255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

746/2022 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako enpresak nazioartera elkarturik ateratzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 657669.

Nafarroako ekonomia- eta enpresa-ehunaren ezaugarrietako bat da Nafarroako enpresen ia %99 enpresa txiki eta ertainak direla eta %93 mikroenpresak, Nafarroako Estatistika Institutuaren 2022ko urtarrilaren 1eko datuen arabera. Nafarroako enpresetan, batez beste, 3,9 soldatapeko langile daude, baina %81ean ez dira 3ra iristen, eta kopuru hori ez da aldatu azken hamarkadan.

Enpresa txiki eta ertainek geroz eta argiago dute nazioartean sortzen diren aukerak baliatzea oso garrantzitsua dela enpresa sendotu eta haz dadin. Dena den, esportatzen ahal diren produktu edo zerbitzuak izan ohi badituzte ere, atzerrira eramateko beharrezkoak diren baliabideak falta zaizkie.

Enpresa txiki eta ertain askorentzat, tamainaren mugak gainditzeko eta nazioartekotze prozesuari ekiteko modu onena elkarte bat sortzea da. Hori dela eta, laguntza deialdi honen helburua enpresen arteko lankidetza sustatzea da, kanpo-merkatu batean sarrera bateratua egin ahal izateko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako enpresak nazioartera elkarturik ateratzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza hauen oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen 1. eranskinean jasotzen direnak.

3. 300.000 euroko gastua baimentzea. Batetik 150.000 euro, egungo aurrekontuan dagoen partida honen baliokidea den 2023ko gastu-aurrekontuko partidaren kargura: "Kanpo-sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat" izeneko 810003-81400-4709-431300 partida; eta, bestetik, 150.000 euro, 2024ko gastu-aurrekontuko dagokion partidaren kargura, bi kasuetan aipatutako ekitaldietan kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta navarra.es webgunean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2022ko azaroaren 4an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA

Nazioartera elkarturik ateratzeko 2023ko laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresen arteko elkarlan eta batasunari bultzada ematea, haien produktuak edo zerbitzuak nazioartekotzeko, nazioartera elkarturik ateratzeko plan baten bidez.

2. oinarria.–Enpresa-lankidetzarako elkarteen definizioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, enpresa-lankidetzarako elkartetzat joko da lankidetza-hitzarmen bat sinatzen duten enpresa independenteen batasuna, xede duena elkarlanean aritzeagatik bakoitzak bere aldetik lortuko lituzkeenak baino emaitza hobeak lortzea, betiere behar diren eraginkortasuna, errentagarritasuna, iraunkortasuna eta trazabilitatea bermatuz.

Elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresek ezin dute izan enpresetako akzio edo partaidetzan oinarritzen den elkarren arteko harremanik, ezta planteatzen den jarduketaren funtzionamendu ona eragozten duen bestelako akordiorik izan ere.

b) Elkarteak barne hartu beharko ditu 3 ETE, gutxienez, produktu edo zerbitzu propioa eta helbide fiskala Nafarroan dutenak.

c) Elkartekideak 15 enpresa izanen dira gehienez ere.

d) Nazioartekotze planean ezarritako "entitate sustatzailea" eta "kudeatzailea" eduki beharko dituzte:

"Entitate sustatzailea": bere helburuen artean nazioartekotzea sustatzea duen langile autonomo bat edo enpresa elkarte, enpresaburuen erakunde, fundazio, merkataritza ganbera, kluster edo enpresa bat izan daiteke. Entitate horren ardura izanen da elkartea bultzatzea, koordinatzea eta haren mantentzea gidatzea. Entitate sustatzaileak laguntza eskaera prestatu eta aurkeztuko du, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eta elkarteko enpresen arteko bitartekaria izanen da eta enpresek egindako gastuen justifikazioa aurkezteaz arduratuko da.

Nazioartekotze plana berezko nortasun juridikoa duen elkarte batek garatzen badu, hark hartuko ditu bere gain entitate sustatzailearen eginkizunak.

"Kudeatzailea": entitate sustatzaileak kontratatutako pertsona, parte hartzen duten enpresekiko independentea izan beharko duena. Entitate sustatzailea langile autonomo bat izanez gero, bere gain hartzen ahalko ditu planaren kudeatzailearen eginkizunak.

Kudeatzaileak sektore ekonomikoari lotutako nazioarteko merkataritzaren estrategiak eta taktikak eta erreferentziako eremu geografikoa ezagutu beharko ditu, eta nazioartera elkarturik ateratzeko planean ezarritako jarduketak bultzatu eta koordinatu. Zeregin horietan urtean 300 ordu gutxienez eman beharko ditu.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Bi onuradun mota hartuko dira aintzat: batetik, nortasun juridikoa duten elkarteak, eta, bestetik, legez eraturik ez dauden elkarteetako kide diren enpresak. Eskaera egiteko inprimakian adierazi beharko da dirulaguntzaren onuraduna nortasun juridikoa duen elkarteak izan nahi duen edo elkartea osatzen duten enpresak izanen diren onuradunak.

2. Edonola ere, bi elkarte mota horiek osatzen dituzten enpresek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 2. oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituen elkarte bateko kide izatea; kide guztiek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez egiaztatuko da hori.

b) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.

c) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

d) Elkarteak sustatzen dituen produktu edo zerbitzu esportagarriak Nafarroan ekoiztea.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako bat ere ez izatea.

g) Kalte nabarmenik ez eragitea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan ezarritako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

3. Dirulaguntza eskatzeko eskabideari erantsi beharko zaio 2. ataleko b), d), e), f) eta g) letretako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko behar den erantzunkizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan dagoena. Enpresa eskatzaileak enpresa elkartu edo lotuak baditu, b) letrako baldintza egiaztatzeko, azken bi ekitaldietan erregistratutako urteko kontuak aurkeztu beharko ditu, hala enpresa eskatzailearenak nola hari elkartu edo loturiko enpresenak.

4. Dirulaguntzaren eskaerak berekin dakar baimena ematea organo emaileari zuzenean eskura ditzan eskatzaileek egoitza fiskala Nafarroan dutela, Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak egunean dituztela eta laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeko desgaiturik ez daudela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak eta lan-bizitzaren txostenak, 2020ko abenduaren 31koak eta 2021eko abenduaren 31koak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Nazioartera elkarturik ateratzeko plana honako helburu hauetara bideratzen ahalko da:

a) Kanpoko merkatu batean batera sartzen lortzea, parte hartzeko tresnak sortuz hainbat arlotan: saltzeko bideak, banaketa, lizitazioak, saldu ondoko zerbitzua, sustapena, merkatu berrien prospekzioa, negozioaren posizionamendua eta salmentarako sare propioa eratzea, besteak beste.

b) Baterako negozio prozesuan hobekuntzak abiatzea lehiakortasun globala handitzeko, negozio prozesuaren zatiren bat eginez estrategikoki lehiakorragoak diren kokalekuetan: produkzio multinazionalerako sistema bateratua, hornidura zentro elkartua, baterako laguntza teknikoa, negozio prozesuaren berrikuntzak, etab.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Onuraduna nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada, gastu diruz lagungarritzat joko dira elkarte horri fakturatutako eta hark ordaindutako gastuak. Bestela, gastu diruz lagungarritzat joko dira elkartea osatzen duten enpresei egotzitakoak, hots, haien izenean fakturatu eta haiek ordaindutakoak.

2. Diruz lagungarriak izanen dira nazioartera elkarturik ateratzeko planarekin zuzenean lotutako gastu hauek:

a) Nazioartekotze plana koordinatzeko, bultzatzeko eta gauzatzeko elkartearen kudeatzaileak egindako gastuak. Enpresen eta entitate sustatzailearen arteko lankidetza hitzarmenean egon beharko da zehazturik kudeatzaileak elkarteari eskaini beharko dion ordu-kopurua eta enpresek kudeatzaile-lanen truke ordaindu behar diotena, ordu bakoitzeko edo guztira.

Gastu hori kudeatzailearen faktura edo nomina bidez justifikatu beharko da.

b) Kudeatzaileak eta enpresek nazioartera elkarturik ateratzeko planari lotuta egindako bidaien gastuak.

Aintzat hartuko da planaren xede den herrialdera egindako joan-etorrietako eta bertan ostatu hartzeko gastuen %100, betiere destinoko herrialdeari dagokion bidaia-poltsa gainditu gabe. Ez dira bidaia gastutzat joko bertan egiten diren joan-etorriak, salbu eta hiri batetik bestera joateko hegaldiak edo tren bidaiak badira.

Bidaia batean herrialde batera baino gehiagotara joaten denean, babestuko den gastua izanen da bidaia-poltsa handiena duen herrialdeari dagokion zenbatekoa gehi poltsa txikiena duen herrialdeari dagokion zenbatekoaren erdia.

Abiapuntutik helmugara joateko bidaiaren distantzia 250 km-tik beherakoa bada eta gaua helmugan igarotzen ez bada, babestu beharreko gastua helmugako herrialdeari esleitutako bidaia-poltsaren erdia izanen da.

Bidaia horiek behar bezala justifikatu beharko dira dirulaguntzaren eskabidean, halako moduan non egiaztatu beharko baita zuzeneko lotura dutela nazioartera elkarturik ateratzeko planarekin; horretarako planaren txosten xehatua aurkeztu beharko da amaierako justifikazioan.

Elkarteko enpresen langileen bidaietarako, bakar-bakarrik joko dira langiletzat enpresako akziodunak, administratzaile bakarrak eta ahaldunak eta langileak. Gehienez ere bidaia-poltsa bat emanen da enpresa eta ekintza bakoitzeko. Bidaia egiten duen pertsona ez bada arestian aipatutako ezein profiletakoa, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratuko du bidaia diruz laguntzeko modukoa den.

c) Bezeroen edo bezerogaien bidaiak.

Planaren xede diren herrialdeetako entitate preskriptoreek, egungo bezeroek edo bezerogaiek elkarteko enpresak bisitatzeko egindako bidaiak.

Aintzat hartuko dira bezero edo preskriptore diren enpresek jatorrizko herrialdetik Nafarroara egindako joan-etorrietako eta ostatu hartzeko gastuen %100, betiere jatorrizko herrialdeari dagokion bidaia-poltsa gainditu gabe.

Horrez gain, aintzat hartzen ahalko dira bisita horrekin zuzenean loturik eta denbora horretan egiten diren jarduerak (barruko lekualdaketak, aretoen alokairua eta lotutako bestelako gastu batzuk).

d) Baterako sustapenerako gastuak:

–Elkartea online sustatzeko kanpainek eragindako gastuak.

–Elkartearen webgunearen diseinua, aldaketa edo handitzea, xede diren herrialdeetan webgunearen posizionamendua optimizatzeko egiten bada (erregistroa eta domeinua barne). Jarraitutako SEO optimizazio estrategia justifikatu beharko da.

–Sustapen materiala prestatzea euskarri desberdinetan (digitaletan edo inprimatuetan), elkartea atzerrian batera sustatzeko egindakoak badira.

–Aurreko sustapen ekintzekin lotuta dauden testuak itzultzeko gastuak.

–Baterako sustapeneko beste gastu batzuk, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egoki irizten dituenak.

Materialok diruz lagungarriak izan daitezen nazioarteko sustapenera bakarrik bideratuak izan behar dute, xede merkatuaren eskarietara egokituta egon eta PIN logotipoa txertaturik eduki. Logotipoa web-orri honetatik jaitsi daiteke:

http://planinternacionaldenavarra.es/

e) Erakustazoketan eta bestelako ekitaldietan erakusketa batera egitea:

Sektoreko atzerriko erakustazoka edo biltzar fisiko nahiz birtualetan parte hartzea, elkartea erakusketari edo parte-hartzaile gisa joaten denean.

Honako kontzeptu hauengatiko gastuak sartzen ahalko dira:

–Inskripzio eskubideak.

–Tokiaren alokairua.

–Erakustazokako katalogoan sartzeko kostua.

–Dekorazioa.

–Erakustokia mantentzeko gastuak.

–Laguntzaileak eta interpreteak.

–Baterako erakusketa egiteak eragindako beste gastu batzuk, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egoki irizten dituenak.

Erabiltzen diren sustapen euskarrietan PIN logotipoa txertatu beharko da, diruz lagungarriak izanen badira. Irudizko frogak aurkeztu beharko dira inguruabar hori egiaztatzeko. Logotipo hori http://planinternacionaldenavarra.es/ webgunean deskargatu daiteke.

f) Zerbitzu espezializatuen kanpo-kontratazioa:

Zehazki, gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, baldin eta justifikatzen bada beharrezkoak direla nazioartera elkarturik ateratzeko plana gauzatzeko:

–Aholkularitza juridikoa: merkataritza, zerga, administrazio eta lan arlokoa.

–Kontabilitateko eta finantzetako aholkularitza.

–Negozioko aholkularitza eta nazioarteko marketina. Atal honetan ez da diruz lagungarritzat hartuko ez merkatua hautatzeko aholkularitza, ez informazio bilketa.

–Atzerrian elkarturik ezartzeko asmoz, langileak hautatzen espezializatuak dauden enpresen kontratazioa.

–Aholkularitza kontratatzea homologazio eta ziurtapenen gaietarako eta patente eta marken erregistrorako:

Atal honetan sartzen dira patenteak eta markak destinoko herrialdeetako erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak, planaren xede den herrialdean nahitaezko homologazioa egiteak dakartzan gastuak (horretarako akreditazioa duten entitateek eginez gero), kanpoko bezero handientzat egindako ziurtapenak eta aurrekalifikazioak, eta horiek tramitatzeko kanpoko aholkularitzek eragindakoak.

–Nazioarteko e-Commerce plan bateratu baten diseinua eta abiarazpena kontratatzea: estrategiaren diseinua, elkartearen denda propioa sortzea, hirugarrenen dendetan eta merkatu elektronikoetan agertzea eta elkartearen produktu edo zerbitzuetarako online marketineko estrategia bat abiatzea finantzatuko da.

g) Destinoko herrialdean guztien artean lokalak alokatzea elkarlanean jardueraren bat egiteko (hornidura zentroa, saldu ondoko zerbitzua, biltegia, tailerrak eta abar).

h) Elkarteko enpresek kanpoko xede merkatuetako eskaerak asetzeko egiten dituzten produktuen prototipoek edo lankidetzazko prozesuek sortutako gastuak. Aintzat hartuko dira bai kanpoko kontratazioen gastuak, bai materialak erosteko gastuak, baita prototipoa egiteko beharrezkotzat jotzen diren beste batzuk ere.

3. Diruz lagungarriak izanen dira 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte fakturatu eta ordaintzen diren gastuak, baldin eta lankidetza hitzarmena sinatu ondoren eta hura indarrean dagoen bitartean egiten badira. Erakustazoka eta bidaien kasuan, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen egindako gastuak eta ordainketak onartuko dira, betiere epe hautagarriaren barruan egin badira.

4. Ez dira diruz lagunduko 100 eurotik beherako gastuak.

5. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian justifikatu beharko dira.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Eskaera bakoitzeko, 60.000 euroko dirulaguntza emanen da gehienez, eta gastu diruz lagungarri bakoitzari honako intentsitate hau aplikatuz kalkulatuko da:

GASTUAREN KONTZEPTUA

DIRULAGUNTZA

Bidaiak

Herrialdeari dagokion bidaia-poltsaren zenbateko osoa hartzen duten gastu justifikatuak

Elkarteko kudeatzailearen gastuak

%60

Gehienez ere 1.800 euro hilean nazioartekotze plan bakoitzeko

Gainerako gastuak

%60

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko otsailaren 15ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvencion-para-la-internacionalizacion-agrupada-de-empresas-navarras-2023 (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

4. Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta (zein bere izenarekin), laguntzen fitxan eskura dauden ereduei egokituta:

–1. agiria: inprimakia, jasoko dituena entitate sustatzailearen eta kudeatzailearen datuak eta nazioartera elkarturik ateratzeko planaren laburpena eta hari loturiko gastuen aurrekontua. Ezinbestekoa da excel formatuan aurkeztea.

Enpresa bakoitzari nazioartera elkarturik ateratzeko planaren aurrekontu diruz lagungarritik esleituko zaion ehunekoa kudeatzailearen gastuetan parte hartzeko aurreikusten denaren berdina izanen da.

–2. agiria: elkarteko enpresa bakoitzaren fitxak, sinatuta eta zigilatuta. Excel eta pdf formatuan aurkeztu beharko dira. Pdf berean sartuko dira 3., 4., 5. eta 6. irizpideak egiaztatzeko agiriak, 8. oinarrian eskatzen direnak.

–3. agiria: elkarteko enpresa bakoitzaren urteko kontuak, azken bi ekitaldietakoak. Enpresa horietako batek enpresa elkartu edo lotuak baditu, enpresa elkartu eta lotuen urteko kontuak erantsi beharko ditu, azken bi ekitaldietakoak.

–4. agiria: nazioartera elkarturik ateratzeko plana (pdf formatua).

–5. agiria: enpresen eta entitate sustatzailearen arteko lankidetza hitzarmena, sinaturik, edo eraketa eskritura, elkartea juridikoki eratu baldin bada.

5. Baldin eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen da zuzendu nazioartera elkarturik ateratzeko plana (4. agiria) edo 3., 4., 5. eta 6. irizpideak baloratzeko eskatzen den dokumentazioa (2. agiria) ez aurkeztu izana. Ez aurkezteak 0 puntuko balorazioa ekarriko du dagokion ataleko puntuazioan.

6. Entitate sustatzaile bakoitzak hiru eskaera aurkez ditzake deialdi honetan, gehienez ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Proposamenak 100 punturekin baloratuko dira gehienez ere, irizpide hauen arabera:

–1. irizpidea: jarduketaren xedeko herrialdea, 10 puntu gehienez. Puntuak taula honi jarraikiz emanen dira:

HERRIALDEA / SEKTOREA

NNP-NAFARROAKO NAZIOARTEKO PLANEAN LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN DEN HERRIALDEA

NNP-NAFARROAKO NAZIOARTEKO PLANEAN LEHENTASUNEZKOTZAT JOTZEN EZ DEN HERRIALDEA

S3 sektore estrategikoa

10 puntu

5 puntu

S3 sektore ez estrategikoa

5 puntu

0 puntu

Lehentasunezko herrialdeak eta sektoreak Nafarroako Nazioarteko Plana deskargatuz kontsultatu daitezke, helbide honetan: http://planinternacionaldenavarra.es

–2. irizpidea: Nazioartera elkarturik ateratzeko Planaren kalitatea destinoko herrialdean edo merkatuan, 70 puntu gehienez.

Honako alderdi hauek baloratuko dira, betiere elkartearen ikuspuntutik aztertuta:

ATALA

EDUKIA

PUNTUAK

Lankidetza

Lankidetza maila eta haren kalitatea, 8 puntu gehienez:

Honako hauek baloratuko dira:

–Lankidetzaren irismena: produktua, sustapena (marka, erakustazoka, ekitaldiak, liburuxkak...), merkaturatzea (biltegiratze-lana, garraioa, merkaturatzeko bideak), (5 puntu).

–Elkartzeak nolako abantailak dakarzkien taldeko enpresei (3 puntu).

8

Elkarteko enpresen kudeatzailetza

Honako hauek baloratuko dira:

–Nazioartekotze lanarekin zerikusia duen prestakuntza (puntu 1).

–Nazioartera ateratzeko prozesuetan duen esperientzia, oro har (0,2 puntu, esperientzia-urte bakoitzeko, gehienez puntu 1).

–Nazioartera ateratzeko prozesuetan destinoko herrialdean duen esperientzia (0,4 puntu, esperientzia-urte oso bakoitzeko, gehienez 2 puntu).

–Elkartearen sektoreko edo sektoreetako enpresak nazioartera ateratzeko prozesuetan duen esperientzia (0,2 puntu esperientzia-urte oso bakoitzeko, gehienez puntu 1).

–Enpresa elkarteen kudeaketan duen esperientzia (0,4 puntu esperientzia-urte oso bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu).

–Kudeatzaileak egin beharreko lanak. Kudeatzailetza-lanen tamaina eta garrantzia baloratuko da, nazioartekotze plana betetzeari dagokionez (3 puntu gehienez).

10

Kanpoko analisi estrategikoa

Honako alderdi hauen analisi egokia baloratuko da, kontuan izanik nolako sakontasuna eta lotura duten elkartea nazioartekotze planarekin:

–Xede merkatuaren potentziala (2 puntu gehienez, adierazleetan oinarritutako analisiaren koherentziaren arabera).

–Xede merkatuaren oztopoak, arriskuak eta zailtasunak. Horiek gainditzeko modua (2 puntu gehienez, analisiaren sakontasunaren arabera).

–Xede merkatuko nitxoaren eta audientziaren deskripzioa (3 puntu gehienez).

– Banaketa-bideak (2 puntu gehienez, analisiaren sakontasunaren arabera).

–Konpetentzia (2 puntu gehienez, analisiaren sakontasunaren bidez erakutsitako ezagutzaren arabera).

11

Barne analisi estrategikoa

Produktua edo zerbitzua. Honako hauek baloratuko dira:

–Enpresek elkarterako hautatutako produktuen/zerbitzuen ezaugarriak eta xede merkatuan dituzten ezaugarriak eta lehiakortasun faktoreak behar bezala deskribatzea (teknologia, diseinua, marka eta prezioa) (2 puntu gehienez).

–Eskaintza bateratuaren balioa:

a) Produktuen/Zerbitzuen osagarritasuna, elkarteak egiten duen eskaintzaren marketinaren koherentzia zehazten duena (produktua/zerbitzua, prezioa, kanala eta sustapena) (2 puntu gehienez).

b) Eskaintzak bezeroen beharrak lehiakideak baino hobeki asetzeko duen gaitasuna (3 puntu gehienez).

7

AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak)

Baloratuko da behar bezala aztertu ote diren enpresa elkartearen indarrak, ahuleziak, mehatxuak eta aukerak:

–1,5 puntu behar bezala aztertu den atal bakoitzeko.

–Puntu bat kalitate ertaina duen atal bakoitzeko.

–0,5 puntu azaleko azterketa duen atal bakoitzeko.

6

Planifikazioa

Helburuak. Honako hauek baloratuko dira:

–Zer neurritan diren berariazkoak, neurgarriak eta errealistak ( 8 puntu gehienez).

–Jarduketaren eragin sozioekonomikoa: esportazioetan eta enpleguan duen eragina (4 puntu gehienez).

12

Xede merkaturako edo herrialderako ekintza-plan globala. Honako hauek baloratuko dira:

–Edukiaren azalpen egokia eta egutegia (4 puntu gehienez).

–Balorazio ekonomikoa (aurrekontua) (3 puntu gehienez).

–Justifikazioa, aurreko puntuan proposatutako helburuak lortzeari begira (4 puntu gehienez).

11

Planaren bideragarritasuna: planaren garapen maila, proposamenari sendotasuna ematen dioten aurrekariak, gauzatzeko gaitasunaren fidagarritasuna eta emaitzak lortzeko segurtasuna.

5

Memorian behar adinako informaziorik ez agertzeagatik baloratu ezin diren irizpideek ez dute punturik jasoko.

–3. irizpidea: Nafarroan kalitateko enplegua sortzeko duen eragina, 6 puntu gehienez.

MUGAGABEKO ENPLEGUA HANDITZEA

(lanaldi osoa adinakoa) plantillan

(2020ko eta 2021eko datuen erkaketa, abenduaren 31koak)

PUNTUAK

Plantillaren handitzea pertsona batekoa edo hortik beherakoa bada

2

Plantillaren handitzea pertsona baten eta biren artekoa bada

4

Plantillaren handitzea bi pertsona baino gehiagokoa bada

6

Datu hori frogatzeko, enpresak aurkeztu beharko ditu Nafarroan duen kotizazio kontuaren kodeari dagozkion lan bizitzaren txostenak, 2020ko abenduaren 31koak eta 2021eko abenduaren 31koak.

–4. irizpidea: Enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, 4 puntu gehienez.

  • Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken azken hiru deialdietako onuradunak kontratatu izana.
  • Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken azken hiru deialdietako onuradunak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean aritzeko.

Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.

HARTUTAKO ETA/EDO KONTRATATUTAKO PERTSONEN KOPURUA

PUNTUAK

Pertsona bat

2

Bi pertsona edo gehiago

4

–5. irizpidea: Enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa, 5 puntu gehienez.

Honako neurri hauetakoren baten bidez frogatuko da enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa:

a) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia" zigilua, eta abar).

b) Zuzendaritza-postuetan %30, gutxienez, emakumeak izatea. Neurri hori justifikatzeko, enpresak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horretan, onartutako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postuen guztizkoari dagokionez, zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa adieraziko da. Modu horretan ezin bada justifikatu, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emandako ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

c) 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bada, legez berdintasun plana izatera behartua ez dagoenez, honako hauek baloratuko dira:

  • Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.
  • Norberaren, laneko eta familiako bizitza uztartzeko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk aplikatu izana, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentu baten bidez egiaztatu daitezkeenak (laguntzen fitxan eskuragarri dagoen "Berdintasunaren aldeko enpresa-ekintzak" izeneko dokumentuan, berdintasunaren aldeko ekintzetako batzuk zerrendatzen dira).
  • Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo zabaldu izana; hori aurreko neurrian bezala egiaztatuko da.

ENPRESAREN KONPROMISOA GENERO BERDINTASUNAREKIN

PUNTUAK

Berdintasun plana izatea, edo tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatiko bereizgarri edo aitortzaren bat, edo, bestela, zuzendaritza postuetan gutxienez %30 emakumeak izatea

5

Berdintasunaren aldeko ekintzak (puntu bat esleituko da ekintza bakoitzeko), edo sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko protokolo bat edo neurri espezifikoak onartu edo hedatu izana

3, gehienez

–6. irizpidea: Enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, 5 puntu gehienez.

Garapen jasangarriarekiko konpromisoa honako ziurtagiri eta kudeaketa-sistema akreditatu hauen bidez egiaztatzen duten enpresek 5 puntu lortzen ahalko dituzte:

  • Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta antzekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.
  • Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.
  • Ekonomia zirkularraren kudeaketa: Ekonomia zirkularraren estrategiak, Zero Hondakin.
  • Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema, IQNet SR10, ISO 26000, garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpena, Bcorp.
  • Erakundeak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.

3. 3., 4., 5. eta 6. irizpideak baloratzeko, enpresen puntuazioen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da elkartearen puntuazioa lortzeko.

4. Enpresek ez dute dirulaguntzarik jasoko baldin eta nazioartera elkarturik ateratzeko planetan parte hartzen duten enpresek ez badute gutxienez 30 puntu lortzen 2. irizpidean.

5. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, 2. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da, eta berdinketak iraunez gero, 1. irizpidean lortutako puntuazioaren arabera.

6. Elkarte batek bi eskaera aurkezten baditu dirulaguntza honetara, bakar-bakarrik gainerako eskaerei erantzuteko kreditu nahikoa badago eskuratzen ahalko du bigarren planerako dirulaguntza.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

3. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketen aldaketak.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak baimena ematen ahalko du honako aldaketa hauek egiteko:

1. %30 bitarteko konpentsazioak dirulaguntza emateko ebazpenean barne hartutako gastuen artean, betiere ez bada aurrekontuaren guztizko zenbatekoa gainditzen eta planaren helburuak mantentzen badira.

2. Laguntza ematean aintzat harturiko baldintzak aldatzen direnean edo hasiera batean aurreikusi gabeko gastuak egiten direnean, betiere aurrekontuaren guztizko zenbatekoa gainditzen ez bada, planaren helburuak mantentzen badira eta, horrez gain, honako inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Eskaera egiteko unean aurreikusi ezin ziren eta gerora gertatutako arrazoien ondorioz egin badira aldaketak.

b) Eskaera laguntza fitxaren bidez aurkezten bada nazioartekotze plana gauzatzeko epea amaitu baino 3 hilabete lehenago.

3. Elkartearen parte-hartzaileetan aldaketak badaude, betiere elkartearen eta entitate sustatzailearen onarpena baldin badago. Aldaketa horiek gertatzen diren unean jakinarazi behar dira, eta behar adina egiaztatu.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketak justifikatzea.

1. Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa:

–2023ko irailaren 30ean, dirulaguntzaren konturako ordainketa eskatzeko.

–2024ko otsailaren 1ean, dirulaguntzaren azken ordainketa eskatzeko.

2. Jarduera justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira modu telematikoan, aipatutako fitxaren bidez, bertan adierazitako formatuan eta edukiarekin:

A) Dirulaguntzaren konturako ordainketarako:

–5. agiria. Konturako ordainketaren eskaera, 2023ko irailaren 30era arte egindako gastu diruz lagungarrien gaineko erantzukizunpeko adierazpena erantsita, elkartutako enpresa bakoitzeko bat, edo elkartearena, bera izan bada dirulaguntzaren onuraduna.

B) Dirulaguntzaren azkeneko ordainketarako:

–6. agiria. Azken ordainketa jasotzeko eskaera, elkarteko enpresa bakoitzak (edo elkarteak berak, dirulaguntzaren onuraduna bada) guztira egindako gastu diruz lagungarrien gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

–7. agiria. Gastuen eta ordainketen frogagirien kopiak.

–8. agiria. Elkarteko enpresei jasanarazitako gastuen frogagirien kopiak. Ez da beharrezkoa izanen horiek aurkeztea dirulaguntzaren onuraduna legez eratutako elkarte bat bada.

–9. agiria. Azken justifikazioaren memoria.

–10. agiria. Planaren finantzabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa.

–11. agiria. Dirulaguntzaren publikotasunaren gaineko justifikazioa, 13.1.c) oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

–12. agiria. Egindako bidaien ziurtagiriak, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera.

–13. agiria. Hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia eta 5.5 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.

–Ebaluazio inkesta: online eginen da, elkarteko enpresa bakoitzeko bat, laguntza fitxetan.

3. Justifikazioa aurkezten bada 1. atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza % 5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzaren ordainketa bi zatitan eginen da:

a) Konturako ordainketa 2023.urtean: Deklaratutako gastuei dagokien dirulaguntza ordainduko da, gehienez ere emandako dirulaguntzaren %50. Konturako ordainketa eskatzeko unean ez bada aurrekontuko gastuen %50 bete, egin gabeko gastuaren dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) 2024ko azken ordainketa: Justifikatutako gastuei dagokien dirulaguntza ordainduko da, konturako ordainketa behin deskontatuta, gehienez ere emandako dirulaguntzaren %50.

2. Aurkeztutako agiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio dagokion ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntzaren konturako ordainketa edo azken ordainketa egiteko ebazpena 3 hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

3. Diruz lagundutako aurrekontu osoaren %35 betetzen ez duten enpresek edo enpresa elkarteek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, konturako ordainketa gisa jasotakoa itzultzeko eskatuko zaie.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako plana oinarri hauetan ezarritako moduan egitea eta halaxe egin dela justifikatzea.

c) Dirulaguntza hau jaso izana adieraztea elkartearen webgunean edo, halakorik ez badago, elkarteko enpresen webguneetan, baita 5. oinarrian aipatutako gastu diruz lagunduen euskarrietan ere. Horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren logotipoa txertatu beharko da.

d) Ebaluazio inkesta (online) betetzea, laguntzen fitxan eskura dagoena.

e) Laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eraginkortasun-adierazleen galdetegia aurkeztea, diruz lagundutako jarduera bukatu ondorengo 2 ekitaldietan.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak egiteko, entitate sustatzailearen gaitutako helbide elektronikoa baliatuko da, dirulaguntzak eskatzeko inprimakian adierazitakoa.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

15. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

16. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, onuradunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

17. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Halaber, deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko izapideen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

BIDAIA-POLTSAK

Eurotan

HERRIALDEA

BIDAIA-POLTSAREN ZENBATEKOA

ALBANIA

980

ANGOLA

2.760

SAUDI ARABIA

1.960

ALJERIA

640

ARGENTINA

2.660

ARMENIA

1.640

AUSTRALIA

3.100

AZERBAIJAN

1.960

BANGLADESH

2.440

BIELORRUSIA

1.180

BOLIVIA

2.560

BOSNIA-HERZEGOVINA

860

BOTSWANA

2.720

BRASIL

2.500

BRUNEI

3.100

KAMERUN

1.700

KANADA (EKIALDEKO KOSTA)

1.800

KANADA (MENDEBALDEKO KOSTA)

2.280

TXAD

1.800

TXILE

2.880

TXINA

1.900

KOLONBIA

2.120

KONGO

2.760

HEGO KOREA

1.960

BOLI KOSTA

2.120

COSTA RICA

2.120

KROAZIA

980

KUBA

1.560

EKUADOR

2.120

ESTATU BATUAK (ERDIALDEA)

1.820

ESTATU BATUAK (EKIALDEKO KOSTA)

1.500

ESTATU BATUAK (MENDEBALDEKO KOSTA)

2.340

EGIPTO

1.320

EL SALVADOR

2.120

ARABIAR EMIRERRI BATUAK

1.620

ETIOPIA

1.780

FILIPINAK

2.520

GABON

2.120

GEORGIA

1.720

GHANA

2.120

GUATEMALA

2.120

GINEA BISSAU

1.560

GINEA KONAKRY

1.640

EKUATORE GINEA

1.800

HONDURAS

2.120

INDIA

2.500

INDONESIA

1.500

IRAN

2.120

IRAK

2.200

ISLANDIA

1.480

ISRAEL

1.320

JAMAIKA

2.000

JAPONIA

3.320

JORDANIA

1.800

KAZAKHSTAN

1.980

KENYA

1.960

KIRGIZISTAN

2.220

KUWAIT

2.080

LIBANO

1.480

LIBERIA

1.640

LIBIA

1.320

MADAGASKAR

2.940

MALAYSIA

2.000

MALAWI

2.660

MALI

2.080

MAURITANIA

1.320

MAROKO

600

MEXIKO

1.820

MOLDAVIA

1.320

MONGOLIA

2.780

NAMIBIA

2.700

NEPAL

2.720

NIKARAGUA

2.120

NIGERIA

1.320

ZEELANDA BERRIA

3.260

OMAN

1.960

PAKISTAN

2.160

PANAMA

2.120

PARAGUAI

2.600

PERU

2.600

PUERTO RICO

1.640

QATAR

1.780

AFRIKA ERDIKO ERREPUBLIKA

1.900

KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

2.360

DOMINIKAR ERREPUBLIKA

1.480

ERRUSIA

1.660

SENEGAL

1.480

SERBIA-MONTENEGRO

980

SINGAPUR

2.700

SIRIA

1.480

SOMALIA

1.960

SRI LANKA

2.300

HEGOAFRIKA

2.020

THAILANDIA

2.360

TAIWAN

2.500

TUNISIA

700

TURKMENISTAN

2.280

TURKIA

1.240

UKRAINA

960

URUGUAI

2.760

UZBEKISTAN

1.920

VENEZUELA

2.120

VIETNAM

3.260

YEMEN

1.800

ZAMBIA

2.760

ZIMBABWE

2.740

ALEMANIA

740

ANDORRA

540

AUSTRIA

980

BELGIKA

660

BULGARIA

1.480

ZIPRE

1.140

DANIMARKA

740

ESLOVAKIA

900

ESLOVENIA

860

ESTONIA

1.000

FINLANDIA

860

FRANTZIA

780

GREZIA

900

HUNGARIA

1.140

IRLANDA

700

ITALIA

740

LETONIA

620

LITUANIA

860

LUXENBURGO

780

MALTA

1.140

NORVEGIA

1.100

HERBEHEREAK

800

POLONIA

1.140

PORTUGAL

540

ERRESUMA BATUA

700

TXEKIAR ERREPUBLIKA

1.140

ERRUMANIA

600

SUEDIA

980

SUITZA

920

Iragarkiaren kodea: F2214942