255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1196E/2022 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baitzaio hondakinen biometanizaziorako instalazio bati, Cabanillasko udal mugartean. Horrela, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta administrazio espedientearen gainerako dokumentazio gehigarrian jasotako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra E-Cogeneración Cabanillas SL da.

Gaur egun funtzionatzen ari den instalazio hori ingurumen baimen bateratuaren araubidearen menpe dago, eta aurkeztu duen proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egotera igaroko da; hain zuzen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 5.4.a) kategorian sartuko da (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina).

Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.3.b).i) epigrafean sartzen da (testu bategina).

Instalazioaren proiektua sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean, 9.e) taldean: "Hondakinak balorizatzeko instalazioak (ekoizpen lekutik kanpo biltegiratzea barne), industrialde bateko nabe baten barruan garatzen ez direnak, hondakin ez-arriskutsuen instalazioak izan ezik, baldin eta tratatzeko gaitasuna urtean 5.000 tonatik gorakoa ez bada eta biltegiratzekoa 100 tonatik beherakoa bada". Beraz, 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 928E/2022 Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen inpaktuaren txostena eman zen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita. Ebazpen honen eranskinean, ingurumen inpaktuaren txostenean jasotako informazioa ageri da, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 48. artikuluan xedatutakoarekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isurtzea, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta beraz ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.9 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du instalazioak hondakinen tratamendu gisa duen baimena, aipatutako legearen 33.1 artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Espedientea tramitatu da abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginean eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin.

Egiaztatu da ezen, aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duenez, 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena betetzen dela, haren bidez ezartzen baitira hondakinen tratamendurako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea hondakinen biometanizaziorako instalazio bati, Cabanillasko udal mugartean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra E-Cogeneración Cabanillas SL da.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen VII. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Hirugarrena.–Instalazioari baimena ematea hondakinak tratatzeko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatuz izan beharrekoa. Era berean, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko inskripzioari eustea, 15G04062040862012 erregistro-zenbakiarekin.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenaren indarraldia ingurumen baimen integratuaren indarraldiarena izanen da, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua (Hondakinak biltzeko eta tratatzeko eragiketen baimena) aplikatuta.

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko,Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.

Instalazioaren titularrak Nafarroan badu egoitza soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazioa baimentzeko eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak kudeaketa-instalazioa baimentzeko eskaeran jaso ziren baldintza berberetan emanen du ustiatzaile baimena.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusia. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Seigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bost urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.–Jarduera ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu gabe, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industriako Isurien Erregelamenduaren 12. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak, proiektuan gauzatutako zatiari dagozkionak, betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

Zortzigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketa programa bat, non azalduko baititu zer jarduketa aurreikusi diren lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko neurriak mantentzeari eta aldian behin gainbegiratzeari begira, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko.

–Ebazpen honen VII. eranskinean ezarritako hirigintza baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Baimendutako prozesuetan ustiatzaile gisa jardunen duen entitatearen identifikazioa aurkeztuko da, eta adieraziko da hondakinak tratatzeko zer eragiketa (R/D prozesu) eginen dituen instalazioan, ebazpen honen III. eranskinaren arabera. Entitate ustiatzailearen egoitza soziala Nafarroatik kanpo badago, dokumentazioari erantsiko zaizkio haren autonomia erkidegoko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroko inskripzioaren kodea eta haren ingurumen identifikazioko zenbakia (NIMA).

Bederatzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak irekitzeko baimena eskuratu ondoren hasiko dira aplikatzen, eta, edozein kasutan, proiektatutako handitzea martxan jartzen denetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hamaikagarrena.–Ingurumen baimen integratu hau ematen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea E-Cogeneración Cabanillas SL enpresara, Cabanillasko Udalera, Greenpeacera eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2215480