin muga egiten duen nekazaritza-pista batetik du sarbidea; ur hornidura bikoitza du, putzu baten bidez eta udal sarearen bidez; kanpoko ur depositu bat du, 25 m³-koa, bikoiztuko dena, eta hornidura elektrikoa ere badu, 27 KvA-koa, gasolioz elikatutako sorgailu baten bidez.

22 kg-tik 110 kg-ra bitarteko zerriak gizentzeko jarduera, animaliak aldi berean sartu eta atereaz hiltzeko eta osasun hustuketa egiteko gizentze-zikloen artean, urtean 2,5 ziklo inguru. Ustiategian, 4.496 m³ mindaren balorizazio materiala egitea aurreikusi da, nekazaritza-aprobetxamendurako 250 ha produktibotan banatuz (horietatik 24 hektarea zurezko laboreei dagozkie), bai eta ustiategietan gertatzen diren abere hilen gorpuak baimendutako kudeatzaile bati entregatzea ere. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 1.668 tona pentsu, 5.069 m³ ur eta 1.104 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten tramitearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen tramite horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala.

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

Cintruenigoko Udala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Ekologistak Martxan Iruña

Ekologistak Martxan

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak tradiziozko ureztalur batekin identifikatzen du kokagunea, grabitate bidez ureztatzen dena (Nafarroako Ubidearen II. fasean, XVII. sektorean, eremu hori modernizatzea aurreikusita dago), eta adierazten du, paisaiari dagokionez, eremua terrazetan antolatzen dela, ongi egituratutako lurzatietan. Bertan, abeltegi intentsiboak daude, eta gero eta zurezko labore gehiago (almendrondoak, mahastiak eta olibondoak), besora jarriak, zerealarekin batera. Balio naturala duten elementuak altxonbideekin eta erreten eta bideen mugetako landarediarekin lotzen dira.

Proiektuaren esparruan, Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu batzuk identifikatzen dira lurralde balioa duten elementu gisa, hots: "Pulguerko urmaelaren ingurua", "Montealto", "El Ombatillo" eta "Agua Salada, Montes del Cierzo eta Plana de Santa Ana" izenekoak. Simaurrak kudeatzeko planaren arabera, mindak baloratzeko erabiliko den eremuaren zati esanguratsu bat horietatik hirutan biltzen da.

Beste lurralde-baldintzatzaile batzuei dagokienez, txostenak adierazten du Ebro ibaiaren eskuineko bazterren eta Alhama ibaiaren eskuineko bazterraren artean, Corella parean, instalazioaren ipar-ekialdean, nekazaritza-jatorriko nitratoek kutsa dezaketen "Ebro-Aragoi" Eremu Kaltebera identifikatzen dela. Eta baimendutako jardueraren simaurrak banatzeko lurralde planak zenbait lurzati sartzen ditu hango lur azpiko ur masa batean ("049 Ebro-Aragoi ibaiaren alubioia: Lodosa-Tutera").

Eskatzen du ingurumen inpaktuaren azterketak, alternatiben azterketak barne, jaso ditzala jarduera ezartzearen zuzeneko eta zeharkako inpaktuak, jada gauzatutako obrei lotutakoak izan ezik, ezarpen berri baten proiektua izanen balitz bezala, bereziki ur ingurunearen kutsadurari dagokionez eta lurzatiaren sarbideek eta urbanizazioak erretenen sareari eta eremu horretako tradiziozko ureztalurren erabilerari eragindako afekzioari dagokionez. Klimari dagokionez, azterlanaren ingurumen inbentarioan haizeen karakterizazioa eginen da, haien erregimenaz, intentsitateaz eta norabideaz den bezainbatean, eta azterketan usainen emisioa murrizteko neurriak jaso beharko dira, bereziki inguruko biziguneei eragindako eragozpenei dagokienez.

Adierazten du, orobat, azterlanean simaurrak banatzeko lurralde planaren barruko lurzatien zerrenda jaso beharko dela, lurzoruaren erabilera (lehorreko ureztalurrak), laborantza mota eta simaurra banatzeko aldizkakotasuna zehaztuz, eta plan horrek bat etorri beharko duela ingurune hartzailearen ingurumen balorazioarekin eta, bereziki, mindak, simaurrak eta deribatuak gune edo espezie babestuak dituzten eremuetan behar bezala aplikatzeko protokoloarekin. Protokolo hori txostenari erantsi zitzaion.

Aurreko guztia kontuan hartuta, txostenean azterlanari erantsi beharreko dokumentazio-betekizunak zerrendatzen dira, honako hauek barne: alternatiben analisia, simaurrak banatzeko lurralde plana, "049 Ebroren alubioia: Lodosa-Tutera" izeneko lurpeko ur-masarekin konektatutako lurzatien ongarritzeak akuiferoetan izan dezakeen eraginaren analisia, eta nitratoek kutsatzeko kaltebera gisa izendatutako eremua (2. eremua, Ebro Aragoi). Era berean, adierazten da azterketak honako hauek jorratu beharko dituela: usainen emisioaren eragina, kanpoko argiteriaren diseinua, gaueko zeruaren babesa eta ustiategiko maneiu-sisteman sartu beharreko jarraibideak (bereziki garbiketari, pentsu bidezko elikadurari eta animalia hilen kudeaketari dagokienez, inguruan aukeren bila dabiltzan animalien presentzia saihesteko).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen baldintzak (foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak ezarri ziren), bai eta otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren V. eranskinean hiriguneetaraino eskatzen den distantzia ere (errege dekretu horren bidez, zerri-abeltegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezarri ziren).

Jakinarazi du proiektuak justifikatu beharko duela teknika erabilgarri onenak betetzen dituela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren eta Batzordearen erabakiaren arabera, zeinak ezartzen baitira etxeko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiboari dagokionez.

Azkenik, ohartarazten du ezen, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretua betetzeko, teknika edo teknika-konbinazio bat erabili beharko dela minden biltegiratze-putzuan eta bizitokietan amonio-isurketak %60 murrizteko nabe berriaren kasuan, eta %30 eta %40 lehendik dagoen nabean eta putzuan, TEOen dokumentuaren erreferentziako teknikari dagokionez, txostenean azaltzen diren zenbait neurri aplikatuz.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten bat bidali du ingurumenaren ikuspegitik eta ur-ingurunean izan daitezkeen eraginei buruz. Horren erreferenteak honako hauek dira: Alhama ibaia, azaleko uren esparru hidrografikoari dagokionez, eta "Ebro-Aragoi ibaiaren alubioia: Lodosa-Tutera" izeneko lurpeko ur masa, lur azpiko hidrologiari dagokionez.

Azaleko hidrologiari dagokionez, "Alhama ibaia, Armañanza ibaitik Lodosako Ubidearekiko bidegurutzeraino" (ES091MSPF299 kodea) erreferentziako azaleko ur masaren egoera ekologikoa "Moderatua" da, eta masaren egoera "Ona baino txarragoa". "Ebro-Aragoi ibaiaren alubioia: Lodosa-Tutera" (kodea: ES091MSBT049) lurpeko ur masari dagokionez, erakunde horrek adierazi du haren egoera kimikoa "Txarra" dela, eta masaren azken egoera "Txarra". Plangintza hidrologikoaren helburuak hauek dira: azaleko ur masaren kasuan, egoera ona 2027ra arte luzatzea, eta lurpeko ur masaren kasuan, egoera ona lortzea (2016-2021).

Txostenak azpimarratzen duenez, abeltzaintzako ustiategia 1.198 toki izatetik 3.086 toki izatera handitzeak abeltzaintza-gorozkien bolumena handitzea ekarriko du, eta zona horretan biltegiratu eta kudeatu behar dira. Horrek inguruko ur masen kutsadura puntuala eta lausoa gertatzeko arriskua dakar.

Adierazten denez, ustiategian sortutako minden osagai diren nitratoen (NO3-) eta fosfatoen (PO4/3-) soberakina lurzoruaren eta uren eutrofizazioaren erantzulea da, baita uraren kutsaduraren erantzulea ere, nitrogenoa nitrokonposatu moduan (No2X) igarotzen denean bertara.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi du identifikatutako azaleko eta lurpeko ur masak kutsatzeko eta degradatzeko arriskua dagoela, lurzoruan nitrogeno-karga handitzeak dakarren presioagatik, lixibiazioagatik eta lurpeko ur masaren gaineko kutsadura lausoagatik, eta adierazi du lurpeko ur masa horren zati bat, Tuterako udal mugartean, nekazaritza-jatorriko nitratoek eragindako kutsadurarekiko kaltebera den eremu batean dagoela (2. eremua: Ebro-Aragoi).

Txostenean, arroko erakundeak, kontuan hartuta ur masen gaineko presioak eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren egungo Planean planteatutako ingurumen helburuak, zalantzan jartzen du zerri-ustiategiaren ingurumen bideragarritasuna. Organo eskudunak proiektatutako jarduketa baimentzea erabakitzen badu, eta mantenugaien kutsaduragatiko kalteberatasuna dagoenez, erakundeak egokitzat jotzen du beharrezkoak diren neurriak bermatzea jarduketa-eremuko ingurune hidrikoa eta hari lotutako fauna eta landaredia babesteko, eta, hala, ingurune hidrikoa babestera bideratutako zenbait ohar egiten ditu.

Adierazten du, orobat, ezen, Jabari Publiko Hidraulikoa Kudeatzeko Eremuaren ur-emakida zabaltzea eskatuz gero, titularrak horretarako behar den dokumentazioa aurkeztu beharko duela.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar aurkeztu ditu, informazio modura, "Ebroko Ardatza" 5. Lurralde Antolamenduko Planak –udalerria hor sartuta baitago– horiei buruzko muga edo bateraezintasunak ezartzen ahal dituelako. Lurzoruaren sailkapenaren arabera, babes bereziko eremuak eta arrisku naturalengatik babestu beharreko lurzoruak dira horiek, eta faunarentzako interes bereziko eremuen kategoria dute. Estepako eremuak, bai eta lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutako beste zenbait figura ere. Udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekiko bateragarritasunari dagokionez, bereziki, ohartarazten da lurzatia tradiziozko ureztalurren eremuan eta Nafarroako Ubidearen 2. faseko eremu ureztagarrian dagoela, eta, beraz, haren hirigintza-izaera Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren txostenak ezartzen duenaren mende egonen da.

Cintruenigoko Udalaren hirigintza-plangintzari dagokionez, adierazten da lurzatia nekazaritza- eta abeltzaintza-produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela. Bertan, lurzorua babesteko araubidearen arabera, zerri-azienda hazteko edo gizentzeko jarduerari lotutako instalazioak handitzea (jarduera hori, berez, ez da landa-lurzoruarena) baimentzen ahalko da baldin eta planean ezarritako prebentzio-distantziak betetzen badira. Era berean, adierazi du Eraikingintzako Ordenantza Orokorrean ezarrita daudela lurzoru urbanizaezinean kokatzen diren zerri-ustiategietarako baldintzak.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratzen dira, bai eta beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta adierazten da titularrak egoki diren txostenak eskatu beharko dituela ukipen sektorialak direla eta.

Abeltzaintza Zerbitzuak kontsulta egiten den tramitazio fasean jarduerari aplikagarria zaion araudi sektorialaren berri eman dio titularrari. Adierazi duenez, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren arabera abeltzaintzako ustiategien artean bete beharreko distantziak aplikatuta, ustiategiak ez luke beteko aipatutako Foru Dekretuaren 4. eranskinean ezarritako distantzia sanitarioa, hegaztiak gizentzeko edukiera handiko beste ustiategi bat dagoelako 630 metrora.

Hala ere, adierazten du ezen, Foru Dekretuaren 8.1.a) artikulua aplikatuz, inguruabar jakin batzuetan eta aldez aurretik arrisku epidemiologikoak aztertuta, animalien osasunean eskumena duen agintaritzak baimentzen ahalko duela distantzia hori gehienez ere %20 murriztea, azterturik kokalekuaren berezko ezaugarriak eta babes-neurrien aplikazioa. Horrela, jardueraren aldeko behin betiko txostena egiteko baldintza hau ezarri du: foru dekretuan ezarritako baldintzak justifikatuz, sustatzaileak lortzea distantzia horren %10eko edo hortik gorako murrizketa.

III. ERANSKINA

Ingurumen inpaktuaren azterketaren laburpena eta zaintza plana

Tramitazio prozesuan, ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen baimen integratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa, non ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko tramitean aurkeztutako informazioa biltzen baita. Bertan adierazten da aukerarik egokiena, ingurumenaren aldetik, instalazioa kokagunean berean handitzea dela.

Azterketan, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak instalazioaren ezarpenean eta funtzionamenduan izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen dira. Horrez gainera, ingurumen integrazioa bermatzeko behar diren neurriak proposatzen dira. Proiektuan, alde batetik, obrek proiektuaren esparruan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio neurriak jaso dira, eta bestetik, funtzionamenduan egon bitartean ingurumenean izanen duten eragina murriztekoak. Egiaztatu da proiektuak simaurrak kudeatzeko plana egokitu duela eta honako neurri hauek ezarri direla: Estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetan zenbait urtetan behin banatzea simaurra, eta nitratoek kutsa dezaketen eremuan gehieneko dosifikazioa murriztea.

Ingurumen inpaktuaren azterketaren barruan, simaurra banatzeko lurralde plan bat sartu da. Planaren eremuaren %9,5 (23,77 ha) ezarritako zurezko laboreen alorrak dira. Simaurra estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuetan banatzeari dagokionez, aurreikusita dago Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa aplikatzea.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen eta kontrol betebeharrak.

IV. ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da faunaren kontserbazioari mesede egiten dion nekazaritza jarduera mantentzen dela eta lehorreko laboreen txandaketa egiten dela, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsa dezaketen edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.

–Minda banatzeari dagokionez, leku horietan banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiak dituzten tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen putzurik edo jariatzerik.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egin.

–Gatz-hezegune eta erreka-zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2215806